lunes, 30 de julio de 2012

2012/08/05 - Urteko 18. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abustuaren 5a

Urteko 18. Igandea (B)


EBANJELIOA

El que viene a mí no pasará hambre, y el que cree en mí no pasará nunca sed

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6, 24-35

Denbora haietan, han ez zeudela ez Jesus, ez ikasleak konturatzean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila. Aintziraz beste aldean aurkitu eta esan zioten:
– Maisu, noiz etorri zara hona?
Jesusek erantzun zien:
– Bene-benetan diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ikusi dituzuen mirarizko seinaleengatik, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik. Ahalegin zaitezte, ez galtzen den janariagatik, baizik eta irauten eta betiko bizia ematen duen janariagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari egin duenak.
Orduan, galdetu zioten:
– Zer egin behar dugu Jainkoak nahi duena egiteko?
Jesusek erantzun zien:
– Hauxe da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenarengan zuek sinestea.
Galdetu zioten, orduan:
– Zer seinale ematen diguzu, bada, guk ikusi eta zuri sinesteko? Zer egiten duzu? Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Santuak dioen bezala: Zeruko ogia eman zien jaten.
Jesusek erantzun zien:
– Bene-benetan diotsuet: Ez zizuen Moisesek eman zeruko ogia, baizik eta nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia. Zeren Jainkoaren ogia, zerutik jaitsi eta munduari bizia ematen diona da.
Orduan, eskatu zioten:
– Jauna, emaguzu beti ogi horretatik.
Jesusek erantzun zien:
– Neu naiz bizia ematen duen ogia ; niregana hurbiltzen dena ez da, ez, sekula gose izango, eta niregan sinesten duena ez da behin ere egarri izango.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko abustuaren 5a

BIZI OGIA

Zer dela eta jarraitu Jesus kontuan hartzen hogei menderen ondoren? Zer espero dezakegu harengandik? Zer ekarpen egiten ahal digu gure aldi honetako gizon-emakumeei? Axola handiko elkarrizketa batez mintzo da Joanen ebanjelioa: Galileako aintzira ondoan Jesusek jendetza handi batekin izandakoaz.
Bezperan otordu harrigarri eta doakoa partekatu dute Jesusekin. Ase arte jan dute. Nolatan utzi hari alde egiten? Nahi dutena, Jesusek keinu bera egin dezan da eta berriro jaten eman diezaien doan. Ez dute buruan beste ezer.
Alabaina, nahasgarri gertatu zaie Jesusen ustekabeko planteamendu hau: «Lan egizue, ez galtzen den janari baten bila, baizik betiko biziraino irauten duenaren bila». Baina nolatan ez gara arduratuko, ba, eguneroko ogiaz? Premiazkoa da ogia, bizitzeko. Beharrezkoa dugu eta lan egin beharra inori inoiz falta ez dakion.
Badaki hori Jesusek. Ogia da lehenengo gauza. Jan gabe ezin bizi gara. Horregatik arduratu da horrenbeste goseak direnez eta eskekoez, aberatsengandik mahaitik erortzen diren apurrak ere hartu ezin dituztenez. Horregatik madarikatu ditu lurjabe zoroak, alea mandioan pilatzen dutenez, pobreez axolatu gabe. Horregatik irakatsi die bere jarraitzaileei Aitari seme-alaba guztientzat eguneroko ogia eskatzen.
Alabaina, beste gose bat ernearazi nahi du haiengan Jesusek. Gosea asetzen duen ogiaz hitz egin nahi die, ez egun batekoa soilik, baizik gizakiak bere baitan dituen gose-egarriak asetzen dituenaz. Ez gaitezen ahaztu. Gugan bada beste gose bat: justiziarena, askatasun, bake eta egiarena. Aitagandik datorkigun Ogi hori bezala aurkeztu zaigu Jesus, ez janariaz asetzeko, baizik «munduari bizia emateko».
Ogi horrek, Jainkoagandik etorria den horrek, «betiko biziraino irauten du». Eguneroko janariak urtetan eusten digu bizirik, baina heriotzatik libratu ezin gaituen une bat iristen zaio. Alferrik da orduan jaten segitzea. Ezin eman digu bizirik heriotzatik hara.
Betiko biziaren Ogi bezala aurkeztu zaigu Jesus. Bakoitzak erabaki behar du nola nahi duen bizi eta nola nahi duen hil. Baina Kristogan sinestea, geuregan indar suntsiezin bat elikatzea da, gure heriotzarekin amaituko ez den zerbait bizitzen hastea. Jesusi jarraitzea, heriotzaren misterioan murgiltzea da, haren indar berpizgarria sostengu dugula.
Jesusen hitzak entzutean, Kafarnaumeko jende hark beren bihotz hondotik egiten dio oihu: «Jauna, emaguzu beti ogi horretatik». Koloka dugun geure fedetik, ez gara ausartzen, agian, horrelakorik eskatzera. Eguneroko ogia dugu, agian, kezka bakarra. Eta, batzuetan, geurea soilik.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko abustuaren 2a

