lunes, 19 de octubre de 2015

2015/10/25 - Urteko 30. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 30. Igandea (B)


EBANJELIOA

Berriro ikustea, Jauna.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 10, 46b-52

Denbora haietan, Jesus bere ikasleekin eta jendetza handiarekin Jerikotik irteterakoan, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean zegoen bide-ertzean eserita. Jesus Nazaretarra zela jakitean, oihuka hasi zen:
– Daviden Semea, Jesus, erruki zakizkit!
Askok gogor egiten zioten, isilarazteko; baina hark areago oihu:
– Daviden Semea, erruki zakizkit!
Jesusek gelditu eta hari dei egiteko agindu zuen. Dei egin zioten itsuari, esanez:
– Izan bihotz! Jaiki, deika ari zaik.
Bere soingainekoa jaurtiz, salto batean zutitu eta Jesusengana joan zen. Jesusek galdegin zion:
– Zer nahi duzu niregandik?
Itsuak erantzun:
– Berriro ikustea, Jauna.
Jesusek esan zion:
– Zoaz, zeure sinesmenak sendatu zaitu.
Une berean ikusmena etorri zitzaion berriro, eta Jesusen ondoren zihoan bidean.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko urriaren25a

ITSU IZATETIK SENDATU

Zer egin genezake geure bihotzean fedea epeltzen ar dela nabari dugunean? Daitekeena ote erreakzionatzea? Irten ote gintezke axola-ezetik? Bartimeo itsuaren sendatzea dakarkigu Markosek, bere irakurleei bihotz emateko, bere bizitza aldaraz lezakeen ibilbidea egitera jo dezaten.
Ez da neke geure burua ezagutzea Bartimeoren irudi horretan. Inoizka «itsu» bezala bizi ohi gara, begirik gabe, Jesusek ikusten zuen moduan, bizitza ikusteko. «Eseririk», ohiko erlijio batean kokaturik, Jesusen urratsei jarraitzeko kemenik gabe. Desbideraturik, Jesus egiten ari den bidearen «ertzean», hura hartu ezinik geure kristau-elkarteen gidaritzat.
Zer egin genezake? Bere itsu-izaera eta guzti, Bartimeok «jakin du» ezen bere ingurunean dabilela Jesus. Ezin utzi du galtzen bere aukera, eta hoska ekin dio, behin eta berriz: «erruki nitaz». Horixe da beti lehenengo gauza: bihotza irekitzea edozein deiri edo esperientziari, geure bizitza sendatzera gonbidatzen gaituenean.
Itsuak ez daki bestek egindako otoitzak errepikatzen. Dei-hotsa bakarrik atera zaio, erruki-eskea soilik, bere burua gaizki ikusten duelako. Dei-hots apal eta egiati hori, bihotz-barnetik atera den hori, bizitza on baten hasiera gerta dakiguke. Jesus ez da igaroko gure ondotik kasurik egin gabe.  
Itsuak lurrean jarraitzen du, Jesusengandik urrun, baina adi-adi entzun du bidalitakoek esaten diotena: «Aupa! Jaiki! Deika duzu!» Lehenik, bihotza ireki du, esperantzari zirriztu txiki bat eskainiz. Ondoren, deia entzun du, jaiki eta erreakziona dezan. Azkenik, ez dago bakarrik: deika sumatu du Jesus. Guztiz aldarazi du horrek itsua.
Orduan, hiru urrats egin ditu Bartimeok, bere bizia aldatuko dutenak. «Gain-jantzia bota du», oztopo du Jesusengana joateko. Gero, artean itsumustuka bada ere, «jausi bat egin du», ausart. Horrela, Jesusengana «hurbildu da». Horra zer behar genukeen gutako askok ere: geure fedea itotzen ari diren lotura askotarik geure burua askatu; behingoz erabaki hartu, gerorako utzi gabe; eta Jesusen aurrean jarri, konfiantza xumez eta berriz.
Jesusek galdetu dionean zer nahi duen, itsuak ez du dudarik. Ederki asko daki zer behar duen: «Irakasle, ikus dezadala». Hori da gauzarik inportanteena. Norbait gauzak era berri batean ikusten hasten denean, eraldatu egiten da halakoaren bizitza. Elkarte bat, Jesusen argia ikusten duenean, bihotz-berritu egiten da.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko urriaren 28a

