lunes, 12 de mayo de 2014

2014/05/18 - 5. Pazko Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko maiatzaren 18

5. Pazko Igandea (A)


EBANJELIOA

Neu naiz bidea, egia eta bizia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14, 1-12

Egun hartan, Jesusek bere ikaslei esan zien:
«Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere. Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten. Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
Tomasek esan zion:
–Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
Jesusek erantzun:
–Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik. Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue.
Orduan, Felipek esan zion:
–Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta aski dugu.
Jesusek erantzun:
–Honenbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nauzu ezagutzen? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: «Erakuts iezaguzu Aita?» Ez al duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin? Nik irakatsi dizuedana ez dizuet neure kabuz irakatsi. Niregan bizi den Aita da bere salbamen-egintza burutzen ari dena. Sinets iezadazue: ni Aitarekin bat eginda nago eta Aita nirekin. Besterik ez bada, sinetsi egiten ditudan egintzengatik. Bene-benetan diotsuet: Niregan sinesten duenak nik egiten ditudan egintzak eginen ditu berak ere, eta are handiagoak, ni Aitarengana bainoa.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko maiatzaren 18a

BIDEA

Azken Afaria bukatzean, ikasleak sumatzen hasi dira, Jesus ez dutela jada berekin luzerako izango. Judas presaka irtetea, Pedrok laster ukatuko duela iragartzea, Jesusen hitzak laster joango dela esanez: horrek guztiek utzi ditu koloka eta larri. Zer izango da beraiez?
Jabetu da Jesus haien tristuraz eta nahasmenduaz. Bihotza hunkitu dio horrek. Bere buruaz eta datorkionaz ahazturik, ikasleei bihotz ematen ahalegindu da: «Ez dadila larritu zuen bihotza; sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere». Geroago, hizketan ari direla, aitorpen hau egin die Jesusek: «Ni naiz bidea, egia eta bizia. Ezin joan da inor Aitagana, nire bidez ez bada». Ez dute ahaztu behar hori sekula.
«Ni naiz bidea». Oso gutxi ez direnen arazoa, ez da bidea galdurik edo bide okerretik ibiltzea. Besterik gabe, biderik gabe bizi izatea dute arazoa, labirinto antzeko batean galdurik: aurrera eta atzera ibiliz mila bidetan, unean uneko esloganek eta modek kanpotik esaten dietenei jarraiki.
Eta, zer egin lezake gizon edo emakume batek biderik gabe dagoenean? Norengana jo lezake? Nora joan liteke? Jesusengana hurbiltzen bada, aurkituko duena, ez da izango erlijio bat, baizik bide bat. Batzuetan, fedez egingo du aurrera; beste batzuetan zailtasunekin egingo du topo; are gehiago, atzera ere egin lezake, baina bide zuzenean dabil, Aitagana daraman bidean. Horixe da Jesusen promesa.
«Ni naiz egia”. Hitz hauek gonbit eskandalagarri dira belarri modernoentzat. Den guztia ez da mugatzen arrazoiaren mailara. Teoria zientifikoak ez du berekin egia osoa. Errealitatearen azken misterioa ezin atzeman daiteke analisi sofistikatuenen bidez. Errealitatearen azken misterioa begi aurrean duela bizi behar du gizakiak.
Azken Misterio horretara gidatzen eta hurbiltzen gaituen bide bezala aurkeztu zaigu Jesus. Jainkoak ez du inor derrigortzen. Inor ez du behartzen proben eta ebidentzien bidez. Azken Misterio hori isiltasun da eta errespetuzko erakarpen. Jesus da bere Ontasunera ireki gaitzakeen bidea.
«Ni naiz bizia». Gure bizitza eraldatuz joan daiteke Jesus. Ez urruneko maisu bat bezala, gizadiari jakinduria miresgarriko altxor bat utzia dion maisu bat bezala, baizik eta bizi den norbait bezala, geure izatearen hondo-hondoan, bizi berri baten hazia ereiten digun norbait bezala.
Jesusen egintza hori, gure baitan, era lau eta isilean gauzatzen da ia beti. Fededunak berak ere sumatu bakarrik egiten du atzeman ezineko presentzia bat. Batzuetan, alabaina, ziurtasunak betetzen gaitu, gorde ezineko pozak, erabateko konfiantzak: bada Jainkoa, maite gaitu, dena da posible, baita betiko bizia ere. Ezin ulertuko dugu kristau-fedea, Jesus onartzen ez badugu bide, egia eta bizi bezala.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko maiatzaren 22a

