José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2012ko apirilaren 22a
3. Pazko Igandea (B)
EBANJELIOA
Idatzia zegoen
Mesiasek sufritu egin behar zuela
eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu.
eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 35-48
Denbora haietan, bi ikasleek bidean gertatua
eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.
Hamaikak eta lagunak horretaz mintzo zirela,
Jesus agertu zitzaien erdian eta esan zien: «Bakea zuei».
Beldur-ikaraz beterik, mamua ikusten zutela
uste zuten. Baina Jesusek esan zien: «Zergatik izutzen zarete? Zergatik sortzen
zaizkizue zalantza horiek barruan? Ikusi nire esku-oinak, neu naiz. Uki nazazue
eta begira: mamuak ez du hezur-haragirik, eta nik bai, ikusten duzuenez».
Hau esatean, esku-oinak erakutsi zizkien.
Baina, oraindik pozaren pozez sinetsi ezinik eta guztiz harriturik zeudenez,
Jesusek esan zien: «Ba al duzue hemen jatekorik?»
Arrain erre puska bat eskaini zioten. Jesusek
hartu eta beraien aurrean jan zuen. Ondoren, esan zien: «Hauxe da, oraindik
zuekin nengoela esan nizuena: Moisesen legean, profeten liburuetan eta
salmoetan nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zela».
Orduan, adimena argitu zien, Liburu Santuak
uler zitzaten. Eta esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela
eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, herri
guztiei bihozberritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien. Zuek
zarete honen guztiaren lekuko.
Jaunak esana.
HOMILIA
2012ko apirilaren 22a
LEKUKOAK
Jesus berpiztuak eta ikasleek topo egin izana esperientzia fundatzaile bezala deskribatu du Lukasek. Argi dago Jesusen gogoa. Bere asmoa ez du bukatu gurutzean. Hil ondoren, Jainkoak berpizturik, harremanetan jarri da bereekin, «lekukoen» mugimendua abian jartzeko, herri guztiei Berri Ona kutsatzeko gai izango direnena: «Ene lekuko zarete zuek».
Ez da izan gauza erraza gizon haiek, nahasmenduak eta beldurrak joak dituzten haiek, lekuko bihurtzea. Pasadizo guztian, ikasleak isilik egon dira, guztiz mutu. Narratzaileak haien barneko mundua bakarrik deskribatu du: izuak joak dira; larri eta ustekabeko sentitzen dira; ederregi iruditzen zaie hura guztia egia izateko.
Jesusek berregingo du haien fedea. Gauzarik garrantzizkoena, ez daudela bakarrik senti dezaten da. Bizi bete-beteko sentitu behar dute Jesus beren artean. Hauek dira Berpiztuagandik entzun dituzte lehen hitzak: «Bakea zuei… Nolatan duda-muda horiek zeuen baitan?»
Geure artean Jesusen presentzia biziaz ahazten garenean, geure protagonismoa eta tirabirak direla medio Jesus lauso eta ikusezineko bihurtzen dugunean, tristurak haren bakea ez beste guztia sentiarazten digunean, batak besteari ezkortasuna eta sinestezina kutsatzen diogunean… bekatu egiten ari ohi gara Berpiztuaren aurka. Orduan, ezinezkoa da lekukoen Eliza.
Beren fedea esnatzeko, Jesusek ez die eskatzen aurpegira begira diezaioten, baizik eskuetara eta oinetara. Ikus ditzatela gurutzeko beraren zauriak. Izan dezatela beti beren begi aurrean heriotzaraino eman duen maitasuna. Ez da mamua. «Ni neu naiz, neu». Galileako bideetan ikusi eta maite izan duten hura bera.
Berpiztuarekiko geure fedea gogorapenetan oinarritu nahi izan dugun guztietan, mamu bihurtu izan dugu Jesus. Harekin topo egin ahal izateko, ebanjelioen kontakizunak ikusi beharko ditugu: gaixoak bedeinkatzen eta haurrak ferekatzen zituzten esku haiek aurkitzeko; ahaztuenak direnen bila nekatuak diren oin haiek aurkitzeko; Jesusen zauriak eta nekaldia aurkitzeko. Jesus huraxe da orain bizi dena, Aitak berpiztua.
