Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
6. Pazko Igandea (B)
EBANJELIOA
Ez die inork maitasun
handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Joanen liburutik 15, 9-17
Senide maiteok:
Aitak maite nauen bezala, halaxe maite
zaituztet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen
badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, nik neure Aitaren aginduak betez
haren maitasunean irauten dudan bezala. Hau guztia nire poza zeuengan izan
dezazuen esan dizuet, eta poz hori bete-betea izan dadin.
«Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar
nik maite izan zaituztedan bezala. Ez die inork maitasun handiagorik
adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino. Zuek nire adiskide
izango zarete, nik agintzen dizuedana egiten baduzue. Aurrerantzean ez dizuet
morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei
adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet.
Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau
eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela. Nire izenean
Aitari eskatuko diozuen guztia, eman egingo dizue. Hauxe agintzen dizuet: maita
dezazuela elkar.
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko maiatzaren 10a
MAITASUNETIK
DESBIDERATU GABE
Joan ebanjelariak agur-hitzaldi
luzea jarri du Jesusen ahoan, eta bizitasun bereziz jaso ditu horretan
funtsezko ezaugarri batzuk, mendetan barna ikasleek gogoan hartu beharrekoak,
Jesusi eta haren egitasmoari leialak izan nahi badute. Jakina, gaur egun ere
bai.
«Iraun nire maitasunean». Horra
lehenengo gauza. Kontua ez da erlijio batean bizitzea, baizik eta Jesusek digun
maitasunean bizitzea, Aitagandik hartu duen maitasunean. Kristau izatea ez da
lehenik eta behin doktrina-arazoa, baizik maitasun-arazoa da. Mendetan barna,
ikasleek mila eratako dudak, gatazkak eta zailtasunak izan dituzte.
Garrantzizkoa beti maitasunetik ez desbideratzea izanen da.
Jesusen maitasunean irautea ez da
gauza teorikoa, ezta mamirik gabea ere. «Aginduak gordetzean» datza, eta
haurrideekiko maitasunean laburbildu du Jesusek berak agindu hori: «Hau da ni
agindua: maita dezazuela elkar, nik maite zaituztedan bezala». Agindu askorekin
egingo topo kristauak bere erlijioan. Askotarikoak eta desberdinak dituzte,
ordea, agindu horiek beren jatorria, beren izaera, beren garrantzia. Egunak
joan egunak etorri, arauak ugaldu egiten dira. Maitasunaren aginduaz bakarrik
dio Jesusek hau: «Hau da nire agindua». Noiznahi eta nonahi, gauza
erabakitzailea kristauarentzat haurrideekiko maitasunetik ez irtetea da.
Jesusek ez du aurkeztu
maitasunaren agindu hau gure bizitza latzagoa eta astunagoa egingo duen lege
bezala, baizik poz-iturri bezala: «Honetaz mintzo natzaizue, nire poza zuengan
izan dadin eta zuen poza bere betera irits dadin». Gure artean zinezko
maitasunik ez denean, hutsunea eratzen da, ez ezerk ez inork pozez bete ezin
duen hutsunea.
Maitasunik gabe ezin da pausorik
eman kristautasun irekiago, bihozkoiago, alaiago, xumeago eta maitagarriago
baterantz, Jesusekin «adiskide» bezala −ebanjelioaren esapidea erabiliz−
bizitzeko modua eskainiko lukeen baterantz. Ezin jakingo dugu poza eragiten.
Nahi izan gabe ere, kristautasun triste bat, kexuz, erresuminez, lantuz eta
etsipenez betea lantzen jarraituko dugu.
Gure kristautasunari, sarritan,
poza falta zaio, egiten eta bizi ohi denak eman dezakeen poza. Sarritan, Jesu
Kristorekiko gure jarraipenak berrikuntzaren sua falta izaten du, eta tristura
izaten du sobera, Jesusek gugandik espero duena egiteko konbentzimendurik gabe,
gauzak errepikatzen aritzeak dakarren tristura.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko maiatzaren 13a
JESUSEN
MAITATZEKO ERA
Ikasleei agur esaten ari da
Jesus. Biziki maite izan ditu. Aitak bera maite izan duen maitasun beraz maite
izan ditu. Haiek utzi beharra etorri zaio orain. Ez dakite elkar maitatzen.
Beren artean ezbaian ikusi ditu lehen jarlekuen bila. Zer izango ote haietaz?
Jesusen hitzek tonuera jasoa
dute. Guztien bihotzean ondo ezarriak gelditu behar dute: «Hona nire agindua:
maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Jesusek ez du nahi
bere maitatzeko era ikasleek gal dezaten. Egunen batean ahazten badute, ezin
hartuko ditu inork Jesusen ikasletzat.
Ezabaezineko oroitzapena gorde
zuten. Honela laburtu zuten haren bizitza lehen belaunaldiek: «Alde guztietan
on eginez igaro zen». Gauza ona zen harekin topo egitea. Jendearen ongia bilatu
zuen beti. Nola bizi irakasten zuen. Berri On izan zen haren bizitza.
Jainkoaren hurbiltasuna suma zitekeen haren baitan.
Nahastezineko era du Jesusek
maitatzean. Oso sentibera da jendearen sufrimenduaren aurrean. Ezin jiratu da
beste aldera norbait sufritzen ikustean. Behin batean Naingo herrixkan
sartzean, lur emate batekin egin du topo: emakume alargun bat bere seme bakarrari
lur ematera doa. Barru-barrutik jaio zaio Jesusi ezezagun harenganako
maitasuna: «Emakume, ez negar egin». Jesusek bezala maite duena, sufrimena nola
arinduko bizi ohi da eta malkoak nola lehortuko.
Ebanjelioek une askotan
gogoratzen dute nola atzematen zuen Jesusek bere begiez jendearen sufrimena.
Halakoei begira jarri eta hunkitu egiten zen: sufritzen sumatzen zituen, edo
lur jota, edo artzainik gabeko ardi bezala. Berehala, gaixoenak sendatzeari
ekiten zion edota bere hitzaz elikatzera. Jesusek bezala maite duenak, jendeari
aurpegira errukiz begiratzen ikasten du.
Miresgarria da Jesusen prestasuna
jendeari on egiteko. Ez dago bere buruari begira. Edozein deiri egiten dio
kasu, beti ahal duena egiteko prest. Bidean doala eskale itsu batek errukitzeko
eskatu dionean, hitz hauekin egin dio harrera: «Zer nahi duzu nik zuri egitea?
Jarrera horixe izan ohi du bizitzan, Jesusek bezala maite duenak.
Badaki Jesusek ezindu handienen
ondoan egoten. Ez du beharrik ezer eska diezaioten. Ahal duena egiten du haien
oinazea sendatzeko, haien kontzientzia askatzeko edota Jainkoarekiko konfiantza
kutsatzeko. Baina ezin konpondu ditu jende haren arazo guztiak.
Hargatik, ontasun-keinuak egiten
ditu: kaleko haurrak besarkatu: ez du inor ikusi nahi umezurtz; gaixoak
bedeinkatu: ez du nahi Jainkoak utzi dituenik senti dezaten; lepradunen azala
ferekatu: ez du nahi bazter utziak direnik pentsa dezaten. Horrelakoak dira
Jesusek bezala maite duenaren keinuak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko maiatzaren 17a
MAITASUNETIK
DESBIDERATU GABE
(2015eko maiatzaren 10a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.