José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko martxoaren 24a
Erramu Igandea Jaungoikoaren Pasioan (C)
EBANJELIOA
Elkarrisketan irakurtzeko: + Jesus; K Kronista; I Ikasleak eta lagunak; J =
Jendetza; P
Beste personaiak.
Jaungoikoaren Pasioan.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 22,14_23,56
Azken afaria: hona nire gorputz-odolak!
K. Ordua etorri
zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin. Eta esan zien:
+. – Banuen gogoa
sufritu aurretik Pazko-afari hau zuekin egiteko! Zeren, egia esan, ez baitut
Pazkorik gehiago ospatuko Jainkoaren erreinuan bere betera iritsi arte.
K. Eta, kopa
harturik, esker oneko otoitza egin eta esan zuen:
+. – Hartzazue eta
eman elkarri. Zeren, egia esan, ez baitut gaurdanik gehiago ardorik edango Jainkoa
errege izaten hasi arte.
K. Gero, ogia
hartu zuen eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman
zien, esanez:
+. – Hau nire
gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri.
K. Berdin egin
zuen koparekin afalondoan, esanez:
+. – Kopa hau itun
berria da, zuentzat isurtzen den nire odolaz Jainkoak ezarria.
Judasen saldukeriaren iragarpena.
+. – Baina begira,
nirekin mahaian dago salduko nauena . Gizonaren Semea badoa, erabakia dagoenez;
baina dohakabea salduko duena!
K. Orduan,
ikasleak elkarren artean galdezka hasi ziren, nork egin ote zezakeen
horrelakorik.
Nor handiena? Ikasleei agintzaria.
K. Ikasleak
eztabaidan hasi ziren beren artean, beraietan zein ote zen handiena. Jesusek
esan zien:
+. – Herrietako
erregeek menpean hartzen dituzte herriak, eta agintedunek “Ongile” izena nahi
izaten dute berentzat. Zuek ez jokatu horrela. Zuen artean nagusiena izan bedi
gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko. Zein ote da handiago,
mahaian dagoena ala zerbitzatzen ari dena? Ez ote mahaian dagoena? Bada, ni
zerbitzari bezala nago zuen artean.
+. – Zuek sendo
iraun duzue nirekin nire probaldietan. Eta nik erregetza ematen dizuet, Aitak
neuri eman zidan bezala: ni errege izango naizenean, nire mahaian jan eta
edango duzue, eta tronuetan eseriko zarete, Israel herriko hamabi leinuak
epaitzeko.
Gainean da probaldia. Pedroren ukoen iragarpena.
+. – Simon, Simon!
Satanasek beretzat nahi zaituzte, garia galbahean bezala zuek astintzeko. Baina
nik otoitz egin dut zure alde, sinesmena gal ez dezazun. Eta zuk, niregana bihurtzean,
sendo itzazu senideak.
K. Pedrok esan
zion:
I. – Jauna, prest
nago zurekin kartzelara eta heriotzara ere joateko.
K. Jesusek,
orduan:
+. – Egia esan,
Pedro, gaur oilarrak jotzerako, hiru aldiz ukatuko duzu ni ezagutzen nauzula.
K. Ondoren,
ikasleei esan zien:
+. – Falta izan al
zenuten ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetakorik gabe bidali
zintuztedanean?
K. Haiek erantzun:
I. – Ezer ere ez.
K. Jesusek,
berriro:
+. – Orain, bada,
poltsa duenak har dezala eta berdin zakutoa duenak; eta ezpatarik ez duenak sal
dezala soingainekoa, hura erosteko. Zeren, egia esan, niregan bete beharra
baita Liburu Santuak dioena: Bekatarien kidekotzat jo zuten. Izan ere, nireak
laster egingo du.
K. Haiek esan
zioten:
I. – Jauna,
baditugu hemen bi ezpata.
K. Baina Jesusek
erantzun:
+. – Aski da!
Oliamendiko otoitz larria.
K. Ondoren, Jesus atera eta Oliamendirantz abiatu zen, ohi zuenez, eta
ikasleak ere bai haren ondoren. Hara iristean, Jesusek esan zien:
+. – Egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko.
K. Eta,
haiengandik harrikada bat bide aldendurik, belauniko honela egiten zuen otoitz:
+. – Aita, nahi
baduzu, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zure nahia,
ez nirea.
K. Zeruko aingeru
bat agertu zitzaion, kemen emanez. Eta, larriak harturik, oraindik lehiatsuago
egiten zuen otoitz. Izerdia tantaka zerion lurrera, odola bezain lodi.
