lunes, 12 de septiembre de 2011

2011/09/18 - Urteko 25. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

2011ko irailaren 18a

Urteko 25. igandea (A)

EBANJELIOA

Ni ona naizelako ezinikusia didazu?

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 20, 1-16

Egun haietan Jesusek bere ikasleei esan zioten;
«Izan ere, Jainkoaren erregetzarekin mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen. Eguneko lanaren ordainetan zilarrezko txanpon bana emateko tratua egin ondoren, mahastira bidali zituen langileak.
«Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen eta, beste batzuk plazan lanaren zain ikusirik, esan zien: “Zoazte zuek ere nire mahastira, eta ordainduko dizuet bidezko dena”. Eta haiek ere joan egin ziren.
«Atera zen berriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen.
«Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta, bertan batzuk geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan lanik egin gabe?” Erantzun zioten: “Ez gaitu inork lanerako hartu”. Hark, orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”.
«Iluntzean, nagusiak mahastiko arduradunari esan zion: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekotik hasi eta lehenengora”.
«Etorri ziren, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana jaso zuten. Lehenengo ordukoek, txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago jasoko zutela uste zuten; baina haiek ere zilarrezko txanpon bana jaso zuten.
«Orduan, nagusiagatik gaizki-esaka hasi ziren; eta esan zioten berari: “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan egin eta guri adina ordaindu diezu, egun osoko nekea eta beroa jasan ditugunoi adina!” Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egiten; ez al dugu tratua zilarrezko txanpon batean egin? Tori dagokizuna eta zoaz; zuri adina eman nahi diot azkeneko honi ere. Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala ni ona naizelako ezinikusia didazu?”
«Horrela, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko irailaren 18a

BEGIRATU GAUXOTIA

Argi hitz egin zien Jesusek ikasleei: «Bila ezazue Jainkoaren Erreinua eta haren zuzentasuna». Hori zen funtsezkoa harentzat. Halaz guztiz, ikasleei ez zitzaien buruan sartzen Jesus Jainkoaren zuzentasunaren bila zebilela, beste maisu batzuk bezala, Israelgo legeak eta tradizioak betez. Are gehiago, behin batean oharpen larria egin behar izan zien: «Zuen zuzentasuna lege-maisuena eta fariseuena baino handiagoa ez bada, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan». Alabaina, zer esan nahi zuen Jesusek Jainkoaren zuzentasunaz hitz egitean? Kontatu zien parabola batek ahozabalik utzi zituen. Mahasti-jabea behin eta berriz atera zen herriko plazara langileak hitzartzera. Ez zuen ikusi nahi inor lanik gabe. Lehenengo taldeak hamabi orduz egin zuen lan. Lanera azkena joandakoek, berriz, hirurogei minutuz soilik egin zuten lan. Halere, eguna sartzean, guztiei denario bana emateko agindu du jabeak: familia bakar bat ere ez iluntze horretan afaririk gabe. Guztiak harritu dira erabakiaz. Nola kalifikatu hain lan desberdinagatik sari berdina eskaini dien jabearen jarduera hori? Ez ote da arrazoizkoa egun osoan lan egin dutenen protesta? Hitzartutako soldata hartu dute langile hauek, baina, azkenekoei eman dien tratu eskuzabal hori kontuan izanik, gehiago eskatzeko eskubidedun sentitu dira. Ez dute onartu berdin jasotzea. Hona haien kexua: «guri bezala eman diezu». Mahasti-jabeak hitz hauekin erantzun dio taldeko bozeramaileari: «Zure begiak gaiztoa izan behar al du, ni ona naizelako?» Esaldi honetan bildu da parabolaren irakaspen nagusia. Jesusen ustez, bada begiratu gaizko, gaixoti eta kaltegarri bat, Jainkoaren ontasuna atzematea eta guztientzat duen maitasun mugagabeaz poztea eragozten diguna. Ezin sinetsi dugu Jainkoaren zuzentasuna, hain juxtu, honetan datzala: gure kalkulu guztien gainetik dagoen maitasunaz gu tratatzean. Hau da Jesusek agertu digun Albiste Handia, inoiz ere burura etorriko ez zitzaiguna eta, halere, hain beharrezkoa genuena entzutea. Ez dadila agertu inor ere Jainkoaren aurrean bere merezimenduak eta eskuratutako eskubideak aurkeztuz. Denoi egiten digu harrera ona eta denok salbatzen gaitu, baina ez geure ahaleginengatik, baizik atzeman ezineko bere errukiagatik. Hau zuen Jesusek bere kezka: ikasleen begiak gai ez izatea bere Ontasun horrengan sinesteko. Egun batean esan zien: «Zure begia txarra bada, zu zeu guztia egongo zara ilunpean. Eta zugan den argia iluna bada, a zer iluna!» Ahaztu egin dugu kristauok. A zer argia sartuko litzatekeen Elizan, ausartuko bagina Jainkoaren Ontasunean sinesten, erdizkatu gabe geure begiratu gaixotiaz! A zer pozak blaituko lukeen fededunen bihotza! A zein indartsu jarraituko geniokeen Jesusi!

