Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 34. Igandea - Jesukristo unibertsoaren erregea (A)
EBANJELIOA
Bere errege-aulkian eseriko da eta batzuk
besteengandik bereizi egingo ditu.
+
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25, 31-46
Egun haietan, Jesusek bere ikaslei esan zien:
«Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean,
bere errege-aulkian eseriko da.
Herriak oro haren aurrean bilduko dituzte.
Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik
bereizten dituen bezala, eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean
ezarriko ditu. Orduan, erregeak eskuinekoei esango die: “Zatozte, nire Aitaren
bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua.
Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten;
egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen,
eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera
etorri”. Orduan, zintzoek esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun
goseak eta jaten eman genizun, edo egarriak eta edaten eman? Noiz aurkitu
zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi? Noiz
aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?” Eta erregeak
erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini
egin zeniotena, neuri egin zenidaten”.
«Gero, ezkerrekoei esango die: “Alde
niregandik urruti, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatua
dagoen betiko sutara.
Gose bainintzen eta ez zenidaten jaten eman;
egarri, eta edaten eman ez; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta
ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, eta ez zineten ikustera etorri”.
Orduan, haiek ere esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun gose edo
egarri, arrotz edo larrugorri, gaixo edo kartzelan, eta guk lagundu ez?” Hark
erantzungo die: “Benetan diotsuet: Txikien hauetako edozeini egin ez zeniotena,
neuri ez zenidaten egin”. Eta hauek betiko zigorretara joango dira; zintzoak,
berriz, betiko bizitzara».
Jaunak esana.
HOMILIA
2014 Data
ESKERRAK GUZTIEI
Egun
hauetan betetzen dira 34 urte, igande bakoitzeko ebanjelioari neure asteroko iruzkina
idazten hasi nintzela. Lehendabizi, Donostiako prentsaren eta irratiaren bidez.
Ondoren, internetez, Berri Onak Sare Ebanjelizatzailearen bidez. Uste dut
iritsi zaidala aro hau, hain kitzikagarria eta aberatsa niretzat, ixteko ordua.
Ez
dut uzten, ez nire jarduera ebanjelizatzailea, ez nire idazle-lanbidea; baina,
neure adinean, denbora eta sosegu gehiago behar dut, oraindik gauzatu
ditzakedan egitasmo batzuetan beste erritmo batez lan egiteko. Indarrik dudan
bitartean, neure azken urteak eragin bat emanez bizi nahi ditut, Frantzisko
aita santuak dei egiten digun Elizaren berrikuntza horretan. Zehazki,
Jesusenganako, haren Ebanjeliorako eta gizatasuna areagotzeko Jainkoaren
erreinuko egitasmorako konbertsioa sustatu nahi dut, hainbat eratan.
Beraz,
eskuarteko hau izango da nire azken bidalia. Alabaina, gerora ere hartzen
jarraituko duzue, Jesusen Taldeak dela medio, nire iganderoko iruzkina, idatzi
izan ditudan hainbatetatik aukeratua. Orobat aurkitu ahal izango dituzue
buenanoticia.net web orrian. Bestalde, jakizue, nire iruzkinen bilduma, aski
osoa, argitaratua dagoela lau liburu koskorretan: espainolez (Ed. PPC);
katalanez (Ed. Claret); italieraz (Ed. Borla); brasileiroz (Ed. Vozes). Eta
ingelesez eta euskaraz lehen bolumenak argitaratzen ari dira.
Memento
honetan, esker on handi bat sentitzen dut guztientzat. Lehenik eta behin,
Hondarribiko Karmeldarren elkarte maitearentzat, hartarainoko eskaintzaz eta
eskuzabaltasunez arduratu baitzarete asteroko nire iruzkina bidaltzeaz,
batzuetan zailtasun ez txikiak gaindituz. Ondoren, itzultzaileoi, zuen lan isil
eta doakoaz, bideragarri egin baituzue
Ebanjelioa banatzea hizkuntza desberdinetan.