Otoitzetik jaikirik, ikasleengana joan zen; nahigabearen nahigabez lokarturik
aurkitu zituen, eta esan zien:
+. – Nola zaudete
lo? Jaiki eta egin otoitz, tentaldian ez erortzeko.
Jesus atxilotua.
K. Jesus hizketan
ari zela, jende-multzo bat azaldu zen; Hamabietako bat, Judas zeritzana,
zetorren haien buru, eta Jesusengana hurbildu zen musu ematera. Jesusek esan
zion:
+. – Judas, musu
batez saltzen al duzu Gizonaren Semea?
K. Gertatzera
zihoanaz oharturik, Jesusen inguruan zeudenek esan zioten:
I. – Jauna,
erasoko al diegu ezpataz?
K. Eta haietako
batek apaiz nagusiaren morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion. Baina
Jesusek esan zuen:
+. – Utzi! Aski
da!
K. Eta, belarria
ukiturik, sendatu egin zion.
Orduan, haren
aurka etorriak ziren apaizburu, tenpluko guardiaburu eta zaharrei esan zien:
+. – Ezpataz eta
makilaz etorri zarete lapur baten bila bezala. Egunero tenpluan zuekin nintzen,
eta ez zenidaten eskurik bota. Baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen
nagusialdia.
Pedrok Jesus ukatu.
K. Jesus preso
hartu eta apaiz nagusiaren etxera eraman zuten. Pedrok urrutitik jarraitzen
zion. Batzuk patio erdian sua piztu eta haren inguruan eseri ziren, eta haien
artean eseri zen Pedro ere.
Neskame batek,
Pedro sutondoan eseria ikustean, begira jarri eta esan zuen:
P. – Hau ere
Jesusekin zebilen.
K. Baina hark
ukatu, esanez:
I. – Emakume, ez
dinat ezagutzen hori.
K. Handik
berehala, beste batek ikusi eta esan zion Pedrori:
P. – Hi ere
haietakoa haiz.
K. Pedrok, orduan:
I. – Ez, mutil!
K. Handik ordubete
ingurura, beste batek berriro esan zuen:
P. – Bai, hau ere
Jesusekin bizi huen, galilearra duk eta.
K. Pedrok erantzun
zuen:
I. – Ez zekiat
zertaz ari haizen, mutil!
K. Eta une berean,
oraindik hizketan ari zela, oilarrak jo zuen. Itzuli zen Jauna eta Pedrori
begiratu zion. Gogoratu zitzaion Pedrori Jaunak esandakoa: «Gaur oilarrak jo
baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu», eta, kanpora irtenik, negarrari eman
zion saminki.
K. Jesus preso
zeukatenak isekaz ari zitzaizkion eta joka. Begiak estalirik, honela galdetzen
zioten:
J. – Asma ezak,
profeta, nork jo hau?
K. Eta beste hitz
iraingarri asko esaten zioten.
Jesus judu-biltzarraren aurrean.
K. Eguna zabaldu
zuenean, herriko zaharren kontseilua, apaizburuak eta lege-maisuak bildu ziren,
eta Jesus Biltzar Nagusira eraman zuten. Honela esan zioten:
J. – Mesias baldin
bazara, esaguzu.
K. Hark erantzun:
+. – Baietz esaten
badizuet, ez didazue sinetsiko eta, galdetzen badizuet, ez didazue erantzungo.
Baina hemendik aurrera Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuinean
eserita egongo da.
K. Orduan, denek
esan zuten:
J. – Zu zara,
beraz, Jainkoaren Semea?
K. Hark erantzun
zien:
+. – Zeuek diozue,
neu naiz.
K. Haiek, orduan:
J. – Ba ote dugu
lekuko beharrik? Geuk entzun diogu bere ahotik.
Jesus Pilatoren aurrean.
K. Altxatu ziren
denak eta Pilatogana eraman zuten Jesus. Han, salatzen hasi zitzaizkion:
J. – Gure nazioa
nahaspilatzen harrapatu dugu gizon hau; enperadoreari zergak ordaintzea
galarazten du eta bera Mesias, erregea, dela esaten.
K. Pilatok galdetu
zion:
P. – Zu al zara
juduen erregea?
K.-Jesusek
erantzun zion:
+. – Zeuk diozu.
K. Pilatok
apaizburu eta jende-taldeari esan zien:
P. – Nik ez dut
gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen.
K. Baina haiek,
behin eta berriro:
J. – Judea osoan
barrena herria asaldatzen ari da bere irakaspenez; Galilean hasi zen eta
honaino iritsi da.
