José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
2011ko urriaren 2a
Urteko 27. igandea (A)
EBANJELIOA
Bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 21, 33-43
Aldi haietan, Jesusek esan zien abadeburu eta herriko zaharrei:
«Entzun beste parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen.
Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zizkien nekazariei, fruitutik zegokion partea jasotzera.
Baina nekazariek morroiak hartu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten.
Berriro beste morroi batzuk bidali zizkien, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten. Azkenik, bere semea bidali zien, honela pentsatuz: “Neure semeari bederen izango diote begirune”.
Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zuten beren artean: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta egin gaitezen mahastiaren jabe”.
Hartu, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten».
Jesusek galdetu zien:
–Zer egingo ote die nekazari horiei mahasti-jabeak itzultzean?
Erantzun zioten:
–Gupidarik gabe hilko ditu eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia.
Jesusek esan zien:
–Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena:
Etxegileek baztertutako harria
giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri?
«Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko urriaren 2a
JAINKOA ETSIPENERA EMATEN ARI OTE GARA?
Tenpluaren barnean dago Jesus, buruzagi erlijioso handi batzuen taldeak inguraturik. Inoiz ez ditu izan halakoak hain hurbil. Horregatik, sinets ezineko ausardiaz, zuzenean doakien parabola bat botako die. Dudarik gabe, haren ahotik atera direnetan gogorrena.
Jesus mahasti bat landatu eta ardura eta mira bereziaz zaindu zuen jaun batez hizketan hasi denean, jakin-minezko giroa sortu da. «Mahastia» Israel herria da. Denek ezagutzen dute Isaias profetaren kanta: Jainkoak herriari dion maitasunaz irudi eder batez mintzo da profeta hartan. Aurrean dituen horiek dira Jainkoak hainbeste maite duen «mahasti» horren erantzuleak.
Inork espero ez duena Jesusek egingo duen salaketa larri hau da: Jainkoa etsirik dago. Mendeak joan dira eta ezin izan du herri maite horretatik fruiturik jaso: espero zuen zuzentasun, solidaritate eta bake fruiturik, alegia.
Behin eta berriz bidali ditu bere zerbitzariak, profetak, baina mahastiaren erantzuleek gaizki tratatu dituzte, errukirik gabe, hiltzeraino. Zer besterik egin lezake Jainkoak bere mahastiarentzat? Kontakizunak dakarrenez, mahasti-jabeak bere semea bidali die, pentsatuz: «Nire semea errespetatuko dute». Baina mahastizainek hil egin dute hura ere, haren ondarearen jabe egiteko.
Argia eta gardena da parabola. Tenpluko buruzagiak beharturik dira aitortzera jabeak beste mahastizain leialagoren esku jarri beharko duela mahastia. Baina berehala aplikatu die berei Jesusek parabola: «Nik diotsuet Jainkoaren erreinua kenduko zaizuela eta fruitua emango duen herri bati emango zaiola».
Erreforma arin batzuekin ezin aurre egin zaion krisiak gaina harturik gaudela, funtsezkoa ikustea eragozten duten tirabirek distraiturik eta Ebanjeliora errotik konbertitzeko Jainkoaren deia entzuteko kemenik gabe gaudela, galdera larriak eragiten dizkigu parabolak.
Jesusek nahi duen herri berri hori al gara, erreinuko fruituak ekoiztera emana ala ala Jainkoa etsipenera bultzatzen ari gara? Mundua gizatarrago egiteko lanean ari gara? Nola ari gara erantzuten, Jainkoaren egitasmotik, krisi ekonomikoaren biktimei eta Afrikan goseak eta elikatze-faltaz hiltzen ari direnei?
Errespetatzen al dugu Jainkoak bidali digun Semea ala, era askotan, «mahastitik kanpo» botatzen dugu? Onartzen al dugu Jesusek gomendatu digun bizitza gizatar bihurtzeko eginkizuna ala bigarren mailako beste interes erlijioso batzuetan nahasturik gabiltza?
Zer ari gara egiten gaur ere Jainkoak bidaltzen dizkigun gizon-emakumeekin, bere maitasuna eta bere zuzentasuna gogoraraziz? Ez al dago jada gure artean Jainkoaren profetarik eta Jesusen lekukorik? Ez al ditugu jada aintzat hartzen?
José Antonio Pagola
HOMILIA
2008ko urriaren 5a
JAINKOARI EZ HUTS EGIN
«Mahastizain hiltzaileen» parabola hain bortitza da, non nekez onartzen baitugu gurekin zerikusirik duen oharkizun profetiko honek, Jesusek bere garaiko agintari erlijiosoei zuzendu zien honek.
Nagusi batek bere mahastia lantzeko ardura eman dien laborari batzuez ari da kontakizuna. Mahats-biltze sasoia heldu denean, gauza harrigarri eta ustekabekoa gertatu da. Laborariek uko egin diote jabeari uzta emateari. Nagusiak ez du jasoko hainbeste espero zuen uzta.
Laborarien ausardia sinetsezina da. Uzta jasotzeko jabeak bidali dizkien morroiak hil egin dituzte, bata bestearen ondoren. Are gehiago. Bere semea bidali dienean, «mahastiaz kanpo» atera eta hil egin dute, ororen jaun eta jabe bakar berak bihurtzeko.
Zer egin diezaieke mahastiaren jabe horrek laborari horiei? Agintari erlijiosoek, urduri entzuten ari direla, ondorio izugarri hau atera dute: hil egingo ditu eta «uzta bere garaian emango dioten» beste laborari batzuei utziko die mahastia. Berak ari dira beren burua gaitzesten. Aurpegira bota die Jesusek: «Horregatik diotsuet, zuei Jainkoaren erreinua kendu eta uzta emango duen beste herri bati emango zaiola».
«Jainkoaren mahastian» ez dago lekurik fruiturik emango ez duenarentzat. Jesusek hots egin eta sustatu duen Jainkoaren erreinuaren egitasmoan ezin izan dute lekurik dina ez diren «laborariek», Jainkoaren Semea Jauntzat aitortzen ez dutenek, Jainkoaren herriaren jabe, jaun eta nagusi berak direla uste dutenek. «Fruitua emango duen herri batek» ordeztuko ditu.
Batzuetan uste izan dugu, ezen parabola mehatxagarri hau Kristoren aurrekoentzat dela, Itun Zaharreko herriarentzat, baina ez dela guretzat, ez dela Itun Berriko herri garenontzat, Kristo beti gurekin izango den bermea dugulako.
Oker gaude. Gutaz ere ari da parabola. Jainkoak ez du zertan bedeinkatu kristautasun agor bat, espero zuen fruitua emango ez diona. Ez du zertan bat egin gure inkoherentzia, desbideratze eta leialtasun eskasarekin. Duin ez diren mahastiko langileak Jainkoaren erreinuaren dinako fruitua emango duen herri batek ordeztu ditzan nahi du Jainkoak gaur ere.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.