lunes, 11 de enero de 2016

2016/01/17 - Urteko 2. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 2. Igandea (C)


EBANJELIOA

Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 2, 1-11

Hiru egunera, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta han zen Jesusen ama. Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu zituzten ezteietara. Eta ardoa amaitu baitzen, esan zion amak Jesusi:
– Ez dute ardorik.
Jesusek erantzun zion:
– Utz nazazu bakean, emakume. Oraino ez da etorri nire ordua .
Jesusen amak honela esan zien zerbitzariei: «Egin horrek esango dizuena».
Baziren han harrizko sei ur-ontzi, juduek beren garbikuntzetarako erabili ohi zituztenak, ehunen bat litrokoa bakoitza.
Jesusek esan zien zerbitzariei:
– Bete ontziak urez.
Haiek goraino bete zituzten. Orduan, esan zien:
– Atera pixka bat eta eraman mahaizainari.
Hala egin zuten haiek.
Mahaizainak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, nongoa zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazekiten, beraiek atera baitzuten ura. Ardo berria dastatu zueneko, senarrari dei egin eta esan zion: «Jende guztiak ardorik onena atera ohi du lehenik eta, jendea aski edanda dagoenean, arruntagoa; zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardorik onena».
Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; honela, bere Jainko-aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko urtarrilaren 17a

SEINALEEN HIZKUNTZA

Joan ebanjelariak ez dio Jesusek «mirariak» edo «mirakuluak» egin zituenik. «Seinaleak» izena eman die Joanek; hain zuzen ere, gure begiek ikus dezaketena baino sakonagora garamatzaten keinuak direlako. Zehazki, Jesusek egin dituen seinaleek hari begira jartzen gaituzte eta haren indar salbatzailea aurkiarazten digute.
Seinale guztien hasiera da Galileako Kanan gertatua. Bere bizitza guztian Jesusek burutu dituen seinale guztien prototipoa. «Ura ardo bihurtze» horretan eskaini digu Jesusek giltza, berak dagien salbazio-eraldaketaren mota ulertzeko; baita, haren izenean, haren jarraitzaileek eskainiko dutenarena ere.
Eztei baten markoan gertatu da guztia; jairik gizatarrenaren, maitasunaren sinbolo adierazkorrenaren, Jainkoak gizakiarekin egin duen elkartze behin betikoa iradokitzeko Bibliaren tradizioko imajinarik hobenaren markoan. Jesu Kristoren salbazioa honela behar dute bizi eta eskaini haren jarraitzaileek: giza jaiak bete-beteko egiten dituen jai bezala, haiek huts gertatzen direnean, hau da, «ardorik gabeko» eta zoriontasun osoaren gure gogoa betetzeko ez-gai direnean.
Besterik ere iradokitzen du kontakizun honek. Orduan bakarrik har dakioke urari ardo-gustua: juduek beren burua garbi egiteko harrizko sei urontzi handitan izan ohi duten eta, Jesusen hitzari jarraituz, haietatik aterea denean. Harrizko harlauzatan idatzia den legearen erlijioa agortua da jada: ez da gai gizakia garbi egiteko. Jesusek dakarren maitasunaz eta biziaz liberatu beharra da erlijio hori.
Jendea ezin da ebanjelizatu nolanahi. Jesusen indar eraldatzailea komunikatzeko ez dira aski hitzak, beharrezkoak dira keinuak. Ebanjelizatzea ez datza hitz egite hutsean, predikatze eta irakaste hutsean, are gutxiago juzgatzean, mehatxu egitean edo gaitzestean. Premiazkoa da eguneratzea, leialtasun sortzailez, Jesusek egin ohi zituen seinaleak; hain juxtu, landa-jende haren bizitza latza gozatzeko, Jainkoagandiko alaitasuna gizarteratuz, Jesusek egiten zituen seinaleak eguneratu beharra da.
Gaur egungo jende askori Elizaren hitza bost axola dio. Aspertu egiten da gure ospakizunetan. Elizagandik seinale hurbilagokoak eta adiskidetsuagoak nahi ditu, bizitzako sufrimendua eta laztasuna eztitzeko kristauengan gaitasun handiagoa ikusi ahal izateko.
Zein ibiliko da berri gozagarri ez den zerbait bila?, nagusiki ebanjeliora jauntxokeriaz eta mehatxuz joz jokatzen bada? Jesu Kristo jende askok bizitzeko indar eta eragin bezala espero du, eta era zentzuzkoagoz eta pozgarriagoz bizitzeko bide bezala. «Erlijio geldoa» soilik eskaintzen bazaie, ezin dastatu ahal izango dute Jesusek kutsatu ohi zuen jai-alaitasun hura, eta urrunduz jarraituko du jendeak.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko urtarrilaren 20a