KRISTAUTASUNAREN BIHOTZA

Jesusen premia du jendeak, eta haren bila dabil. Badu hark jendea erakartzen duen zerbait; artean, ordea, ez daki zehazki zergatik eta zertarako dabilen Jesusen bila. Ebanjelariaren arabera, bezperan gosea asetzeko ogia eman dielako dabil bila haietako asko.
Haiekin hizketan hasi da Jesus. Badira hastetik argitzea komeni den gauzak. Ogi materiala oso garrantzitsua da. Jesusek berak irakatsi die Jainkoari eskatzen «eguneroko ogia» guztientzat. Alabaina, gizakiak badu beste behar bat ere. Eta bizi-gosea betiko aseko dien jatekoa eskaini nahi Jesusek.  
Jendeak sumatu du, ezen Jesusek horizonte berri bat ireki nahi diola, baina ez daki ez zer egin, eta nondik nora hasi. Ebanjelariak hitz hauekin laburbildu ditu jendearen galdekizunak: «eta zein egintza behar ditugu burutu Jainkoak nahi duen harian lan egiteko?» Bada jende horrengan asmatzeko zinezko gogo bat. Jainkoak gura duen hartan lan egin nahi du; baina, dena legearen argitan pentsatzera ohitua dagoelarik, Jesusi galdetzen dio zein egintza, zein jarduera eta zein betekizun izan behar dituen kontuan.
Jesusen erantzunak kristautasunaren bihotza ukitzen du: «hau da Jainkoak nahi duen egintza (singularrean) sinets dezazuela berak bidali duen harengan». Jesu Kristogan sinets dezaten nahi du Jainkoak, hura baita berak (Jainkoak) mundura bidali duen erregalu handia. Hauxe da eskakizun berria. Horretan behar dute lan egin. Gainerakoa bigarren mailakoa da.
Kristautasunean hogei mende bizi ondoren, ez ote gara berraurkitu beharrean, ezen Elizaren indar guztia eta berezitasuna Jesu Kristogan sinestea dela eta harri jarraitzea? Ez ote gara «sineskizun» eta «betekizun» batzuen erlijiozaleen jarrera gainditu eta Jesusen ikasle bezala bizitzeari ekin beharrean?
Kristau-fedea ez datza, funtsean, jarduera eta betekizun berri batzuen kodea, itun zaharrekoena baino goragokoa, betez bizitzean. Ez. Kristau-nortasuna Jesu Kristorekiko harreman bizi eta konfiantzazkotik datorren biziera bizitzen ikastea da. Jesusek bezala pentsatzen, sentitzen, maitatzen, sufritzen eta bizitzen ikasten goazen neurrian goaz kristau bihurtzen.
Kristau izateak, gaur, Jesusen esperientzia izatea eskatzen du, haren egitasmoarekin bat egitea; duela hogei urte betetzaile on izateak eskatzen ez zuen moduan eskatzen du hori gaur egun. Gizarte laiko honetan biziari eutsi ahal izateko, kristau-elkarteek inoiz ez bezala zaindu behar dituzte Jesu Kristorekiko atxikimendua eta bizi-harremanak.

