lunes, 14 de noviembre de 2011

2011/11/20 - Urteko 34. igandea -Jesukristo unibertsoaren erregea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

2011ko azaroaren 20a

Urteko 34. igandea -Jesukristo unibertsoaren erregea (A)


EBANJELIOA

Bere errege-aulkian eseriko da eta batzuk besteengandik bereizi egingo ditu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25, 31-46

Egun haietan, Jesusek bere ikaslei esan zien: «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulkian eseriko da.
Herriak oro haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik bereizten dituen bezala, eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean ezarriko ditu. Orduan, erregeak eskuinekoei esango die: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua.
Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”. Orduan, zintzoek esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun goseak eta jaten eman genizun, edo egarriak eta edaten eman? Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi? Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?” Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten”.
«Gero, ezkerrekoei esango die: “Alde niregandik urruti, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatua dagoen betiko sutara.
Gose bainintzen eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta edaten eman ez; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, eta ez zineten ikustera etorri”. Orduan, haiek ere esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun gose edo egarri, arrotz edo larrugorri, gaixo edo kartzelan, eta guk lagundu ez?” Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: Txikien hauetako edozeini egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”. Eta hauek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara».
Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko azaroaren 20a


GAUZA ERABAKITZAILEA


Gaurko kontakizuna ez da juxtu parabola, baizik eta herri guztien azken auziaren gogorapena. Elkarrizketa luzea bat da pasadizo guztia; Jesus berpiztua baizik ez den Epailearen eta bi pertsona-talderen arteko elkarrizketa da; azken hauen artean, batetik, premia handienekoen sufrimendua arindu dutenak daude eta, bestetik, beren laguntza ukatuz bizi izan direnak.
Mendeen joan-etorrian, «Ebanjelioaren laburbiltzerik hoberentzat» eman izan dute kristauek elkarrizketa txundigarri hau, «maitasun solidarioaren laudorio absolututzat» edota «erlijioan faltsuki babesturik bizi direnentzako abisurik larri-larritzat». Seinala ditzagun baieztapenik  oinarrizkoenak.
Gizon-emakume guztiak, salbuespenik gabe, izango dira juzgatuak irizpide bat beraz. Bizitzari balio galezina ematen diona ez da izaera soziala, talentu pertsonala edo urtetan barna lortu izan den arrakasta. Laguntza-beharrean gertatu direnei eskaini izandako maitasun praktikoa eta solidarioa da gauza erabakitzailea.
Maitasun hau egintza zehatzetan gauzatzen da. Adibidez, «jaten eman», «edaten eman», «etorkina onartu», «biluzia jantzi», «gaixoa edo presoa bisitatu». Gauza erabakitzailea Jainkoaren aurrean ez dira egintza erlijiosoak, baizik premian direnei eskainitako laguntza-keinu gizatar hauek. Fededun baten bihotzetik nahiz sufritzen dutenak gogoan dituen agnostiko baten bihotzetik sor daitezke.
Bidean aurkitu izan dituzten premiatsuei lagundu dietenen taldeak ez du jokatu izan arrazoi erlijiosoengatik. Ez dute izan gogoan ez Jainkoa, ez Jesu Kristo. Soil-soilik, munduan den sufrimendua arindu nahi izan dute pixka bat. Orain, Jesusek gonbidaturik, Jainkoaren erreinuan sartuko dira «Aitaren bedeinkatu» bezala.
Zergatik da, ordea, hain gauza erabakitzailea premiatsuei laguntzea eta hain gauza gaitzesgarria laguntza ukatzea? Epaileak dioenez, halakoei egiten zaiena edo ukatzen, Kristogan haragitu den Jainkoari berari egiten zaiolako edo ukatzen. Halakoei sufrimena arintzean, Jainkoari berari arintzen diogu.
Mezu txundigarri honek sufritzen ari direnei begira jartzen gaitu guztiok. Ez da egiazko erlijiorik, ez da politika aurrerakoirik, ez da giza eskubideen erantzukizunezko aldarrikapenik premiatsuenak defendituz ez bada, halakoen sufrimena arinduz eta halakoen duintasuna berreginez ez bada.
Sufritzen ari den pertsona bakoitzarengan Jesus datorkigu bidera, begira jartzen zaigu, galde eta erregu. Ezerk ez gaitu hurbiltzen Jesusengana sufritzen ari direnei errukiz eta arretaz begiratzeak baino gehiago. Ezin ikusi ahal izango dugu inon ere modu egiazkoagoan Jesusen aurpegia.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.