lunes, 10 de febrero de 2014

2014/02/16 - Urteko 6. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko otsailaren 16

Urteko 6. Igandea (A)


EBANJELIOA

Aurrekoei agindu zitzaien Nik, berriz, hau diotsuet.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 17-37

Egun haietan, «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak huts bihurtzera etorria naizenik; ez naiz huts bihurtzera etorri, beren betera eramatera baizik.
Zeren eta benetan diotsuet: Zeru-lurrek dirauten bitartean legearen hitz batek edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte.
Beraz, agindurik txikienetako bat hausten edota hausten irakasten duena, txikien bezala hartuko du Jainkoak bere erreinuan; betetzen edota betetzen irakasten duena, ordea, handitzat hartuko du Jainkoak bere erreinuan.
Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.
«Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu, utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera.
«Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.
Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.
«Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.
Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.
«Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.
«Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak –legearen contra elkartuak ez badira behintzat – adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.
Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita; ez lurrarengatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria baita. Ez egin zinik zeure buruarengatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihur. Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko otsailaren 16a

EZ GEURE ARTEKO GERLARI

Juduak harro mintzo ohi ziren Moisesen Legeaz. Tradizioaren arabera, Jainkoak berak eman zion Lege hori bere herriari. Harengandik hartu zuten gauzarik onena zen. Lege horretan dator egiazko Jainko bakarraren gogoa. Hor aurkitzen ahal dute behar duten guztia, Jainkoari leial izateko.
Jesusentzat ere garrantzizkoa da Legea, baina ez da jada erdigune. Beste esperientzia bat bizi eta komunikatu du Jesusek: gainean da Jainkoaren erreinua; gure artean bidea nola urratuko dabil Aita, mundua  gizakoiago bihurtzeko. Ez dugu aski Moisesen Legea betetzea. Aitari geure barrua ireki beharra dugu eta harekin lan egin beharra, bizitza zuzenago eta anai-arreba artekoago egiten.
Horregatik, Jesusen arabera, ez da aski «Ez hil» dioen legea betetzea. Beharrezkoa da, gainera, geure bizitzatik erauztea oldarkortasuna edo agresibitatea, gainerakoek gutxiestea, irainak edo mendekua. Inork hil ez duen hark, bete du legea, bai; baina bere burua indarkeriatik liberatzen ez badu, ez du artean Jainkoa errege bere bihotzean, alegia gurekin batean bizitza gizakoiago bat eraiki nahi duen Jainkoa.
Behatzaile batzuen arabera, zabalduz doa hizkuntza bat, gaur egungo gizartean oldarkortasuna handitzen doala islatzen duen bat. Gero eta sarriago dira irainak, umilarazteko, gutxiesteko, zauritzeko. Ukapenak, erresuminak, gorrotoak edo mendekuak eragindako hitzak.
Bestalde, solasaldiak sarritan bihurtzen dira hitz zuzengaberen sare, han eta hemen gaitzespena eta errezeloa ereinez. Maitasunik eta errespeturik gabe esandako hitzak dira, elkar bizitza pozoitzen eta kalte egiten dutenak. Kasik beti haserreak, kaxkarkeriak edo zitalkeriak eraginda.
Ez da gertatzen hau guztia gizarteko bizikidetzan bakarrik. Arazo larria da gaur egungo Elizan ere. Frantzisko aita santua sufritzen ari da «kristau batzuk beste kristau batzuen kontra gerlan» ikustean: zatiketa, gatazka eta aurkaritza biziz. Ebanjelioaren hain kontrakoa da egoera hori, non premiazko dei hau egin beharra sentitu baitu: «Ez geure arteko gerlari».
Hona nola mintzo den Aita Santua: «Min dut egiaztatzean kristau-elkarte batzuetan, baita pertsona sagaratuen artean ere, baimentzen ditugula askotariko eratan gorrotoa, kalumnia, izena belztea, mendekua, zeloa, norberaren ideiak ezarri nahia edozein gauzaren truke, eta, are gehiago, pertsekuzioa bera, sorgin-ehiza ankerra dirudiena. Nor ebanjeliza genezake portaera horrekin?» Honelako Eliza baten alde lan egin nahi du: «guztiak harriarazten dituena, elkar nola zaintzen duzuen, elkarri nola hats ematen diozuen, elkarrentzat nolako bidelagun zareten ikustean».


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko otsailaren 13a

LEGEAK JESUSEK BEZALA HARTU

Juduak harro mintzo ohi ziren Moisesen Legeaz. Jainkoagandik hartu zuten erregalurik bikainena zen. Sinagoga guztietan toki berezian ezarritako kutxan gorde ohi zuten. Lege horretan aurkitu ahal zuten Jainkoari leial izateko behar zen guztia.
Jesus, ordea, ez da bizi Legeari loturik. Ez da saiatu ez hura aztertzen, ez ikasleei hartaz argibideak ematen. Behin ere ez da ageri hura modu zorrotzean nola beteko kezkaturik. Egia esan, ez du kanpainarik egin Legearen kontra; halere, ez du Lege hori bere bihotzaren bihotz.
Beste esperientzia batetik ibiliko da Jesus Jainkoaren nahiaren bila. Gizon-emakumeen artean murgilduz sentitzen du Jainkoa, haiekin batean mundua zuzenago eta haurridetsuago egiteko. Dena kanbiatzen du horrek. Legea ez da jada ezer erabakitzaile, Jainkoak gugandik zer espero duen jakiteko. «Jainkoaren erregetzaren eta haren zuzentasunaren bila» ibiltzea da lehenengo gauza.
Fariseuak eta lege-maisuak legea zehazki nola beteko arduratzen dira, baina ez zaie axola maitasuna eta zuzentasuna. Jesusek honetan egin du bere ahalegina: bere ikasleengan beste jarrera bat eta beste espiritu bat sartzen: «zuen zuzentasuna lege-maisuena eta fariseuena baino hobea ez bada, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan». Gainditu beharra da legeak eta arauak hitzez hitz betetzea beste ardurarik ez duen legalismoa.
Aitaren nahia Jesusek hura bilatu duen grinaz bilatzen denean, legeek diotena baino harago jo ohi da. Gizon-emakume guztientzat Jainkoak gura duen mundu gizatarrago horretarantz jo ahal izateko, garrantzizkoa ez da legeak betetzen dituzten pertsonak bilatzea, baizik Jesusen antzeko direnak.
Inor hiltzen ez duenak legea betetzen du, baina haurridearentzat duen amorrua bihotzetik ateratzen ez badu, ez da Jainkoaren antzeko. Adulteriorik egiten ez duenak betetzen du legea, baina modu egoistan bere haurridearen emaztea desiratzen badu, ez da Jainkoaren antzeko. Pertsona hauengan Legeak indarra du, baina Jainkoak ez; betetzaileak dira, baina ez dakite zer den maitasuna; zuzen bizi dira, baina ez dute mundua gizatarrago egingo.
Ondo entzun behar dira Jesusen hitzak: «Ez naiz etorri legea eta profetak desegitera; baizik beren betera eramatera». Ez da etorri Itun Zaharreko lege- eta erlijio-ondarea pikutara botatzera. Giza jokabidea «bere betera» eramatera etorri da, haren ikuspegia zabaltzera, bizitza legalismoaren arriskutik libratzera.
Legeak, arauak, aginduak eta tradizioak Jesusek bizi zituen bezala bizitzen baditugu, gure kristautasuna gizatarragoa eta ebanjelikoagoa izango da: Aitak gura duen mundu zuzenago eta haurrideago horren bila jokatzen badugu, alegia.

José Antonio Pagola



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.