Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 34. Igandea - Jesukristo unibertsoaren erregea (B)
EBANJELIOA
Errege naiz, zeuk diozun bezalaxe.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 18, 33b-37
Denbora haietan, Pilato
Jesusi galdegin zion:
– Zu al zara
juduen erregea?
Eta Jesusek:
– Zeure kabuz
galdetzen didazu hori ala besteek esan dizute hori nitaz?
Pilatok erantzun
zion:
– Judua ote naiz,
bada, ni? Zeure herrikoek eta apaizburuek ekarri zaituzte niregana. Zer egin
duzu?
Jesusek erantzun:
– Nire erregetza
ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jendeak
borroka egingo zuen ni judu-agintarien menpe ez erortzeko; nire erregetza,
ordea, ez da hemengoa.
Orduan, Pilatok
esan zion:
– Beraz, errege
zara zu?
Jesusek erantzun
zion:
– Errege naiz,
zeuk diozun bezalaxe. Horretarakoxe jaio eta etorri naiz mundura: egiaren
testigantza egitera. Egiarena denak entzuten du nire ahotsa.
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko azaroaren 22a
AZTERKETA EGIAREN TESTIGUAREN AURREAN
Jesus
erailtzea erabakiko den prozesuan, Joanen ebanjelioak bakarreko solasaldi
harrigarria dakar Pilatoren eta Jesusen artean; bata Lurreko inperio
boteretsuenaren ordezkaria eta bestea egiaren testigu bezala agertu den
auzipetu atxilotua.
Hain
segur, Pilatok bere tronu aurrean duen pertsonaia bitxiak bere baitan duen egia
jakin nahi du, itxuraz: «Zu al zara
juduen erregea?» Joan ebanjelariak
oso gustuko dituen oinarrizko bi baieztapenez erantzun dio Jesusek.
«Nire erregetza ez da mundu honetakoa». Jesus ez da errege Pilatok uste duen harikoa. Ez du
Israelgo tronua hartzeko asmorik, ezta Tiberiori bere inperio-boterea airean
jartzeko ere. Jesus ez da Erromako prefektu hori, Pilato, mugitzen den sistema
horretako gizona, sostengutzat injustizia eta gezurra dituen horretakoa. Ez da
oinarritzen armen indarrean. Guztiz bestelakoa den zimentarria du Jesusenak.
Jainkoak munduari dion maitasunetik dator Jesusen erregetza.
Segidan,
ordea, gauza bat inportantea gehitu du: «Errege
naiz... eta egiaren testigu izateko etorri naiz mundura». Mundu honetan
nahi du gauzatu bere erregetza, baina era txundigarri batean. Ez da etorri
Tiberio bezalako erregea izatera, baizik «egiaren
testigu izatera», gizadiaren historian Jainkoaren maitasuna eta zuzentasuna
txertatuz.
Jesusek
berekin dakarren egia hau ez da irakaspen teorikoa. Dei bat da, pertsonaren
bizitza eralda dezakeen deia. Esana du Jesusek: «Nire Hitzari leial eusten badiozue... ezagutu duzue egia eta egiak
pertsona aske eginen zaituzte». Jesusen Ebanjelioari leial izatea
esperientzia berezia da, esperientzia bakarra, zeren egia askatzailea
ezagutzera baitzaramatza, zeure bizia gizatarrago egiteko gai egingo zaituen
egia askatzailea ezagutzera.
Jesu
Kristo da egia bakarra, kristauok geure bizitzan zilegi dugun bakarra. Ez ote
gara Jesusen Elizan kontzientziako talde-azterketa egin beharrean «Egiaren
Testiguaren» aurrean? Ez ote gara apal-apal bereizi beharrean zer den egia eta
zer den gezurra Jesusekiko geure jarraipenean? Zertan dugu aske egiten gaituen
egiarik eta zertan esklabo egiten gaituen gezurrik? Ez ote gara urrats batzuk
egin beharrean geure bizitzan, geure elkarteetan, geure erakundeetan egia
gizatarraren eta ebanjeliozkoaren maila goragokoetara jotzeko?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko azaroaren 25a
EGIA ERAGIN
Jesusen
kontrako auzia, Jerusalemera joatean, Pilato bizi ohi zen jauregian egin zuten
segur aski. Han topo egin zuten, hogeita hamargarren urteko apirilaren goiz
batean, Jesus izeneko akusatu babesgabe batek eta Erromako inperio-sistema
boteretsuaren ordezkari batek.
Bien
arteko solasaldia dakar Joanen ebanjelioak. Egia esateko, galdaketa baino
gehiago, Jesusen hitzaldia dela ematen du, ebanjelariarentzat interesgarri
diren gai batzuk argitzeko. Une jakin batean, aldarrikapen handi hau egin du
Jesusek: «Honetarako etorri naiz ni mundura: egiaren lekuko izateko. Egiarena
den orok entzuten du nire ahotsa».
Jesusen
profeta-ibilbidea definitzen duen oinarrizko ezaugarri bat biltzen du
baieztapen honek: Jainkoaren egian bizitzeko duen gogoa. Jesusek ez du egia
esan bakarrik egiten, baizik eta bilatu egiten du egia eta, soilik, bere
seme-alaba guztientzat gizatasun handiagoko mundua nahi duen Jainkoaren egia.
Horregatik,
aginpidez mintzo da Jesus, baina agintekeria faltsurik gabe. Egiazaletasunez
mintzo da Jesus, baina dogmatismorik gabe. Ez da mintzo beren egia ezarri nahi
duten fanatikoak bezala. Ezta, hartan sinetsi gabe, beharturik defendatzen
duten funtzionarioak bezala ere. Ez da sentitu sekula egiaren zaindari, baizik
lekuko.
Jesusek
ez du bihurtu propaganda Jainkoaren egia. Ez da baliatu hartaz bere
probetxurako, baizik behartsuen defentsarako. Ezin jasan du gezurra edo
bidegabekeria ezkutatzea. Ezin eroan du manipulazioa. Jesus horrela «ahotsik
gabekoen ahots, eta ahots gehiegi dutenen kontrako ahots» (Jon Sobrino) bihurtu
da.
Ahots
hau inoiz baino beharrezkoagoa da krisialdi ekonomikoak harrapatua duen gizarte
honetan. Egia ezkutatzea oinarri sendoenetako bat da, finantza-botere handien
eta halakoen eskakizunen mende dagoen kudeaketa politikoaren jardueran.
Gezurrean biziarazi nahi digute krisialdia.
Ahal
duten guztia egiten dute krisiaren eragile nagusienen erantzukizuna
ezkutatzeko, eta biktima ahulenen eta babesgabeenen sufrimenduari ezikusia
egiten diote erarik makurrenean. Premia gorrikoa da krisialdia gizatartzea,
sufritzen dutenen egia arretaren erdigune bihurtuz eta gero eta larriagoa den
halakoen egoerari lehenengo ardura eskainiz.
Guztiei
eskatzekoa den lehen egia da hori, gizatasunik gabe izan nahi ez badugu. Ororen
aurreko datua da. Ezin hartu dugu ohiko gauzatzat gizon-emakume ahulenak
betetzen ari diren giza bazterketa eta etsipena. Jesusi jarraitzen diogunok
entzunarazi egin behar dugu haien ahotsa, eta, senak eraginda, haien defentsari
eta laguntzari ekin. Egiarena den orok entzuten du Jesusen ahotsa.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko azaroaren 22a
AZTERKETA EGIAREN TESTIGUAREN AURREAN
(2015eko
azaroaren 22a homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.