José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2014ko martxoaren 2
Urteko 8. Igandea (A)
EBANJELIOA
Ez arduratu, biharko
egunaz.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 6,
24-34
Egun haietan, Jesusek bere jarratzailei esan
zien: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du
eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin
zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
«Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko
zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria
baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira aireko hegaztiei: ez
dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen
Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek? Asko
arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?
«Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira nola
hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina,
egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten
pare. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak
horrela janzten badu, ez ote askoz gehiago zuek, sinesmen gutxikook? Ez
kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz. Fedegabeak
arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zeruko zuen Aitak badaki horren
guztiaren beharra duzuena. Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz
eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue
Jainkoak. Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere
ardura. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.
Jaunak esana
HOMILIA
2014ko martxoaren 2a
EZ DIRUAREN IDOLATRIARI
Dirua,
erabateko idolo bihurtua den hori da Jesusentzat etsairik handiena, Jainkoak
duinago, zuzenago eta solidarioago nahi duen mundu honentzat. Hogei mende dira
jada, Galileako Profetak salatu zuela: Gizadiak Diruari eskainitako kultua
izango duela beti oztoporik handiena, elkar bizitza gizakoiago baterantz jo
ahal izateko.
Guztizkoa
da Jesusen logika: «Ezin izan zarete Jainkoaren eta Diruaren zerbitzari».
Jainkoa ezin izan da errege munduan, ezin izan da guztien Aita, baldin eta
zuzentasuna exijitzen ez bada bizitza duin batetik baztertuak direnentzat.
Horregatik, Jainkoak nahi duen mundu gizakoiago horrentzat ezin lan egin dute,
aberastasunak metatzeko irrikak harturik, jenderik ahulena baztertu eta goseari
eta miseriari emanik uzten duen ekonomia bat sustatzen dutenak.
Txundigarria
da Frantzisko aita santuarekin gertatzen ari dena. Komunikabideek eta
interneten zirkulatzen duten sare sozialek Frantziskoren keinurik txikienen
berri xehetasun-mota oroz ematen digute; baina ezkutatu egiten dute, era
lotsagarrian, Gizadi osoari egiten dion deiadarrik premiazkoen hau: «Ez borobil
bat ekonomia baztertzaile eta zital bati. Hiltzailea da ekonomia hori».
Alabaina,
Frantziskok ez du argudiatze luzeen beharrik, ezta analisi sakonen beharrik
ere, bere pentsaera adierazteko. Gai da bere haserrea hitz argi eta
adierazkorrez laburtzeko; edozein teleberriren albistegiren lerroburu edota
edozein lurraldetako prentsaren titulu nagusi izan litezkeen hitzez, alegia.
Adibide batzuk, soilik.
«Ezin
onar liteke albiste ez izatea adineko pertsona bat hotzak hiltzea kale gorrian
eta, aldiz, albiste izatea burtsak bi puntuz behera egin izana. Bazterketa da
hori. Ezin onar liteke janaria botatzea, goseak dagoen jenderik baden
bitartean. Zitalkeria da hori».
«Aurpegirik
gabeko eta zinezko helburu gizatarrik gabeko ekonomia baten diktadurapean» bizi
gara. Ondorioz, «gutxi batzuen irabaziak esponentzialki hazten diren bitartean,
gehiengoen irabaziak gero eta beherago doaz gutxiengo zoriontsu horren
ongizatearen aldean».
«Ongizatearen
kulturak anestesiatu, sorgortu egiten gaitu, eta ez gara lasai gelditzen,
baldin eta merkatuak artean erosi ez dugun zerbait eskaintzen badigu; eta,
ahalbide faltaz hegoak ebakirik gelditu diren beste bizitza horiek ezertan
erasaten ez diguten ikuskari huts gertatzen zaizkigu».
