José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko otsailaren 17a
Garizumako 1. Igandea (C)
EBANJELIOA
Espirituak eramanik, basamortuan barrena ibili zen, deabruak tentatzen
zuela.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 4,1-13
Jesus Espiritu
Santuaz betea itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barrena
ibili zen berrogei egunez, deabruak tentatzen zuela. Egun haietan ez zuen ezer
jan, eta azkenean gosetu egin zen. Deabruak esan zion, orduan:
– Jainkoaren
Semea zarenez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.
Jesusek erantzun
zion:
– Liburu Santuan
idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.
Ondoren,
deabruak, toki garai batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion
une batean eta esan zion:
– Hara, neureak
ditut erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta nahi dudanari eman diezazkioket.
Beraz, adoratzen banauzu, zeuretzat izango dituzu.
Jesusek erantzun
zion:
– Idatzia dago:
Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.
Orduan,
Jerusalemera eraman zuen deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik,
esan zion:
– Jainkoaren
Semea zarenez, bota zeure burua hemendik behera, idatzia baitago: Bere
aingeruei aginduko die zu zaintzeko. Besoetan eramango zaituzte, harriekin
estropezu egin ez dezazun.
Baina Jesusek
erantzun:
– Agindua dago:
Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.
Orduan, bere
tentazio guztiak agorturik, deabruak alde egin zuen Jesusengandik, hurrengo
egokiera arte.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko otsailaren 17a
EZ DESBIDERATU JESUSENGANDIK
Lehen
kristau-belaunaldiek arreta handia eskaini zieten Jesusek jasan zituen proba
eta tirandurei; alegia, Jainkoari leial izateko eta gizon-emakume guztiek
bizitza gizatarragoa eta duinagoa izan dezaten Jainkoak duen egitasmoan parte
hartzeagatik jasan zituen.
Jesusen
tentazioen kontakizuna ez da pasadizo itxi bat, momentu jakin batean eta leku
jakin batean gertatua. Lukasek argi ohartarazten digu, tentazio hauek
amaitzean, «deabruak alde egin zuela beste okasio bat arte». Tentazioak behin
eta berriz itzuliko dira Jesusen eta haren ikasleen bizitzan.
Horregatik,
Jesusen jarduera profetikoa kontatu aurretik kokatu dute pasadizo hori
ebanjelariek. Jesusen jarraitzaileek ondo ezagutu behar dituzte tentazio horiek
hasieratik beretik; zeren mendetan barna berek gainditu beharko dituzten
tentazioak baitira, baldin eta Jesusengandik desbideratu nahi ez badira.
Lehenengo
tentazioan ogia aipatzen da. Jesusek uko egin dio bere gosea asetzeko Jainkoaz
baliatzeari: «gizakia ez da ogitik bakarrik bizi». Lehenengo gauza,
Jesusentzat, Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bilatzea da: izan
dezatela gizon-emakume guztiek ogia. Horregatik joko du egun batean
Jainkoagana; baina, soilik, goseak den jendetza bat elikatzeko.
Badugu
gaur egun ere tentazio hau: gogoan geure ogia bakarrik izatekoa eta, soilik,
geure krisiaz kezkatzekoa. Jesusengandik desbideratu egiten gara ogia izatea
geure eskubidetzat hartu, baina guztia falta zaienen dramaz, beldurraz eta
sufrimenduaz ahazten garenean.
Bigarren
tentazioan botereaz eta aintzaz hitz egiten da. Jesusek uko egin dio horri
guztiari. Ez da ahuspeztuko munduko erreinu guztien inperioa eskaintzen dion
deabruaren aurrean: «Jauna, zeure Jainkoa, adoratuko duzu». Jesus ez da ibiliko
sekula bestek bera zerbitza dezaten bila, baizik berak besteak nola
zerbitzatuko.
Gaur
ere harrotzen da kristauen artean tentazio hau: iraganean Elizak izan duen
botereari, nola edo hala, eutsi nahi izatekoa. Jesusengandik desbideratu egiten
gara jendearen kontzientzia estutzen dugunean, geure sinestea indarrez ezarri
nahi izatean. Jainkoaren erreinuari bideak ireki, ordea, mundu errukitsuago eta
solidarioago baten bila gabiltzanean irekitzen dizkiogu.