Beldurrez eta duda-mudazko ikusi dituen arren, konfiantza izan du Jesusek ikasleengan. Berak bidaliko die sostengu izango duten Espiritua. Horregatik gomendatzen die munduan bere presentzia luza dezaten: «Honen guztiaren lekuko zarete zuek». Ez dute zertan irakatsi irakaspen handiosik, baizik, soilik, beren esperientzia kutsatu. Ez dute zertan predikatu teoria handi-mandirik Kristoz, baizik, soilik, haren Espiritua distiratu. Beren bizieraz egin behar dute sinesgarri, eta ez hitzez bakarrik. Hauxe da Elizaren betiko zinezko arazoa: lekukorik eza.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2009ko apirilaren 26a
SINETSI
NORK BERE ESPERIENTZIAZ
Ez da gauza erraza Jesus
berpiztuagan sinestea. Azken batean, Jesusek berak gu baitan eragiten duen
fedeaz bakarrik atzeman eta uler daitekeen gauza da. Jesusek isurtzen duen
bakea eta poza «zeure barruan» sekula sentitzen ez baduzu, nekez aurkituko duzu
«kanpotik» haren piztueraren frogarik.
Horrelako zerbait esan nahi digu
Lukasek Jesus berpiztuak ikasleen taldearekin izan duen topo egitea deskribatu
digunean. Denetik da ikasle horien artean. Horietarik bi kontatzen ari dira
nola antzeman dioten Jesusi Emausen harekin afaldu dutenean. Pedro, berriz,
agertu zaiola esaten ari da. Gehienek ez dute artean inolako esperientziarik
izan. Ez dakite zer pentsa.
Orduan «Jesus aurkeztu da haien
artean eta esan die: “Bakea zuei”». Behar den lehenengo gauza, Jesus
berpiztuarekiko gure fedea iratzartzeko, haren presentzia gure artean, gaur
egun ere, intuitu ahal izatea da, eta bizi dela jakiteak ematen duen bakea,
poza eta segurtasuna kurriaraztea gure taldeetan, elkarteetan, parrokietan;
bizi dela jakiteak, alegia, hurbileko bidelagun dugularik fedearentzat batere
erosoa ez den aldi honetan.
Oso errealista da Lukasen
kontakizuna. Jesusen presentziak ez ditu eraldatu ikasleak era magikoan. Izan
ere, batzuk beldurtu egin dira eta «mamua dakusatelakoan dira»; beste batzuen
baitan, berriz, mota guztietako «duda-mudak» sortu dira; beste hainbati «ezin
sinetsizkoa iruditzen zaie»; beste batzuek, azkenik, «zur eta lur» jarraitzen
dute.
Horixe bera gertatzen da gaur
egun ere. Kristo berpiztuarekiko fedea ez da sortzen gu baitan modu automatiko
eta seguruan. Era ahul eta apalean joan ohi da esnatzen bihotzean. Hasieran,
desio hutsa izan ohi da kasik. Eskuarki, duda eta galdera askoren artean hazi
ohi da: benetakoa ote hain gauza handia?
Kontakizunaren arabera, Jesus
haien artean gelditu da, haiekin jan du, eta «haien adimena irekitzen» saiatu
da, gertatua ulertu ahal dezaten. «Lekuko» bihur daitezen nahi du, beren
esperientziaz hitz egin ahal dezaten, eta hots egin dezaten, ez nolanahi, «bere
izenean» baizik.
Berpiztuagan sinestea ez da
gauetik goizerako gauza. Prozesu bat da, urteak iraun dezakeena. Gure
barne-jarrera da garrantzia duena. Beti Jesusengan konfiantza izatea. Tarte
handia eskaintzea gutako bakoitzarengan eta gure kristau-elkarteetan.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.