BESTE BEGI BATZUEZ IKUSI

Bartimeo itsuaren sendatzea kontatzean, asmo hau izan du Markosek: kristau-elkarteei beren itsutasunetik eta eskastasunetik irten daitezen eskatzea. Horrela bakarrik jarraitu ahal izango diote Jesusi, honen Ebanjelioaren bidetik. Era harrigarrian gaur-gaurkoa da kontakizuna gure egun hauetako Elizarentzat.
«Bide-ertzean eseria dagoen eskale itsua» da Martimeo. Bere bizitzan gaua bizi du beti. Jesusez hitz egiten entzun du, baina ez du ikusi haren aurpegia. Ezin jarraitu dio. Jesus doan bide ondoan da, baina kanpoan. Ez ote da hori gure egoera? Kristau itsuak, bide ondoan eseriak, Jesusi jarraitu ezinik?
Gure artean gaua da. Ez dugu ezagutzen Jesus. Argi-falta dugu, haren bidean ibiltzeko. Ez dakigu norantz doan Eliza. Ez dakigu ere zer etorkizun nahi dugun Elizarentzat. Gu Jesusen jarraitzaile bihurtzea lortzen ez duen erlijio batean kokaturik, Ebanjelioaren ondoan bizi gara, baina kanpoan. Zer egin genezake?
Bere itsutasuna eta guzti, Jesus bere ingurutik igarotzen ari dela sumatu du Bartimeok. Zerbaitek esaten dio Jesusengan duela bere salbazioa: «Jesus, Daviden Semea, erruki zaitez nitaz». Oihu honek, fedez errepikaturik, sendatu egingo du.
Gaur kexuak eta lantuak entzuten dira Elizan, kritikak, protestak, batak bestea gutxiestea. Ez da entzuten gure itsuaren otoitz apal eta konfiantzazkorik. Ahaztu egin dugu Jesusek bakarrik salba dezakeela Eliza hau. Ez dugu sumatzen Jesus gugandik hurbil dela. Geuregan bakarrik sinesten dugu.
Bartimeo itsuak ez du ikusten, baina gai da Jesusen ahotsa entzuteko, hark bidalitakoen bidez: «Aupa, jaiki zaitez, deika duzu». Horra zein giro sortu beharko genukeen Elizan. Batak bestea animatu erreakzionatzeko. Erlijio konbentzional batean kokaturik ez jarraitzeko. Deika ari zaigun Jesusengana itzultzeko. Hau dugu lehen helburu pastorala.
Era miresgarrian erreakzionatu du itsuak: jaikitzea eragozten dion soingainekoa bota eta, bere iluntasunean jauzi bat eginez, Jesusengana hurbildu da. Eskari bakar bat irten zaio bihotzetik: «Maisu, ikusi ahal dezadala». Begiak irekitzen bazaizkio, dena aldatuko da. Kontakizunak, bukatzeko, dio itsuak bista eskuratu duela eta «bidean jarraitu ziola» Jesusi.
Hau bera da kristauek gaur egun behar dugun sendatzea. Eliza eralda lezakeen jauzi berezia. Jesusi begiratzeko era aldatzen badugu, haren Ebanjelioa beste begi batzuez irakurtzen badugu, haren mezuaren jatortasuna sumatzen badugu eta gizatasun handiagoko mundu bat egiteko haren egitasmoak liluratzen bagaitu, Jesusen indarrak erakarriko gaitu. Gure elkarteek ezagutu dute, hari hurbiletik jarraituz, bizitzearen poza.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko urriaren 25a

ITSU IZATETIK SENDATU

(2015eko urriaren 25a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.