Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Mendekostearen igandea (B)
EBANJELIOA
Aitak ni bidali nauen
bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet.
Hartzazue Espiritu
Santua.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-23
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean,
ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik
zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea
zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak
ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien:
«Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo
dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko maiatzaren 24a
ESPIRITUARI DEI EGINEZ
Zatoz,
Espiritu Santua. Esnatu gure fede ahul, arin eta dardarati hau. Egizu,
konfiantza ezar dezagun Jainko gure Aita maitasun hondorik gabean, bere
seme-alaba guztientzat, Elizaren baitako nahiz kanpoko, duen maitasunean. Izan
ere, fede hori itzaliko balitz, laster itoko litzateke gure elkarteetan,
elizetan ere.
Zatoz,
Espiritu Santua. Egizu Jesus izan dadin zeure Elizaren erdigune. Ez dezala
ezerk, ez inork, Jesus ordezkatu, ez lausotu. Ez zaitezela bizi gure artean gu
haren Ebanjeliora erakarri gabe, guri haren ondoren bihozberritzera eragin
gabe. Ez dezagula jo haren Hitzari ihes egitera, ez gaitezela desbideratu haren
maitasun-agindutik. Ez dadila gal munduan haren oroitzapena.
Zatoz,
Espiritu Santua. Ireki gure belarriak zure deia entzuteko, gaur egun egungo
gizon-emakumeen galderetatik, sufrimenduetatik, gatazketatik eta
kontraesanetatik iristen zaigun deia entzuteko. Egizu, bizi gaitezela zure
ahalari irekirik, gizarte berri honek behar duen fede berria sorrarazteko. Zure
Elizan, bizi gaitezela jaiotzen denari adiago, hiltzen denari baino; izan
dezagula esperantza bihotzaren sostengu, eta ez haren hondatzaile den
nostalgia.
Zatoz,
Espiritu Santua. Garbi egizu zeure Elizaren bihotza. Ezarri egia gure artean.
Erakutsi guztioi geure bekatuak eta mugak aitortzen. Gogorarazi guri beste
guztiak bezalako garela: hauskor, erdipurdiko, bekatari. Libra gaitzazu geure
harrokeriatik eta sasi-segurtasunetik. Egizu, ibil gaitezela gizartean
egia eta apaltasun handiagoz.
Zatoz, Espiritu Santua. Erakutsi
guri beste modu batean ikusten bizitza, mundua eta, nagusiki, jendea. Ikas
dezagula begiratzen, Jesusek egiten zuen moduan, sufritzen ari direnei, negar
dagitenei, erortzen direnei, bakarrik eta bazter utzirik bizi direnei. Gure
begiratua kanbiatuko balitz, kanbiatuko lirateke zure Elizaren bihotza eta
begitartea ere. Jesusen ikasleok bizikiago distiraraziko genuke haren
hurbiltasuna, hark zuen ulertzeko era eta solidaritatea, premiarik handienekoen
aurrean. Geure Maisu eta Jaunaren antzekoago izango ginateke.
Zatoz, Espiritu Santua. Egin
gaitzazu ateak irekirik dituen Eliza, bihotz errukitsua eta esperantza
kutsakorra dituen Eliza. Ez gaitzala ezerk, ez inork, oharkabetu edo
desbideratu Jesusen egitasmotik: mundua zuzenago eta duinago, maitagarriago eta
zoriontsuago egiten saiatzetik, Jainkoaren erreinurako bidea urratuz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko maiatzaren 27a
HARTU ESPIRITUA
Apurka-apurka, ikasten ari gara
nola bizi barnetasunik gabe. Jada ez dugu harreman-beharrik geure baitako
gunerik hobenarekin. Aski dugu denbora pasa bizitzearekin. Konforme gara
arimarik gabe funtzionatzearekin eta janaritzat ogia bakarrik izatearekin. Ez
dugu arriskatu nahi egiaren bila. Zatoz, Espiritu Santua, eta libra gaitzazu
barnea hutsik izatetik.
Jada badakigu sustrairik gabe eta
helmugarik gabe bizitzen. Aski dugu kanpotik programa gaitzaten uztearekin.
Etengabe gara mugitzen eta higitzen, baina ez dakigu ez zer nahi dugun, ez nora
goazen. Gero eta informazio handiagoa dugu, baina inoiz baino galduago
sentitzen gara. Zatoz, Espiritu Santua, eta libra gaitzazu noraezean
ibiltzetik.
Esateko, bost axola ditugu
existentziaren arazo handiak. Ez dugu axola argirik gabe gelditzea bizitzari
aurre egiteko. Eszetipkoago bihurtu gara; alabaina, ahulago eta segurtasunik
gabeago ere bai. Adimentsu nahi dugu izan eta argi. Zergatik ez dugu topatzen
sosegurik eta bakerik? Zergatik gaitu horrenbeste bisitatzen tristurak? Zatoz,
Espiritu Santua, eta libra gaitzazu barne-ilunetik.
Gehiago nahi dugu bizi, hobeto,
denbora luzeago; alabaina, zer bizitzeko? Ondo sentitu nahi dugu geure burua,
hobeto; alabaina, zer sentitzeko? Bizitza biziki nola gozatuko gabiltza,
etekina nola aterako; alabaina, ez gara konformatzen ondo pasatzearekin
bakarrik. Gura duguna egiten dugu. Esateko, ez da guretzat, ez debekurik, ez
alor eragotzirik. Zer dela eta nahi izaten dugu beste zerbait? Zatoz, Espiritu
Santua, eta irakats iezaguzu nola bizi.
Aski eta burujabe nahi dugu izan;
alabaina, gero eta bakarrago sentitzen gara. Bizi beharra sentitzen dugu eta
geure mundutxoan hesitzen gara: batzuetan hain aspergarria! Maita gaitzaten
sentitzen dugu; alabaina, ez gara gauza harreman bizi eta adiskidetsuak
eragiteko. Sexuari «maitasuna» deitzen diogu eta plazerari «zoriona»; alabaina,
nork ase dezake gure egarria? Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu
maitatzen.
Gure bizitzan ez da jada
Jainkoarentzat lekurik. Haren presentzia itorik gelditu da gure barnean edo
itxura galdurik. Zaratak hartu digu barnea, jada ezin entzun dugu haren ahotsa.
Hamaika desio eta sentipenetan murgildurik, ezin sumatu dugu haren
hurbiltasuna. Harekin ez beste guztiekin dakigu hitz egiten. Misterioari atzea
emanik bizitzen ikasi dugu. Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu nola
sinetsi.
Fededun eta fedegabe, fede
txikiko eta fede okerreko, horrela goaz erromes askotan bizitzan aurrera.
Espiritu Santuaren kristau-jai honetan, guztioi diosku Jesusek behin batean
bere ikasleei esan zien hura, gainera hats eginez: «Har ezazue Espiritu
Santua». Gure bizitza gaixoaren sostengu eta fede ahularen arnasa den Espiritu
hori, berak bakarrik dakien bidetik sar daiteke gu baitan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko maiatzaren 31a
ESPIRITUARI
DEI EGINEZ
(2015eko maiatzaren 24a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.