Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Pazko Igandea (A)
Pazko
Igandea (A-B-C)
EBANJELIOA
Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.
+ Joan 20, 1-9
Asteko lehen egunean
Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria
hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon
Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta
esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea
eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea
Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura
begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez
zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira.
Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia
ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean
aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo
iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek
ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela,
alegia.
Jaunak esana.
HOMILIA
2017ko apirilaren 16a
HOMILIA
2016ko martxoaren 27a
NON IBILI BIZI DENAREN BILA?
Aitak piztu
zuen Jesusekiko fedea ez zen jaio ikasleen bihotzean berez eta bere kasa. Bizi
zen harekin topo egin aurretik, ebanjelariek diotenez, ikasleak noraezean ibili
ziren haren bila, hilobi inguruan, galde eta duda asko zutela.
Magdalako
Maria da prototiporik hobena, guztiei ere zer gertatu zaien jakiteko. Joanen
kontakizunean datorrenez, goizean goiz dabil Maria gurutziltzatuaren bila: «artean ilun zela». Jakina, «hilobira» joan da bila. Artean ez daki
herioa garaitua izan dela. Horregatik, nahasarazi egin du hilobia hutsik
ikusteak. Jesus gabe, galdua ikusi du bere burua.
Beste
ebanjelariak beste tradizio batez mintzo dira: emakume-talde osoa bila dabilela
dioenaz. Ezin ahaztu dira Maisuaz, ikasletzat hartu dituen hartaz, eta harekiko
maitasunak hilobira eraman ditu. Han ez dute aurkitu Jesus; alabaina, haren
bila nora jo adierazi dien mezua entzun dute: «Zertan zabiltzate hildakoen artean bizi denaren bila? Ez da hemen.
Piztu da».
Kristo
berpiztuarekiko fedea ez da pizten gugan gaur ere berez, haurtzarotik
katekistei eta predikariei entzun diegulako soilik. Jesusen piztuerarekiko
federa bihotza irekitzeko, nork bere ibilbidea egin behar du. Ezinbestekoa da
Jesusez ez ahaztea, hura grinatsuki maitatzea, indar guztiz aren bila ibiltzea,
baina ez hildakoen munduan. Bizi den haren bila, bizia den lekuan behar da
ibili.
Bizi den eta
kreatzaile den Kristo berpiztuarekin topo egin nahi badugu, ez dugu bilatu
behar hila den erlijio batean, legeak eta arauak betetze hutsera emana den
erlijio batean, baizik Jesusen Espirituaren arabera bizi ohi den lekuan,
jarraitzaileek Jesus fedez, maitasunez eta erantzukizunez onartzen duten
lekuan.
Ez dugu
ibili behar haren bila borroka agor batek, Jesusekiko maitasunik eta
Ebanjelioarekiko gogorik ezak banaturik eta muturka jarriak dituen kristauen
artean; baizik eta kristau-elkartea eraikitzen ari garen lekuan ibili behar
dugu haren bila, beren erdian Jesus jarria dutenen artean, ezen badakiten «bi edo hiru haren izenean bildu diren
lekuan, han dela hura».
Bizi den
hura ez dugu aurkituko fede zurrun eta ohikeriazko batean, topiko-mota guztiek
eta esperientziarik gabeko formula hutsalek higatua duten hartan; hura
aurkitzeko, beste kalitate bateko harremanak behar ditugu harekin eta haren
egitasmoarekin. Itzalia eta zurruna den Jesus bat, maiteminik eta lilurarik
eragiten ez duen bat, bihotza hunkitzen ez duen eta bere askatasuna kutsatzen
ez duen bat: halako Jesus hura «hila den Jesus» da. Ez da bizi den Kristo, ez
da Aitak piztu duen hura. Ez da bizi den eta biziarazten duen hura.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2015eko apirilaren 5ean
ZOAZTE GALILEARA. HAN IKUSIKO DUZUE
Pazko
Gaubeilan irakurri ohi den ebanjelio-pasarteak garrantzi aparta du.
Gurutziltzatu dutena Jainkoak piztu duelako albiste handia dakarkigu; horrez
gainera, ordea, hura ikusteko eta harekin topo egiteko zein bide egin
adierazten digu.
