lunes, 15 de junio de 2015

2015/06/21 - Urteko 12. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 12. Igandea (B)


EBANJELIOA

Nor ote dugu hau, esana egiten baitiote haizeak eta aintzirak ere?

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 4,35-41

Egun berean, ilunabarrez, Jesusek bere ikasleei esan zien: «Goazen aintziraz beste aldera».
Jende-taldea utzirik, zegoen txalupan bertan eraman zuten Jesus, beste zenbait ontzi ere harekin batera bazen arren. Hortan, haize-bolada zakarra atera zuen, eta uhinek txalupa jotzen zuten, ia urez betetzeraino. Jesus, berriz, txopan lo, buruko baten gainean. Esnarazi eta esan zioten:
–Maisu, ez al dizu axola gu galtzeak?
Hark, esnaturik, haserre egin zion haizeari, eta aintzirari esan:
–Hago isilik! Geldi!
Gelditu zen haizea eta barealdi handia egin zen. Jesusek esan zien:
–Zergatik beldur hori? Nolatan duzue oraindik hain sinesmen gutxi?
Beldur-ikaraz gelditu ziren, elkarri esanez: «Nor ote dugu hau, esana egiten baitiote haizeak eta aintzirak ere?»

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko ekainaren 21a

ZERGATIK ZARETE HAIN KOLDAR?

«Zergatik zarete hain koldar? Oraino federik ez»? Jesusek ikasleei egin dizkien bi galdera hauek ez dira, Markos ebanjelariarentzat, aspaldiko pasadizo. Jesusen jarraitzaileek beren krisialdian entzun beharreko galdera dira. Gaur egun geure buruari egin beharreko galdera: Zein da, ordea, gure koldarkeriaren sustraia. Zergatik gara beldur etorkizunaz? Ez ote Jesu Kristogan konfiantzarik ez dugulako?
Laburra da kontakizuna. Jesusen agindu hau du abiapuntu: «Goazen beste ertzera». Ikasleek badakite Tiberiades aintziraren beste ertzean Dekapolis dagoela, lurralde paganoa. Lurralde desberdina eta arrotza. Beren erlijioari eta sineskizunei buruz kontrako kultura duena.
Bat-batean ekaitz latza harrotu da, ikasleen taldean gertatu ohi denaren metafora grafikoa. Ontziari latz eraso dioten urakan-haizeak, olatuak, dena hartzen hasi den ura: argi adierazten du egoera horrek guztiak zer egin ahal izango duten Jesusen jarraitzaileek mundu paganoaren etsaigoaren aurrean? Bere egitekoa ez ezik, taldeak bizirik jarraitu ahal izatea ere arriskuan ikusi dute.
Ikasleek esnarazi dutelarik, Jesusek esku hartu du, haizea gelditu da eta bare-bare da aintzira. Harritzeko gauza, ordea, ikasleak «izuturik gelditu izana» da.
Lehen, ekaitzaren beldur. Orain, dirudienez, Jesusen beldur. Halaz guztiz, zerbait erabakigarria gertatu da haien baitan: Jesusengana jo dute; ezagutzen ez duten indar salbatzailea nabari diote orain; hura nor eta zein ote den galdezka hasi dira. Sumatzen hasi dira harekin dena dela posible.
Kristautasuna gaur egun «ekaitz gogor» baten erdian da, eta beldurra gutaz nagusitzen hasia da. Ez gara ausartzen «beste ertzera» igarotzen.
Kultura modernoa lurralde arrotz eta etsai dela iruditzen zaigu. Geroak beldurra ematen digu. Sormenak gauza debekatua dela ematen du. Batzuek uste dute ezen hobe dela atzera begira jartzea aurrera hobeto egin ahal izateko.
Denok harriaraz gaitzake Jesusek. Berpiztuak badu indarra kristautasunaren historian aro berri bat estreinatzeko. Fedea zaigu eskatzen soilik. Halako beldurretik eta koldarkeriatik libra gaitzakeen fedea, eta Jesusen urratsei jarraiki bide egitera eragin diezagukeen fedea.

 José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko ekainaren 24a

ZERGATIK ZARETE HAIN BELDUR?

Jesus eta haren ikasleak doazen itsasontzia ekaitz batek jo du, Galileako aintziran udako egun batzuetan ezustean eta harro sortzen diren haietako batek. Markosek pasadizo hori deskribatu du, une zailak bizi dituzten kristau-elkarteen fedea esnatzeko.
Kontakizuna ez da istorio lasaigarri bat, gaur egungo kristauak kontsolatzeko, Jainkoaren babesa aginduz Elizari historian patxadan ibiltzeko aukera emateko. Jesusen dei erabakitzailea da, une zailetan berarekin itsasbidea egiteko: «Zergatik zarete hain koldar? Oraino ez al duzue federik?»
Hasieratik prestatu du Markosek pasadizoa. Esan digu «arratsa zela». Laster estaliko du aintzira gau ilunak. Jesus izan da itsasbide arraro horren eragilea: «Goazen beste ertzera». Esapidea ez da batere inozentea. Elkarrekin joatera gonbidatu ditu, ontzi berean, beste mundu baterantz, ezaguna dutena baino harago: Dekapolis lurralde paganorantz.
Bat-batean, urakan zakar bat jaiki da, eta uhinek gogor jotzen dute ontzia, urez betez. Patetikoa da eszena: brankan, ikasleak borrokan, ezinean, ekaitzaren kontra; txopan, txoko altuxeagoan, Jesus lo, kuxin baten gainean.
Izuturik, Jesus esnatu dute ikasleek. Ez dute sumatu Aitarekiko Jesusek duen konfiantza. Harengan ikusi duten gauza bakarra, beraietaz axolarik ez izatea da. Beldurrak jota ageri dira eta urduri: «Maisu, ez al dizu inporta gu hondoratzea?»
Jesusek ez du zuritu bere jarrera. Zutik jarri eta konjuru antzeko bat bota du: haizea gelditu eta dena bare-bare egin da. Bake eta isiltasun handi horietaz baliatuz, bi galdera egin dizkie Jesusek, guganaino iritsi diren hauek: «Zergatik zarete hain koldar?Oraino ez al duzue federik?»
Zer ari zaigu gertatzen kristauei? Zergatik gara hain beldur aldi erabakigarri hauei aurre egiteko?, zergatik hain konfiantza txikia Jesusengan? Ez ote da hondoratzeko beldur hori blokeatzen gaituena? Ez ote da segurtasun bila itsu-itsu ibiltzea, aldi hauen irakurketa buru argiz, erantzukizunez eta konfiantzaz egitea eragozten diguna? Zergatik gara hain uzkur ikusteko, Jainkoa dela Eliza gidatzen duena Jesusi eta haren Ebanjelioari leialago izatera? Zergatik bilatzen dugu segurtasuna iraganean ezaguna eta eraikia den hartan?, zergatik ez dugu entzun nahi «beste ertzera igarotzeko» Jesusen deia?, Jainkoaz axolagabe den, baina hartarainoko esperantza-beharra duen munduan Berri Ona apal-apal ereiteko.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.