José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2014ko maiatzaren 4
3. Pazko Igandea (A)
EBANJELIOA
Ogia zatitzean begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Lukasen liburutik
24, 13-35
Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus
izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Gertakari
guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela,
Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. Baina ikasleek begiak itsu
zituzten eta ez zuten ezagutu.
Jesusek esan zien:
–Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin
hizketan?
Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta
beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:
–Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen
gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!
–Zer gertatu da, bada? –esan zien hark.
Haiek erantzun zioten:
–Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen
hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina gure apaizburu
eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. Guk uste genuen
berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.
Egia da gure arteko emakume batzuek
harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute
gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu
zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta
emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.
Orduan, Jesusek esan zien:
–Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak
profetek esana sinesteko!
Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar
bere aintzara iristeko?
Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz
profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien.
Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean,
aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. Baina haiek arren eta arren
eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu».
Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.
Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta
Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien.
Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu
egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.
Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan
barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»
Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren;
eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, honela ziotela: «Egia
da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».
Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia
zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.
Jaunak esana.
HOMILIA
2014ko maiatzaren 4a
HARRERA EGIN EBANJELIOAREN INDARRARI
Jesusen
ikasleetarik bi Jerusalemdik kanpora doaz. Triste eta lur jota. Bihotzean
itzali egin zaie Jesusengan jarria zuten esperantza, gurutzean hiltzen ikusi
baitute. Halaz guztiz, hartaz gogoeta egiten jarraitzen dute. Ezin ahaztu
hartaz. Amets hutsa izan ote da guztia?
Bizi
izan duten guztiaz hizketan eta eztabaidan ari direla, Jesus hurbildu zaie eta
bidelagun dute. Alabaina, ikasleek ez diote antzeman. Halako konfiantza eskaini
zioten eta hain sutsuki maite zuten Jesus hura, bidaiari arrotz bat dela uste
dute.
Jesusek
bat egin du haiekin solasean. Hasieran, harriturik entzun diote ikasleek;
pixkana, ordea, zerbait ari zaie sortzen bihotzean. Ez dakite zehatz zer den.
Geroago esango dute: «Ez ote genuen bihotza sutan, bidean mintzo zitzaigunean?»
Eta
Jesusen hitzen erakarmena sentitu dute bidaiariek. Halako batean, haren
lagunartea beharrezko sentitu dute. Ez diote utzi nahi alde egiten: «Geldi
zaitez gurekin». Afarikoan, begiak irekiko zaizkie eta antzemango diote.
Segidako hau da kontakizun honen lehen mezua: Jesus bidelagun onartzen
dugunean, haren hitzek iratzar dezakete gugan galdua genuen esperantza.
Urte
hauetan, jende askok du galdu Jesusekiko konfiantza. Apurka-apurka, pertsonaia
arrotz eta antzeman ezineko bihurtu zaio Jesus. Hartaz dakiten guztia,
predikariei eta katekistei entzun izan dieten hartatik, erdizka eta puskaka,
berreraiki dezaketen apurra da.
Dudarik
gabe, iganderoko homiliak zeregin ordezkaezina betetzen du; baina ez da aski,
bistan da, gaur egungo jendea Ebanjelioarekin zuzeneko harreman biziak izatera
iristeko. Homilia mutu egon behar izaten duen herriaren aurrean egiten da, bere
kezkak, galderak eta problemak adierazko modurik ez duela; horrela, nekez
iritsiko du koloka den fedea biziberritzea, batzuetan ezjakinean, Jesusen bila
dabilen hainbat eta hainbat jenderengan.
Ez
ote da iritsia momentua, Jesusen Ebanjelioa elkarrekin entzuteko, eremu berri
eta desberdin bat sortzeko, igandeko liturgiaren testuingurutik aparte?
Zergatik ez elkartu laiko eta apaiz, emakume eta gizonezko, kristau konbentzitu
eta fedeaz kezka duen jende, Jesusen Ebanjelioa entzutera, partekatzera, hartaz
elkarrekin hitz egin eta hari harrera egitera?
