lunes, 13 de marzo de 2017

2017-03-19 - Garizumako 3. Igandea (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 3. Igandea (A)


EBANJELIOA

Ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 4, 5-42

Egun haietan, iritsi zen, bada, Sikar izeneko Samariako hirira, antzina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emaniko lursailetik hurbil.
Han zegoen Jakoben putzua delakoa. Jesus, bideaz nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen.
Ikasleak hirira joanak ziren janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila. Jesusek esan zion:
–Emadazu edaten.
Orduan, emakume samariarrak esan zion:
–Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi? (Jakin behar da juduek eta samariarrek ez dutela elkarrekin harremanik).
Jesusek erantzun zion:
–Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke.
Emakumeak esan zion:
–Jauna, ez daukazu ura zerez atera, eta putzua sakona da. Nondik aterako duzu, beraz, ur bizi hori? Geure aita Jakobek utzi zigun putzu hau eta bertatik edan zuten berak, beraren seme-alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara zu?
Jesusek ihardetsi zion:
–Ur honetatik edaten duena berriro ere egarri izango da; nik emango diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.
Orduan, emakumeak:
–Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez dezadan.
Jesusek esan zion:
–Zoaz etxera, dei egiozu zeure senarrari eta itzuli hona.
Emakumeak erantzun:
–Ez dut senarrik.
Eta Jesusek:
–Ongi diozu ez duzula senarrik; bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu senarra; horretan egia diozu.
Emakumeak esan zion:
–Jauna, profeta zarela ikusten dut.
Gure gurasoek mendi honetan eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola diozue.
Jesusek esan zion:
–Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena. Zuek, samariarrok, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator.
Baina badator ordua –hobeto esan, heldu da–, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak. Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.
Emakumeak esan zion:
–Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dela, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkigula.
Jesusek esan zion:
–Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.
Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen edo zertaz ziharduen emakumearekin.
Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari: «Zatozte egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias izango?»
Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.
Bien bitartean, erreguka ari zitzaizkion ikasleak, esanez:
–Maisu, jan zerbait.
Baina berak esan zien:
–Badut nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.
Ikasleek galdetu zioten elkarri:
–Norbaitek ekarri ote dio jatekoa?
Jesusek esan zien:
–Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte.
Ez al duzue esaten zuek: «Lau hilabete barru uztaroa dugu?» Horra, bada, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, uztarako horituak.
Dagoeneko igitaria bere saria hartzen ari da, eta betiko bizirako fruitua jasotzen, nola ereilea, hala igitaria, biak poz daitezen. Honetan bai betetzen dela esaera: «Batek erein, bestek uzta bildu».
Zeuek landu ez duzuena biltzera bidali zaituztet nik; besteak nekatu dira lanean, eta zuek jasotzen duzue haien nekearen fruitua.
Hiri hartako samariar askok sinetsi zuen Jesusengan emakumeak emandako testigantzagatik: «Egin dudan guztia esan dit».
Beraz, samariarrek, Jesusengana etorri zirenean, beraiekin gelditzeko eskatu zioten Jesusi, eta bi egunez egon zen han. Jesusen mezua entzutean, askoz gehiagok sinetsi zuten, eta emakumeari esaten zioten: «Orain ez dugu zure esanarengatik bakarrik sinesten; geuk entzun dugu, eta badakigu, egiaz hauxe dela munduaren Salbatzailea»