Eskerrak
eman nahi dizkiet orobat, web orriez, zerbitzu eta egunkari digitalez, irratiz,
aldizkariz, multikopiaz… nire iruzkin ebanjelikoa Lurreko txokorik
ustekabekoenetara helarazi baituzue. Esker berezi bat sentitzen dut ehundaka
lagunentzat, zeuen ordenagailu pertsonalaz bidali baitiezue misiolariei, adin
handiko jendeari edo gaixoei, jende urrunduari.
Urte
hauetan guztion artean eratu dugun sare ebanjelizatzaile hau ezin dugu hausten
utzi. Iritsiko zaizkigun iruzkinak edo geure ordenagailuan ditugun testuak
baliatzen jarraituko dugu Jesusen Berri Ona astero hedatuz. Ez dezagun gal
sekula Jesusenganako konfiantza. Jesusek berak berrituko du gure fedea eta
salbatuko Eliza krisialdi honetatik.
José Antonio Pagola
Interneteko loturak, zerbitzu berrientzat:
|
|
Red Buenas noticias.
|
|
Grupos de Jesús
|
|
Grupos de Jesús eta Red Buenas Noticias koordinatzailearen email
kontaktua
|
|
Igandero irakurri ohi den ebangelioari buruz, azken 34 urteetan
Jose Antonio Pagolak astero idatzi dituen iruzkin guztiak aurki ditzakezue
Sopelako Elizako blogean.
|
HOMILIA
2014ko azaroaren 23a
AUZI BITXIA
Iturriek
ez dute dudarako biderik ematen. Laguntza-premian ikusten dituenei emanik bizi
da Jesus. Ezin egin du ezikusiarena. Ez da sufrimenik bere egin ez duenik. Bat
egin du txikienekin eta ezgaituenekin, eta ahal duen guztia egin du haientzat.
Errukia du Jesusek lehenengo gauza. Horixe dugu Jainkoaren antzeko izateko modu
bakarra: «Izan errukitsu, zuen Aita errukitsu den bezala».
Zer
harritzekorik, Azken Auziaz hitz egitean, gure bizitza eta harekin guk bat egin
izana juzgatzeko, Jesusek azken irizpide erabakigarritzat errukia eman izate
horretan? Zer harritzekorik historiako pobre eta zoritxarreko guztiekin Jesus
bat eginik agertu izate horretan?
Mateoren
kontakizunaren arabera, «nazio guztiak» aurkeztuko dira Gizonaren Semearen, hau
da, Jesusen, errukitsuaren, aurrean. Ez da bereizketarik egingo «herri
hautatuaren» eta «herri paganoaren» artean. Ez da ezer esaten erlijio eta kultu
desberdinez. Oso gauza gizatarrez, guztiek ulertzen dituztenez, hitz egiten da
hor. Zer egin dugu sufritzen bizi izan diren guztiekin?
Ebanjelaria
ez da luzatu, berariaz, auziaren xehetasunak deskribatzen. Elkarrizketa
bikoitza nabarmendu du, gure orainaz argi handia dakarrena, eta sufritzen ari
direnekin jokatzeko, azken batean, bi modu daudela ikusi ahal izateko, begiak
irekitzen dizkiguna: errukitu eta lagundu edo ezikusiarena egin eta hor konpon
esan.
Pobre
eta premiadun guztiekin bat egina den Epailea da mintzo dena: «Nire haurride
txiki hauetako bati lagundu zenioten bakoitzean, neuri egin zenidaten». Premian
dagoen bati laguntzeko hurbildu direnak, harengana dira hurbildu. Horregatik,
haren alboan egongo dira erreinuan: «Zatozte nire Aitaren bedeinkatuok».
Ondoren,
errukirik gabe bizi izan direnei mintzo zaie: «Nire haurride txiki hauetako
bati lagundu ez zenioten bakoitzean, neuri ukatu zenidaten». Sufritzen ari
direnengandik apartatu direnak, Jesusengandik dira apartatu. Bidezkoa da orain
esaten diena: «Alde nigandik». Segi zeuen bidean.
