José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko azaroaren 24a
Urteko 34. Igandea (C) - Jesukristo unibertsoaren erregea
EBANJELIOA
Jesus, oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 23,35-43
Herria begira
zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez: «Besteak
salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin
bada».
Soldaduek ere
irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan: «Juduen errege
baldin bahaiz, salba ezak heure burua».
Honako idazkun
hau zuen buruaren gainaldean: «Hau juduen erregea da».
Zintzilik zeuden
gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion, esanez:
– Ez al haiz,
bada, hi Mesias? Salba ezak heure burua eta salbatu gu ere!
Baina besteak
errieta egin zion hori zioenari:
– Ez al duk
Jainkoaren beldurrik, zigorra jasaten hagoela ere? Gurea legezkoa duk, geure
egintzengatik merezia baitugu; baina honek ez dik okerrik egin.
Gero, gaineratu
zuen:
– Jesus, oroit
zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.
Jesusek erantzun
zion:
– Benetan
diotsut: Gaur nirekin izango zara paradisuan.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko azaroaren 24an
OROIT ZAITEZ NITAZ
Lukasen
kontakizunaren arabera, inguruan dituenen iseka eta mespretxu artean bizi izan
du Jesusek bere hilzoria. Ematen du, inork ez duela ulertu haren bizitza.
Ematen du, inork ez duela atzeman, ez haren buru-eskaintza sufritzen ari
direnen alde, ez haren barkazioa errudunen alde. Inork ez du ikusi haren
aurpegian Jainkoaren begiratu errukitsua. Ematen du, inork ez duela sumatu
haren heriotzan inolako misteriorik.
Agintari
erlijiosoek iseka egin diote mespretxuzko keinuez: besteak salbatuko dituela
uste izan du; salba dezala orain bere burua. Jainkoaren Mesias bada, haren
«Hautatua» bada, etorriko zaio Jainko hura defenditzera.
Soldaduek
ere bat egin dute isekan. Haiek ez dute sinesten Jainkoaren inolako Bidalitan.
Burla dagite Pilatok gurutzean ezarri duen idazkunaz: «Hau da juduen erregea».
Zorakeria da botererik gabe norbaitek errege izan nahi izatea. Ager dezala bere
indarra bere burua salbatuz.
Jesus
isilik dago, ez da jaitsi gurutzetik. Zer egingo genuke guk baldin eta
Jainkoaren Bidaliak bere salbazioaren bila joko balu, bere gurutzeari ihes
eginez, historian gurutzean josiak diren guztiekin elkartzen duen gurutzeari
ihes eginez? Nolatan sinets genezake geure zorian betiko bakarrik utziko
gintuzkeen Jainko batengan?
Bat-batean,
hainbeste iseka eta mespretxu artean, dei harrigarri hau: «Jesus, oroit zaitez
nitaz zeure erreinura iristean». Ez da, ez Jesusen ikasle bat, ez haren
jarraitzaile bat ere. Jesusen ondoan josiak diren bi gaizkileetako bat da.
Gurutzean josia izan denarekiko fede miresgarritzat proposatu digu hori
Lukasek.
Gizon
honek, zigorpean hiltzeko zorian, badaki pertsona errugabea dela Jesus, ez
duela guztiei on egitea besterik egin. Jesusen bizitzan berak ulertu ezin duen
misterio bat sumatu du, baina konbentziturik dago heriotzak ez duela hondatuko
Jesus. Erregu bat atera zaio bihotzetik. Soilik, ez dezala ahaztu eskatu dio
Jesusi: zerbait egin dezake beraren alde.
Berehala
erantzun dio Jesusek: «Gaur nirekin izango zara paradisuan». Orain, biak bat
dira larrialdian eta ezinean, baina apartatu ezineko laguntzat hartu du
Jesusek. Gurutzean hilko dira, baina biak batean sartuko dira Jainkoaren
misterioan.
Gure
egun hauetako gizarte fedegabean, ez dira gutxi nahasturik bizi direnak. Ez
dakite sinesten duten ala ez. Ia jakin gabe, bihotzean daramate fede arin eta
hauskor bat. Batzuetan, zergatik eta nola jakin gabe, bizitzaren zamak jota,
beren erara dei egiten diote Jesusi. «Jesus, oroit zaitez nitaz», eta Jesusek
entzuten die: «Nirekin izango zara betiko». Bere bideak ditu Jainkoak pertsona
bakoitzarekin topo egiteko, eta ez dira izaten beti teologoek adierazitakoak.
