Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 31. Igandea (B)
EBANJELIOA
Ez zaude Jainkoaren erreinutik urruti.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 12, 28b-34
Denbora haietan, lege-maisu
bat aurreratu zitzaion eta Jesusi galdera bat egin zion:
– Zein da agindu
guztietan nagusiena?
Jesusek erantzun:
– Hona hemen
nagusiena: Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da! Maita
ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar
guztiz. Eta hona hemen bigarrena: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Ez
da agindu hauek baino handiagorik.
Lege-maisuak,
orduan:
– Ederki, Maisu;
egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela besterik esatean. Bera
bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork
bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea da.
Eta Jesusek,
zuhurki erantzun ziola ikusirik, esan zion:
– Ez zaude
Jainkoaren erreinutik urruti.
Eta harrezkero,
ez zen inor galderarik egitera ausartzen.
Jaunak esana.
HOMILIA
2018eko azaroaren 4a
AZALEKO ATEISMOA
Aski
jende igaro da, azken urte hauetan, Jainkoarekiko fede arin eta azalekotik
ateismo, era berean, arin eta erantzukizun gabeko batera. Badira beren
bizitzatik jarduera erlijioso guztiak uxatu dituztenak, eta elkarte fededun
batekiko harreman guztiak eten dituztenak. Baina aski al da hori, pertsona
batek bizitzaren azken misterioarekin duen jarrera serioski konpontzeko?
Badira
esaten dutenak, ez dutela sinesten, ez Elizan, ez «apaizen asmakizunetan»,
baina Jainkoagan sinesten dutela. Alabaina, zer esan nahi du Jainkoagan zure
sinesteak, hartaz sekula gogoratzen ez bazara, harekin sekula hitz egiten ez
baduzu, hari sekula entzuten ez badiozu, harengandik inolako gozamenik espero
ez baduzu?
Beste
batzuek aldarrikatzen dute, badela ordua Jainkoa gabe bizitzen ikasteko, nork
bere bizitzari duintasun eta nortasun handiagoz aurre eginez. Baina, halakoen
bizitzari hurbiletik erreparatzen diogunean, ez da izaten gauza erraza ikustea,
zertan zehazki lagundu dien Jainkoa alde batera uzteak bizitza duinago eta
erantzukizun handiagoz bizitzen.
Beste
batzuek, aski jendek, beren erlijio propioa eraiki dute eta beren moral propioa
eratu, beren neurrikoa. Ez dira saiatu beste ezertan, bizitzan aski eroso
kokatzen ez bada, beraien bizitza serioski dilindan ipintzen duen galdekizun
oro saihestuz.
Beste
batzuek ez lukete jakingo erantzuten, Jainkoagan sinesten duten ala ez. Izatez,
ez dute ulertzen zertako den on halako gauza hori. Lanari eta gozatzeari hain
emanik bizi dira, eguneroko problemetan, aste-bukaerako telebista-egitarauetan
eta aldizkarietan hain zabarturik, non Jainkoak ez baitu inolako txokorik
beraien bizitzan.
Baina
oker pentsatuko genuke fededunok, uste izango bagenu, ateismo arin hau pertsona
horiena bakarrik dela, Jainkoagan ez dutela sinesten ozenki esatera ausartzen
diren horiena bakarrik, alegia. Izan ere, ateismo hau sartuz doake geure burua
fededun aitortzen dugunon bihotzean ere: batzuetan guk geuk ere uste izaten
dugu, Jainkoa ez dela geure bizitzako Jaun bakarra, ezta garrantzizkoena ere.
Egin
dezagun proba bakar bat. Zer sentitzen dugu geure kontzientziaren barruenean,
hitz hauek entzun ditugunean mantso-mantso, behin eta berriz eta
egiazaletasunez: «Entzun: Jainko gure Jauna da Jaun bakarra. Maita ezazu
Jainkoa, zeure Jauna, zeure bihotz guztiaz, zeure arima guztiaz, zeure gogo
guztiaz, zeure indar guztiez»? Zein eremu hartzen du Jainkoak nire bihotzean,
nire ariman, nire gogoan, nire izate guztian?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko azaroaren 4a
INPORTA DUENA
Lege-maisu
bat hurbildu zaio Jesusi. Ez doa segada edo tranpa bat jartzera. Une bakoitzean
nola jokatu adierazten dioten lege eta arauetan oinarritua du bere bizitza.
Alabaina, galdera bat atera zaio bihotzean: «Zein agindu da lehena?» Zer da
inportanteena bizitzan asmatu ahal izateko?
Oso
ondo ulertu du Jesusek gizon honek sentitzen duena. Erlijioan arauak eta
aginduak, ohiturak eta errituak pilatuz doazenean, gauza erraza izaten da
barreiaturik bizitzea, jakin gabe zer den, zehazki, oinarrizko gauza, bizitza
era sanoan bideratu ahal izateko. Honelako zerbait gertatu ohi zen judaismoaren
sektore batzuetan.
Jesusek
ez dizkio aipatu Moisesen aginduak. Soilik, egunsenti horretan, eguzkia
irtetean eta juduen ohiturari jarraituz, jaulki duen otoitza gogorarazi dio:
«Entzun, Israel; Jainko gure Jauna da Jaun bakarra: bihotz guztiaz maiteko duzu
zeure Jainko Jauna».
Aginduak
emateko boterea duen Jainkoa du buruan lege-maisuak. Jesusek, ordea, entzun
behar diogun Jainkori begira jarri du gure gizona. Inporta duena ez da aginduak
ezagutu eta betetzea. Funtsezko gauza, giza hitzik jaulki gabe hitz egiten
digun Jainko horri adi egotea da.
Egiazko
Jainkoari entzuten diogunean, maitasunarekiko erakarmena esnatzen da gu baitan.
Ez da, berez, agindu bat. Geure bihotza biziaren azken Misterioari irekitzen
diogunean sortzen den gonbit hau da: «Maita ezazu». Esperientzia honetan, ez da
bitarteko erlijiosorik, ez da teologorik, ez moralistarik. Ez dugu izaten kanpotik
inork esan beharrik. Geurez jakin ohi dugu maitatzea dela inporta duena.
Jainkoarekiko
maitasun hau ez da sentimendu bat, ez da emozio bat. Biziaren iturburu eta
jatorri den hura maitatuz bizitzea da, dela bizia, dela kreazioa, direla gauzak
eta dela, nagusiki, jendea maitatuz. Maitatzeaz mintzo da Jesus «bihotz
guztiaz, arima guztiaz, izate guztiaz». Ez eskas, ez kalkulu interesatuz.
Baizik bihotz handiz eta konfiantzaz.
Lege-maisuak
aipatu ez duen beste gauza bat ere gehitu dio Jesusek. Jainkoarekiko maitasun
hau ezin bereizi da lagun hurkoarekiko maitasunetik. Lagun hurkoa maitatuz
bakarrik maita daiteke Jainkoa. Bestela, gezur hutsa izango da Jainkoarekiko
maitasuna. Izan ere, nolatan maita genezake Jainkoa haren seme-alabak maitatu
gabe?
Kristauek
ez diogu eusten beti Jesusen batura hori. Sarritan jotzen dugu nahastera
Jainkoarekiko maitasuna eta jarduera erlijioa nahiz otoitz beroa, gizarteak
ahazturik eta erlijioak bazter utzirik dituen haiekiko maitasun praktikoa eta
solidarioa alde batera utziz. Baina, zer izan daiteke egiazkorik Jainkoarekiko
gure maitasunean, sufritzen ari direnei ezikusia egiten badiegu?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.