Jesus
ahantzi ezin duten hiru emakume miresgarriz mintzo zaigu Markos: Maria
Magdalena, Santiagoren Maria eta Salome. Bihotzean asmo zoro hau sortu zaie,
maitasun grinatsutik bakarrik sor daitekeena: «usain gozoko ukenduak erostea,
Jesusen gorpua gantzutzeko».
Eta gauza
harrigarria: hilobira iristean, irekia da. Gehiago hurbiltzean, berriz, «gazte
bat ikusi dute zuriz jantzia», beren harriduratik lasaiarazi eta inoiz
pentsatuko ez zutena agertu diena.
«Nazareteko
Jesusen, gurutziltzatuaren, bila zabiltzate?» Oker zabiltzate hildakoen artean haren bila. «Ez da hemen». Jesus ez da beste hildako bat gehiago. Ez
da zertan negar egin hartaz, hari omenaldia egiteko. «Piztu da». Bizirik da
betiko. Ezin aurkitu izango dute sekula hildakoen artean, izandakoen,
zendutakoen artean.
Baina,
hilobian ez bada, non aurkitu? Non egin genezake topo harekin? Jesusek berak
esana ziena gogorarazi die gazteak emakumeei: «Zuen aurretik doa Galileara. Han
ikusiko duzue». Berpiztua «ikusi» ahal izateko, Galileara itzuli beharra dute.
Zergatik? Zertarako?
Berpiztua
ezin ikusi ahal da, haren ibilbidea bera egin gabe. Hura gure artean
bizi-bizirik sentitu ahal izateko, abiapuntura itzuli behar da, eta Jesus
gurutzera eta piztuerara eraman duen bizitzaren esperientzia egin behar da.
Horrela egin ezean, doktrina txundigarria izanen da guretzat «Piztuera», dogma
sakratua izanen da, baina Jesus ez dugu sumatuko geure artean bizirik.
Galilea izan
da Jesusen jardueraren eszenatoki nagusia. Han ikusi dute ikasleek jendea
sendatzen, barkatzen, askatzen, onartzen, guztiengan esperantza berria
iratzartzen. Gauza bera egin behar dugu orain haren jarraitzaileok. Ez gaude
bakarrik. Aurretik doakigu berpiztua. Ikusiko dugu haren urratsei jarraitzen
badiegu. «Berpiztua» sumatzeko gauzarik erabakitzaileena, ez da teologia
ikastea, ezta liturgi ospakizuna ere, baizik Jesusi fedez jarraitzea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2014ko apirilaren 20a
HOMILIA
2013ko martxoaren 31ea
BERPIZTUAREKIN TOPO EGIN
Joan
ebanjelariaren kontakizunak dioenez, Maria Magdalena da hilobira joan den
lehenengo pertsona. Artean ilun zela. Eta, atsekabez, hutsik dagoela ikusi du.
Jesusen falta sentitu du. Bera ulertu eta sendatu zuen Maisua. Berak
azkeneraino leial jarraitu zion Profeta. Nori jarraitu behar dio orain? Kezka
hori agertu die ikasleei: «Eraman egin
dute Jauna hilobitik eta ez dakigu non ezarri duten».
Mariaren
hitz hauek adieraz lezakete hainbat kristauk gaur egun bizi duen esperientzia:
Zer egin dugu Jesus berpiztuaz? Nork eraman du? Non ezarri dugu? Sinesten dugun
Jaun hori, biziaz betea den Kristo al da ala oroitzapena bihotzean pixkana
itzaliz doakigun Kristo?
Oker bat da,
irmoago sinetsi ahal izateko «frogen» bila ibiltzea. Ez da aski Elizaren
irakaspenetara jotzea. Alferrik da teologoen maisu-lanetan miatzen ibiltzea.
Berpiztuarekin topo egin ahal izateko, ororen aurretik, barne-ibilbide bat egin
beharra dugu. Geure barnean aurkitu ezean, ez dugu aurkituko inon ere.
Joan
ebanjelariak, pixka bat geroxeago, honela deskribatzen du Maria: batetik
bestera korrika informazio bila. Eta, Jesus ikusi duenean, oinazeak eta malkoek
itsuturik, ezin antzeman izan dio. Uste izan du baratzeko arduraduna dela ikusi
duen hura. Jesusek galdera bakarra egin dio: «Andrea, zergatik ari zara negarrez?, noren bila zabiltza?»