Frantziskok
berak esana duenez, «mezu hau ez da marxismoa, baizik Ebanjelio hutsa». Gure
kristau-elkarteetan etengabeko oihartzuna izan beharko lukeen mezu bat da.
Horren kontrakoa, Frantziskok esaten digun beste honen seinale izan liteke:
«Besteen garrasiez errukitzeko ezgai bihurtzen ari gara, ez dugu jada negarrik
egiten gainerakoen dramaren aurrean».
José Antonio Pagola
HOMILIA
2011ko otsailaren 27a
LEHENENGO
GAUZA
«Gauza guztien gainetik, bila ezazue Jainkoaren erreinua eta haren
zuzentasuna; gainerakoa gehigarri emango dizue Jainkoak». Ezin
argiago dira Jesusen hitz hauek. «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna» da
haren jarraitzaileek lehenengo bilatu behar duguna; ondoren dator gainerakoa.
Gaur egungo kristauak mundua, Jainkoak nahi bezala, gizatarrago egitera emanik
bizi al gara ala gure energia bigarren mailako eta badaezpadako gauzatan
gastatzen?
Ez da nola-halako galdera. Izan
ere, funtsezkoa da jakitea Jesusek markaturiko lehen xedeari emanik bizi garen
ala hark bihotzean zeraman grinatik apartatzen gaituen erlijiotasuna garatzen
ari garen. Ez ote gara geure norabidea zuzendu beharrean eta geure
kristautasunaren ardatz bezala Jainkoaren erreinuaren proiektua leialago hartu
beharrean?
Argi-argia da Jesusen jarrera. Aski da ebanjelioak
irakurtzea. Galilea sanoago, zuzenago eta haurridetsuago izan dadin jende
artean bizi delarik, beti ere azkenak direnentzat erneago eta baztertuentzat
abegikorrago, ez du dudarik Jesusek erlijio hau salatzeko: larunbata bete bai
eta kultua zaindu bai, baina Jainkoak opariak baino gehiago errukia duela
atsegin ahazten duena.
Kristautasuna ez da nolanahiko erlijio bat: zerbitzuak
eskaintzen dituena, gizakiak duen Jainkoaren premiari erantzuteko. Erlijio
profetikoa da, Jesusengandik datorrena, bizitza gizatartzeko Jainkoaren
egitasmoaren arabera. «Funtziona» genezake, bai, kultuaren inguruan bildutako
elkarte bezala; baina errukia kutsatzen ez badugu eta zuzentasuna eskatzen ez,
ahaztuak defenditzen ez baditugu eta azkenak direnei kasu egiten ez, zer izango
da Jesusen bizitza osoa arnastu zuen egitasmoaz?
Agian, gure elkarteak Jainkoaren erreinurantz eta
haren zuzentasunerantz bihurtzeko erarik praktikoena honako hau izango da:
harrera ona gehiago zaintzen hastea. Ez da esan nahi kultuaren ospakizuna alde
batera utzi behar denik; hau da arazoa: harrera ona, jendeari entzutea eta
lagun egitea arduratsuago zaintzea, bizi dituen atsekabe, lan eta esperantzan.
Jendearekin sufrimena partekatzeak asko lagundu diezaguke gure xedea hobeto
ulertzen, hau da, Ebanjelioa biziz mundua gizatarrago egiten.
Bere lehen entziklikan, Joan Paulo II.ak, Vatikano
II.a kontzilioaren ideia inportante bat bere eginez, Eliza nola ulertu
gogorarazi zigun kristauei. Argi eta garbi azaldu zuen. «Elizak ez du helburu
bere burua, zeren Jainkoaren erreinurantz baita norabidetua, erreinu horren
ernamuin, seinale eta tresna delarik». Lehenengo gauza ez da Eliza bera, baizik
Jainkoaren erreinua. Eliza ebanjelikoagoa nahi badugu, haren baitatik mundu
gizatarragoa egiten parte hartu nahi dugulako da.
José Antonio Pagola
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.