José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2012ko abustuaren 12a
Urteko 19. Igandea (B)
EBANJELIOA
Neu naiz
zerutik jaitsia den ogi bizia.
+ Jesu
Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6,41-51
Orduan, marmarka hasi ziren
entzuleak, «Neu naiz zerutik jaitsiriko ogia» esan zuelako, eta zioten:
– Ez da, bada, hau Jesus,
Joseren semea? Ez ditugu, bada, ezagunak honen aita-amak? Nola dio, orain,
zerutik jaitsia dela?
Jesusek ihardetsi zien:
– Ez ari marmarka zeuen artean.
Ezin da inor niregana hurbildu, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu; eta neuk
piztuko dut azken egunean. Honela esaten da profeten liburuan: Jainkoaren
ikasle izango dira denak. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena
niregana hurbiltzen da. Horrek ez du esan nahi inork Aita ikusi duenik;
Jainkoarengandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita.
«Bene-benetan diotsuet: Sinesten
duenak betiko bizia du. Neu naiz bizia ematen duen ogia. Zuen gurasoek mana jan
zuten basamortuan eta, halere, hil egin ziren. Bestelakoa da zerutik jaisten
den ogia: beronetatik jaten duena ez da hilko. Neu naiz zerutik jaitsia den ogi
bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan
ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».
Jaunak esana.
HOMILIA
2012ko abustuaren 12a
JESUSENGAN
SINESTEKO BIDEA
San Joanen
kontakizunaren arabera, Jesusek gero eta era argiagoan errepikatzen du
Jainkoagandik datorrela bera, betiko bizia ematen duen janaria guztiei
eskaintzeko. Eta jendeak ezin jarraitu du hain eskandaluzkoa de hori entzuten,
erreakzionatu gabe. Jesusen gurasoak ezagunak dituzte. Nolatan esan dezake
Jainkoagandik datorrela?
Ezin harritu da
gutarik inor erreakzio horretaz. Arrazoizkoa ote da Jesu Kristogan sinestea?
Nolatan sinets genezake gizon jakin horrengan Jainkoaren Misterio atzeman ezina
haragitu dela, Herodes Handia hil baino zerbait lehenago jaioa den horrengan,
hogeita hamargarren urte inguruan Galilean izan duen profeta-jardueragatik
ezaguna den horrengan?
Jesusek ez die
erantzun objekzio horiei. Jende horren fede-gabeziaren sustraira jo du: «Zer
ari zarete kritikatzen?» Oker dabiltza Jesusen errotiko berritasunaren aurka
egitean, Jesusen egiazko nortasunaz guztia dakitela uste izatean. Har dezaketen
bidea erakuts diezaieke.
Jesusek gauza
jakintzat emana du hau: ezin duela inork beragan sinetsi, beragan erakartzen
duen zerbait sentitzen ez badu. Egia da. Agian, Kafarnaumeko jende hark baino
hobeto ulertzen dugu hori guk geure kulturatik. Izan ere, gero eta zailago
gertatzen zaigu doktrina batean edo ideologia batean sinestea. Fedea eta
konfiantza orduan ernetzen dira gugan: on egiten eta bizitzen laguntzen digun
norbait erakarle sentitzen dugunean.
Baina Jesusek gauza
inportante batez ohartarazi ditu: «Ezin etorri da inor nigana, bidali nauen
Aitak erakartzen ez badu». Jesusengana erakartzea Jainkoak berak egiten du.
Mundura bidali duen Aitak esnatzen du gure bihotza, Jesusengana hurbil gaitezen
pozik eta konfiantzaz, dudak eta errezeloak gaindituz.
Horregatik, geure
bihotzean Jainkoaren ahotsa entzuten saiatu beharra dugu, Jesusengana eraman
gaitzan berari utziz. Aita horri, biziaren Kreatzaile eta gizakiaren Adiskide
horri, eskolatu gaitzan leial utziz: «Aitak esana entzun eta ikasten duen oro,
nigana etorriko da».