Agian, gu
geure ere horren antzeko galdera egin beharrean gara. Zergatik da gure fedea,
batzuetan, hain leloa? Zer da, gure artean, poz-falta horren hondo-hondoko
arrazoia? Zeren bila gabiltza kristauak gaur egun? Zer amesten dugu? Jesusen
bila al gabiltza, geure elkarteetan biziaz betea sentitu nahi genukeena?
Gaurko
kontakizun honen arabera, hizketan ari da Jesus Mariarekin, baina honek ez daki
Jesus dela. Hala, dei egin dio Jesusek bere izenaz, Galilean ibiltzen zirenean
bere ahotsean agertu ohi zuen samurtasun bera azalduz: «Maria!» Honek kolpean erantzun dio: «Rabbuni, Maisu».
Mariak
berpiztuarekin topo, Jesusek berari dei egiten diola sentitu duenean egin du
topo. Horixe da kontua. Orduan agertzen zaigu Jesus biziaz beterik: geure
izenaz dei egiten digula sentitu eta egiten digun gonbitari kasu egiten
diogunean. Orduan da hazten gure fedea.
Kristoganako
geure fedea ez dugu biziberrituko kanpotik bakarrik elikatu nahi badugu. Ez
dugu harekin topo egingo, harekin berarekin harreman biziak izaten saiatu gabe.
Segur aski, ebanjelioen bidez ezagutu eta nork bere bihotz barnean bilatutako
Jesusekiko maitasunak eraman gaitzake, beste ezerk baino hobeto, Berpiztuarekin
topo egitera.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko apirilaren 8an
ESPERANTZAREN
MISTERIOA
Berpiztuagan sinestea, uko egitea
da gure bizitza egundoko bi hutsuneren arteko parentesi labur bat bakarrik dela
onartzeari. Jainkoak berpiztu duen Jesus sostengutzat hartuz, sumatzen dugu,
desiratzen dugu eta sinesten dugu Jainkoa bere betera bideratzen ari dela
Gizadiaren bihotzak eta kreazio osoak duen biziaren, zuzentasunaren eta
bakearen irrika.
Berpiztuagan sinestea, kontra
egitea da geure indar guztiz gizon-, emakume- eta haur-multzo kontaezineko
hori, bizitza honetan soilik miseria, umilazioa eta sufrimendua ezagutu duen
hori, betiko ahaztua gelditzeari.
Berpiztuagan sinestea, konfiantza
jartzea da bizi batean, zeinetan ez baita izango jada, ez pobretasunik ez
oinazerik, zeinetan ez baita izango inor triste, ez baitu inork izango zertan
negar egin. Azkenean ikusi ahal izango ditugu beren egiazko aberrira iristen patera
koxkorretan datozenak.
Berpiztuagan sinestea,
esperantzaz hurbiltzea da hainbat eta hainbat osasunik gabeko, gaixo kroniko,
ezindu fisiko eta psikiko, depresioak jotako, bizitzeaz eta borroka egiteaz
nekatutakoengana. Egun batean ezagutuko dute zer den bakean eta osasun betean
bizitzea. Entzungo dituzte Aitaren hitz hauek: «Sar zaitez betiko zeure
Jaunaren gozamenean».
Berpiztuagan sinestea, ez
etsitzea da Jainkoa betiko «ezkutuko Jainkoa» izango dela, ezin gozatuko
dugularik haren begiratuaz, haren txeraz, haren besarkadaz. Betiko aintzatsu
haragiturik aurkituko dugu Jesusengan.
Berpiztuagan sinestea, konfiantza
izatea da ezen mundua gizatasun handiagoko eta zoriontsuago bihurtzeko gure
ahaleginak ez direla hutsunean galduko. Egun zoriontsu batean, azkenak
lehenengo izango dira eta prostituituek aurrea hartuko digute Erreinuan.
Berpiztuagan sinestea, jakitea da
ezen, hemen erdizka gelditu den guztiak, ezin izan denak, geure trakeskeriaz
edo bekatuaz hondatu izan dugunak, guztiak lortuko duela Jainkoagan bere
betearen betea. Ez da galduko maitasunez bizi izan dugunetik ezer edo
maitasunez uko egin izan diogunetik ezer.
Berpiztuagan sinestea, espero
izatea da ezen, ordu pozgarriak eta esperientzia garratzak, pertsonengan eta
gauzetan utzi izan ditugun «aztarnak», guztiak antzaldatuko direla. Jada ez
dugu izango bukatzen den adiskidetasunik, amaitzen den jairik, tristura
dakarren agur egin beharrik. Jainkoa izango da dena denetan.
