Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Pazko Igandea (B)
EBANJELIOA
Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.
+ Joan 20, 1-9
Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz,
artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana
itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez
dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten.
Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan,
eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik,
oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen
haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi
zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen
oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik.
Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta
sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak
dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.
Jaunak esana.
HOMILIA
2018ko apirilaren 1a
ESPERANTZAREN MISTERIOA
(2012ko
apirilaren 8a homilía ikusi)
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
HOMILIA
2017ko apirilaren 16a.
GALILEARA ITZULI
(2014ko
apirilaren 20a homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2016ko martxoaren 27a
NON IBILI BIZI DENAREN BILA?
Aitak
piztu zuen Jesusekiko fedea ez zen jaio ikasleen bihotzean berez eta bere kasa.
Bizi zen harekin topo egin aurretik, ebanjelariek diotenez, ikasleak noraezean
ibili ziren haren bila, hilobi inguruan, galde eta duda asko zutela.
Magdalako
Maria da prototiporik hobena, guztiei ere zer gertatu zaien jakiteko. Joanen
kontakizunean datorrenez, goizean goiz dabil Maria gurutziltzatuaren bila: «artean ilun zela». Jakina, «hilobira» joan da bila. Artean ez daki
herioa garaitua izan dela. Horregatik, nahasarazi egin du hilobia hutsik
ikusteak. Jesus gabe, galdua ikusi du bere burua.
Beste
ebanjelariak beste tradizio batez mintzo dira: emakume-talde osoa bila dabilela
dioenaz. Ezin ahaztu dira Maisuaz, ikasletzat hartu dituen hartaz, eta harekiko
maitasunak hilobira eraman ditu. Han ez dute aurkitu Jesus; alabaina, haren
bila nora jo adierazi dien mezua entzun dute: «Zertan zabiltzate hildakoen artean bizi denaren bila? Ez da hemen.
Piztu da».
Kristo
berpiztuarekiko fedea ez da pizten gugan gaur ere berez, haurtzarotik
katekistei eta predikariei entzun diegulako soilik. Jesusen piztuerarekiko
federa bihotza irekitzeko, nork bere ibilbidea egin behar du. Ezinbestekoa da
Jesusez ez ahaztea, hura grinatsuki maitatzea, indar guztiz aren bila ibiltzea,
baina ez hildakoen munduan. Bizi den haren bila, bizia den lekuan behar da
ibili.
Bizi
den eta kreatzaile den Kristo berpiztuarekin topo egin nahi badugu, ez dugu
bilatu behar hila den erlijio batean, legeak eta arauak betetze hutsera emana
den erlijio batean, baizik Jesusen Espirituaren arabera bizi ohi den lekuan,
jarraitzaileek Jesus fedez, maitasunez eta erantzukizunez onartzen duten
lekuan.
Ez
dugu ibili behar haren bila borroka agor batek, Jesusekiko maitasunik eta
Ebanjelioarekiko gogorik ezak banaturik eta muturka jarriak dituen kristauen
artean; baizik eta kristau-elkartea eraikitzen ari garen lekuan ibili behar
dugu haren bila, beren erdian Jesus jarria dutenen artean, ezen badakiten «bi edo hiru haren izenean bildu diren
lekuan, han dela hura».
Bizi
den hura ez dugu aurkituko fede zurrun eta ohikeriazko batean, topiko-mota
guztiek eta esperientziarik gabeko formula hutsalek higatua duten hartan; hura
aurkitzeko, beste kalitate bateko harremanak behar ditugu harekin eta haren
egitasmoarekin. Itzalia eta zurruna den Jesus bat, maiteminik eta lilurarik
eragiten ez duen bat, bihotza hunkitzen ez duen eta bere askatasuna kutsatzen
ez duen bat: halako Jesus hura «hila den Jesus» da. Ez da bizi den Kristo, ez
da Aitak piztu duen hura. Ez da bizi den eta biziarazten duen hura.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2015eko apirilaren 5ean
ZOAZTE GALILEARA. HAN IKUSIKO DUZUE
Pazko
Gaubeilan irakurri ohi den ebanjelio-pasarteak garrantzi aparta du.