José Antonio Pagola

lunes, 23 de julio de 2012

2012/07/29 - Urteko 17. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko uztailaren 29a

Urteko 17. Igandea (B)


EBANJELIOA

Banatu egin zituen eserita zeudenen artean nahi zuten guztia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik. 6, 1-15

Denbora haietan, Galilea edo Tiberiades aintziraz beste aldera joan zen Jesus. Eta jendetza handia zihoakion atzetik, gaixoak sendatuz egiten zituen mirarizko seinaleak ikusten baitzituzten. Jesus mendira igo eta han eseri zen bere ikasleekin. Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia. Jesusek, jende asko zetorkiola ikusirik, esan zion Feliperi:
– Non erosiko genuke ogia hauei jaten emateko?
Zirikatzeko esan zion hori, ongi baitzekien berak zer egin behar zuen.
Felipek erantzun zion:
– Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahikoa bakoitzak puska bat izateko.
Haren ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan zion:
– Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain txiki dituen mutiko bat; baina zer da hori honenbesterentzat?
Jesusek jendea eserarazteko agindu zien ikasleei. Belar asko zegoen leku hartan, eta eseri egin ziren denak. Bost milaren bat gizonezko ziren. Jesusek ogiak hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, banatu egin zituen eserita zeudenen artean; berdin arrainak ere, nahi adina. Eta ase zirenean, esan zien Jesusek ikasleei: «Bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin».
Bildu zituzten, bada, eta bost garagar-ogietatik jan zutenei gelditu zitzaizkien hondarrez hamabi saski bete zituzten. Jendeak, orduan, Jesusen mirarizko seinale hura ikusirik, honela zioen: «Hauxe da egiaz mundura etortzekoa zen profeta».
Jesusek, ordea, errege egiteko indarrez eraman nahi zutela ikusirik, mendira alde egin zuen berriro berak bakarrik.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko uztailaren 29a

GAZTE BATEN KEINUA

Jesusek bere jarduera profetikoan buruturiko seinale guztien artean, lehen kristau-elkarteek gehienik gogoratu ohi zutena, segur aski, hark landan, Galileako aintzira inguruan, antolatutako jendetza-otordu bat izan zen. Ebanjelio guztiek jaso duten pasadizo bakarra da.
Benetan aberatsa da kontakizunaren edukia. Bere ohiturari jarraiki, Joanen ebanjelioak ez dio deitzen «miraria», baizik «seinalea». Horrenbestez, kontatzen diren egintzekin ez gelditzeko esan nahi digu, baizik eta fedeaz esanahi sakon baten bila jarduteko.
Jesus dago pasadizoaren erdigunean. Inork ez dio eskatu ezer egiteko. Berak sumatu du jende hura goseak, eta jaten eman beharra planteatu du. Harrigarria da ikustea Jesus ez dela arduratzen jendeari Jainkoaren Berri Ona emateaz bakarrik, baizik eta bere seme-alaben goseak ere kezkarazten duela.
Nola elikatu, ordea, landa zabalean jendetza handi hura? Ikasleei ez zaie etorri inolako aterabiderik. Felipek dio ezin dela pentsatu ere egin guztientzat ogia erostea, ez baitute dirurik. Andresek uste du partekatu litekeela eskura dutena, baina mutiko batek bakarrik ekarri ditu bost ogi eta arrain-pare bat. Zer da hori hainbeste jenderentzat?
Jesusentzat, aski da. Gazte horrek, izenik eta aurpegirik gabe horrek, ahalbidetuko du ezina dirudiena. Eskura duena partekatzeko duen jarrera izan da jende hari guztiari jaten emateko bidea. Jesusek egingo du gainerako guztia. Gaztearen ogiak eskuetan hartu, Jainkoari eskerrak eman eta guztien artean «banatzen» hasi da.
Zoragarria da eszena. Egundoko jendetza, landako belar berdean eseria, doako otordua partekatzen, udaberriko egun batean. Ez da aberatsen jai-otordua. Ez da ardorik, ez haragirik. Aintzira inguruan bizi den jendearen janari xumea da: garagar-ogia eta arrain keztatua. Anai-arreba arteko otordua, Jesusek guztiei emana, gazte baten keinu eskuzabal bati esker.
Otordu partekatu hau sinbolo erakargarria izan zen lehen kristauentzat, gizadi berri eta anai-arreba arteko bat eraikitzeko Jesusengandik jaiotako elkartearen sinboloa. Aldi berean, Jaunaren egunean ospatu ohi zuten eukaristia iradokitzen zien, hau da, Jesusen, Jainkoagandik etorritako Ogi bizi haren, espirituaz eta indarraz elikatzeko ospatu ohi zuten eukaristia.
Baina ez ziren ahaztu sekula gazte haren keinuaz ere. Munduan gosea badago, ez da janaria eskas delako, baizik solidaritatea delako eskas. Bada guztientzako ogirik; partekatzeko eskuzabaltasuna da falta dena. Munduaren joan-etorria finantza-boterearen esku utzi dugu, beldurra ematen digu eskura duguna partekatzeak, eta jendea goseak hiltzen ari da gure egoismo irrazionala dela medio.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko uztailaren 26a

