José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko otsailaren 24a
Garizumako 2. Igandea (C)
EBANJELIOA
Otoitzean ari zela, aurpegiko itxura aldatu egin zitzaion.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 9,28b-36
Egun haietan,
Pedro, Joan eta Santiago berekin hartu eta mendira igo zen Jesus, otoitzera. Eta,
otoitzean ari zela, aurpegiko itxura aldatu egin zitzaion, eta jantziak zuri
distiratsu bihurtu. Hartan, bi gizon azaldu ziren, aintzaz distiratsu: Moises
eta Elias, eta Jesusekin mintzo ziren Jerusalemen gertatzekoa zen honen
heriotzaz . Pedro eta lagunak logaleak jota zeuden; baina esnatu ziren eta
Jesusen aintza eta harekin zeuden bi gizonak ikusi zituzten. Hauek urruntzean,
Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin
hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»
Ez zekien zer
esaten zuen ere. Eta, hori zioela, hodei batek estali zituen, eta beldurtu egin
ziren hodeipean sartzean. Mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Semea,
nik hautatua. Entzun berari!»
Mintzoaren
ondoren, Jesus bakarrik ageri zen. Ikasleek isilik gorde zuten eta, ordukoz, ez
zioten inori esan ikusitakorik ezer.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko otsailaren 24a
JESUSI ENTZUN
Aldi
guztietako kristauek sentitu izan dute tradizioz «Jaunaren Antzaldatzea» deitu
izan den eszenaren lilura. Alabaina, kultura modernoko garenoi ez zaigu gauza
erraza gertatzen kontakizun horren esanahia atzematea; alegia, «teofania»ri edo
Jainkoaren errebelazioari dagozkion irudiez eta baliabide literarioez idatzia
dagoen horri.
Halaz
guztiz, Lukas ebanjelariak xehetasun batzuk itsatsi ditu; jende askorentzat
arrotz eta itxurarik gabeko gertatzen den pasadizo horren mezua errealismo
handiagoz aurkitzen laguntzen diguten xehetasunak dira. Hasieratik adierazi
digu Lukasek, Jesus, hurbilenak dituen ikasleekin, mendi baten puntara igo
dela, soilik «otoitz egitera», eta ez
antzaldaketa bat ikustera.
Jesus
otoitzean ari dela gertatu da dena: «otoitzean
ari zela,haren aurpegiaren itxura aldatu zen». Jesusek, sakon bere baitan
bildurik, onartu du Aitaren presentzia, eta aurpegia aldatu zaio. Haren
nortasun sakonena eta ezkutukoena den hartan zerbait atzeman dute ikasleek.
Haren eguneroko bizitzan ezin atzeman izan duten zerbait.
Jesusen
jarraitzaileen bizitzan ez dira falta distira- eta ziurtasun-momentuak ere,
poz- eta argi-uneak ere. Ez dakigu zer gertatu zen mendi haren puntan, baina
badakigu otoitzean eta isiltasunean posible dela zerbait sumatzea, fedetik,
Jesusen nortasun ezkutuko horretan. Otoitz hori liburuetan lortu ez daitekeen ezagupenaren
iturria da,
Lukasek
dio ikasleak doi-doi jabetu zirela ezertaz, zeren «logale baitziren», eta soilik «esnatzean»
atzeman baitzuten zer edo zer. Pedrok dakien guztia, egoera hartan oso ondo
sentitzen dela da eta ez lukeela nahi esperientzia hura bukatzea. Lukasek dio «ez zekiela zer esaten ari zen».
Horregatik,
ahots batekin eta agindu nagusi batekin bukatzen da eszena. Ikasleak hodei
batek harrapatu ditu. Izutu egin dira, zeren gertaera hark gainez egin baitie.
Baina hodei hartatik ahots hau irten da:
«Hau ene Semea da, nik hautatua. Entzuiozue». Entzutea izan behar du
ikasleak bere lehen jarrera.