Bihotz bat izatea da funtsezko gauza, norberaren kontzientziari entzuten dion
bihotz bat.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko azaroaren 21ean
GURUTZEA LEPOAN
Kristo
Errege egunean hots egiten den kontakizunak, gurutzean jostearenak, hau
gogoratzen digu Jesusen jarraitzaileei: haren erreinua ez dela aintzaren eta
boterearen erreinua, baizik zerbitzuaren, maitasunaren eta erabateko
buru-eskaintzarena, gizakia gaitzetik, bekatutik eta heriotzatik libratzeko.
«Gurutzeko
garaipena» hots egitera ohituak gara eta horrek arrisku bat du berekin:
ahaztaraztekoa Gurutziltzatuak ez duela inolako zerikusirik
sasi-triunfalismoarekin. Eta badakigu: honek hustu egiten du edukiaz Jainkoak
bere sorkarientzat burutu duen zerbitzu apalaren keinurik nagusiena. Gurutzea
ez da, ordea, trofeo antzeko zerbait, besteei harrokeriaz erakusteko erabiliko
genukeena, baizik bere etsenplua jarraitzera gonbidatzen gaituen Jainkoaren
Maitasun gurutziltzatuaren sinboloa.
Kristoren
gurutzea abesten, adoratzen eta musukatzen dugu, geure izatearen barneenean
Jainkoari eskerrak eman beharra sentitzen dugulako, agertu digun maitasun
hondogabeagatik; ez dugu ahazten, alabaina, Jesusek eskatzen digun lehenbiziko
gauza ez dela Gurutzeari musu ematea, baizik hura lepoan hartzea. Eta hau
honetan datza soil-soilik: haren urratsak jarraitzea erantzukizunez eta
serioski, jakinik bide horrek, goiz edo berandu, oinazezko haren zoria
partekatzera eramango gaituela.
Ez da
bidezkoa Kristoren misteriora era pasiboan hurbiltzea, hura lepoan jartzeko
inolako asmorik gabe. Horregatik, oso kontuan hartu beharreko ditu zenbait
ospakizun, Gurutzearen inguruan ingurune erakarlea baina arriskutsua sor
dezaketenak; Gurutziltzatuari jarraitzetik apartarazi eta,Gurutzerik gabe ere,
kristautasuna bizi dugun ilusioa sortaraziz. Juxtu, Gurutzeari musu ematean
entzun beharko genuke Jesusen dei hau: «Norbait nire ondoren badator... har
dezala bere gurutzea eta jarrai diezadala».
Jesusen
jarraitzaileentzat, hau esan nahi du Gurutzea bakoitzak bere egiteak:
gurutziltzatuengana zerbitzari bezala hurbiltzea; babesgabeez abusatzen den
lekuan zuzentasuna ezartzea; sufritzen ari direnen aurrean axolarik den lekuan
errukia eskatzea. Honek guztiak gatazkak, ukoa eta sufrimena ekarriko dizkigu.
Horixe izango da Kristoren gurutzea lepoan hartzeko gure modu apala.
Joham
Baptist Metz teologo katolikoa behin eta berriz ari da azpimarratzen arrisku
hau: Gurutziltzatuaren irudia gure begi-bistatik ezkutatzen ari dela gaur egun
gurutzeratuak direnen aurpegia.. Ongizatea bizi duten lurraldeetako
kristautasunean, Metz-en ustez, fenomeno larri hau ari da gertatzen: «Gurutzeak
ez du jada inor kezkarazten, ez du jada akuilu-puntarik; galdua du Jesusi
jarraitzearen tentsioa, ez du eskatzen inolako erantzukizunik; aitzitik, kendu
egiten du».
Ez
ote gara guztiok berrikusi beharrean zein den gure egiazko jarrera
Gurutziltzatuarekiko? Ez ote gara guztiok harengana hurbildu beharrean
erantzukizun handiagoz eta konpromiso biziagoz?
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.