José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko abustuaren 11a
Urteko 19. Igandea (C)
EBANJELIOA
Egon prest zuek ere.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 12,32-48
Ondoren, bere
ikasleei esan zien Jesusek:
“Ez izan beldur,
ene artaldetxo hori, atsegin izan baitu zuen Aitak zuen alde errege izatea.
Saldu zeuen
ondasunak eta eman limosna. Pila itzazue zeruan hondatuko ez diren ondasunak,
huts egingo ez dizueten aberastasunak, hara ez baita lapurrik hurbiltzen, ezta
han sitsak jaten ere. Zeren, zuen aberastasuna non, zuen bihotza han.”
“Zaudete prest,
jantziak loturik eta kriseiluak pizturik; izan zaitezte nagusia ezteietatik
itzuli zain dauden morroiak bezala, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko
prest dauden morroiak bezala. Zorionekoak morroi horiek, nagusiak, iristean,
zain aurkitzen baditu. Benetan diotsuet: Arropak aldaturik, mahaian eseraraziko
ditu eta zerbitzatzen hasiko zaie.
Eta gauerdian edo
goizaldera badator eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek!
Gogoan hartu hau:
etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea
zulatzen utziko.
Egon prest zuek
ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea”.
Pedrok galdetu
zion: “Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?”
Jaunak esan zuen:
“Izan zaitezte etxezain leial eta zentzuduna bezala, nagusiak bere orduan
otordua banatzeko morroien buru ipini duena bezala.
Zorionekoa morroi
hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! Benetan diotsuet: Bere
ondasun guztien buru ipiniko du. Baina morroia, nagusiak luzatu egingo
duelakoan, morroi eta neskameak jotzen, jan-edanean eta mozkorkerian hasten
bada, gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio
nagusia, eta zigorrik gogorrena ezarriko dio, eta desleialek merezi duten zoria
emango. Nagusiaren gogoa zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen
edo egiten ez dituen morroiak zigor zorrotza izanen du; nagusiaren gogoa zein
den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko
eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; askoren kargua eman zitzaionari, are
kontu handiagoa eskatuko.”
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko abustuaren 11a
GUTXIENGO BATEN ZORIA BIZI
Lukasek
bere ebanjelioan hitz bereziak bildu ditu, Jesusek bere jarraitzaileei
zuzenduak, guztiz amultsu eta samurrak. Sarritan, oharkabeki irakurri edo
entzun ohi dira. Alabaina, gure parrokietan edo kristau-elkarteetan arretaz
irakurriz gero, egun-egunekoak dira harrigarriki. Horixe da Jesusengandik
entzun behar duguna fedea bizitzeko oso erosoa ez da aldi honetan.
«Ene
artalde koxkorra». Egundoko txeraz begiratzen dio Jesusek jarraitzaileen talde
txiki bati. Gutxi dira. Gutxiengo baten bokazioa dute. Ezin pentsatu dute gauza
handiosetan. Honela imajinatzen ditu Jesusek beti: «legamia» pixka bat bezala,
orean nahasia; «argi» txiki bat bezala, ilunpean; «gatz» eskutada bat bezala,
biziari gustua emateko.
«Kristau-inperialismoa»
mendetan bizi ondoren, Jesusen ikasleok gutxiengo baten zoria bizitzen ikasi
beharra dugu. Gauza okerra da Eliza boteretsu eta indartsu bat amestea. Gauza
engainagarria da mundutar boterearen bila ibiltzea edo gizartea dominatu nahi
izatea. Ebanjelioa ezin ezarri da indarrez. Jesusen erara bizi direnek
kutsatzen dute, bizitza gizakoiago eginez.
«Ez
izan beldurrik». Jesusen kezka handia da. Ez ditu ikusi nahi bere
jarraitzaileak beldurrak harrapaturik edota etsipenean lur jota. Ez dute galdu
behar sekula konfiantza eta bakea. Gaur egun ere artalde koxkor bat gara, baina
Jesusi oso atxikirik bizi gaitezke, gidatzen eta defendatzen gaituen artzaina
da hura. Geure aldi hau bakean bizitzeko modua eman diezaguke hark.
