domingo, 2 de diciembre de 2018

2018-12-08 - Santa Maria Ama Birjinaren Sortze Garbia (C)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Santa Maria Ama Birjinaren Sortze Garbia (C)




EBANJELIOA

Ebangelioa

Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1,26-38

Egun haietan, Jainkoak Gabriel aingerua bidali zuen Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena, eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.

Aingeruak, Mariarenean sarturik, esan zion:

–Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.

Hitz hauek entzutean, ikaratu egin zen Maria eta agur horrek zer esan nahi ote zuen galdetzen zion bere buruari. Aingeruak esan zion:

–Ez beldurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu.

Hara, haurdun gertatuko zara, semea izango duzu eta Jesus ipiniko diozu izena.

Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta bere aita Daviden tronua emango dio Jainko Jaunak.

Israel herriko errege izango da betiko, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango.

Mariak esan zion aingeruari:

–Baina nola gerta daiteke hori, ez bainaiz gizon batekin bizi?

Aingeruak erantzun zion:

–Espiritu Santua etorriko da zuregana eta Goi-goikoaren indarrak hodeiak bezala estaliko zaitu; horregatik, zuregandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote.

Begira, Elisabet zure lehengusina ere haurdun gertatu da bere zaharrean eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik.

Orduan, esan zuen Mariak:

–Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala.

Eta aingeruak utzi egin zuen.

Jaunak esana.

HOMILIA

POZIK ETA KONFIANTZAZ

Vatikano II.ak «Elizaren prototipo eta eredutzat» eman du Andre Maria, Jesu Kristoren Ama. Eta emakume apal bezala deskribatu du, Jainkoa konfiantzaz eta pozik entzuten duena bezala.

«Poztu zaitez». Horra Mariak Jainkoagandik entzun duen lehenengo gauza; gaur ere entzun beharko genukeena. Pozaren falta dugu geure artean. Sarritan kutsatzen gaitu Eliza zaharkitu eta ahituaren tristurak. Jesus ez ote da jada Berri On? Ez ote dugu sentitzen haren jarraitzaile izatearen poza? Poza falta denean, freskotasuna galtzen du fedeak, amultsutasuna galtzen da, fededunen arteko adiskidetasuna hozten da. Dena da zail bihurtzen. Premia gorrikoa da gure elkarteetan poza esnaraztea eta Jesusek ondare utzi digun bakea berreskuratzea.

«Jauna zeurekin duzu». Ez da erraza gaur eguneko Elizan pozik bizitzea. Soilik, Jainkoagan konfiantza baduzu lortuko duzu hori. Ez gara umezurtz. Lagun dugun Aitari deika ari gara egunero, defendatzaile dugun eta beti gizakiaren onaren bila dabilen Aitari deika.

Batzuetan hain nahasia eta galdua den Eliza hau, Ebanjeliora nola itzuli ez dakien hau, ez da bizi bakarrik. Jesus, Artzain Ona, gure bila dabil. Haren Espiritua gu nola erakarriko dabil; haren hatsa eta ulermena geurekin dugu. Jesusek ez gaitu utzi bertan behera. Harekin dena da posible.

«Ez beldur izan». Beldur askok zurruntzen gaitu Jesusen jarraitzaileok. Beldurra mundu modernoari eta sekularizazioari. Beldurra ziurtasunik gabeko geroari. Beldurra geure ahuldadeari. Beldurra Ebanjeliora bihurtzeari. Kalte handia ari zaigu egiten beldurra. Etorkizunerantz esperantzaz bide egitea eragozten digu. Iragana agor gordetzera mugatzen gaitu. Ugalduz doaz gure mamuak. Galduz doa errealismo sanoa eta kristau-zentzua. Premia gorrikoa da konfiantzaren Eliza eraikitzea. Jainkoaren ahala ez da agertzen Eliza boteretsuan, baizik umilean.

«Seme bat izango duzu eta Jesus izena ezarriko». Andre Mariari bezala, guri ere egiteko bat eman digu Jainkoak: gau ilunean argi egiten laguntzea. Ez zaigu eskatu mundua juzgatzea, baizik esperantza ereitea. Gure egitekoa ez da itzaltzear den argizari punta erabat itzaltzea, baizik fedea piztea, jende askorengan ernetzear dena: gizatartzen duen galdera da Jainkoa.

Geure elkarteetatik, gero eta txikiago eta umilago diren horietatik, mundu sanoago eta haurridetsuago baten legamia izan gintezke. Esku honetan gaude. Jainkoa ez du krisiak jo. Gu geu gara Jesusi pozik eta konfiantzaz jarraitzera ausartzen ez garenak.

José Antonio Pagola





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.