lunes, 12 de noviembre de 2018

2018-11-18 - Urteko 33. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 33. Igandea (B)




EBANJELIOA

Bere aukeratuak bilduko ditu lau haizeetatik.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 13, 24-32

Denbora haietan, Jesusek bere irakasleei esan zien “Egun haietan, larrialdi horren ondoren, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik egingo, izarrak zeru goitik amiltzen hasiko dira eta ortzia dardarka ariko. Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute. Orduan, aingeruak bidali eta bere aukeratuak bilduko ditu lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.

Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela. Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela, Gizonaren Semea ate ondoan duzuela. Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko. Baina zein egunetan edo ordutan gertatuko den, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baizik.”

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko azaroaren 18a

INORK EZ DU EGUN HAREN BERRI

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko azaroaren 15a

KRISTAU KONBENTZIMENDUAK

(2009eko azaroaren 15a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko azaroaren 18a

INORK EZ DU EGUN HAREN BERRI

Hizkuntza apokaliptikoa, munduaren azkenaz irudi eta baliabide sinbolikoez eraikia den hori, aspaldi urteetan baino hobeto ezagutzera iritsi izanak, Jesusen esperantzazko mezua entzuteko modua ematen digu gaur egun, jendearen bihotzean estutasuna eta izua ereiteko tentazioan erori gabe.

Gizakiak lurrean bizi duen historia zirraragarriak bere azkena joko du egun batean. Horixe da Jesusen konbentzimendu irmoa. Horixe da gaur egungo zientziaren aurreikuspena ere. Mundua ez da betiko. Bizitza hau bukatuko da. Zertan geldituko dira gure borrokak eta lanak, gure ahaleginak eta ametsak?

Neurritsu mintzatu da Jesus. Ez du elikatu nahi inolako jakin-min gaixotirik. Errotik moztu du kalkuluekin, datekin edo epeekin espekulatzeko edozein ahalegin. «Inor ez daki ez eguna ez ordua…, Aitak soilik». Inolako psikosirik ez azkenaren inguruan. Esku onetan dago mundua. Ez goaz kaosera. Fida gaitezke Jainkoaz, geure Kreatzaile eta Aitaz.

Erabateko konfiantza honetatik agertu du Jesusek bere esperantza: oraingo kreazio hau bukatuko da, baina kreazio berri bati lekua uzteko izango da, erdigunetzat Kristo berpiztua izango duen kreazio berri bati. Sinestekoa al da horrelako gauza handios bat? Hitz egin al genezake horrela ezer gertatu aurretik?

Guztiek uler ditzaketen irudietara jo du Jesusek. Gaur lurra argitzen eta bizitza posible egiten duten eguzkia eta ilargia itzaliko dira egun batean. Mundua ilun geldituko da. Gizadiaren historia ere itzaliko ote da? Horrela bukatuko ote dira gure esperantzak ere?

Markosen bertsioaren arabera, gau horren baitan ikusi ahal izango da «Gizonaren Semea», hau da, Kristo berpiztua, «aginte eta aintza handiz» etorriko baita. Dena argituko du haren argi salbatzaileak. Hura izango da mundu berriaren erdigune, betiko eraberritua izango den gizadiaren hasiera.

Badaki Jesusek ez dela gauza erraza bere hitzetan sinestea. Nola proba dezake gauzak horrela gertatuko direla? Xumetasun harrigarri batez, bizitza udaberri bailitzan bizitzera gonbidatu gaitu. Guztiek ezagutzen dute esperientzia: neguan hila zirudien bizitza esnatzen hasten da; pikondoaren adarretan hosto txiki berriak jaio dira. Guztiek dakite uda hurbil dela.

Orain ezagutzen dugun bizitza hau udaberria bezalako da. Artean ezin uztarik bildu. Ezin eskuratu dugu behin betiko lorpenik. Baina badira bizitza ernetzen ari delako seinale txiki batzuk. Mundu hobeago baten aldeko gure ahaleginak ez dira alferrik galduko. Inork ez du egun haren berri, baina etorriko da Jesus. Hura etortzearekin argituko da fededunek Jainkoa deitzen dugun errealitatearen azken misterioa.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko azaroaren 15a

KRISTAU KONBENTZIMENDUAK

Banaka banaka hiltzen ari ziren Jesus ezagutu zuten ikasleak. Gelditzen zirenek hura ikusi gabe sinesten zuten haren baitan. Eukaristian ezin ikusizko moduan presente zegoela aitortzen zuten, baina noiz ikusiko zuten haren aurpegi bizi-bizi hura?, noiz beteko zen harekin betiko topo egiteko zuten gogo hura?