Jesus Herodesen aurrean.
K. Hori entzutean,
gizon hura galilearra al zen galdetu zuen Pilatok. Eta, Herodesen eskumenekoa
zela jakinik, hari bidali zion, Jerusalemen baitzen egun haietan. Biziki poztu
zen Herodes Jesus ikusteaz, aspaldian baitzuen hura ezagutzeko gogoa, hartaz
entzuten zituenengatik; mirariren bat egiten ikusiko zuela ere espero zuen.
Herodesek galdera asko egin zion, baina Jesusek ez zion hitzik erantzun.
Bitartean, han ari ziren apaizburu eta lege-maisuak salatu eta salatu.
Herodesek, bere soldaduekin batera, mespretxu eta isekaz erabili zuen Jesus
eta, jantzi distiratsu bat soinean jarririk, berriro Pilatogana bidali zuen.
Egun hartan, adiskidetu egin ziren Herodes eta Pilato, etsai baitziren lehen.
Jesus heriotzara kondenatua.
K. Pilatok,
apaizburu, agintari eta herria berriro bildurik, honela esan zien:
P. – Gizon hau
herria nahaspilatzen ari dela-eta ekarri didazue; baina zuen aurrean galderak
egin dizkiot eta ez diot aurkitu zuek egozten diozuen errurik batere; ezta
Herodesek ere, guri bidali baitigu ostera. Honek ez du, beraz, heriotza merezi
duenik ezer egin. Zigorraldi bat eman eta askatu egingo dut.
K. Baina denek aho
batez oihuka esan zioten:
J. – Kendu hori
eta aska iezaguzu Barrabas!
K. Barrabas hau,
hirian gertaturiko matxinada eta giza hilketa batengatik kartzelan sartua
zuten.
Jesus askatu
nahian Pilato berriro mintzatu zitzaien; baina haiek oihuka:
J. – Gurutzera
hori! Gurutzera!
K. Hark hirugarren
aldiz esan zien:
P. – Zer oker egin
du, bada, honek? Nik ez dut hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen. Beraz,
zigorraldi bat eman eta askatu egingo dut.
K. Haiek oihu eta
oihu ari ziren gurutzera zezala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziren oihuak.
Orduan, Pilatok haien eskabideari men egitea erabaki zuen: haiek eskatzen
zutena – matxinada eta giza hilketagatik kartzelan zegoena – askatu eta Jesus
beren esku utzi zien.
Gurutze-bidean.
K. Jesus
gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu
zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan . Herriko
jende-talde handia zihoan Jesusen ondoren, baita emakume asko ere bular-joka
eta harengatik aieneka. Itzuli zen Jesus haiengana eta esan zien:
+. – Jerusalemgo
emakumeok, ez egin negarrik niregatik; egizue negar zeuengatik eta zeuen
seme-alabengatik. Hara, badatoz honako hau esango den egunak: “Zorionekoak
agorrak, haurrik sortu ez duten sabelak eta titirik eman ez duten bularrak”.
Orduan, honela esango diete mendiei: “Eror zaitezte gure gainera”, eta muinoei:
“Ezkuta gaitzazue”. Izan ere, egur hezeari hau egiten badiote, zer ez ote
iharrari?
K. Jesusekin
batera bi gaizkile ere eraman zituzten hiltzera.
Jesus gurutziltzatua.
K. «Burezur»
zeritzan tokira iritsirik, bertan gurutziltzatu zuten Jesus, baita bi
gaizkileak ere, bata Jesusen eskuinean eta bestea ezkerrean. Jesusek honela
zioen:
+. – Aita, barka
iezaiezu, ez baitakite zer ari diren .
K. Soldaduek
Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez.
Herria begira
zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez:
J. – Besteak
salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin
bada.
K. Soldaduek ere
irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan:
J. – Juduen errege
baldin bahaiz, salba ezak heure burua.
K. Honako idazkun
hau zuen buruaren gainaldean: «Hau juduen erregea da».
K. Zintzilik
zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion, esanez:
P. – Ez al haiz,
bada, hi Mesias? Salba ezak heure burua eta salbatu gu ere!
K. Baina besteak
errieta egin zion hori zioenari:
P. – Ez al duk
Jainkoaren beldurrik, zigorra jasaten hagoela ere? Gurea legezkoa duk, geure
egintzengatik merezia baitugu; baina honek ez dik okerrik egin.
K. Gero, gaineratu
zuen:
P. – Jesus, oroit
zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.