Gurutziltzatu dutena Jainkoak piztu duelako albiste handia dakarkigu; horrez
gainera, ordea, hura ikusteko eta harekin topo egiteko zein bide egin
adierazten digu.
Jesus
ahantzi ezin duten hiru emakume miresgarriz mintzo zaigu Markos: Maria
Magdalena, Santiagoren Maria eta Salome. Bihotzean asmo zoro hau sortu zaie,
maitasun grinatsutik bakarrik sor daitekeena: «usain gozoko ukenduak erostea,
Jesusen gorpua gantzutzeko».
Eta
gauza harrigarria: hilobira iristean, irekia da. Gehiago hurbiltzean, berriz,
«gazte bat ikusi dute zuriz jantzia», beren harriduratik lasaiarazi eta inoiz
pentsatuko ez zutena agertu diena.
«Nazareteko
Jesusen, gurutziltzatuaren, bila zabiltzate?» Oker zabiltzate hildakoen artean haren bila. «Ez da hemen». Jesus ez da beste hildako bat gehiago. Ez
da zertan negar egin hartaz, hari omenaldia egiteko. «Piztu da». Bizirik da
betiko. Ezin aurkitu izango dute sekula hildakoen artean, izandakoen,
zendutakoen artean.
Baina,
hilobian ez bada, non aurkitu? Non egin genezake topo harekin? Jesusek berak
esana ziena gogorarazi die gazteak emakumeei: «Zuen aurretik doa Galileara. Han
ikusiko duzue». Berpiztua «ikusi» ahal izateko, Galileara itzuli beharra dute.
Zergatik? Zertarako?
Berpiztua
ezin ikusi ahal da, haren ibilbidea bera egin gabe. Hura gure artean bizi-bizirik
sentitu ahal izateko, abiapuntura itzuli behar da, eta Jesus gurutzera eta
piztuerara eraman duen bizitzaren esperientzia egin behar da. Horrela egin
ezean, doktrina txundigarria izanen da guretzat «Piztuera», dogma sakratua
izanen da, baina Jesus ez dugu sumatuko geure artean bizirik.
Galilea
izan da Jesusen jardueraren eszenatoki nagusia. Han ikusi dute ikasleek jendea
sendatzen, barkatzen, askatzen, onartzen, guztiengan esperantza berria
iratzartzen. Gauza bera egin behar dugu orain haren jarraitzaileok. Ez gaude
bakarrik. Aurretik doakigu berpiztua. Ikusiko dugu haren urratsei jarraitzen
badiegu. «Berpiztua» sumatzeko gauzarik erabakitzaileena, ez da teologia
ikastea, ezta liturgi ospakizuna ere, baizik Jesusi fedez jarraitzea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2014ko apirilaren 20a.
GALILEARA ITZULI
Ebanjelioek
hiru emakume miresgarriren oroitzapena gorde digute: Jesus hobiratua izan den
hilobira hurbildu dira hirurak larunbat egunsentian. Ezin ahaztu dira Jesusez.
Beste inor baino gehiago maite dute. Gizonezkoek, aldiz, ihes egin dute, eta
ezkutatu egin dira, agian.
Hilobira
iristean emakumeek entzun duten mezuak aparteko garrantzia du. Ebanjeliorik
zaharrenak dio: «Nazareteko Jesusen bila
zabiltzate, gurutziltzatua izan denaren bila? Ez da hemen. Piztu da». Oker
handia izango litzateke Jesusen bila herioaren munduan ibiltzea. Bizi da
betiko. Ezin aurkituko dugu Jesus, bizia hila den leku batean.
Ez
dugu ahaztu behar. Kristo berpiztua aurkitu nahi badugu, biziaz eta indar
kreatzaileaz betea den hura alegia, ez dugu bilatu behar hila den erlijio
batean, ezta aginduak eta ohikeriazko errituak agerian betetzeari emandako
erlijio batean, ezta itzalia den fede batean, sostengutzat topikoak eta formula
xahutuak dituen eta Jesusekiko maitasun bizirik ez duen fede batean ere.
