Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 17. Igandea (B)
EBANJELIOA
Banatu egin zituen eserita zeudenen artean nahi
zuten guztia.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik.
6, 1-15
Denbora haietan,
Galilea edo Tiberiades aintziraz beste aldera joan zen Jesus. Eta jendetza handia
zihoakion atzetik, gaixoak sendatuz egiten zituen mirarizko seinaleak ikusten
baitzituzten. Jesus mendira igo eta han eseri zen bere ikasleekin. Hurbil zen
Pazkoa, juduen jai nagusia. Jesusek, jende asko zetorkiola ikusirik, esan zion
Feliperi:
– Non erosiko
genuke ogia hauei jaten emateko?
Zirikatzeko esan
zion hori, ongi baitzekien berak zer egin behar zuen.
Felipek erantzun
zion:
– Berrehun
denarioren ogia ez litzateke nahikoa bakoitzak puska bat izateko.
Haren ikasleetako
batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan zion:
– Bada hemen bost
garagar-ogi eta bi arrain txiki dituen mutiko bat; baina zer da hori
honenbesterentzat?
Jesusek jendea
eserarazteko agindu zien ikasleei. Belar asko zegoen leku hartan, eta eseri
egin ziren denak. Bost milaren bat gizonezko ziren. Jesusek ogiak hartu eta,
esker oneko otoitza egin ondoren, banatu egin zituen eserita zeudenen artean;
berdin arrainak ere, nahi adina. Eta ase zirenean, esan zien Jesusek ikasleei:
«Bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin».
Bildu zituzten,
bada, eta bost garagar-ogietatik jan zutenei gelditu zitzaizkien hondarrez
hamabi saski bete zituzten. Jendeak, orduan, Jesusen mirarizko seinale hura
ikusirik, honela zioen: «Hauxe da egiaz mundura etortzekoa zen profeta».
Jesusek, ordea,
errege egiteko indarrez eraman nahi zutela ikusirik, mendira alde egin zuen
berriro berak bakarrik.
Jaunak esana.
HOMILIA
2018eko uztailaren 29a
GAZTE BATEN KEINUA
(2011-2012ko
B zikloaren homilía ikusi)
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2015eko uztailaren 26a
GURE BEKATU NAGUSIA
(2009eko uztailaren 26a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko uztailaren 29a
GAZTE BATEN KEINUA
Jesusek
bere jarduera profetikoan buruturiko seinale guztien artean, lehen
kristau-elkarteek gehienik gogoratu ohi zutena, segur aski, hark landan,
Galileako aintzira inguruan, antolatutako jendetza-otordu bat izan zen.
Ebanjelio guztiek jaso duten pasadizo bakarra da.
Benetan
aberatsa da kontakizunaren edukia. Bere ohiturari jarraiki, Joanen ebanjelioak ez
dio deitzen «miraria», baizik «seinalea». Horrenbestez, kontatzen diren
egintzekin ez gelditzeko esan nahi digu, baizik eta fedeaz esanahi sakon baten
bila jarduteko.
Jesus
dago pasadizoaren erdigunean. Inork ez dio eskatu ezer egiteko. Berak sumatu du
jende hura goseak, eta jaten eman beharra planteatu du. Harrigarria da ikustea
Jesus ez dela arduratzen jendeari Jainkoaren Berri Ona emateaz bakarrik, baizik
eta bere seme-alaben goseak ere kezkarazten duela.
Nola
elikatu, ordea, landa zabalean jendetza handi hura? Ikasleei ez zaie etorri
inolako aterabiderik. Felipek dio ezin dela pentsatu ere egin guztientzat ogia
erostea, ez baitute dirurik. Andresek uste du partekatu litekeela eskura
dutena, baina mutiko batek bakarrik ekarri ditu bost ogi eta arrain-pare bat.
Zer da hori hainbeste jenderentzat?
Jesusentzat,
aski da. Gazte horrek, izenik eta aurpegirik gabe horrek, ahalbidetuko du ezina
dirudiena. Eskura duena partekatzeko duen jarrera izan da jende hari guztiari
jaten emateko bidea. Jesusek egingo du gainerako guztia. Gaztearen ogiak
eskuetan hartu, Jainkoari eskerrak eman eta guztien artean «banatzen» hasi da.
