Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 17. Igandea (A)
EBANJELIOA
Dituen guztiak saldu
eta landa hura erosten du.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Mateoren liburutik 13,
44-52
Egun haietan, Jesusek jendeari asan zion:
«Jainkoaren erregetzarekin, landan ezkutatua
dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek aurkitzen duelarik, berriro
ezkutatu egiten du, eta pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta landa hura
erosten du.
«Era berean, Jainkoaren erregetzarekin,
harribitxi bila dabilen tratulariarekin bezala gertatzen da. Balio handiko bat
aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du.
«Jainkoaren erregetzarekin, uretara botatzen
den eta mota guztietako arrainak biltzen dituen sarearekin bezala gertatzen da.
Betea denean, bazterrera ateratzen dute; gero, eseri eta onak saskira biltzen
dituzte eta txarrak kanpora botatzen. Berdin izango da munduaren azkenean:
aingeruek etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte, eta su-labera
botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han».
–Ulertu al duzue hau guztia? –galdetu zien
Jesusek ikasleei.
–Bai –erantzun zioten.
Hark esan zien:
–Beraz, Jainkoaren erregetzaren jakinduriaz
jantzia dagoen lege-maisua, bere altxorretik zahar eta berriak ateratzen dituen
etxeko jaunaren antzekoa da.
Jaunak esana.
HOMILIA
2014ko uztailaren 27a
ERABAKIRIK GARRANTZIZKOENA
Gaurko
ebanjelioak Jesusen bi parabola labur bildu ditu, mezu bera dutenak. Kontakizun
bietan, protagonistek altxor bana aurkitu dute: batak egundoko balioa duen
altxorra; besteak kalkulaezineko balioa duen perla. Biek modu berean
erreakzionatu dute: duten guztia pozik, zirt eta zart saldu, eta altxorraz
nahiz perlaz jabetu. Jesusen arabera, erreakzio hori bera izan ohi dute
Jainkoaren erreinua aurkitzen dutenak.
Ematen
du, Jesus beldur dela jendeak interes desberdinez jarrai diezaion, alderik
erakargarrien eta garrantzizkoenari erreparatu gabe: Aitaren egitasmo
liluragarri honi alegia, gizadia mundu zuzenago, anai-arreba artekoago eta
zoriontsuago baterantz gidatzean datzan honi, horrela Jainkoaren baitako behin
betiko bere salbaziorantz gidatuz.
Zer
esan genezake gaur, kristautasunaren hogei menderen ondoren? Nolatan bizi da
hainbat eta hainbat kristau on bere praktika erlijiosoan hesiturik, hartan
inolako «altxorrik» aurkitu ez duen ustean? Non dago gogo bero ezaren eta
poz-faltaren hondo-hondoko sustraia gure Elizako eremu ez gutxitan? Gure
jarduera ez baita gai Ebanjelioaren muinera tira egiteko gizon eta emakume
askori, Elizatik urrunduz doazelarik, alabaina Jainkoari eta Jesusi uko egin
gabe.
Kontzilioaren
ondoren, Paulo VI.ak baieztapen bipil hau egin zuen: «Soilik, Jainkoaren
erreinua da erabatekoa, absolutua. Gainerako guztia erlatiboa da». Urte batzuk
geroxeago, honela baietsi zuen Joan Paulo II.ak: «Ez da Eliza bera bere helburu,
zeren Jainkoaren erreinurantz baitago norabidetua, zeinen ernamuin, seinale eta
tresna baita bera». Frantzisko aita santua ere errepikatzen ari zaigu:
«Jainkoaren erreinua eraikitzea da Jesusen egitasmoa».