EZ ZAITEZTE GELDITU JESUS GABE

Azken Afaria bukatzean, bereei agur esaten hasi da Jesus: jada ez da izango luzaro haiekin. Ikasleak nahasirik, zur eta lur gelditu dira. Argiro hitz egin ez dien arren, guztiek izan dute susmoa herioak laster eramango duela beren artetik. Eta, hura gabe, zer egin behar dute?
Lur jota ikusi ditu Jesusek. Haiek fedean indartzeko garaia da, Jainkoagan beste era batean sinesten erakutsiz: «Ez dadila koloka jarri zuen bihotza. Sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere». Jainkoagan konfiantza izaten jarraitu behar dute, baina aurrerantzean Jesusengan ere sinetsi behar dute, hura baita biderik hobena Jainkoagan sinesteko.
Jesusek, gero, beste horizonte bat agertu die. Haren heriotzak ez du hondoratu behar fedea. Izatez, berak Aitaren misteriorako bidea hartzeko utziko ditu. Baina ez da ahaztuko haietaz. Gogoan izango ditu. Tokia prestatuko die Aitaren etxean eta egun batean itzuliko da haiek berekin eramateko. Azkenean berriro elkarrekin egongo dira betiko!
Ikasleei oso zail gertatu zaie halako gauza handios batean sinestea. Beren bihotzean era guztietako duda-mudak eta galderak sortu zaizkie. Antzeko zerbait gertatzen zaigu guri ere: Ez ote da hau guztia amets eder bat? Ez ote da ilusio engainagarri bat? Nork garantiza diezaguke halako zoria? Tomasek, betiko bere zentzu errealistaz, galdera bat egin dio: Nolatan jakin dezakegu Jainkoaren misteriorako bide hori?
Ustekabeko erronka da Jesusen erantzun hau: «Neu naiz bidea, egia eta bizia». Erlijioen historian ez da ageri honelako baieztapen ausarditsurik. Bere burua eskaini digu Jesusek, Jainko Aitaren misteriorantz egin behar dugun bidetzat. Jesusek agertzen ahal digu bizitzaren azken sekretua. Jesusek komunikatzen ahal digu giza bihotzak antsiatzen duen bizi betea.
Asko dira gaur egun, Jainkoagana jotzeko, biderik gabe gelditu diren gizon-emakumeak. Ez dira ateo. Inoiz ez dute ukatu Jainkoa beren bizitzan era kontzientean. Berek ere ez dakite sinesten duten ala ez. Soilki, Eliza alde batera utzi badute, hartan bide erakargarririk aurkitu ez dutelako izan da; alegia, fededunek «Jainkoa» deitzen dugun bizitzaren azken misterio hori gustura bilatzeko, Elizan bide erakargarririk aurkitu ez dutelako.
Eliza uztean, batzuek aldi berean Jesus ere utzi dute. Lerro apal hauen bidez, jada aski jendek susmatzen duen zerbait esan nahi dizuet. Eliza baino handiagoa da Jesus, askoz gehiago. Ez ezazue nahasi Kristo kristauekin. Ez ezazue nahasi Jesusen ebanjelioa gure hitzaldiekin. Dena uzten baduzue ere, ez zaitezte gelditu Jesus gabe. Harengan aurkituko duzue bidea, egia eta bizia, guk zuei agertzen jakin ez duguna. Harritzeko modukoa gerta dakizueke Jesus.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.