KEINU BAT EZ OSO ERLIJIOSOA

«Ezteiak ziren Galilean». Horrela hasten da kontakizun hau, gauza bat ezustekoa eta harrigarria esanez. Jesusek, Jainkoaren Bidaliak, jendaurrean izan duen lehen parte-hartzeak ez du erlijiosotik ezer. Ez da gertatu leku sakratu batean. Oso deseroso izan zitekeen eztei-jai bat «onik ateraz» estreinatuko du Jesusek bere jarduera profetikoa.
Galileako herrixka pobre haietan, guztietan preziatuena zen eztei-jaia. Hainbat egunetan lagun egiten zieten familiartekoek eta adiskideek ezkonberriei, haiekin jan-edanez, jai-giroan dantza eginez eta maitasun-kantak abestuz.
Joanen ebanjelioak esan digu eztei-jai hauetako batean egin zuela Jesusek bere «lehen seinalea»; Jesusen jarduera guztia eta haren misio salbatzailearen zentzu sakona ulertzeko giltza da seinale hori.
Joan ebanjelariak ez du aipatzen «miraririk». Jesusek gauzatzen dituen keinu harrigarriei «seinale» izena ematen die. Ez du nahi irakurleak geldi daitezen bere jarduerak izan dezakeen alde harrigarriarekin. Egintza harrigarri horien esanahi sakona bilatzera gonbidatzen gaitu. Horretarako, izaera sinbolikoa duten pista batzuek eskaintzen dizkigu. Ikus dezagun horietako bat.
Jesusen ama, jaiaren xehetasunei adi-adi, konturatu da «ez zaiela gelditzen ardorik» eta bere semeari eman dio aditzera. Agian, gonbidatuen kopuruak gainditu egin ditu maila pobreko ezkonberriak. Kezkatua dago Maria. Arriskuan dago jaia. Zer azken izan lezake eztei-jai batek ardorik gabe? Mariak Jesusengan jarri du konfiantza.
Galileako landa-jendearen artean pozaren eta maitasunaren sinbolo oso ezaguna zen ardoa. Guztiek zuten horren berri. Bizitzan poza eta maitasuna falta badira, zer azken izan lezake elkarrekiko bizitzak? Maria ez dabil batere oker. Jesusek parte hartu du jaia onik ateratzeko, ardoa ugari eta on-ona bideratuz.
Jesusen keinu honek bikain laguntzen ahal digu haren bizitza osoaren norabidea eta Jainkoaren erreinuaz duen egitasmoaren funtsezko edukia atzematen eta ulertzen.Gidari erlijiosoak eta lege-maisuak erlijioaz arduratsu dira; Jesus, berriz, jendearen bizitza gizatarrago eta eramangarriago egiteaz arduratzen da.
Ebanjelioek erlijioaren inguruan ez, baizik bizitzaren inguruan bildurik aurkezten digute Jesus. Ez da etorri jende erlijioso eta jainkozalearentzat bakarrik. Erlijioak etsirik utzi duen baina, halere, era duinagoan eta zoriontsuagoan bizi beharra sentitzen duen jendea ere gogoan du. Zergatik? Jesusek fidagarria den eta pozerako laguna den Jainkoarekiko fedea kutsatu nahi duelako, eta jendea, maitasun solidarioak eraginda, biziera eskuzabalago baterantz erakarri nahi duelako.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko urtarrilaren 17a

KEINU HIZKUNTZA

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.