GURE BEKATU NAGUSIA

Ogiak ugaltzearen pasadizoak oso harrera ona izan zuen Jesusen jarraitzaileen artean. Ebanjelari guztiek gogorarazi digute. Segur aski, biziki erasan zien Jainkoaren gizon hura jendetza handi hura, jatekorik gabe gelditu zen hura, elikatzeaz arduratu izanak.
Joanek dakarrenaren arabera, Jesus bera izan da berari entzutera etorri den jendetza haren goseaz konturatu dena. Jendea gose da; zerbait egin beharra du harentzat. Horrelakoa da Jesus. Gizakiaren oinarrizko premiak gogoan dituela bizi da.
Felipek ohartarazi dio ezen ez dutela dirurik. Ikasleen artean, pobreak dira guztiak: ezin dute erosi horrenbeste jenderentzat. Jesusek badaki hori. Dirudunek ez dute konponduko sekula munduan gosearen arazoa. Dirua baino zerbait gehiago behar da horretarako.
Bide desberdin bat begiz jotzen lagunduko die Jesusek. Beste ezer baino lehen, beharrezkoa da inork berea beretzat ez hartzea, baldin eta beste batzuk goseak badira. Jesusen ikasleek ikasi beharra dute eskura dutena gose direnen esku jartzen, «bost garagar-ogi eta arrain-pare bat» bakarrik bada ere.
Imajina genezakeen gauzarik lauena eta gizabidezkoena da Jesusen jarrera. Baina, zeinek sartuko digu kaskoan partekatu beharra, erosten baizik ez dakigunoi? Zeinek askatuko gaitu goseak hiltzen ari direnen aurrean bizi dugun axolagabekeriatik? Ba ote da gizabidezkoago egin gaitzakeen ezer? Ikusiko ote dugu inoiz guztien arteko egiazko solidaritate horren «miraria»?
Jesusek Jainkoa du begi aurrean. Ezinezkoa du hura guztien Aitatzat hartuz harengan sinestea, haren seme-alabak goseak hiltzen utziz. Horregatik, taldeak bildu dituzten jatekoak hartu eta «begiak zerurantz jaso ditu eta eskerrak eman». Lurra bera eta janari guztia Jainkoagandik hartua dugu. Aitaren erregalua da guztia, baina haren seme-alaba guztientzakoa. Bizitzeko behar dutenaz gainerakoak gabetuz bizi bagara, esandako horretaz ahaztu garelako da. Horixe da gure bekatu nagusia, behin ere aitortuko ez dugun arren.
Eukaristiaren ogia partekatzean, Kristo berpiztuak janaritzen zituela uste zuten lehen kristauek; aldi berean, ordea, Jesusen keinua gogoan izaten zuten eta premia handiena zutenekin partekatzen zituzten beren ondasunak. Batak bestea haurride ikusten zuten. Artean, ez zuten baztertua Jesusen Espiritua.