K. Jesusek erantzun
zion:
+. – Benetan
diotsut: Gaur nirekin izango zara paradisuan .
Jesusen heriotza.
K. Eguerdi aldea
zen, eta ilundu egin zuen lurbira guztian hirurak arte. Eguzkia ezkutatu egin
zen, eta santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen. Jesusek, oihu handia eginez,
esan zuen:
+. – Aita, zure
eskuetan jartzen dut bizia.
K. Hau esanik,
azken arnasa eman zuen.
K. Erromatar
ehuntariak, gertatua ikusirik, Jainkoa goretsi zuen, esanez:
P. – Benetan gizon
hau zintzoa zen!
K. Ikuskizunera
joandako jende guztia, gertatua ikusirik, bular-joka itzuli zen hirira. Jesusen
ezagun guztiak, baita Galileatik jarraitu zioten emakumeak ere, urrutixeago
zeuden begira.
Jesus hilobian ezarria.
K. Orduan,
kontseiluko kide bat etorri zen, Jose zeritzana, gizon on eta zintzoa; honek ez
zituen ontzat eman Biltzar Nagusiaren erabakia eta jokabidea. Judeako Arimatea
herrikoa zen izatez, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen. Josek,
beraz, Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. Jesus gurutzetik eraitsirik,
izara batean bildu zuen eta haitzean zulaturiko eta oraindik beste inor ehortzi
gabeko hilobi batean ezarri. Festarako prestaketak egiteko eguna zen eta
larunbata hastera zihoan.
Galileatik
Jesusekin etorritako emakumeek, Joseren atzetik joanik, hilobia ikusi zuten eta
Jesusen gorpua nola ezartzen zuten begiratu. Gero, itzuli eta usain gozoko
ukenduakprestatu zituzten.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko martxoaren 24a
GURUTZILTZATUAREN AURREAN
Tenpluko
segurtasun-indarrek atxilotu du, eta Jesusek ez du jada inolako dudarik: Aitak
ez dio entzun bizitzen jarraitzeko agertu dion gogoa; ikasleak ihesi joan dira,
nor bere segurtasun bila. Bakarrik dago. Bere egitasmoak huts egin duela ikusi
du. Zain-zain du heriotza.
Zirraragarria
da bere azken orduetan Jesusek agertu duen isiltasuna. Halere, ebanjelariek
jaso dituzte gurutzean jaulki dituen hitz batzuk. Oso laburrak dira, baina
lehen kristau-belaunaldiei asko lagundu zieten Jesus gurutziltzatua
gogoratzeko, maitasunez eta esker onez.
Gurutzean
josten ari diren bitartean jaulkitakoak dakartza Lukasek. Dardararen eta
oinaze-garrasien artean, lortu du Jesusek hitz batzuk esatea, bihotzean duena
agertzeko: «Aita, barka iezaiezu, ez
dakite-eta zer ari diren». Horrelakoa da Jesus. Bereei eskatu izan du «maita
ditzatela etsaiak» eta «egin dezatela otoitz pertsegitzaileentzat». Eta orain,
bera doa hiltzera etsaiei barkatuz. Barkazio bihurtu du gurutzeko bere
heriotza.
Gurutzean
josten dutenentzat Aitari egindako eskari hau, lehenik eta behin errukizko
keinu goitarra da, eta konfiantza Jainkoaren atzemanezineko barkazioaz. Hauxe
da Jesusek gizadiari utzi dion ondarea: Ez galdu sekula Jainkoarekiko
konfiantza. Jainkoaren errukiak ez du azkenik.
Markosek,
berriz, gurutzean josi dutenaren oihu dramatiko hau dakarkigu: «Ene Jainko, ene Jainko! Nolatan utzi nauzu
eskutik?» Bakartasun eta abandonu handienean jaulkitako hitzak dira;
egundoko zinezkotasuna adierazten dute. Jesusek sentitu du bere Aita maiteak
utzi egin duela. Zer dela eta? Jesus kexu da Aita mutu gelditu delako. Non da?
Zer dela-eta dago mutu?
Jesusen
oihu hau, historiako biktima guztien oihuarekin bat dator: hainbat eta hainbat
injustizia, abandonu eta sufrimenengatik Jainkoari argibide bat eskatu nahi
dio; gurutziltzatuaren ezpainak Jainkoari erantzun bat eskatzen ari zaizkio
heriotza baino haratagorako: gure Jainkoa, zer dela-eta uzten gaituzu eskutik?,
ez ote diezu sekula erantzungo errugabeen oihuei eta lantuei?