Beraz,
nor aurki genezake? Mandatu hau jaso dute emakumeek: «Orain, zoazte esatera ikasleei eta Pedrori: Zuen aurretik doa Hura
Galileara. Han ikusiko duzue». Zergatik itzuli behar dugu Galileara
Berpiztua ikusteko? Zer esanahi sakon du bere baitan gonbit honek? Zer esan
nahi digu gaur eguneko kristauei?
Galilean
entzun zituzten, lehen aldiz eta beren garbitasun osoan, Jainkoaren Berri Ona
eta Jainkoaren gizatasun-egitasmoa. Gaur egun bihotz xumez eta irekiz entzuten
ez baditugu, irakaspen beneragarriz janarituko gara, baina ez dugu ezagutuko
Jesusen Ebanjelioaren poza, gure fedea «berpizteko» gai den hura.
Galileako
lakuaren ertzean hasi zen Jesus bere lehen jarraitzaileei dei egiten, bere biziera
bera nola bizi haiei erakusteko, eta bere lankide nola izan, bizitza gizatasun
handiagoko egiteko berak hartua zuen zereginean. Dei egiten jarraitzen digu
Jesusek gaur egun ere. Haren deia entzuten ez badugu eta hura «gure aurretik ez
badoa», noranzko bidea hartuko du kristautasunak?
Galileako
bideetan hasi zen sortzen Jesusen lehen elkartea. Haren ondoan esperientzia
berezi-berezia biziko dute haren jarraitzaileek. Haren presentziak betetzen du
dena. Jesus dute erdigunea. Haren ondoan ikasi dute harrera egiten, barkatzen,
bizitza sendatzen eta Jainkoaren maitasun hondorik gabean konfiantza
ernetzen.Gure elkarteen erdi-erdian, ahalik lasterren, Jesus jartzen ez badugu,
ez dugu esperimentatuko sekula haren presentzia geure artean.
Galileara
itzultzen bagara, Jesus berpiztuaren «presentzia ikusezina» giza ezaugarriz
janzten hasiko da ebanjelioko kontakizunak irakurtzean, eta haren «presentzia
isilak» ahots zehatza berreskuratuko du haren arnasa-hitzak entzutean.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2013ko martxoaren 31ea
BERPIZTUAREKIN TOPO EGIN
Joan
ebanjelariaren kontakizunak dioenez, Maria Magdalena da hilobira joan den
lehenengo pertsona. Artean ilun zela. Eta, atsekabez, hutsik dagoela ikusi du.
Jesusen falta sentitu du. Bera ulertu eta sendatu zuen Maisua. Berak
azkeneraino leial jarraitu zion Profeta. Nori jarraitu behar dio orain? Kezka
hori agertu die ikasleei: «Eraman egin
dute Jauna hilobitik eta ez dakigu non ezarri duten».
Mariaren
hitz hauek adieraz lezakete hainbat kristauk gaur egun bizi duen esperientzia:
Zer egin dugu Jesus berpiztuaz? Nork eraman du? Non ezarri dugu? Sinesten dugun
Jaun hori, biziaz betea den Kristo al da ala oroitzapena bihotzean pixkana
itzaliz doakigun Kristo?
Oker
bat da, irmoago sinetsi ahal izateko «frogen» bila ibiltzea. Ez da aski
Elizaren irakaspenetara jotzea. Alferrik da teologoen maisu-lanetan miatzen
ibiltzea. Berpiztuarekin topo egin ahal izateko, ororen aurretik,
barne-ibilbide bat egin beharra dugu. Geure barnean aurkitu ezean, ez dugu
aurkituko inon ere.
Joan
ebanjelariak, pixka bat geroxeago, honela deskribatzen du Maria: batetik
bestera korrika informazio bila. Eta, Jesus ikusi duenean, oinazeak eta malkoek
itsuturik, ezin antzeman izan dio. Uste izan du baratzeko arduraduna dela ikusi
duen hura. Jesusek galdera bakarra egin dio: «Andrea, zergatik ari zara negarrez?, noren bila zabiltza?»
Agian,
gu geure ere horren antzeko galdera egin beharrean gara. Zergatik da gure
fedea, batzuetan, hain leloa? Zer da, gure artean, poz-falta horren
hondo-hondoko arrazoia? Zeren bila gabiltza kristauak gaur egun? Zer amesten
dugu? Jesusen bila al gabiltza, geure elkarteetan biziaz betea sentitu nahi
genukeena?