Jesusen hitza maitasunez eta fedez gogoratuz jarraitzen zuten. Horixe zuten beren janaria pertsekuzio-aldi latz haietan. Baina noiz egiaztatu behar zuten hitz haiek egiazkoak zirela? Ez ote ziren joango hitz haiek apurka-apurka ahantziz? Urteak joan urteak etorri, baina sekula ez zen iristen hain hertsiki irrikatzen zuten Azken Eguna; zer pentsatu handia ematen zien horrek.

Haien esperantza elikatu nahiz, hainbat konbentzimendu eskaini nahi ditu Markosek bere hitzaldi apokaliptikoan. Ez da hartu behar, ordea, hitzaldi hori letraren harira, baizik gaur hain arrotz gertatzen zaizkigun irudi eta sinbolo horietan datorren fedea aurkitzen ahalegindu behar dugu.

Lehenengo konbentzimendua. Gizadiaren historia zoragarri hau bere betera iritsiko da egun batean.

Urteen segida adierazten duen «eguzkia» itzaliko da. Hilabeteen erritmoa markatzen duen «ilargiak» ez du gehiago distiratuko. Ez da izango gau-egun bikoterik, ez denborarik. Gainera, «zeruko izarrak eroriko dira», zeruaren eta lurraren arteko distantzia desegingo da, ez da orduz gero espaziorik izango. Oraingo bizitza hau ez da betirako. Egun batean behin betiko Bizia iritsiko da, espaziorik eta denborarik gabea. Jainkoaren Misterioan biziko gara.

Bigarren konbentzimendua. Jesus itzuliko da eta ikasleek ikusi ahal izango dute desiratzen duten haren aurpegia: «Gizonaren Semea etorri datorrela ikusiko dute».

Eguzkia, ilargia eta astroak amatatuko dira, baina mundua ez da argirik gabe geldituko. Jesus izango du betiko argi, gaur abusuaren, injustiziaren eta gezurraren hain esklabo den giza historian egia, zuzentasuna eta bakea ezartzen dituela.

Hirugarren konbentzimendua. Berekin ekarriko du Jesusek Jainkoaren salbamendua.

Aitaren ahalmen handia eta salbatzailea berekin duela etorriko da. Ez da etorriko mehatxuzko itxuraz. Ebanjelariak ez du aipatzen hemen auzi- eta gaitzespen-konturik. «Bere hautatuak elkartzera» dator, haren salbazio fedez espero dutenak biltzera.

Laugarren konbentzimendua. Jesusen hitzak «ez dira igaroko».

Ez dute galduko beren indar salbatzailea. Jesusen jarraitzaileen esperantza eta pobreen arnasa elikatzen jarraituko dute. Ez goaz ezerezera eta hutsera. Jainkoa dugu zain gu besarkatzeko.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 5 de noviembre de 2018

2018-11-11 - Urteko 32. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 32. Igandea (B)



EBANJELIOA

Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 12, 38-44

Denbora haietan, bere irakastaldian, beste hau ere esan zien: «Zabiltzate kontuz lege-maisuekin! Gogoko baitute harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jendeak agur egitea; gogoko dituzte sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak. Eta, azkengabeko otoitzen aitzakiaz, alargunen ondasunak irensten dituzte. Epairik zorrotzena izango dute horrelako horiek».

Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean eseria zegoen, jendeak kutxetara dirua nola botatzen zuen begira. Aberats askok ugari ematen zuen. Etorri zen emakume alargun behartsu bat, eta bi sos bota zituen, huskeria bat. Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien: «Benetan diotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du kutxara. Izan ere, beste guztiek sobera dutenetik eman dute; honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du».