Lukasek
Jesusen azken hitza ere jaso du. Bere herio-larria eta guzti, azkeneraino eutsi
dio Jesusek Aitaganako konfiantzari: «Aita,
zure eskuetan uzten dut neure espiritua». Ez ezerk, ez inork apartarazi
ahal izan du Jesus Aitagandik. Aitak arnastu du bere espirituaz Jesus bizitza
guztian. Bere egitekoa bukaturik, Aitaren eskuetan utzi du dena Jesusek. Aitak
bere isiltasuna hautsi eta piztu egingo du Jesus.
Aste
Santu honetan, Jaunaren Nekaldia eta Heriotza ospatuko ditugu
kristau-elkarteek. Orobat egin ahal izango dugu gogoeta, isilik, Jesus
gurutziltzatuaren aurrean, bere hilzorikoan Jesusek jaulki zituen hitzak
sakonduz.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko martxoaren 28a
ZER ARI DA JAINKOA HOR GURUTZEAN?
Ebanjelioko
pasartearen arabera, Golgota mendixkan gurutzean zen Jesusen aurretik
pasatzean, jendeak burla egiten zion eta, haren ezinaz barre eginez, ziotsoten:
«Jainkoaren Semea bahaiz, jaits hadi
gurutzetik». Eta Jesusek erantzunik ez haien probokazioari. Soilik,
misterioak harturiko isiltasuna da Jesusen erantzuna. Hain juxtu, Jainkoaren
Semea delako jarraituko du gurutzean, hil arte.
Ezin
saihestuak dira galderak: Nolatan sinets daiteke gizakiak gurutzatu duen Jainko
batengan? Jabetzen al gara esaten ari garenaz? Zer ari da Jainkoa hor
gurutzean? Nolaz iraun dezake Jainkoaz halako uste zentzugabean fundatua den
erlijio batek?
Bai,
«Jainko gurutziltzatu» hori iraultza da eta eskandalua, ustez ezagutzen dugun
Jainkoaz gizon-emakumeok ditugun ideiak koloka jartzera behartzen gaituena.
Gure Gurutziltzatu horrek ez du erlijioek Izate Gorenari leporatzen dioten
ezaugarririk: ez aurpegierarik, ez bestelakorik.
«Jainko
gurutziltzatu» hori ez da ez izate ahalguztiduna eta handientsua, ez mugiezina
eta zoriontsua, ez da gizakiaren sufrimenaz axolatzen ez dena, baizik Jainko
ahalik gabea eta umiliatua da, gurekin sufritzen duena mina, larria eta, are,
heriotza bera. Gurutzearekin bitan bat: edo Jainkoarekiko gure fedea bukatutzat
eman, edo Jainkoa modu berri eta harrigarri batean hartzera jo, gure
sufrimenean haragitua izanik, modu sinestezinean maite gaituena.
Gurutziltzatuaren
aurrean sumatzen hasten gara ezen Jainkoa, azken batean, gurekin sufritzen duen
Jainkoa dela. Gure miseriak erasaten diona. Gure sufrimenak zipriztintzen
duena. Ez da, nolabait esateko, gure atsekabeek, malkoek eta ezbeharrek ukitzen
ez dute Jainkoa. Gure mundu honetako Kalbario guztietan da hura.
«Jainko
gurutziltzatu» honek ez du biderik ematen gure nahikerien eta ameskerien
zerbitzura egongo litzatekeen Jainko ahalguztidun batekiko fede axaleko eta
egoistarako. Ostera, Jainko honek injustiziaren eta ezbeharren biktima den
hainbat eta hainbat jenderen sufrimenari, bazter utziak izateari eta babesik
ezari begira jartzen gaitu. Jainko honekin topo egiten dugu edozein
gurutziltzatuagana hurbiltzen garenean.
Zoritxarrez,
kristauok mila itzulinguru egiten dugu askotan «Jainko gurutziltzatuarekin»
topo ez egiteko. Are, Jaunaren Gurutzera begiak jasotzen ikasi dugu, geure
aurrean ditugun gurutziltzatuei ezikusiarena eginez bada ere. Halaz guztiz,
Jaunaren Nekaldia erarik jatorrenean ospatzeko modua geure errukiari biziera
berria ematea da. Hori egin ezean, «Jainko gurutziltzatuarekiko» gure fedea
urardo bihurtzen da, eta mila manipulazio-erari ematen zaio aukera. Gure
Gurutziltzatuari muin egiteak jar gaitzala, gugandik hurbil nahiz urrun,
sufritzen ari direnei begira.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.