Hau
baldin bada Elizaren fedea, nolatan dira gure artean kristau asko, Jesusek
«Jainkoaren erreinua» deitzen duen egitasmo horretaz hitz egiten ere entzun ez
dutenak? Nolatan ez dakite, Jesusen bizitza guztia arnastu zuen sugarra,
Jesusen jardueraren izateko arrazoia eta haren jardueraren helburua, Aitaren
egitasmo gizatartzailea hots egitea eta sustatzea izan zela: Jainkoaren
erreinua eta haren zuzentasunaren bila ibiltzea, alegia?
Eliza
ezin eraberritu da erro-errotik, Jainkoaren erreinuaren «altxorra» aurkitzen ez
badu. Ez dira gauza bera bi hauek: batetik, kristauei dei egitea Jainkoaren
lankide izatera mundua gizakoiago egiteko egitasmo handian eta, bestetik,
Ebanjelioaren muina ahaztarazten diguten jarduera eta ohituretan zabarturik
bizitzea.
Frantzisko
aita santua esaten ari zaigu, «Jainkoaren erreinua galdegiten ari zaigula». Dei
hau, Ebanjelioaren bihotzetik beretik ari zaigu. Adi entzun beharra dugu. Segur
aski, Elizan eta geure kristau-elkarteetan hartu beharko genukeen erabakirik
garrantzizkoena, hauxe da: Jainkoaren erreinuaren egitasmoa berreskuratzea
pozik eta gogo beroz.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2011ko uztailaren 24a
ERAKARMENIK GABEKO JAINKO BAT
Jainkoaz
bizi zuen esperientzia agertu nahi zion Jesusek jendeari. Baita guztientzat
mundu duinagoa eta zoriontsuagoa egiteko zuen egitasmo handiaz bizi zuen
esperientzia ere. Ez zen iritsi beti jendea gogo berotzera. Ohituegia zegoen
jendea beste Jainko batez hitz egiten entzutera: legeaz bakarrik arduratua zen
Jainkoaz, larunbata betetzeaz edo Tenpluko opariez.
Jesusek
bi parabola labur kontatu zizkion haren axola-ezari astindu bat emateko.
Jainkoarekiko gogoa esnatu nahi zuen haiengan. Ikusarazi nahi zion gauza handia
zela berak «Jainkoaren erreinu» deitzen zuen harekin topo egitea: larunbatetan
herriko sinagogan bizi ohi zuena baino askoz handiagoa: ustekabeko aurkikuntza
izan daitekeela Jainkoa, ustekabe handia.
Parabola
bietan berdina da egitura. Lehen kontakizunean, laborari batek soroan ezkutatua
den altxor bat «aurkitzen du». Poz-pozik,
«duen guztia saldu» eta soroa erosten du. Bigarren kontakizunean, perla finetan
merkatari den batek balio handiko perla bat «aurkitzen du»... Zalantzarik gabe, «duen guztia saldu» eta perla erosten du.
Antzeko
zerbait gertatzen da Jesusengan, haren mezuan eta jardueran ezkutatua den «Jainkoaren erreinuarekin». Jainko hori
hain erakargarria, ustekabea eta harrigarria gertatzen da, non aurkitzen duena
bere izatearen hondoenean ukitua sentitzen baita. Jada ezin izan da ezer lehen
bezalako.
Lehenengoz
hasten gara sentitzen Jainkoak egiaz erakartzen gaituela. Ez da gauza
handiagorik bizitza arnasteko eta norabidetzeko. «Jainkoaren erreinuak» aldatu
egin digu gauzak ikusteko modua. Jainkoagan beste era batean sinesten hasten
gara. Orain badakigu zergatik eta zertarako bizi.
Alabaina,
gure erlijioari «Jainkoa erakargarri» izatea falta zaio. Kristau asko
obligazioz erlazionatzen da Jainkoarekin, beldurrez, ohituraz, eginbeharrez...
baina ez hark erakartzen dituela sentitzeagatik. Goiz edo berandu bertan behera
utziko du erlijio hori.
