lunes, 29 de enero de 2018

2018-02-04 - Urteko 5. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 5. Igandea (B)


EBANJELIOA

Gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 29-39

Denbora haietan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen eta Andresen etxera joan zen zuzenean, Santiago eta Joanekin. Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrez; berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi. Joan zitzaion ondora, eskutik hartu eta jaikiarazi egin zuen. Sukarrak alde egin zion, eta zerbitzatzen hasi zitzaien.

Arratsean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eraman zizkioten Jesusi. Herri osoa bildu zitzaion atarian. Eta hark gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota ere bai. Deabruei ez zien hitzik egiten uzten, bazekiten-eta nor zen.

Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, Jesus herritik irten eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen. Simon eta lagunak haren bila hasi ziren; aurkitzean, esan zioten:

–Jende guztia zure bila dabil.

Hark, ordea, erantzun:

–Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere berri ona hots egitera, horretarako atera bainaiz.

Eta Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan berri ona hots egiten eta deabruak botatzen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko otsailaren 4a

GURE ETXEKO ATEAN

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko otsailaren 8a

BAKARDADERA OTOITZ EGITEKO

(2009eko otsailaren 8a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko otsailaren 5a

GURE ETXEKO ATEAN

Kafarnaumgo sinagogan, espiritu gaiztoak hartua den gizon bat sendatu du Jesusek goizean. Orain, ebanjelariak diosku, «sinagogatik» irtenik, Simonen eta Andresen «etxerantz» doala. Adierazpen hau garrantzizkoa da, zeren, Markosen ebanjelioaren baitan, etxe honetan gertatzen denak badu beti irakaspen bat kristau-elkarteentzat.

Judu-erlijioaren leku ofizial den sinagogatik, etxera doa Jesus, non eguneroko bizitza maiteenak dituen pertsonen ondoan bizi ohi baita. Etxe horretan joanen da garatzen Jesusen familia berria. Kristau-elkarteek gogoratu behar dute, ez direla legea bizi den leku erlijioso, baizik eta Jesusen inguruan modu berrian nola bizi ikasten den sutondo.

Etxean sartzean, Simonen amaginarrebaz hitz egin diote ikasleek. Ezin atera izan zaio hura atera, ongietorri egitera, gaixo baitago ohean sukarrez. Jesusek ez du besterik behar izan. Bigarren aldiz hautsiko du larunbata egun berean. Jendearen bizitzak du axola harentzat, eta ez erlijio-betebeharrak. Xeheki deskribatu du kontakizunak gaixo den emakumearekin egin dituen keinu guztiak.

«Hurbildu zitzaion». Beti egin ohi duen lehenengo gauza da: sufritzen ari denagana hurbildu, hari aurpegira hurbiletik begiratu, haren sufrimena partekatu. Gero, «eskutik hartu zuen». Emakumea ukitu du. Ez zaio axola hori egitea debekatzen duen garbitasun-araua. Emakume horrek bere ahalmen sendatzailea senti dezan nahi du. Azkenik, «jaikiarazi zuen», zutik jarraraziz eta beraren duintasuna itzuliz.

Horrela egon ohi da Jesus beti bereen artean: gu jaikiarazteko eskua luzatuz, bizia arnasten digun hurbileko adiskide bezala. Zerbitzari izan nahi du beti Jesusek soil-soilik, eta ez zerbitza dezaten. Horregatik, sendatua izan den emakumea ere guztiei «zerbitzatzen» hasi da; Jesusengandik ikasi du. Jesusen jarraitzaileok elkar onartuz eta elkar zainduz behar dugu bizi.

Alabaina, oker handia izango litzateke pentsatzea, kristau-elkarteak bere kideez bakarrik arduratuz bizi daitekeen familia dela, eta besteen sufrimenaz axolatu gabe. Kontakizunak dio ezen, egun horretan berean, «eguzkia sartzean», larunbata bukatua denean, klase guztietako gaixoak eta gaitzen batek jotakoak daramazkiotela Jesusi.

Buruan ondo sartu beharko genuke kristauek pasadizo hau. Gauaren iluna iristean, populu guztia «pilatu da ate aurrean» beren gaixoekin. Sufritzen ari direnen begiak eta esperantza Jesus dagoen etxeko atearen bila doaz. Orduan bakarrik erakartzen du Elizak sufritzen ari den jendea egiaz: barruan bizitza sendatzen eta sufrimena arintzen ari den Jesus aurkitzen duenean. Gure elkarteen ateetan jende asko ari da sufritzen. Ez dezagula ahantzi.

 José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009eko otsailaren 8a

BAKARDADERA OTOITZ EGITEKO

Profeta ibiltari bezala ari zuen jarduera bizian, beti arduratu zen Jesus Jainkoarekin harremanak isiltasunean eta bakardadean izateaz. Zirrara sakona eragin zuen Jesusen ohitura baten oroitzapena gorde digute ebanjelioek: gauez bakardadera joan ohi zen Jesus otoitz egiteko.

Markosek dakarren pasarteak Jesusentzat otoitza der zen ulertzen laguntzen digu. Bezperan lan gogorra izan zuen. «Gaixo asko sendatu zituen» Jesusek. Handia izan zen arrakasta. Txunditurik zegoen Kafarnaum: «Herri guztiak inguratu zuen» Jesus. Hartaz mintzo ziren denak.

Gau horretan berean, goizaldera, goizeko hirurak eta seiak bitartean, jaiki eta, ikasleei esan gabe, eremura joan zen Jesus. «Otoitz egiten hasi zen han». Aitarekin egon beharra sentitu zuen. Ez du nahi arrakastaren haizeak burua nahas diezaion. Aitaren nahia nahi du soil-soilik: egin beharra duen bidea ondo ezagutu.

Hura beren artean ez izateaz harriturik, Simon eta lagunak haren bila joan ziren. Ez zaie inporta hark Jainkoarekin ari duen solasa etetea. Berekin eutsi nahi diote: «Mundu guztia zure bila dabil». Baina Jesusek ez du uzten kanpotik programa dezaten. Bere Aitaren egitasmoa bakarrik du gogoan. Ez du ezerk, ez inork apartaraziko bere bidetik.

Ez du gogorik bere arrakastaz gozatzen, Kafarnaumen gelditzeko. Ez du amore emango herri gogo-beroaren aurrean. Bada artean Jainkoaren Berri Ona entzun ez duen herrixkarik: «Goazen... haietan ere hots egitera».

Gaur egungo kristautasunean hau da alderdirik baikorrenetako bat: Jainkoarekiko komunikazioa, isiltasuna eta gogoeta egin beharra esnatzen ari izatea. Kristaurik argienek eta arduratsuenek era kontenplaziozkoagoan bizitzera eraman nahi dute Eliza.

Premia estukoa da hori. Kristauok, oro har, ez dakigu Aitarekin bakarrik egoten. Teologoak, predikariak eta katekistak asko mintzo gara Jainkoaz, baina gutxi mintzo gara harekin. Jesusen etsenplua aspaldi ahaztua da. Parrokietan lan-bilera asko egiten da, baina ez dakigu bakardadera jotzen, Jainkoaren aurrean atseden hartu eta geure burua bakeaz betetzeko.

Gero eta gutxiago gara gauza gehiago egiteko. Hor dago arriskua: jardunkerian, higaduran eta barne-hustasunean erortzeko. Halere, arazoa ez datza arazo asko izatean, baizik haiei aurre egin ahal izateko espiritu-indarra izatean.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.