Zoragarria
da eszena. Egundoko jendetza, landako belar berdean eseria, doako otordua
partekatzen, udaberriko egun batean. Ez da aberatsen jai-otordua. Ez da
ardorik, ez haragirik. Aintzira inguruan bizi den jendearen janari xumea da:
garagar-ogia eta arrain keztatua. Anai-arreba arteko otordua, Jesusek guztiei
emana, gazte baten keinu eskuzabal bati esker.
Otordu
partekatu hau sinbolo erakargarria izan zen lehen kristauentzat, gizadi berri
eta anai-arreba arteko bat eraikitzeko Jesusengandik jaiotako elkartearen
sinboloa. Aldi berean, Jaunaren egunean ospatu ohi zuten eukaristia iradokitzen
zien, hau da, Jesusen, Jainkoagandik etorritako Ogi bizi haren, espirituaz eta
indarraz elikatzeko ospatu ohi zuten eukaristia.
Baina
ez ziren ahaztu sekula gazte haren keinuaz ere. Munduan gosea badago, ez da
janaria eskas delako, baizik solidaritatea delako eskas. Bada guztientzako
ogirik; partekatzeko eskuzabaltasuna da falta dena. Munduaren joan-etorria
finantza-boterearen esku utzi dugu, beldurra ematen digu eskura duguna
partekatzeak, eta jendea goseak hiltzen ari da gure egoismo irrazionala dela
medio.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko uztailaren 26a
GURE BEKATU NAGUSIA
Ogiak
ugaltzearen pasadizoak oso harrera ona izan zuen Jesusen jarraitzaileen artean.
Ebanjelari guztiek gogorarazi digute. Segur aski, biziki erasan zien Jainkoaren
gizon hura jendetza handi hura, jatekorik gabe gelditu zen hura, elikatzeaz
arduratu izanak.
Joanek
dakarrenaren arabera, Jesus bera izan da berari entzutera etorri den jendetza
haren goseaz konturatu dena. Jendea gose da; zerbait egin beharra du harentzat.
Horrelakoa da Jesus. Gizakiaren oinarrizko premiak gogoan dituela bizi da.
Felipek
ohartarazi dio ezen ez dutela dirurik. Ikasleen artean, pobreak dira guztiak:
ezin dute erosi horrenbeste jenderentzat. Jesusek badaki hori. Dirudunek ez
dute konponduko sekula munduan gosearen arazoa. Dirua baino zerbait gehiago
behar da horretarako.
Bide
desberdin bat begiz jotzen lagunduko die Jesusek. Beste ezer baino lehen,
beharrezkoa da inork berea beretzat ez hartzea, baldin eta beste batzuk goseak
badira. Jesusen ikasleek ikasi beharra dute eskura dutena gose direnen esku
jartzen, «bost garagar-ogi eta arrain-pare bat» bakarrik bada ere.
Imajina
genezakeen gauzarik lauena eta gizabidezkoena da Jesusen jarrera. Baina, zeinek
sartuko digu kaskoan partekatu beharra, erosten baizik ez dakigunoi? Zeinek
askatuko gaitu goseak hiltzen ari direnen aurrean bizi dugun axolagabekeriatik?
Ba ote da gizabidezkoago egin gaitzakeen ezer? Ikusiko ote dugu inoiz guztien
arteko egiazko solidaritate horren «miraria»?
Jesusek
Jainkoa du begi aurrean. Ezinezkoa du hura guztien Aitatzat hartuz harengan
sinestea, haren seme-alabak goseak hiltzen utziz. Horregatik, taldeak bildu
dituzten jatekoak hartu eta «begiak zerurantz jaso ditu eta eskerrak eman».
Lurra bera eta janari guztia Jainkoagandik hartua dugu. Aitaren erregalua da
guztia, baina haren seme-alaba guztientzakoa. Bizitzeko behar dutenaz
gainerakoak gabetuz bizi bagara, esandako horretaz ahaztu garelako da. Horixe
da gure bekatu nagusia, behin ere aitortuko ez dugun arren.
Eukaristiaren
ogia partekatzean, Kristo berpiztuak janaritzen zituela uste zuten lehen
kristauek; aldi berean, ordea, Jesusen keinua gogoan izaten zuten eta premia
handiena zutenekin partekatzen zituzten beren ondasunak. Batak bestea haurride
ikusten zuten. Artean, ez zuten baztertua Jesusen Espiritua.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.