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko azaroaren 11a

ELIZAKO GAUZARIK HOBENA

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko azaroaren 8a

KONTRASTEA

(2009eko azaroaren 8a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko azaroaren 11a

ELIZAKO GAUZARIK HOBENA

Gaurko ebanjelioko pasadizo bien arteko kontrastea ezin gogorragoa da. Lehenengoan, Jesusek jendeari gidari erlijiosoen aurrean azti bizitzeko esan dio: «Kontuz lege-maisuekin!», horien portaera kaltegarri gerta dakizueke. Bigarrenean, ikasleei dei egin die emakume alargun pobrearen keinuari erreparatzeko: jende xumeak Ebanjelioa nola bizi erakusten ahal die.

Harrigarria da Jesusek darabilen hizkuntza gogorra eta segura, lege-maisuen erlijiotasun faltsua agirian jartzeko. Ezin jasan du haien harrokeria eta nabarmenkeria-irrika. Modu nabarmenean nahi dute jantzi eta jendeak begirunez agurtu ditzan, gainerakoak baino handiago direla agertzeko, beren agintea ezarri eta jendea dominatzeko.

Beren harrotasun apartsua elikatzeko baliatzen dira erlijioaz. «Errezo luzeak» egiten dituzte jendeari zirrara eragiteko. Ez dute elkarterik sortzen, guztien gain ematen baitute beren burua. Azken batean, beren burua dute soilik gogoan. Jende ahulaz probetxu ateraz bizi dira, halakoaren zerbitzari izan ordez.

Markosek ez ditu jaso Jesusen hitzak, suntsitu izan aurretik Tenpluan ziren lege-maisuak kondenatzeko, baizik eta idazten dien kristau-elkarteak jakinaren gainean ipintzeko. Gidari erlijiosoek elkartearen zerbitzari izan behar dute. Eta ez beste ezer. Horretaz ahazten badira, arrisku gerta daitezke guztientzat. Erreakzionatu egin behar da, kalterik egin ez dezaten.

Bigarren pasadizoan, Jesus eseria dago Tenplu aurrean dagoen eskaintzen kutxaren aitzinean. Aberats asko ari da garrantzizko diru-kantitatea botatzen: Tenpluaren sostengu dira. Halako batean emakume bat hurbildu da. Jesusek ikusi du kobrezko bi txanpon bota dituela. Alargun pobre bat da, bizitzan tratu txarrak jasana, bakarrik eta baliabiderik gabe bizi dena. Segur aski, eskale bizi da Tenpluaren inguruan.

Hunkiturik, ikasleei dei egin die Jesusek presaka. Ezin ahaztuko dute emakume honen keinua, zeren eta, premia jasaten duelarik, «bizitzeko zuen guztia bota baitu». Lege-maisuak erlijiotik probetxua ateraz bizi diren bitartean, dena eman du emakume honek besteentzat, konfiantza guztia Jainkoagan ezarriz.

Honen keinuak egiazko erlijioaren bihotza agertu digu: konfiantza handia Jainkoagan, doakotasun harrigarria, eskuzabaltasuna eta maitasun solidarioa, xumetasuna eta egia. Ez dugu ezagutzen emakume honen izena, ezta aurpegia ere. Hau dakigu soilik: bere Elizako geroko gidarientzat eredua ikusi duela Jesusek emakume honengan.

Gaur egun ere, Elizako gauzarik hobena dira fede xumeko hainbat eta hainbat gizon-emakume. Ez dute idatziko libururik, ezta sermoirik egingo, baina horiek diote eusten bizirik Jesusen Ebanjelioari gure artean. Horiengandik behar dugu ikasi apaizek eta gotzainek.



José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko azaroaren 8a

KONTRASTEA

Erabatekoa da pasadizo bien arteko kontrastea. Tenpluko lege-maisuei buruz buru, kontuz ibiltzeko esan dio Jesusek jendeari. Sasikoa da horien erlijioa: beren osperako baliatzen dute eta jenderik ahulena ustiatzeko. Ez dira horiek miretsi beharrekoak, ez zaio jarraitu behar horien ikasbideari. Bigarren pasadizoan, emakume alargun pobrearen keinuari begira dago Jesus eta ikasleei dei egin die. Emakume honengandik ikas dezakete, bai, lege-maisuek sekula irakatsiko ez dieten zerbait: Jainkoarekiko guztizko fedea eta mugarik gabeko eskuzabaltasuna.