Gaurko
kontakizun honen arabera, hizketan ari da Jesus Mariarekin, baina honek ez daki
Jesus dela. Hala, dei egin dio Jesusek bere izenaz, Galilean ibiltzen zirenean
bere ahotsean agertu ohi zuen samurtasun bera azalduz: «Maria!» Honek kolpean erantzun dio: «Rabbuni, Maisu».
Mariak
berpiztuarekin topo, Jesusek berari dei egiten diola sentitu duenean egin du
topo. Horixe da kontua. Orduan agertzen zaigu Jesus biziaz beterik: geure
izenaz dei egiten digula sentitu eta egiten digun gonbitari kasu egiten
diogunean. Orduan da hazten gure fedea.
Kristoganako
geure fedea ez dugu biziberrituko kanpotik bakarrik elikatu nahi badugu. Ez
dugu harekin topo egingo, harekin berarekin harreman biziak izaten saiatu gabe.
Segur aski, ebanjelioen bidez ezagutu eta nork bere bihotz barnean bilatutako
Jesusekiko maitasunak eraman gaitzake, beste ezerk baino hobeto, Berpiztuarekin
topo egitera.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko apirilaren 8an
ESPERANTZAREN MISTERIOA
Berpiztuagan
sinestea, uko egitea da gure bizitza egundoko bi hutsuneren arteko parentesi
labur bat bakarrik dela onartzeari. Jainkoak berpiztu duen Jesus sostengutzat
hartuz, sumatzen dugu, desiratzen dugu eta sinesten dugu Jainkoa bere betera
bideratzen ari dela Gizadiaren bihotzak eta kreazio osoak duen biziaren,
zuzentasunaren eta bakearen irrika.
Berpiztuagan
sinestea, kontra egitea da geure indar guztiz gizon-, emakume- eta haur-multzo
kontaezineko hori, bizitza honetan soilik miseria, umilazioa eta sufrimendua
ezagutu duen hori, betiko ahaztua gelditzeari.
Berpiztuagan
sinestea, konfiantza jartzea da bizi batean, zeinetan ez baita izango jada, ez
pobretasunik ez oinazerik, zeinetan ez baita izango inor triste, ez baitu inork
izango zertan negar egin. Azkenean ikusi ahal izango ditugu beren egiazko
aberrira iristen patera koxkorretan datozenak.
Berpiztuagan
sinestea, esperantzaz hurbiltzea da hainbat eta hainbat osasunik gabeko, gaixo
kroniko, ezindu fisiko eta psikiko, depresioak jotako, bizitzeaz eta borroka
egiteaz nekatutakoengana. Egun batean ezagutuko dute zer den bakean eta osasun
betean bizitzea. Entzungo dituzte Aitaren hitz hauek: «Sar zaitez betiko zeure
Jaunaren gozamenean».
Berpiztuagan
sinestea, ez etsitzea da Jainkoa betiko «ezkutuko Jainkoa» izango dela, ezin
gozatuko dugularik haren begiratuaz, haren txeraz, haren besarkadaz. Betiko
aintzatsu haragiturik aurkituko dugu Jesusengan.
Berpiztuagan
sinestea, konfiantza izatea da ezen mundua gizatasun handiagoko eta
zoriontsuago bihurtzeko gure ahaleginak ez direla hutsunean galduko. Egun
zoriontsu batean, azkenak lehenengo izango dira eta prostituituek aurrea
hartuko digute Erreinuan.
Berpiztuagan
sinestea, jakitea da ezen, hemen erdizka gelditu den guztiak, ezin izan denak,
geure trakeskeriaz edo bekatuaz hondatu izan dugunak, guztiak lortuko duela
Jainkoagan bere betearen betea. Ez da galduko maitasunez bizi izan dugunetik
ezer edo maitasunez uko egin izan diogunetik ezer.
Berpiztuagan
sinestea, espero izatea da ezen, ordu pozgarriak eta esperientzia garratzak,
pertsonengan eta gauzetan utzi izan ditugun «aztarnak», guztiak antzaldatuko
direla. Jada ez dugu izango bukatzen den adiskidetasunik, amaitzen den jairik,
tristura dakarren agur egin beharrik. Jainkoa izango da dena denetan.