Orain
berean hari gara geure bizia jokatzen. Ez da zertan egon auzi baten zain. Orain
ari gara sufritzen ari direnengana hurbiltzen edo haiengandik urruntzen. Orain
ari gara Kristogana hurbiltzen edo harengandik urruntzen. Orain ari gara geure
bizia erabakitzen.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2011ko azaroaren 20a
GAUZA ERABAKITZAILEA
Gaurko
kontakizuna ez da juxtu parabola, baizik eta herri guztien azken auziaren
gogorapena. Elkarrizketa luzea bat da pasadizo guztia; Jesus berpiztua baizik
ez den Epailearen eta bi pertsona-talderen arteko elkarrizketa da; azken hauen
artean, batetik, premia handienekoen sufrimendua arindu dutenak daude eta,
bestetik, beren laguntza ukatuz bizi izan direnak.
Mendeen
joan-etorrian, «Ebanjelioaren laburbiltzerik hoberentzat» eman izan dute
kristauek elkarrizketa txundigarri hau, «maitasun solidarioaren laudorio
absolututzat» edota «erlijioan faltsuki babesturik bizi direnentzako abisurik
larri-larritzat». Seinala ditzagun baieztapenik
oinarrizkoenak.
Gizon-emakume
guztiak, salbuespenik gabe, izango dira juzgatuak irizpide bat beraz. Bizitzari
balio galezina ematen diona ez da izaera soziala, talentu pertsonala edo
urtetan barna lortu izan den arrakasta. Laguntza-beharrean gertatu direnei
eskaini izandako maitasun praktikoa eta solidarioa da gauza erabakitzailea.
Maitasun
hau egintza zehatzetan gauzatzen da. Adibidez, «jaten eman», «edaten eman», «etorkina onartu», «biluzia jantzi»,
«gaixoa edo presoa bisitatu». Gauza erabakitzailea Jainkoaren aurrean ez
dira egintza erlijiosoak, baizik premian direnei eskainitako laguntza-keinu
gizatar hauek. Fededun baten bihotzetik nahiz sufritzen dutenak gogoan dituen
agnostiko baten bihotzetik sor daitezke.
Bidean
aurkitu izan dituzten premiatsuei lagundu dietenen taldeak ez du jokatu izan
arrazoi erlijiosoengatik. Ez dute izan gogoan ez Jainkoa, ez Jesu Kristo.
Soil-soilik, munduan den sufrimendua arindu nahi izan dute pixka bat. Orain,
Jesusek gonbidaturik, Jainkoaren erreinuan sartuko dira «Aitaren bedeinkatu»
bezala.
Zergatik
da, ordea, hain gauza erabakitzailea premiatsuei laguntzea eta hain gauza
gaitzesgarria laguntza ukatzea? Epaileak dioenez, halakoei egiten zaiena edo
ukatzen, Kristogan haragitu den Jainkoari berari egiten zaiolako edo ukatzen.
Halakoei sufrimena arintzean, Jainkoari berari arintzen diogu.
Mezu
txundigarri honek sufritzen ari direnei begira jartzen gaitu guztiok. Ez da
egiazko erlijiorik, ez da politika aurrerakoirik, ez da giza eskubideen
erantzukizunezko aldarrikapenik premiatsuenak defendituz ez bada, halakoen
sufrimena arinduz eta halakoen duintasuna berreginez ez bada.
Sufritzen
ari den pertsona bakoitzarengan Jesus datorkigu bidera, begira jartzen zaigu,
galde eta erregu. Ezerk ez gaitu hurbiltzen Jesusengana sufritzen ari direnei
errukiz eta arretaz begiratzeak baino gehiago. Ezin ikusi ahal izango dugu inon
ere modu egiazkoagoan Jesusen aurpegia.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.