Zorrotza da lege-maisuen kontrako Jesusen kritika. Herria Jainkoagana bideratu ordez, beren ospearen bila dabiltza, jendearen atentzioa deitu nahi dute beren izen handiaren bila. Gustukoa dute «harro jantzirik ibiltzea», jendearen agurraren eta begirunearen bila. Sinagogako liturgian eta jai-otorduetan «ohorezko jarlekua» eta «lehen eserlekua» nahi izaten dute.

Bada, ordea, Jesusi min handiagoa ematen diona aintzat eta begirunez hartuak eta agurtuak izateko ume-jarrera zoro horrek baino. Jainkozaletasun sakonaren itxurak egiten dituzte jendaurreko «otoitzaldi luzeez»; baina beren izen erlijioso horretaz baliatzen dira emakume alargunen eta Bibliaren arabera izaki ahulenak eta babesgabeenak direnen bizkar bizitzeko.

Hain juxtu, emakume alargun horietako batek jarriko du agerian gidari erlijioso horien erlijio ustela. Alargun honen keinua oharkabea izan da guztientzat, baina ez Jesusentzat. Emakume gajoak bi txanpon bakarrik bota ditu eskaintzen dirutegira. Baina Jesusek berehala dei egin die ikasleei, zeren nekez ikusi baitute tenpluko ingurunean behartsuekiko bihotz erlijiosoagorik eta solidarioagorik.

Alargun hau ez dabil ohore eta izen handi bila; ezkutuan eta apal dihardu. Ez dabil inor nola ustiatuko; aitzitik, duen guztia eman du, beste batzuek behar izango dutelako. Jesusen hitzetan, beste inork baino gehiago eman du, zeren ez baitu eman sobera duenetik, baizik «bizitzeko duen guztia eman du»,

Ez gaitezen oker ibili. Jende xume baino bihotz handi eta eskuzabaleko hau, baldintzarik gabe maitatzen dakien hau, da Elizan dugun alderik hoberena. Jende hau da mundua gizatarrago egiten ari dena, Jainkoa baitan benetan sinesten duena, Jesusen Espiritua bizirik mantentzen duena beste jarrera erlijioso sasiko eta interesatu batzuen artean. Jende honengandik ikasi behar dugu Jesusi jarraitzen. Jende hau da Jesusen antzekoena.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 29 de octubre de 2018

2018-11-04 - Urteko 31. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 31. Igandea (B)



EBANJELIOA

Ez zaude Jainkoaren erreinutik urruti.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 12, 28b-34

Denbora haietan, lege-maisu bat aurreratu zitzaion eta Jesusi galdera bat egin zion:

– Zein da agindu guztietan nagusiena?

Jesusek erantzun:

– Hona hemen nagusiena: Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da! Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz. Eta hona hemen bigarrena: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Ez da agindu hauek baino handiagorik.

Lege-maisuak, orduan:

– Ederki, Maisu; egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela besterik esatean. Bera bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea da.

Eta Jesusek, zuhurki erantzun ziola ikusirik, esan zion:

– Ez zaude Jainkoaren erreinutik urruti.

Eta harrezkero, ez zen inor galderarik egitera ausartzen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018eko azaroaren 4a

AZALEKO ATEISMOA

Aski jende igaro da, azken urte hauetan, Jainkoarekiko fede arin eta azalekotik ateismo, era berean, arin eta erantzukizun gabeko batera. Badira beren bizitzatik jarduera erlijioso guztiak uxatu dituztenak, eta elkarte fededun batekiko harreman guztiak eten dituztenak. Baina aski al da hori, pertsona batek bizitzaren azken misterioarekin duen jarrera serioski konpontzeko?

Badira esaten dutenak, ez dutela sinesten, ez Elizan, ez «apaizen asmakizunetan», baina Jainkoagan sinesten dutela. Alabaina, zer esan nahi du Jainkoagan zure sinesteak, hartaz sekula gogoratzen ez bazara, harekin sekula hitz egiten ez baduzu, hari sekula entzuten ez badiozu, harengandik inolako gozamenik espero ez baduzu?