Kristau
askori hain desitxuratua aurkeztu izan zaio Jainkoaren irudia eta harekin bizi
dezakegun erlazioa, non esperientzia erlijiosoa
onartezin eta, are, jasanezin gertatzen baitzaio. Ez dira gutxi orain
berean Jainkoa bertan behera uzten ari direnak, ezin bizi direlako luzaroago
giro erlijioso zoro horretan, kulpaz, mehatxuz, debekuz edo zigorrez
beterikoan.
Igandero,
milaka eta milaka apaiz eta gotzainek predikatzen dugu Ebanjelioa, Jesusen
parabolak eta haren keinu onberak milioika fededuni komentatuz. Jainkoaz zer
esperientzia agertzen dugu? Zein irudi agertzen dugu Aitaz eta haren erreinuaz?
Erakartzen al ditugu bihotzak Jesusengan agertu den Jainkoarenganantz? Ez ote
ditugu urruntzen haren Ontasun-misteriotik?
José Antonio Pagola
HOMILIA
2008ko uztailaren 27a
Erabakia
Ez zen gauza erraza Jesusi
sinestea. Batzuek atseginez hartzen zuten haren
hitza. Beste batzuek, aldiz, aski duda izan zuen. Arrazoibidezkoa ote zen
Jesusi jarraitzea ala zorakeria hutsa zen? Gauza bera gertatzen da gaur: merezi
ote du bizitza gizatarrago egiteko haren egitasmoan parte hartzea? Ez ote da
zentzuzkoagoa nor bere ongizateaz arduratzea? Bien bitartean, hor eman genezake
bizitza osoa erabakirik hartu gabe.
Jesusek bi parabola kontatu
zituen landa-jendearen bihotza liluratzeko. Nekazari pobre bat berea ez duen
soroa aitzurtzen ari da. Halako batean «ezkutuko altxor» batekin egin du topo.
A, zer nolako ezustekoa eta poza! Ez du pentsatzen jarri beharrik. «Poz-pozik»,
duen guztia saldu eta altxorraz jabetu da.
Gauza bera gertatu zaio
«harribitxi finen merkatari» aberats bati ere. Halako batean harribitxi ezin
baliotsuago batekin egin du topo. Adituegia da gauza horietan bere usaimenak
engaina dezan. Eta bat-batean erabaki du. Duen guztia saldu eta harribitxiaz
jabetu da.
Jainkoaren erreinua «ezkutuan»
dago. Jende askok ez du aurkitu oraindik Jainkoak duen mundu berri baten
egitasmoa. Halere, ez da hori iritsi ezineko misterioa. Jesusengan dago
«ezkutatua», Jesusen bizitzan eta mezuan. Jainkoaren erreinua aurkitu ez duen
kristau-elkarteak ez daki zertarako jaio den Jesus.
Jainkoaren erreinua aurkitzeak
aldarazi egiten du hura aurkitu duenaren bizitza. Nahastezina da halakoaren
«poza». Bizitzaren muina aurkitu du, bizitza aldaraz dezakeen balioa. Kristauok
Jesusen egitasmoa aurkitzen ez badugu, Elizan ez da izango pozik.
Parabola hauetako bi
protagonistek erabaki bera hartu dute: «duten guztia saldu dute». Ez da
«Jainkoaren erreinuaren eta haren zuzentasunaren» bila aritzea baino gauza
inportanteagorik. Gainerako guztia gero etorriko da, gauza erlatiboa da beste
guztia eta Jainkoaren egitasmoaren meneko izan behar du.
Hauxe da Elizan, hots,
kristau-elkarteetan hartu beharra dugun erabakirik inportanteena: nolabaiteko
hainbat gauzetatik geure burua askatu, buru-belarri Jainkoaren erreinuari
ekiteko. Alferrikako direnak erantzi. Beste onura batzuez ahaztu. «Galtzen»
jakin, egiatasunean «irabazteko». Horrela jokatzen badugu, Eliza
bihotz-berritzeko lanean ariko gara.
José Antonio Pagola
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.