Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 2. Igandea (B)
EBANJELIOA
Non bizi zen
ikusi eta berarekin gelditu ziren.
+ Jesu
Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 1, 35-42
Egun haietan, berriro ere bertan zegoen Joan
bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen:
- Hona hemen Jainkoaren Bildotsa.
Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu
zioten. Jesusek, atzera begiratu eta ondoren zetozkiola ikusirik, galdetu zien:
–Zeren bila zabiltzate?
Haiek erantzun:
–Rabbi, non bizi zara? (Rabbik «Maisu» esan
nahi du).
Jesusek esan zien:
–Etorri eta ikusi.
Joan, non bizi zen ikusi eta berarekin
gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak aldea zen.
Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten
bietariko bat Andres zen, Simon Pedroren anaia.
Lehenik, bere anaia Simonekin egin zuen topo,
eta esan zion:
- Mesias aurkitu diagu. (Mesiasek «Kristo»
–hau da, Gantzutu– esan nahi du).
Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek,
begira-begira jarririk, esan zion:
- Simon zara zu, Joanen semea, baina
aurrerantzean Kefas deituko zara- (Kefasek «Pedro» –hau da, Harkaitz– esan nahi
du).
Jaunak esana.
HOMILIA
2018ko urtarrilaren 14a
ZEREN BILA GABILTZA?
Joanen
ebanjelioan Jesusek jaulki dituen lehen hitzek nahasirik utzi gaituzte; izan
ere, hondo-hondora doaz eta gure bizitzaren sustraiak berak ukitzen dituzte.
Berari jarraitzen hasi diren Bataiatzailearen bi ikasleei esan die Jesusek:
«Zeren bila zabiltzate?».
Ez da
gauza erraza galdera xume, zuzeneko, oinarrizko honi erantzutea, gurea bezalako
kultura «itxi» baten barnetik; izan ere, kultura horrek ematen du, baliabideez
bakarrik arduratzen dela, gauza guztien azken helburuaz ahazturik. Zeren bila
gabiltza zehazki?
Batzuentzat,
«supermerkatu bat» da bizitza (D. Sölle); axola zaien gauza bakarra mila gauzak
eskuratzea da, haiekin beren bizitza pixka bat goxatzeko. Beste batzuentzat,
ihes nola egingo da guztia: gaixotasunari, bakardadeari, tristurari, gatazkari
edo ikarari. Baina ihes egin, norantz?, norenganantz?
Beste
batzuek jada ezin dute gehiago. Nahi dutena, berak bakarrik utz ditzaten da.
Gainerakoez ahaztu eta guztiek ahaztuak izan. Beraiek inortaz ez arduratu eta
beraiez inor ez arduratu.
Gehienok
eguneroko geure premiak nola beteko gabiltza eta geure desio koxkorrak nola
beteko borrokan. Baina, horiek guztiak beteko balira ere, aserik geldituko ote
litzateke gure bihotza? Aserik geldituko ote litzateke gure egarria:
kontsolamendu, askapen eta zoriontasun betearen egarria?
Hondo-hondoan,
ez ote gabiltza gizon-emakumeok geure egoera nola hobetuko, apur bat bakarrik?
Ez al dugu antsiatzen inongo egitasmo politiko edo sozialek, inolaz ere, ezin
eman digun zerbait?
Esaten
da, gaurko gizon-emakumeak ahaztu egin direla Jainkoaz? Egia, ordea, beste hau
da: pertsona batek, bere buruari ondradu samar galdetzen dionean, ez duela
gauza erraza «infinituaren nostalgia» bere bihotzetik kentzea.
Nor
naiz ni? Izaki txikitxo bat, halabeharrez espazioaren eta denboraren zatirik
txikieneko batean sortua, bizitzara jaurtia berehala ezerezean galtzeko, nondik
aterea izan bainaiz inolako arrazoirik gabe, sufritzeko bakarrik? Hori ote da
dena? Ez da besterik?
Gizakiak
egin dezakeen gauzarik ondraduena «bila» ibiltzea da. Ez ixtea ate bakar bat
ere. Ez uko egitea dei bakar bati ere. Jainkoaren bila ibiltzea, agian bere
indarren eta bere fedearen azken hondarrekin. Agian bere eskastasunetik, bere
estutasunetik, bere etsipenetik.
Jainkoak
ez du maite ezkutaketan jolas egitea, ez zaio ezkutatzen zinez bila
dabilkionari. Bilatze horretan berean dago jada Jainkoa. Are gehiago. Bera aurkitu
ahal izatea ematen dio doi-doi beraren bila dabilenari. Hona zer dioen Jaunak
Isaiasen liburuan: «Aurki nazaten utzi diet nitaz galdezka ari zirenei. Aurki
nazaten utzi diet nire bila ez zebiltzanei beraiei. Esan nuen: “Hemen nauzu,
hemen nauzu”» (Isaias 65,1-2).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2015ko urtarrilaren 18a
BIZITZEN IKASI
(2009ko urtarrilaren 18en homilia
ikusi)
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko urtarrilaren 15a
BIZITZEN IKASI
Joan
ebanjelariak Jesusen jarraitzaileen talde koxkorraren hasiera apala kontatu
digu. Era misteriotsuan hasi du bere kontakizuna. Esaten du Jesus «pasatzen ari dela». Ez dakigu ez nondik
datorren, ez nora doan. Ez da gelditu Bataiatzailearen ondoan. Basamortuko
honen mundu erlijiosoa baino harago doa. Horregatik, harengan arreta jartzeko
esan die bere ikasleei Bataiatzaileak: «Hau
da Jainkoaren Bildotsa».