Beste batzuek aldarrikatzen dute, badela ordua Jainkoa gabe bizitzen ikasteko, nork bere bizitzari duintasun eta nortasun handiagoz aurre eginez. Baina, halakoen bizitzari hurbiletik erreparatzen diogunean, ez da izaten gauza erraza ikustea, zertan zehazki lagundu dien Jainkoa alde batera uzteak bizitza duinago eta erantzukizun handiagoz bizitzen.

Beste batzuek, aski jendek, beren erlijio propioa eraiki dute eta beren moral propioa eratu, beren neurrikoa. Ez dira saiatu beste ezertan, bizitzan aski eroso kokatzen ez bada, beraien bizitza serioski dilindan ipintzen duen galdekizun oro saihestuz.

Beste batzuek ez lukete jakingo erantzuten, Jainkoagan sinesten duten ala ez. Izatez, ez dute ulertzen zertako den on halako gauza hori. Lanari eta gozatzeari hain emanik bizi dira, eguneroko problemetan, aste-bukaerako telebista-egitarauetan eta aldizkarietan hain zabarturik, non Jainkoak ez baitu inolako txokorik beraien bizitzan.

Baina oker pentsatuko genuke fededunok, uste izango bagenu, ateismo arin hau pertsona horiena bakarrik dela, Jainkoagan ez dutela sinesten ozenki esatera ausartzen diren horiena bakarrik, alegia. Izan ere, ateismo hau sartuz doake geure burua fededun aitortzen dugunon bihotzean ere: batzuetan guk geuk ere uste izaten dugu, Jainkoa ez dela geure bizitzako Jaun bakarra, ezta garrantzizkoena ere.

Egin dezagun proba bakar bat. Zer sentitzen dugu geure kontzientziaren barruenean, hitz hauek entzun ditugunean mantso-mantso, behin eta berriz eta egiazaletasunez: «Entzun: Jainko gure Jauna da Jaun bakarra. Maita ezazu Jainkoa, zeure Jauna, zeure bihotz guztiaz, zeure arima guztiaz, zeure gogo guztiaz, zeure indar guztiez»? Zein eremu hartzen du Jainkoak nire bihotzean, nire ariman, nire gogoan, nire izate guztian?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko azaroaren 4a

INPORTA DUENA

Lege-maisu bat hurbildu zaio Jesusi. Ez doa segada edo tranpa bat jartzera. Une bakoitzean nola jokatu adierazten dioten lege eta arauetan oinarritua du bere bizitza. Alabaina, galdera bat atera zaio bihotzean: «Zein agindu da lehena?» Zer da inportanteena bizitzan asmatu ahal izateko?

Oso ondo ulertu du Jesusek gizon honek sentitzen duena. Erlijioan arauak eta aginduak, ohiturak eta errituak pilatuz doazenean, gauza erraza izaten da barreiaturik bizitzea, jakin gabe zer den, zehazki, oinarrizko gauza, bizitza era sanoan bideratu ahal izateko. Honelako zerbait gertatu ohi zen judaismoaren sektore batzuetan.

Jesusek ez dizkio aipatu Moisesen aginduak. Soilik, egunsenti horretan, eguzkia irtetean eta juduen ohiturari jarraituz, jaulki duen otoitza gogorarazi dio: «Entzun, Israel; Jainko gure Jauna da Jaun bakarra: bihotz guztiaz maiteko duzu zeure Jainko Jauna».

Aginduak emateko boterea duen Jainkoa du buruan lege-maisuak. Jesusek, ordea, entzun behar diogun Jainkori begira jarri du gure gizona. Inporta duena ez da aginduak ezagutu eta betetzea. Funtsezko gauza, giza hitzik jaulki gabe hitz egiten digun Jainko horri adi egotea da.

Egiazko Jainkoari entzuten diogunean, maitasunarekiko erakarmena esnatzen da gu baitan. Ez da, berez, agindu bat. Geure bihotza biziaren azken Misterioari irekitzen diogunean sortzen den gonbit hau da: «Maita ezazu». Esperientzia honetan, ez da bitarteko erlijiosorik, ez da teologorik, ez moralistarik. Ez dugu izaten kanpotik inork esan beharrik. Geurez jakin ohi dugu maitatzea dela inporta duena.