Berpiztuagan sinestea, sinestea
da ezen egun batean entzungo ditugula Apokalipsi liburuak Jainkoaren ahoan
jarri dituen ezin sinetsizko hitz hauek: «Neu naiz gauza guztien hasiera eta
azkena. Egarri denari, neuk emango diot doan biziaren uraren iturritik». Jada
ez da izango, ez heriotzarik ez lanturik, ez garrasirik ez nekerik; iraganeko
gauza izango da hori guztia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2011ko apirilaren 24a
ARRAZOIA
ZUEN JESUSEK
Zer sentitzen dugu Jesusen
jarraitzaileok egiaz sinestera ausartzen garenean Jainkoak Jesus piztu duela?
Zer bizi ohi dugu haren ondoren ibiltzen jarraitzean? Nola komunikatzen gara
harekin, hura biziaz blai esperimentatzen dugunean?
Jesus berpiztu hori, arrazoia
zenuen. Egia da, bai, Jainkoaz esan diguzun guztia. Orain badakigu leiala dela
Aita, konfiantza osoa zor diogula. Heriotza baino harago maite gaituen Aita da.
Hari «Aita» deitzen jarraituko dugu, inoiz baino fede handiagoz, zuk irakatsi
zenigunez. Seguru gara ez digula huts egingo.
Jesus berpiztu hori, arrazoia
zenuen. Seguru gara orain biziaren adiskide dela Jainkoa. Hasiak gara hobeto
ulertzen guztiek bizitza sanoagoa, zuzenagoa eta zoriontsuagoa izan dezaten zuk
jasandako nekaldia. Orain ulertzen dugu zergatik jartzen zenuen edozein arau
edo tradizioren aurretik gaixoen osasuna. Zure urratsei jarraiki, bizitza
sendatuz eta sufrimena arinduz biziko gara. Erlijioa beti jendearen zerbitzura
jarriko dugu.
Jesus berpiztu hori, arrazoia
zenuen. Orain badakigu Jainkoak justizia egiten diela biktima errugabeei:
garaipena ematen diola biziari heriotzaren gain, ongiari gaizkiaren gain,
egiari gezurraren gain, maitasunari gorrotoaren gain. Borrokan jarraituko dugu
gaizkiaren, gezurraren eta gorrotoaren aurka. Jainko horren eta berorren
justiziaren bila ibiliko gara beti. Badakigu ezen horixe dela Jainkoak gugandik
nahi duen lehenengo gauza.
Jesus berpiztu hori, arrazoia
zenuen. Orain badakigu Jainkoak bat egiten duela gurutzean jositakoekin, inoiz
ez borreroekin. Ulertzen hasiak gara zergatik zaren zu beti sufritzen ari
direnekin eta zergatik defenditzen dituzun horrenbeste pobreak, goseak eta
mespretxatuak. Makalenak eta zaurigarrienak defendituko ditugu, gizarteak
gaizki erabiltzen eta erlijioak ahazten dituenak. Aurrerantzean, hobeto
entzungo dugu zure deia errukitsu izatera, zeruko Aitak bezala.
Jesus berpiztu hori, arrazoia
zenuen. Orain ulertzen hasiak gara apur bat zure hitzik gogorrenak eta
arraroenak. Sumatzen hasiak gara ezen zugatik eta zure Ebanjelioagatik bere
bizia galtzen duenak gorde egingo duela. Orain ulertzen dugu zergatik gonbidatu
gaituzun zuri jarraitzera azkeneraino, egunero gurutzea lepoan hartuz. Zugatik
eta zure Ebanjelioagatik apur bat sufritzen jarraituko dugu, baina laster
partekatuko dugu zurekin Aitaren altzoa.
Jesus berpiztu hori, arrazoia
zenuen. Orain bizirik zara betiko eta gure arten zaitugu zure izenean bizpahiru
lagun elkartzean. Orain badakigu ez gaudela bakarrik, lagun zaitugula
Aitaganako bidean. Zure ahotsa entzungo dugu zure Ebanjelioa irakurtzean. Zutaz
elikatuko gara zure Afaria ospatzean. Gurekin izango zaitugu aldien
azkeneraino.
Jose Antonio Pagola
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.