Berpiztuagan
sinestea, sinestea da ezen egun batean entzungo ditugula Apokalipsi liburuak
Jainkoaren ahoan jarri dituen ezin sinetsizko hitz hauek: «Neu naiz gauza
guztien hasiera eta azkena. Egarri denari, neuk emango diot doan biziaren
uraren iturritik». Jada ez da izango, ez heriotzarik ez lanturik, ez garrasirik
ez nekerik; iraganeko gauza izango da hori guztia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2011ko apirilaren 24a
ARRAZOIA ZUEN JESUSEK
Zer
sentitzen dugu Jesusen jarraitzaileok egiaz sinestera ausartzen garenean
Jainkoak Jesus piztu duela? Zer bizi ohi dugu haren ondoren ibiltzen
jarraitzean? Nola komunikatzen gara harekin, hura biziaz blai esperimentatzen
dugunean?
J
esus
berpiztu hori, arrazoia zenuen. Egia da, bai, Jainkoaz esan diguzun guztia.
Orain badakigu leiala dela Aita, konfiantza osoa zor diogula. Heriotza baino
harago maite gaituen Aita da. Hari «Aita» deitzen jarraituko dugu, inoiz baino
fede handiagoz, zuk irakatsi zenigunez. Seguru gara ez digula huts egingo.
Jesus
berpiztu hori, arrazoia zenuen. Seguru gara orain biziaren adiskide dela
Jainkoa. Hasiak gara hobeto ulertzen guztiek bizitza sanoagoa, zuzenagoa eta
zoriontsuagoa izan dezaten zuk jasandako nekaldia. Orain ulertzen dugu zergatik
jartzen zenuen edozein arau edo tradizioren aurretik gaixoen osasuna. Zure
urratsei jarraiki, bizitza sendatuz eta sufrimena arinduz biziko gara. Erlijioa
beti jendearen zerbitzura jarriko dugu.
Jesus
berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain badakigu Jainkoak justizia egiten diela
biktima errugabeei: garaipena ematen diola biziari heriotzaren gain, ongiari
gaizkiaren gain, egiari gezurraren gain, maitasunari gorrotoaren gain. Borrokan
jarraituko dugu gaizkiaren, gezurraren eta gorrotoaren aurka. Jainko horren eta
berorren justiziaren bila ibiliko gara beti. Badakigu ezen horixe dela Jainkoak
gugandik nahi duen lehenengo gauza.
Jesus
berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain badakigu Jainkoak bat egiten duela
gurutzean jositakoekin, inoiz ez borreroekin. Ulertzen hasiak gara zergatik
zaren zu beti sufritzen ari direnekin eta zergatik defenditzen dituzun
horrenbeste pobreak, goseak eta mespretxatuak. Makalenak eta zaurigarrienak
defendituko ditugu, gizarteak gaizki erabiltzen eta erlijioak ahazten dituenak.
Aurrerantzean, hobeto entzungo dugu zure deia errukitsu izatera, zeruko Aitak
bezala.
Jesus
berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain ulertzen hasiak gara apur bat zure hitzik
gogorrenak eta arraroenak. Sumatzen hasiak gara ezen zugatik eta zure
Ebanjelioagatik bere bizia galtzen duenak gorde egingo duela. Orain ulertzen
dugu zergatik gonbidatu gaituzun zuri jarraitzera azkeneraino, egunero gurutzea
lepoan hartuz. Zugatik eta zure Ebanjelioagatik apur bat sufritzen jarraituko
dugu, baina laster partekatuko dugu zurekin Aitaren altzoa.
Jesus
berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain bizirik zara betiko eta gure arten
zaitugu zure izenean bizpahiru lagun elkartzean. Orain badakigu ez gaudela
bakarrik, lagun zaitugula Aitaganako bidean. Zure ahotsa entzungo dugu zure
Ebanjelioa irakurtzean. Zutaz elikatuko gara zure Afaria ospatzean. Gurekin
izango zaitugu aldien azkeneraino.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.