Hirugarren
tentazioan, jendearen begi-bistan, Jainkoaren aingeruak sostengu dituela, modu
miresgarrian jaistea proposatu dio deabruak. Jesus ez da eroriko engainuan: «Ez
tentatu Jauna, zeure Jainkoa». Eskatzen badiote ere, ez du egingo sekula zeruko
seinale mirakuluzkorik. Soilik, onberatasun-seinaleak egingo ditu, jendearen
sufrimendua eta oinazea arintzeko.
Jesusengandik
desbideratu egiten gara geure agertu nahi harroa Jainkoaren aintzarekin
nahasten dugunean. Gure agertu nahiak ez du agertzen Jainkoaren handitasuna.
Soilik, premian direnekiko zerbitzu apal baten bizieraz agertuko dugu Jainkoak
bere seme-alaba guztiei dien Maitasuna.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko otsailaren 21a
TENTAZIOAK IDENTIFIKATU
Ebanjelioen
arabera, Jesusek bizi izan dituen tentazioak ez dira izan alde moralekoak. Bere
egitekoa edo misioa oker ulertu eta bizitzeko proposatu zaizkion planteamendu
dira. Horregatik, haren erreakzioa eredu izan beharko genuke geure portaera
moralerako; batez ere, Jesusek gomendatu digun misiotik ez desbideratzeko azti
egon beharra agertzen digu.
Guztien
gainetik, gaurko Elizak eta hura eratzen dugunek senti ditzakegunak argiago eta
erantzukizun handiagoz identifikatzeko laguntza izan ahal ditugu Jesusen tentazioak.
Nolatan izan gintezke Jesusekiko Eliza leial, gaur haren egitasmotik eta
bizieratik desbidera gaitzaketen tentaziorik arriskutsuenak kontuan hartzen ez
baditugu?
Lehenengo
tentaldian, Jesusek uko egin dio Jainkoaz baliatzeari harriak ogi «bihurtu» eta gosea horrela asetzeko. Ez
du hartu nahi bide hori. Ez du bizi nahi bere onurari begira. Ez du hartu nahi
Aita era berekoian. Jainkoaren hitz bizia izango du janari. Jendearen gosea
asetzeko bakarrik «ugalduko ditu»
ogiak.
Hau
da, segur aski, lurralde aberatseko kristauen tentaziorik larriena: erlijioaz
baliatzea geure ongizate materialerako, geure kontzientzia lasaitu eta
kristautasuna errukirik gabe uzteko, «non dira zuen haurrideak?» dei eginez
jarraitzen duen Jainkoari ezentzunarena eginez.
Bigarren
tentaldian, Jesusek uko egin dio «boterea
eta aintza» lortzeari: boteretsu guztiak bezala, «deabruak» inspiraturiko boterearen abusu, gezur eta
zuzengabekeriaren meneko bihurtzeari. Jainkoaren erreinua ezin da ezarri,
eskaini egiten da maitasunez. Soilik, pobreen, ahulen eta babesgabeen Jainkoa
gurtuko du.
Ahalmen
soziala galtzen ari den aldi honetan, beste garai bateko «boterea eta aintza» lortu nahi izateko tentazioa izan lezake
Elizak, gizartearen gain botere absolutua bera ere duelakoan. Aukera historikoa
galtzen ari gara: gaur egungo gizon-emakumeen aurrean, maitasunaren eta
esperantzaren premia hain handia duten honetan, zerbitzu apalaren eta bidelagun
izatearen bide berriari ekitearen aukera.
Hirugarren
tentaldian, Jesusek uko egin dio arrakasta errazera eta arrandiara jotzeari
bere misioa betetzeko. Ez du izan nahi mesias triunfalista. Jainkoa ez du
jarriko bere harrokeriaren zerbitzura. Baizik eta, zerbitzari izango da bereen
artean.
Beti
izango da tentagarri eremu erlijiosoaz baliatzea, norberaren izen ona, sona eta
entzutea lortzeko. Ezer gutxi izan daiteke barregarriago Jesusi jarraitzeko
orduan arrandiaren eta ohorearen bila ibiltzea baino. Kalte egiten dio horrek
Elizari eta egiaren esparru izatea kentzen dio.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.