«Zuen
Aitari egoki iruditu zaio zuei erreinua ematea». Beste behin gogorarazi die
hori Jesusek. Ez dute sentitu behar umezurtz direnik. Aita dute Jainkoa. Hark
gomendatu die bere erreinuaren egitasmoa. Erregalu handia da. Geure elkarteetan
denik eta gauzarik hoberena da: bizitza gizakoiago egiteko eginkizuna, historia
bere behin betiko salbaziora bideratzeko esperantza.
«Saldu
zeuen ondasunak eta egin limosna». Jesusen jarraitzaileek artalde koxkor bat
dira, baina ezin izan dira sekula sekta bat, bere probetxu propioan hesitua.
Ezin bizi dira inoren premiari ezikusiarena eginez. Atea zabal-zabalik duten
elkarte izan behar dute. Beren ondasunak partekatuko dituzte laguntza- eta
solidaritate-beharrean direnekin. Limosna egingo dute, hau da, «errukia»
eskainiko. Hau da termino grekoaren jatorrizko esanahia.
Kristauek
alditxo bat beharko dugu oraino, gutxiengo baten zoria bizi ahal izateko,
gizarte sekular eta plural baten barnean. Baina bada atzeratu gabe egin
dezakegun eta egin behar dugun zerbait: geure elkarteetan bizi dugun giroa
aldatu eta ebanjelikoago bihurtu. Frantzisko aita santua bidea adierazten ari
zaigu bere keinuen eta bere bizieraren bidez.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko abustuaren 8a
INOIZ BAINO GEHIAGO BEHAR DITUGU
Lehen
kristau-belaunaldiak beharturik gertatu ziren arazo erabakitzaile bati aurre
egitera. Kristo berpiztuaren etorrera atzeratzen ari zen, hasiera batean uste
izan zuten baino gehiago. Luze jotzen hasi ziren itxarote hura. Nola eutsi
bizirik esperantzari? Nola ez etsi, ez nekatu, ez amore eman?
Ebanjelioetan
xede bakarra duten aholku, parabola eta dei asko ikusten dugu:
kristau-elkarteen erantzukizuna bizirik gorde nahi dute. Ezagunenetako batek
dio: «Bizi gerrikoa loturik eta argiontziak pizturik». Zer esan nahi dute hitz
hauek guretzat, hogei mende geroago?
Irudi
biak dira oso esanguratsuak. Beren jauna noiz itzuliko, gauez zain diren
zerbitzariek behar duten jarrera adierazten dute, hark deitu orduko atea ireki
diezaioten. «Gerrikoa loturik» bizi behar dute, hau da, galtzak beren tokian,
egoki mugitzeko eta zalu jarduteko. «Argiontziak pizturik» bizi behar dute,
etxea argiturik eta esna egoteko.
Jesusen
hitz hauek dei dira gaur egun ere erne eta erantzukizunez bizitzeko, geldo eta
erdi lo egon gabe. Elizaren historian izan ohi dira gau gertatzen diren
momentuak. Halaz guztiz, ez dira argiak itzali eta lo egiteko momentu.
Itzulikatzeko momentu dira, geure fedea esnatzeko momentu eta etorkizunerantz
bide egiteko momentu, Eliza zahar eta nekatuan berean ere.
Elizak
gaur beharrezkoa duen eraldaketa bultzatzeko oztoporik handienetakoa kristauen
pasibotasun orokortua da. Tamalez, mende askotan, batez ere meneko eta pasibo
izateko hezi izan dugu jendea. Gaur berean ere, tarteka, badirudi ez dugula
jende horren beharrik Jesu Kristorekiko leialtasunean bide berriak pentsatzeko,
proiektatzeko, sustatzeko.
Horregatik
eta joera horren kntra, baliotzat eman, artatu eta eskertu beharra dugu laikoen
artean nabari den kontzientzia berria, bai Kristorekiko atxikimendua, bai
eliztar izatea era argian eta erantzukizunezkoan bizitzeko. Dudarik gabe,
laikoez zuzenean eta berariaz jardun den lehenengo kontzilioa izan den Vatikano
II.aren fruiturik baliotsuenetakoa da.
Fededun
hauek, Jesusi leial jarraitze aldera berriztatzen ari diren parrokien eta
elkarteen legamia izan daitezke. Kristautasunaren potentzialik handiena dira.
Inoiz baino gehiago behar ditugu, egungo munduaren problemei begira eta egungo
gizon-emakumeengandik hurbil biziko den Eliza eraikitzeko.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.