Jesusen aipatu
baieztapena iraultzaile gertatu zaie hebrearrei. Bibli tradizioak esaten zuen
gizakiak bere bihotzean entzuten duela Legea leial betetzeko Jainkoaren deia.
Jeremias profetak honela aldarrikatu zuen Jainkoaren promesa: «Zuen barnean
ezarriko dut nik neure legea eta zuen bihotzean idatziko».
Jesusen hitzek,
berriz, beste esperientzia bat bizitzera gonbidatzen gaituzte. Kontzientzia ez
da Jainkoaren Legea entzuteko leku ezkutu eta pribilegiatu bat bakarrik. Geure
izatearen barruenean, ona, ederra, jatorra, gizakiari on egitea, mundu hobea
eraikitzea erakargarri dela sentitzen badugu, erraz sumatuko dugu Jainkoaren
gonbita Jesusekin sintonizatzeko. Hori da biderik hobena harengan sinesteko.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2009ko abustuaren 9a
JESUS
ERAKARGARRI
Joan ebanjelariak
behin eta berriz errepikatzen ditu indar handia duten esapideak eta irudiak,
kristau-elkarteei buruan sartzeko, ezen Jesusengana hurbildu beharra dutela,
hura bizi berriaren iturri dela aurkitu nahi badute. Bizi-arnasa da Jesus,
lehenago ezagutu izan duten ezerekin konpara ez daitekeen modukoa.
«Zerutik jaitsi den
ogia» da Jesus. Ez da beste inolako bizi-iturrirekin nahastekoa. Jesu
Kristogan, janaritzat, indarra, argia, esperantza, bizi-hatsa... aurki
genitzake, Jainkoaren beraren, biziaren Kreatzailearen beraren, misterioari
darienak. «Biziaren ogia» da Jesus.
Horregatik, hain
juxtu, ezin topo egin dugu harekin edozein eratan. Geure izatearen hondoraino
jo beharra dugu, geure burua Jainkoari ireki beharra eta «Aitak zer dioskun
entzun beharra». Ezin senti dezake inork Jesusen erakargarritasuna, «hura
bidali duen Aitak erakartzen ez badu».
Jesusen baitan
gehienik erakartzen duena, bizia ematen duen ahala da. Jesu Kristogan sinetsi
eta harekin harremanetan hasteko gai denak: bizi desberdina ezagutzen du
halakoak, nolakotasun berrikoa, hein batean dagoenako Jainkoaren mundukoa den
bizia. Hau esatera ausartu da Joan: «ogi honetatik jango duena betiko biziko da
».
Geure
kristau-elkarteetan, Jesusekiko harremanez elikatzen ez bagara, kristautasunak
duen gauzarik funtsezkoena eta erabakitzaileena ezagutu gabe jarraituko dugu.
Hargatik, pastoralki ez da gauza premiazkoagorik Jesu Kristorekiko geure
harremanak zaintzea baino.
Baldin eta, Elizan,
hain gizatarra, hain hurbila eta bihozkoia den gizon horrengan haragitu den
Jainkoaren erakargarritasuna sentitzen ez badugu, inork ez gaitu libratuko,
eskuarki gertatzen zaigun bezala, erdipurdi bizitzetik. Inork ez digu eragingo
geure erakundeek arautua dutena baino harago joatera. Inork ez digu
bizi-izerdiz blaituko, geure tradizioek zedarritu digutena baino aurrerago joan
ahal izateko.
Bere Espirituaren
sorgarritasunaz Jesusek janaritzen ez bagaitu, iraganari loturik jarraituko
dugu; geureak ez diren beste aro batzuetan eta beste aro batzuetarako jaioak
eta garatuak diren moldeetan, ikusmoldeetan eta sentieran hesiturik «biziko»
dugu geure erlijioa. Baina, orduan, ezin izango gara Jesusen lankide gaur
egungo gizon-emakumeen bihotzean fedea piztu eta janaritzeko.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.