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko irailaren 21ea

BORONDATE ESKANDALAGARRIA

Udazkena zen segur aski, eta Galileako herrietan mahatsa biltzen ari ziren buru-belarri. Bere lurrik ez zuen jendea ikusten ari zen Jesus enparantzetan, eguneko soldata irabazteko, lanerako nork hartuko zain. Nola lagundu, ordea, jende gaixo hari Jainkoak gizon-emakume guztiez duen borondate misteriotsua suma zezan?
Parabola txundigarri bat kontatu zien Jesusek. Hala, ahal zituen langile guztiak lanerako hartu zituen jaun batez hitz egin zien. Jauna bera etorri zen enparantzara behin eta berriz, ordu desberdinetan. Eguna bukatzean, lanaldia erabat desberdina izan zen arren, guztiei denario bana eman zien: bizitzeko familiak behar zuena.
Lehen lanaldikoek protesta egin zuten. Ez ziren kexu diru gehiago edo gutxiago hartu izanaz. Hau da iraingarri iruditu zitzaiena: jaunak «guri bezalako tratua eman die azken lanaldikoei». Protesta egin zutenen bozemaileari eman zion erantzuna harrigarria da: «Inbidia izan behar ote duzue ni ona naizelako? »
Parabola hain iraultzailea da, non, segur aski, hogei menderen ondoren ere, ezin ausartu baikara hura aintzat hartzen. Egia ote da Jainkoa hain ona izatea, haren aurrean inolako merezimendurik eta egintzarik ez dutenekin ere? Egia ote da haren Aita-bihotzak inolako pribilejiorik ez behar izatea, mahastian lan egin dutenen lan handiago edo txikiagoan oinarritua den pribilejio-beharrik ez izatea?
Gure buru-eskema guztiak koloka gelditzen dira Jainkoaren maitasun aske eta atzemanezin hori agertzean. Horregatik, eskandalagarri gertatzen zaigu, merezimenduz beterik ageri den «jende jainkozaleaz» Jesus ahaztu eta, hain zuzen, Jainkoaren aldetik inolako sarirako eskubiderik ez dutenengana hurbiltzen dela ikustea: Elkargoa betetzen ez duten bekatariengana edo tenplurako bidea ezagutzen ez duten prostituituengana.
Gu, sarritan, geure kalkuluekin ibiltzen gara, Jainkoari guztiekin on izaten utzi nahi ezta. Ez dugu jasaten guztiekiko haren ontasun mugagabea. Bada halakorik merezi ez duen jenderik, gure ustez. Uste izaten dugu Jainkoak nori berea, merezi izan duena, eman beharko liokeela, eta hura bakarrik. Baina eskerrak Jainkoa ez den gu bezalakoa. Bere Aita-bihotzez, Jainkoak badaki guk uko egiten diogun jende horrekin ondo konpontzen.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.