José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2012ko abenduaren 2a
Abendualdiko 1. Igandea (C)
EBANJELIOA
Se acerca vuestra liberación.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 21,25-28.34-36
Denbora haietan,
Jesus bere ikasleei esan zien: «Seinale handiak agertuko dira eguzkian,
ilargian eta izarretan; lurrean, berriz, larri izango dira herriak, itsas orroaz
eta olatuez izuturik. Eta munduari gainera datorkionaren ikaraz eta larriz, lur
jota geldituko da jendea, ortzia dardarka ariko baita. Orduan, Gizonaren Semea
hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute.
«Hau guztia
gertatzen hastean, izan bihotz eta altxatu burua, laster baituzue zeuen
askapena».
«Zabiltzate,
bada, kontuz! Galdukeria, mozkorkeria eta bizitzako ardurak direla eta, ez
bekizue gogoa motel, egun hura ustekabean gainera eror ez dakizuen, sarea
bezala eroriko baita munduan bizi diren guztien gainera. Egon erne eta erregutu
uneoro, gertatuko diren horiei guztiei ihes egiteko eta Gizonaren Semearen
aurrean zutik irauteko kemena izan dezazuen».
Jaunak esana.
HOMILIA
2012ko abenduaren 2a
HASERREA ETA ESPERANTZA
Hautsezineko
konbentzimendu bat du sostengu, hasieratik beretik, Jesusen jarraitzaileen
fedeak: Jainkoak arnasturik, bere behin betiko askapenera bideratua da giza
historia. Gizakiaren jasanezineko kontraesanek eta aro guztietan burutzen diren
izugarrikeriek ezin suntsi dezakete gure esperantza.
Geure
sostengu dugun mundu hau ez da behin betikoa. Egun batean, kreazio osoak
agertuko ditu azkenera iritsi delako «seinaleak», gutako inork imajina edo uler
ez dezakeen bizi berri eta askatu bati lekua uzteko.
Ebanjelioek
jasoa dute Jesusen gogoeta bat aldien azken honetaz. Era paradoxikoan, Jesusek
ez du jarri bere arreta momentu hartan gertatuko diren «gertaera kosmikoetan».
Bere xedea, horizonte horren aurrean, bere jarraitzaileei argi eta azti
bizitzeko estilo bat proposatzea du Jesusek.
Historiaren
azkena ez da izango nahas-mahas edo kaos bat, ez da izango bizitza suntsitzea,
erabateko heriotza. Argi eta ilun artean, geure bihotzaren deiak entzunez nahiz
geure baitan dugun alde hobenari ezentzuna eginez, bide eginez goaz fededunok
astiro «Jainkoa» deitzen dugun errealitatearen azken misteriorantz.
Ez
genuke bizi behar beldurrak edo larriak jota. «Azken eguna» ez da izango
sumindura- edo mendeku-eguna, baizik askapen-eguna. Hitz harrigarri hauekin
laburbildu du Lukasek Jesusen pentsaera: «Jaiki zaitezte, jaso burua; hurbil da
zuen askapena». Soilik orduan ezagutuko dugu egiaz nola maite duen Jainkoak
mundua.
Geure
konfiantza indarberritu beharra dugu, bihotza goratu eta esperantza esnatu
beharra. Egun batean, finantza-botereek lur joko dute. Boteretsuen
zorakeriarenak egingo du. Gerlen, krimenen eta genozidioen biktimak biziko
dira. Mundua gizatasun handiagoko egin nahia eta ahalegina ez dira galduko
betiko.
Bere
jarraitzaileei, beren barnean astindu bat eman nahi die Jesusek. «Zabiltzate
kontuz: ez dakizuela burua moteldu». Ez zaiteztela bizi zoroak bezala. Ez
zaiteztela bizi azalkeriari eta gehiegikeriari emanik. Eutsi bizirik
haserreari. «Bizi beti erne». Ez zabartu. Bizi azti eta erantzukizunez. Ez
aspertu. Bizi beti tentsio bizian.
Nola
ari gara bizitzen aldi hau, zaila ia guztientzat, estua askorentzat, ankerra
ezintasunean murgilduak direnentzat? Erne bizi al gara? Ala lo?
Kristau-elkarteetan haserrea eta esperantza arnastu behar ditugu. Eta bakarra
da bidea: etsipenean, amorruan eta umilazioan murgildurik, ezer gabe gelditzen
ari direnen ondoan bizitzea.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2009ko azaroaren 29a
EGON BETI ERNE
Ebanjelioetan
datozen hitzaldi apokaliptikoek lehen kristau-elkarte haien beldurra eta
ziurtasunik eza islatzen dituzte; Erromatar Inperio handi haren barruan,
gatazka eta pertsekuzio artean, etorkizuna dilindan zutela, beren Jaun maitea,
Jesus, noiz iritsiko zen ez zekitela ahul eta zaurigarri bizi ziren.
Hitzaldi
horietako erreguak ere kristau haiek elkarri egin ohi zizkieten erreguen
oihartzun dira, batak besteari Jesusen mezua gogoraraziz bizi baitziren. Erne
bizitzeko dei hori ere, otoitza eta konfiantza zainduz, Jesusen Ebanjelioaren
eta haren otoitzaren jatorrizko ezaugarri berezia da.
Horregatik,
gaur egun entzungo ditugun hitz hauek, mende askoren ondoren, ez doaz gu beste
hartzaile batzuengana. Jesusen Elizan bizi garenoi doazkigu, gaur eguneko
zailtasunen eta ziurtasun-ezaren baitan bizi garenoi.
Mendeen
zamagatik, iraganeko borroken eta lanaren eraginez makur-makur doan edade
handiko emakumearen antzera dabil egungo Eliza, tarteka. «Buru makur», bere
erroreak eta bekatuak gogoan, beste alde batzuetako aintza eta ahala
harrokeriaz erakutsi ezinik. Horiek horrela, Jesusek guztioi dagigun deia
entzuteko garaia da.
«Jaiki zaitezte», bihotz eman elkarri. «Goratu burua» konfiantzaz. Ez jarri geroari begira zeuen kalkuluen
eta aurreikuspenen prismatikoz bakarrik. «Hurbil
da zuen askatasuna». Egun batean ez zarete biziko makur-makur eginik,
zapaldurik, etsipenak tentaturik. Jesu Kristo da zuen askatzailea.
Baina
badira bizimoduak, burua zut ibiltzea galarazten dutenak, behin betiko askapen
horretan konfiantza bizi ezinik. Horregatik, «izan ardura burua sorgortu ez dakizuen». Ez zaitezte ohitu
bizitzera burua sentiberatasunik gabe eta gogor duzuela, ez ibili zeuen bizitza
ongizateaz eta plazerez nola beteko bila, zeruko Aitari eta lurrean sufritzen
ari diren haren seme-alabei gibela emanez. Bizimolde horrek gero eta kaxkarrago
egingo zaituzte gizatasunean.
«Egon beti erne». Esnarazi fedea zeuen elkarteetan. Izan adiago
Ebanjelioari. Zaindu hobeto Jesusen presentzia zeuen artean. Ez izan loak
hartuak dituen elkarte. Bizi zaitezte «indarra
eskatuz». Izan ere, nolatan izan Jesusen jarraitzaile baldin Aitak eusten
ez badigu? Nolatan «bizi zutik Gizonaren Semearen aurrean »?
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.