Jainkoarekiko maitasun hau ez da sentimendu bat, ez da emozio bat. Biziaren iturburu eta jatorri den hura maitatuz bizitzea da, dela bizia, dela kreazioa, direla gauzak eta dela, nagusiki, jendea maitatuz. Maitatzeaz mintzo da Jesus «bihotz guztiaz, arima guztiaz, izate guztiaz». Ez eskas, ez kalkulu interesatuz. Baizik bihotz handiz eta konfiantzaz.

Lege-maisuak aipatu ez duen beste gauza bat ere gehitu dio Jesusek. Jainkoarekiko maitasun hau ezin bereizi da lagun hurkoarekiko maitasunetik. Lagun hurkoa maitatuz bakarrik maita daiteke Jainkoa. Bestela, gezur hutsa izango da Jainkoarekiko maitasuna. Izan ere, nolatan maita genezake Jainkoa haren seme-alabak maitatu gabe?

Kristauek ez diogu eusten beti Jesusen batura hori. Sarritan jotzen dugu nahastera Jainkoarekiko maitasuna eta jarduera erlijioa nahiz otoitz beroa, gizarteak ahazturik eta erlijioak bazter utzirik dituen haiekiko maitasun praktikoa eta solidarioa alde batera utziz. Baina, zer izan daiteke egiazkorik Jainkoarekiko gure maitasunean, sufritzen ari direnei ezikusia egiten badiegu?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


domingo, 28 de octubre de 2018

2018-11-02 - Hildako Fededun guztien oroipena (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Hildako Fededun guztien oroipena (B)



EBANJELIOA

Neu naiz bidea, egia eta bizia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14,1-6

Denbora haietan Jesusek esan zioten bere jarratzailei:

«Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere.

Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten.

Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».

Tomasek esan zion:

–Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?

Jesusek erantzun:

–Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik.

Jaunak esana.

HOMILIA

2008ko azaroaren 2a

NEGAR ETA OTOITZ EGIN

Ez jakinarena egin genezake. Hartaz ez hitz egin ere bai. Bizi genezake egun bakoitza bizi-bizi, gainerako guztiaz ahaztuz. Baina ezin saihestu dugu. Goiz edo berandu, herioa bisitan etorriko zaigu etxera, etxeko maiteenak berekin eramanez.

Nola erreakzionatu semea edo alaba betiko harrapatu digun istripu horren aurrean? Zer jarrera izan bere azken agurra esan nahi digun senarraren hilzorian? Zer egin hainbat adiskidek eta lagun maitek geure bizitzan uzten ari zaizkigun hutsunearen aurrean?

Lagun bakoitza, bera bakarrik, zeharkatzen ari den atea bezala da heriotza. Atea itxi orduko, hildakoa betiko ezkutatu zaigu. Ez dakigu hildakoa zertan den. Hain maitea eta hurbila genuen hura misterio batean galdu zaigu. Nola bizi ezintasunaren, nahasmenduaren, egundoko penaren esperientzia hori?

Ez da gauza erraza. Urte hauetan asko aldatu gara barrutik. Kritikoago egin gara, baina zaurigarriago ere bai. Eszeptikoago, baina premia handiagoko ere bai. Inoiz baino hobeto dakigu ezin eman diogula geure buruari gizakiak bere barnean gura duen guztia.

Horregatik gogorarazi nahi ditut, gizarte honetan hain zuzen, Jesusen hitz batzuk; baina guztiok inguratzen gaituen azken misteriora apal-apal irekitzen bagara bakarrik gerta daitezke esanguratsu: «Ez bedi larritu zuen bihotza. Sinetsi Jainkoagan. Sinetsi nigan ere».

Uste dut ezen guztiok, fede onekook, gutxikook, gutxiagokook eta fede txarrekook, bi gauza egin ditzakegula heriotzaren aurrean: negar egin eta otoitz egin. Nork bere fede eskasez. Konbentzimenduko fedez, duda-mudakoz, kasik itzalia den horrekin. Guk arazo asko izan ohi dugu geure fedearekin, baina Jainkoak ez du inolako arazorik gure ezina ulertzeko eta gure bihotz barnean dagoena ezagutzeko.

