lunes, 28 de julio de 2014

2014/08/03 - Urteko 18. Igandea (A)

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 18. Igandea (A)


EBANJELIOA

Asetzeraino jan zuten denek.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik  14, 13-21

Dembora horretan, Jesusek Joan hil dela jakitean, Jesus bazter batera joan zen bakarrik txalupaz. Baina jendea ohartu egin zen eta, herrietatik irtenik, oinez jarraitu zioten. Txalupatik jaitsi zenean, jendetza handia ikusi zuen Jesusek eta, errukiturik, gaixoak sendatu zizkien.
Ilunabarrean, ikasleek hurbildu eta esan zioten:
–Toki hau oso urruti dago eta orduak aurrera doaz. Bidal ezazu, bada, jendea, auzoetara joan eta jatekoa eros dezan.
Baina Jesusek erantzun zien:
–Ez dute zertan joanik; eman zeuek jaten.
Haiek, orduan:
–Ez daukagu hemen bost ogi eta bi arrain besterik.
Eta Jesusek:
–Ekarri hona.
Jendeari zelaian esertzeko agindu ondoren, hartu zituen bost ogiak eta bi arrainak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari.
Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.
Bost mila gizon inguru izan ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko abustuaren 3a

EMAN ZEUEK JATEN

Jesus okupaturik dago, alde guztietatik dakarkioten jende gaixo eta elikatu gabe hura sendatzen. Haien sufrimenak hunkitu duelako ari da, ebanjelariak dioenez. Bitartean, ikasleak ohartu dira berandutzen ari dela. Oker ulertuz, «ogien ugaltze» izena eman izan zaion pasadizo honen esanahi sakona ulertzeko aukera ona ematen digu ikasleen eta Jesusen arteko solasak.
Ikasleek planteamendu errealista eta arrazoizkoa egin diote Jesusi: «Agur egiozu jendetzari, herrixketara joan dadin jateko bila». Jasoa du jendetza horrek Jesusengandik behar zuen arreta. Orain, itzul dadila nor bere herrixkara eta eros dezala jateko zerbait, norberaren ahalbide eta baliabideen arabera.
Harritzeko da Jesusen erantzuna: «Ez dute zertan joan. Eman zeuek jaten». Gosea arazo larriegia da bata besteaz arduratu gabe gelditzeko eta gosea nork bere herrian ahal duen bezala konpondu dezan uzteko. Ezta bata besteagandik bereizteko unea, baizik inoiz baino estuago elkartzekoa, guztien artean, inor baztertu gabe, eskura dutena banatzeko.
Ikasleek jakitera eman diote Jesusi bost ogi eta bi arrain bakarrik dituztela. Ez dio axola. Aski da gutxia, eskuzabal partekatzen bada. Otordu handi bat ospatzeko, belardian esertzeko agindu die Jesusek. Bat-batean dena aldatu da. Nork bere aldean gosea asetzera joateko bereizteko puntuan zeudenak Jesusen inguruan eseri dira, duten apurra guztien artean partekatzeko. Horrela ikusi nahi du Jesusek giza elkartea.
Zer gertatu da Jesusek eskuetan hartu dituen ogiarekin eta arrainekin? Ez ditu «ugaldu». Lehenik eta behin, Jainkoa bedeinkatu du eta eskerrak eman dizkio: janari hura Jainkoagandik dator, guztiena da beraz. Ondoren, puskatzen hasi da eta ikasleei ematen. Hauek, berriz, jendeari. Ogiak eta arrainak batetik bestera pasatu dira. Horrela ase ahal izan dute gosea guztiek.
Tanger-eko artzapezpikuak beste behin egin du oihu, «milaka gizon-emakume eta haurren sufrimena gogorazteko: beren zorira utziak eta gobernuek pertsegituak eta mafiaren botere lukurreru eta esklabogilearen esku utzirik, eskale bizi dira, biziraunez, sufrituz eta emigrazio-bidean hilez».
Munduko gosea sustraitik ateratzeko geure indarrak batu ordez, geure «ongizate egoistan» hesitzea bakarrik etortzen zaigu burura, gero eta hesi degradagarriago eta hiltzaileagoak eraikiz. Zein Jainkoren izenean esan nahi diegu agur, miserian hondoratu daitezen? Non dira Jesusen jarraitzaileak?
Noiz entzuten da gure Eukaristian Jesusen agindua: «Eman zeuek jaten»?


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko uztailaren 10a

JENDEAREN PREMIAK

Mateok kontakizun hau ematean, hau dio: Jesus, herrietatik bakardade hartara jarraitu dion jendea ikustean, «hunkitu egin zen barneraino». Ez da narratzailearen xehetasun ikusgarri bat. Jende horrekiko errukiak, non emakume eta haur asko baita, eragin dio Jesusi jardutera.
Izatez, Jesus ez zaio hasi bere mezua predikatzen. Kontakizunean ez dator ezer ere Jesusen irakaspenaz. Jendearen premiaz arduratu da Jesus. Honen ontasun- eta hurbiltasun-keinuez bakarrik mintzo da ebanjelaria. Paraje bakarti hartan egin duen gauza bakarra gaixoak «sendatzea» izan da eta jendeari «jaten ematea».
Zaila da unea. Populatu gabeko parajean dira, ez da jatekorik, ez ostaturik. Berandu da eta gaua gainean. Ikasleen eta Jesusen arteko solasak agertuko digu errukiaren Profetaren jarrera: haren jarraitzaileak ezin egin diete iskin jendearen arazo materialei.
Errealismoz betea den iradokizuna egin diote ikasleek: «Bidal ezazu jendea», doala herrixketara eta eros dezala jatekoa. Uste ez zuten eran erantzun die Jesusek. Ez du nahi jendea modu horretan joatea, baizik berarekin geldi dadin nahi du. Jende pobre horixe da premiarik handiena duena. Ezinezkoa agintzen die orduan: «Emaiozue zeuk jaten».
Berriro, errealismorako deia egin die ikasleek: «Ez dugu bost ogi eta bi arrain besterik». Ezin da ase hainbaten gosea hain gauza gutxirekin. Baina Jesusek ezin utzi du jendea bere kontura. Jendearen sufrimenaren aurrean sentiberago izaten ikasi behar dute ikasleek. Horregatik, duten apurra ekartzeko agindu die.
Azkenean, Jesusek janaritu ditu guztiak eta ikasleak arduratu dira jendeari jaten emateaz. Jesusen eskuetan gutxi dena asko bihurtzen da. Hain txikia eta eskasa izan den ikasleen ekarpen hura emankortasun harrigarri bihurtu da Jesusekin.
Kristauek ezin ahaztu dugu Jesusen errukiak egon behar duela beti Elizaren erdigunean, egiten dugun ororen inspiratzaile. Jesusengandik urrundu egiten gara fedea sasi-espiritualismo izatera murrizten dugunean, jendearen arazo materialez ahaztera garamatzanean.
Gure kristau-elkarteetan hitz dotoreak baino premiazkoago dira solidaritate-keinuak. Aurkitu beharra dugu ezen gutxirekin gauza handiak egin daitezkeela. Jesusek biderka ditzake gure keinu solidario txikiak, oso eginkor bihurtuz. Onarpen eta laguntza beharrean  den inortaz ez arduragabetzea da garrantzizko gauza.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.