Gaur
egungo kristauek premia gorrikoa dugu geure erlijioa «barneratzea», baldin eta
geure fedea biziberritu nahi badugu. Ez da aski Ebanjelioa entzutea modu
zabarrean, ohikeriazkoan eta higatuan, aditzeko batere gogorik gabe. Ez da aski
soilik ulertzeaz kezkatua den arrazoizko entzute hutsa ere.
Jesus
biziari entzun behar diogu, geure izatearen barruenean bizi den horri. Guztiok,
predikari eta herri fededunak, teologo eta irakurleek: guztiok dugu Jainkoaren
Berri Ona entzun beharra, ez azaletik, baizik geure barnetik. Haren hitzak
geure burutik bihotzera jaisten utzi beharra dugu. Gure fedea indartsuagoa
izango litzateke, gozagarriagoa, kutsagarriagoa.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko otsailaren 28a
JESUSI BAKARRIK ENTZUN
Pasadizo
honi, tradizioz, «Jesusen antzaldaketa» deitu ohi zaio. Ezinezkoa da kontakizun
harrigarri honen iturburu izan den esperientzia seguru berregitea. Hau dakigu
soilik: ebanjelariek garrantzi handia eman diotela, zeren, kontakizunaren
arabera, Jesusen zinezko nortasunaz zerbait barruntatzeko bidea ematen duen
esperientzia baita.
Lehenik
eta behin, Jesusen aurpegiaren aldaketa nabarmendu du kontakizunak, eta, Moises
eta Elias haren solaskide ageri diren arren, agian hurrenez hurren legearen eta
profeten ordezkari bezala, soilik Jesusen aurpegiak jarraitzen du eszenan
antzaldaturik eta distiratsu.
Itxuraz,
ikasleek ez dute hauteman ikusten ari direnaren esanahi sakona; izan ere, Pedro
dio: «Maisu, bai ondo gaudela hemen. Hiru txabola eginen ditugu: bat zuretzat,
bestea Moisesentzat eta hirugarrena Eliasentzat». Bibliako bi pertsonaia handi
horien ikuspegi eta maila berean ipini du Jesus. Nori bere txabola. Jesusek ez
du artean erdiko lekurik eta nagusirik Pedroren bihotzean.
Jainkoaren
ahotsak zuzenduko dio ikuspegi hori, Jesusen benetako nortasuna agertuz: «Neure
Semea dut hau, hauta», aurpegia antzaldatua duen hau. Ez da nahastu behar
Moisesen eta Eliasen aurpegiekin, hauena itzalia da. «Entzun honi». Eta ez
beste inori. Honen Hitza da erabakitzaile bakarra. Gainerakoek honengana
bideratu behar gaituzte.
Premiazkoa
da berreskuratzea gaur egungo Elizan ebanjelioetan datorren Jesusen kontakizun
honen esperientzia, hasiera hartan kristau-elkarteek izan zuten hau. Lau idazki
hauek besterik ez bezalako obra dira kristauentzat; ezin parekatu ditugu
Bibliako gainerako liburuekin.
Bada
lau hauetan bakarrik aurki genezakeen zer bat: hark erakarririk sentitu eta
jarraitu zioten lehenengo haiengan Jesusek eragin zuen zirrara. Ebanjelioak ez
dira liburu didaktikoak, Jesusez eskola-irakaspena ematen dutenak. Ez dira
biografiak ere, Jesusen ibilbide historikoa xeheki dakartenak.
«Konbertsio-kontakizun» dira, aldaketara, Jesusi jarraitzera, haren
egitasmoarekin bat egitera gonbidatzen dutenak.
Horregatik
behar dira entzun konbertsio-jarreraz. Eta jarrera hori behar da izan
irakurtzean, predikatzean, hausnartzean eta fededun bakoitzak eta elkarte
bakoitzak bihotzean gordetzean. Igandero Jesusen ebanjelio-kontakizuna
konbertsio-jarreraz entzuten dakien kristau-elkartea hasia da eraldatzen. Ez du
Elizak bere burua berritzeko potentzial indartsuagorik lau liburu koxkor hauek
baino.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.