Ebanjelioari
aukera eman beharrean gara, bere indar eraldatzaile guztiaz zuzeneko eta ondoz
ondo harremanak izan ahal ditzan gaur egungo jendearen problema, krisi, beldur
eta esperantzekin. Laster beranduegi izango da Ebanjelioaren jatorrizko
freskotasuna berreskuratzeko.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2011ko maiatzaren 8a
HARTU GOGOAN JESUS
Emausko
ikasleen pasadizo honek Jesusen bi ikaslek bizi izandako esperientzia kontatzen
digu; Jerusalemdik Emaus herrixkara doazela gertatu da; hiriburutik Emausera 8
km dira. Halako maisutasunez kontatzen du kontalariak guztia, non Kristo
piztuarekiko geure fedea gaur berean ere biziberritzera eragiten baitigu.
Jesusen
bi ikasle horiek Jerusalemdik kanpora doaz, haren inguruan bilduz joan den
taldea utziz. Jesus hila delarik, taldea desegiten hasi da. Hura gabe, zertan
jarraitu taldean bildurik? Ametsa desegin da. Jesus hiltzean, ikasleen
bihotzean esnatua zen esperantza ere hil egin da. Ez ote ari horrelako zerbait
gertatzen gure elkarteetan? Ez ote gara ari Jesusekiko fedea hiltzen uzten?
Halaz
guztiz, Jesusez hitz egiten jarraitzen dute aipatu bi ikasleek. Ezin ahaztu
dute Jesus. Gertatuaz mintzo dira. Haren ondoan bizi izan dutenak esanahiren
bat baduela uste du. «Hizketan doazela, Jesus hurbildu zaie eta haiekin batera
doa». Berpiztuaren lehenengo keinua da hori. Ikasleak ez dira gai nor den
antzemateko, baina Jesus presente dute beren ondoan. Ez ote dabil Jesus gaur
ere, Eliza utzi duten baina Jesus gogoan darabilten hainbat eta hainbat
fededunen ondoan, era ezkutuan?
Kontatzailearen
asmoa argi dago: ikasleek bera gogoan darabiltenean eta beraz mintzo direnean hurbiltzen zaie
Jesus. Haren ebanjelioa komentatzen den puntuan egiten da presente Jesus, haren
bizieraz eta haren egitasmoaz hitz egiten den puntuan. Ez ote dago Jesus
gugandik hain absente, hain zuzen hartaz gutxi hitz egiten dugulako?
Burruntzalia
sartzeko gogoa du Jesusek, haiekin hitz egiteko gogoa: «Zertaz mintzo zarete
bidean?» Ez die ezer derrigorrez ezarri nahi, nor den esanez. Beren
esperientzia kontatzen jarraitzeko eskatu die soilik. Jesusekin hitz egiten
jarraituz, beren itsutasunaz konturatuko dira. Begiak irekiko zaizkie, Jesusen
hitzak gidatuko ditu, barne ibilaldi bat egingo dutenean. Halaxe da. Elizan
Jesusez gehiago hitz egingo bagenu eta harekin solas gehiago, gure fedea
biziberrituko litzateke.
Izan
duten uste handiaz eta jasan duten porrotaz mintzo zaizkio ikasleak. Jesusek,
berriz, gurutzean josi duten Mesias hori nor den sakontzen lagundu die. Sutan
jartzen hasi zaie ikasleei bihotza; «ezezagun» hura berekin geldi dadin nahi
dute. Eukaristi afaria ospatzean, begiak ireki zaizkie eta antzemango diote:
Jesus, berekin dute Jesus!
Kristauok
gehiago izan beharko Jesus gogoan: haren hitzak aipatu, haren biziera
komentatu, haren egitasmoan sakondu. Geure fedearen begiak gehiago ireki
beharra dugu eta geure Eukaristian Jesus bizi-bizi sumatu beharra. Beste inor
ez, hura baino presenteago. Bidelagun dugu Jesus.
José Antonio Pagola
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.