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko martxoaren 19a

JAINKOAREKIN GUSTURA

Hunkigarria da pasadizoa. Bideaz nekaturik, Jakoben putzuaren ondoan eseri da Jesus. Handik laster, emakume bat iritsi da ur bila. Herri erdi paganokoa da, juduek mespretxatzen duten herrikoa. Guztiz espontaneoki, hizketan hasi zaio Jesus. Ez du hartzen inor ere mespretxuz, baizik maitasun handiz. «Emakumea, emadazu edaten».
Harritu egin da emakumea. Nolatan ausartu da samariar batekin hizketan hastera? Nolatan beheratu da emakume ezezagun batekin harremanetan hasiz? Are gehiago harrituko da Jesusen hitz hauekin: «Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke».
Jende asko urrundu da, azken urte hauetan, Jainkoagandik, beraren barruan gertatzen ari denaz egiaz ohartu gabe. Gaur, «izaki arrotz» gertatzen zaio Jainkoa. Harekin erlazioa duen guztia, gauza huts iruditzen zaio, eta zentzurik gabeko: haurren mundu, gero eta urrunagoko.
Ulertzen diet. Badakit zer senti dezaketen. Ni neu ere urrunduz joan naiz pixkanaka «neure haurtzaroko Jainko harengandik», neure baitan halako beldurra eta atsekabea sortzen zidan harengandik. Segur aski, Jesus gabe inoiz ez nuen topo egingo niretzat ontasun Misterio den Jainko batekin: presentzia adiskidetsu eta abegikorra den harekin, zeinengan uste osoa izan baitezaket beti.
Inoiz ez dut gustuko izan, neure fedea froga zientifikoekin egiaztatzen ibiltzea: uste dut, errore bat dela Jainkoaren misterioa tratatzea, laborategiko gauza bat izan balitz bezala. Dogma erlijiosoek ere ez didate lagundu Jainkoarekin topo egiten. Soil-soilik, Jesusengan dudan uste onari utzi diot eraman nazan, urteekin haziz joan den uste onari.
Ez nuke asmatuko zehatz adierazten, nola eusten diodan gaur egun neure fedeari, gainerako jendea bezala ni neu ere nahasten nauen krisi erlijioso honetan. Soil-soilik esango nuke, Jesusek eragin didala Jainkoaz dudan neure fedea bizitzera, era xumean, barru-barrutik. Entzuteko prest banago, Jainkoa ez da isiltzen. Bihotza irekin badiot, Jainkoa ez da ezkutatzen. Uste ona agertzen badiot, onartzen nau. Neure burua eskaintzen badiot, sostengatzen nau. Lur jotzen badut, altxatzen nau.
Uste dut, lehen esperientzia eta garrantzizkoena, Jainkoarekin gustura bizitzea dela, «presentzia salbatzaile» bezala sumatzen dudala-eta. Pertsona bat jabetzen denean zer den Jainkoarekin gustura bizitzea, jakinik, gure eskastasun, errore, egoismoak eta guzti, garen bezalako onartzen gaituela, eta bizitzari aurre egitera eragiten digula, nekez utziko du fedea. Jende askok uzten du gaur egun Jainkoa alde batera, Hura ezagutu aurretik. Jesusek kutsatzen duen Jainkoaren esperientzia ezagutuko balute, haren bila ibiliko lirateke.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko martxoaren 23a

JAINKOAREKIN GUSTURA

(2016-2017ko A zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko martxoaren 27a

JESUSEN ERLIJIOA

Ibiltzeaz nekaturik, Jakoben iturri ondoan eseri zen Jesus, Sikar herrixka inguruan. Laster iritsi zen emakume samariar bat egarria kentzera. Berez bezala, hizketan hasi zitzaion Jesus, bihotzean zeramanaz.
Hizketaldiko une batean, juduen eta samariarren arteko gatazka planteatu dio emakumeak. Juduak Jerusalemera joan ohi dira erromes Jainkoa gurtzera. Non gurtu behar da Jainkoa? Zein da benetako erlijioa? Zer irizten dio Galileako profetak?
Jesus argituz hasi da ezen benetako kultua ez dagoela leku jakin baten baitan, den beneragarriena delarik ere. Zeruko Aita ez datxekio inongo lekuri, ez da inongo erlijioren jabetza. Ez datxekio inongo herri jakin bati.
Ez genuke ahaztu behar hori. Jainkoarekin topo egin ahal izateko, ez da beharrezko Erromara edo Jerusalemera erromes joatea. Ez da beharrezko kapera batean sartzea edo katedral bat bisitatzea. Kartzelarik ezkutukoenetik, ospitale bateko zainketa intentsiboko unitate batetik, edozein sukalde edo lantegitatik jasotzen ahal dugu geure bihotza Jainkoaganantz.
Jesus ez zaio mintzo emakume samariarrari «Jainkoa gurtzez». Berria da haren hizketa. Hirutaraino mintzo zaio «Aita gurtzeaz». Horregatik, ez da zertan igo mendi batera urruneko Jainko batengana apur bat hurbiltzeko, gure arazoez ardurarik ez lukeen, gure sufrimenaz axolagabe litzatekeen Jainko batengana hurbiltzeko.  Egiazko kultua Jainkoa Aita maitetzat hartzean hasten da, geure bizitzan hurbileko bidelagun dugun Aitatzat hartzean.
Jesusek beste zerbait ere esan dio. «Benetako gurtzaile» bila dabil Aita. Ez dago seme-alabek zeremonia ikusgarriak, ospakizun handiak, intsentsua eta prozesioak noiz eskainiko dizkioten zain. Bihotz xumeak nahi ditu, «bihotzez eta egiaz» gurtuko dutenak.
«Aita bihotzez gurtze» hori honetan datza: Jesusen urratsei jarraitzean, Jesus bezala Aitaren Espirituak gida gaitzan uztean, zeinek azkena den jendeagana bidaltzen baitu beti. Aita bezala, errukitsu izaten ikastean datza. Argi esan du Jesusek: «Jainkoa espiritu da, eta gurtzen dutenek espirituz, bihotzez gurtu behar dute». Jainkoa maitasun da, txera, arnasa bizigarri… eta gurtzen dutenek haren antzeko behar dute izan.
«Aita benetan gurtze»  hori egian bizitzea da. Behin eta berriz Ebanjelioaren egiara itzultzea. Jesusen egiari leial izatea da, geure gezurren baitan hesitu gabe. Hogei mendetako kristautasunaren ondoren, ikasi ote dugu Jainkoari benetako kultua ematen? Aitak nahi dituen benetako gurtzaileak ote gara?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.