Jainkoagandik
dator Jesus, ez boterez eta aintzaz, baizik babesik eta indarrik gabeko bildots
bezala. Inoiz ere ez du ezarriko ezer indarrez, inor ez du behartuko bere
baitan sinestera. Egun batean gurutzean hilko dute. Jarraitu nahi diotenek
libreki onartu beharko dute.
Bataiatzaileari
entzun dioten bi ikasleek Jesusi jarraitzera jo dute, hitzik esan gabe. Bada
Jesusengan erakartzen dituen zerbait, nahiz artean ez dakiten zein den, ez
norantz daramatzan. Alabaina, Jesusi jarraitzeko, ez da aski entzutea hartaz
bestek esaten dutena. Beharrezkoa da
esperientzia pertsonala.
Horregatik,
itzuli eta oso garrantzizko galdera egin die Jesusek: «Zeren bila zabiltzate?» Hauek dira Jesusek bere jarraitzaileei
egindako lehen hitzak. Ezin da ibili haren ondoren nolanahi. Zer espero dugu
harengandik? Zergatik jarraitzen diogu? Zeren bila gabiltza?
Gizon
haiek ez dakite nora eraman ditzakeen Jesusi jarraitzearen abenturak, baina
sumatzen dute artean ezagutzen ez duten zerbait erakusten ahal diela: «Maisu, non bizi zara?» Ez dabiltza
irakaspen handiak emango dien bila. Non bizi den agertzeko eskatu die, nola
bizi den, eta zertako? Bizitzen erakuts diezaien nahi dute. Jesusek diotse: «Zatozte eta ikusiko duzue».
Elizan
eta hartaz kanpo, aski dira bizitzako labirintoan galdurik bizi direnak,
biderik eta norabiderik gabe. Batzuk indartsu hasi dira sentitzen beste era
batean nola bizi ikasi beharra, gizatasun handiagoz, era sanoago eta duinagoan
nola bizi. Jesusekin topo egitea albiste on gerta dakieke.
Gauza
zaila da hurbiltzea ebanjelariek kontatu diguten Jesusengana, hura erakargarri
sentitu gabe. Beste horizonte bat agertzen dio Jesusek gure bizitzari. Zoririk
hoberena opa digun Jainkoaren arabera bizitzen irakasten digu. Apurka-apurka,
blokeatzen gaituzten engainu, ikara eta egoismotik askatzen gaitu.
Haren
ondoren bideari ekiten diona poza eta sufritzen ari direnekiko sentiberatasuna
berreskuratzen hasi ohi da. Egia eta eskuzabaltasun handiagoz bizitzen hasten
da, zentzu eta esperantza handiagoz bizitzen. Jesusekin topo egitean, sentipen
hau izan ohi du pertsonak: noizbait ere hasia dela bizitza errotik bizitzen;
izan ere, gogoan Jainko Ona duela hasi baita bizitzen, teoria guztiak baino
Jainko gizatarragoa, adiskideagoa eta salbatzaileagoa. Dena desberdin izaten
hasten da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko urtarrilaren 18a
BIZITZEN IKASI
Joan
ebanjelariak ardura berezia izan du Jesusen jarraitzaileen talde koxkorra nola
hasi zen adierazteko. Dena ustekabean gertatu dela dirudi. Han zihoan Jesusez
ohartu da Bataiatzailea eta hari jarraitzeko diotse bere ikasleei: «Hau da
Jainkoaren Bildotsa».
Segur
aski, ezer gutxi ulertu dute ikasleek, baina «Jesusi jarraitzen» hasi dira.
Alditxo batez, isilik doaz. Ez dute artean harekin benetako harremanik izan.
Ezezagun bati jarraitzen diote, eta ez dakite zehatz, ez zergatik, ez zertako.
Jesusek
eten du isiltasuna, galdera batez: «Zeren bila zabiltzate?» Zer espero duzue
nigandik? Nik daramadan norabidea hartu nahi al duzu, bizitzeko? Ondo argitu
beharreko gauzak dira. Ikasleek diotse: «Maisu, non bizi zara?» Zein da zure
bizitzaren ezkutukia? Zer da zuretzat bizitzea? Itxuraz, ez dabiltza doktrina
berri baten bila. Bizitzeko era desberdin bat nahi dute ikasi Jesusengandik.
Hura bezala bizi nahi dute.
Zuzenean
erantzun die Jesusen: «Etorri eta ikusiko duzue». Egin zeuek esperientzia. Ez
ibili kanpotiko informazio bila. Etorri nirekin bizitzera eta ikusiko duzue
nola bizi naizen, nondik nora orientatzen dudan neure bizia, zeinez arduratzen
naizen, zergatik naizen bizi horrela.
Horra
gaur beharrezkoa dugun urrats erabakitzailea, kristautasunaren historian aro
berri bati hasiera emateko. Milioika lagunek dio kristaua dela, baina ez dute
esperimentatu zinezko harremanik Jesusekin. Ez dakite nola bizi zen, ez dute
haren egitasmoaren berririk. Ez dute ikasi hartaz ezer berezirik.
Bitartean,
gure elizetan ez dugu gaitasunik fededun berriak sortzeko. Gure hitza ez da
jada, ez erakarle, ez sinesgarri. Itxuraz, kristautasuna, guk hartzen eta bizi
dugun moduan, gero eta gutxiago zaio axola jendeari. Norbait hurbilduko
balitzaigu galdezka «non bizi zara?», «zer du interesgarririk zure bizitzak»,
zer erantzungo genioke?
Premia
handikoa da kristauak talde txikitan elkartzea, elkarrekin ebanjelioa entzunez
Jesus nola bizi zen ikasteko. Gu guztiok baino erakarleago eta sinesgarriago da
hura. Jarraitzaile berriak sorraraz ditzake hark, era desberdinean eta
interesgarrian bizitzen irakasten baitu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.