Hileta batera joaten naizenean, pentsatu ohi dut ezen han biltzen garenok, lagun maite baten heriotza dela eta, hau esaten ahal diogula segur aski utzi gaituenari: «Oraino ere maite zaitugulako gaude hemen, baina ez dakigu jadanik zuregatik zer egin. Txikia eta ahula da gure fedea. Jainko onaren misterioaren esku jarri nahi zaitugu. Guk eskaintzen ahal dizuguna baino leku hobea duzu hura. Izan zaitez zoriontsu. Zu maitatzeko gu gauza izan ez garen moduan maite zaitu Jainkoak. Haren esku uzten zaitugu».

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


2018-11-01 - Domu Santua (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Domu Santua (B)



EBANJELIOA

Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 5, 1-12a

Denbora haietan, jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:

«Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.

«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.

«Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.

«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.

«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.

«Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.

«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.

«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.

«Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean.

Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

Jaunak esana.

HOMILIA

HOMILIA

2015eko azaroaren1ea

ZERUA BADELA SINETSI

«Santu Guztien» kristau-jai honetan hau agertu nahi dut: betiko biziaz dudan fedearen ezaugarri batzuk nola hartzen ditudan eta nola ahalegintzen naizen haiek bizitzen. Kristo ezagutzen eta hari jarraitzen dionak ulertuko dit, nik uste.

Zerua badela sinestea niretzat, honako uste hau ezin onartu ahal izatea da: bizitza hau gutako bakoitzarentzat bi hutsune izugarri handiren arteko parentesi koxkor bat besterik ez dela. Jesus sostengutzat hartuz, barruntatzen dut, sumatzen dut, desiratzen eta sinesten dut ezen Jainkoa bere egiazko betera bideratzen ari dela kreazioak eta gizadiaren bihotzak beren baitan bizi duten biziaren, zuzentasunaren eta bakearen desira.

Zerua badela sinestea niretzat, neure indar guztiaz honako honen kontra altxatzea da: gizonezkoen, emakumeen, haurren gehiengo handi hori, bizitza honetan soilik miseria, umilazioa eta sufrimena ezagutu duen hori, betiko ahaztua izango delakoaren kontra altxatzea. Jesusen baitan dudan konfiantzaz, bizitza bat sinesten dut zeinetan ez baita izango pobreziarik eta oinazerik, inor ez baita biziko triste, inork ez baitu izango zertan negar egin. Azkenean beren aberrira iristen ikusiko ditut itsas txaneletan datozenak.

Zerua badela sinestea niretzat, hainbat eta hainbat jenderengana hurbiltzea da: osasunik gabe, gaixo kroniko, elbarri fisiko eta psikiko, depresioan eta larritasunean murgildurik, bizitzeaz eta borroka egiteaz asperturik den jendearengana hurbiltzea. Jesusi jarraituz, sinesten dut ezen egun batean ezagutuko dutela zer den bakean eta guztiz osasuntsu bizitzea. Entzungo diotela Aitari esaten: Sar zaitez zeure Jaunaren gozamenean betiko.

Ezin dut ulertu Jainkoa «Jainko ezkutua» izango dela betiko; ez dugula gozatuko sekula haren begitartea, samurtasuna eta besarkada. Ezin zait burutik pasatu ez dugula Jesusekin topo egingo sekula. Ezin dut ulertu hutsean geldituko dela mundua gizatarragoa eta zoriontsuagoa bihurtzeko egin den hainbat eta hainbat ahalegin. Egun batean azkenak lehenengo izan daitezen eta prostituituak geure aurretik izan ditzagun nahi dut. Erlijio guztietako eta ateismo guztietako egiazko santuak, anonimatuan eta ezer espero gabe bizi izan direnak ezagutu nahi ditut.

Egun batean entzun ahal izango ditugu hitz sinestezin hauek, Apokalipsi liburuak Jainkoaren ahoan ezarri dituen hauek: «Egarri izango denari, doan emanen diot nik bizi-iturritik edatea». Doan! Merezimendurik gabe. Horrela aseko du Jainkoak gu baitan den bizi-egarria.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko azaroaren 1ea

ZERUA SINETSI

(2015eko azaroaren 1ea homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain


Beste homiliak Ebangeliori buruz ikusteko, klikatu helbide honetan:




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com