lunes, 14 de abril de 2014

2014/04/20 - Pazko Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko apirilaren 20

Pazko Igandea (A)


EBANJELIOA

Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.

+ Joan 20, 1-9

Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko apirilaren 20a

Izenburua

---

Jose Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko apirilaren 24a

ARRAZOIA ZUEN JESUSEK

Zer sentitzen dugu Jesusen jarraitzaileok egiaz sinestera ausartzen garenean Jainkoak Jesus piztu duela? Zer bizi ohi dugu haren ondoren ibiltzen jarraitzean? Nola komunikatzen gara harekin, hura biziaz blai esperimentatzen dugunean?
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Egia da, bai, Jainkoaz esan diguzun guztia. Orain badakigu leiala dela Aita, konfiantza osoa zor diogula. Heriotza baino harago maite gaituen Aita da. Hari «Aita» deitzen jarraituko dugu, inoiz baino fede handiagoz, zuk irakatsi zenigunez. Seguru gara ez digula huts egingo.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Seguru gara orain biziaren adiskide dela Jainkoa. Hasiak gara hobeto ulertzen guztiek bizitza sanoagoa, zuzenagoa eta zoriontsuagoa izan dezaten zuk jasandako nekaldia. Orain ulertzen dugu zergatik jartzen zenuen edozein arau edo tradizioren aurretik gaixoen osasuna. Zure urratsei jarraiki, bizitza sendatuz eta sufrimena arinduz biziko gara. Erlijioa beti jendearen zerbitzura jarriko dugu.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain badakigu Jainkoak justizia egiten diela biktima errugabeei: garaipena ematen diola biziari heriotzaren gain, ongiari gaizkiaren gain, egiari gezurraren gain, maitasunari gorrotoaren gain. Borrokan jarraituko dugu gaizkiaren, gezurraren eta gorrotoaren aurka. Jainko horren eta berorren justiziaren bila ibiliko gara beti. Badakigu ezen horixe dela Jainkoak gugandik nahi duen lehenengo gauza.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain badakigu Jainkoak bat egiten duela gurutzean jositakoekin, inoiz ez borreroekin. Ulertzen hasiak gara zergatik zaren zu beti sufritzen ari direnekin eta zergatik defenditzen dituzun horrenbeste pobreak, goseak eta mespretxatuak. Makalenak eta zaurigarrienak defendituko ditugu, gizarteak gaizki erabiltzen eta erlijioak ahazten dituenak. Aurrerantzean, hobeto entzungo dugu zure deia errukitsu izatera, zeruko Aitak bezala.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain ulertzen hasiak gara apur bat zure hitzik gogorrenak eta arraroenak. Sumatzen hasiak gara ezen zugatik eta zure Ebanjelioagatik bere bizia galtzen duenak gorde egingo duela. Orain ulertzen dugu zergatik gonbidatu gaituzun zuri jarraitzera azkeneraino, egunero gurutzea lepoan hartuz. Zugatik eta zure Ebanjelioagatik apur bat sufritzen jarraituko dugu, baina laster partekatuko dugu zurekin Aitaren altzoa.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain bizirik zara betiko eta gure arten zaitugu zure izenean bizpahiru lagun elkartzean. Orain badakigu ez gaudela bakarrik, lagun zaitugula Aitaganako bidean. Zure ahotsa entzungo dugu zure Ebanjelioa irakurtzean. Zutaz elikatuko gara zure Afaria ospatzean. Gurekin izango zaitugu aldien azkeneraino.

Jose Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.