José Antonio Pagola

domingo, 22 de julio de 2012

2012/07/25 - Santiago Apostolua (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko uztailaren 25a

Santiago Apostolua (B)


EBANJELIOA

Nire edari saminetik edan, bai, edango duzue.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoen liburutik 20,20-28

Zebedeoren emaztea bere semeekin Jesusi hurbildu eta aurrean ahuspeztu zitzaion eskabide bat egiteko. Jesusek galdetu zion:
–Zer nahi duzu?
Eta hark:
–Agindu ezazu nire bi seme hauek, zu errege izatean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar daitezela.
Jesusek erantzun:
–Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik edateko?
–Bai, gauza gara –esan zioten.
Jesusek, orduan:
–Nire edari saminetik edan, bai, edango duzue; baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio.
Beste hamarrak, hori entzutean, bi anaien aurka haserre jarri ziren. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrietako buruzagiek menpean hartzen dituzte herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari.
Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi. Gizonaren Semea bezala: hura ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera».

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko uztailaren 25a

Izenburua

---

José Antonio Pagola

lunes, 16 de julio de 2012

2012/07/22 - Urteko 16. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko uztailaren 22a

Urteko 16. Igandea (B)


Urteko 16. Igandea (B)

EBANJELIOA

Artzain gabeko ardiak bezala zebiltzan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik. 6, 30-34.

Denbora haietan, Apostoluek, berriro Jesusengana bildu zirenean, egin eta irakatsi zuten guztiaren berri eman zioten. 31 Jesusek esan zien: «Zatozte zuek bakarrik leku gorde batera, eta hartu atseden pixka bat».
Asko baitziren joan-etorri zebiltzanak, eta ez zuten jateko astirik ere.
32 Orduan, bazter batera joan ziren, beraiek bakarrik, txalupaz. 33 Baina jende askok ikusi zituen alde egiten, eta nora zihoazen igarri ere bai, eta herri guztietatik leku hartara jo zuten lasterka, haiei aurrea hartuz.
34 Txalupatik jaitsi zenean, jendetza handia ikusi zuen Jesusek. Errukitu egin zitzaien, artzain gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta irakasten hasi zitzaien luze eta zabal.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko uztailaren 22a

JESUSEN BEGIRATUA

Xeheki kontatu du Markosek pasadizoa. Leku patxadatsu eta bakartu baterantz doa Jesus ontziz ikasleekin. Lasai entzun nahi die, nekaturik itzuli baitira beren lehen ibilaldi ebanjelizatzailetik, eta bidali dituen Profetarekin partekatu nahi baitute beren esperientzia.
Jesusen asmok, ordea, huts egin du. Jendeak antzeman dio nora doan eta, ertzetik korrika, aurrea hartu dio. Iritsi direnean, Jesus eta ikasleak inguruko herrixka guztietatik etorri den jendetzarekin egin dute topo. Zein izango ote Jesusen erreakzioa?
Markosek grafikoki deskribatu du haren jokabidea: ikasleek ikasi beharra dute jendea nola tratatu; kristau-elkarteetan gogoan izan beharko da nola jokatzen zuen Jesusek anonimatuan galdua zen jendearekin, inork kontuan hartzen ez zuenarekin. «Ontzitik ateratzean, Jesusek jendetza ikusi eta hunkitu zen, zeren artzainik gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta irakasten hasi zitzaien, batere presarik gabe».
Ebanjelizatzaileak azpimarratzen duen lehenengo gauza, Jesusen begiratua da. Ez da haserretu bere asmoa huts eginarazi diotelako. Pausatuki jarri zaie begira eta hunkitu da. Jendea Jesusek ez du sekula gogaikarri. Haren bihotzak sumatu du herrixka haietako landa-jendea zein bide galdurik eta abandonaturik bizi den.
Jendeari Jesusek bezala begiratzen ikasi beharra dugu geure Elizan: askok jasaten duen sufrimena, bakartasuna, nahasmendua edo abandonua atzemanez. Errukia ez da sortzen arauez arduratzetik edo gure betebeharrak gogoan izatetik. Sufritzen dutenei adi-adi begiratzetik sortu ohi da.
Begiratu horrekin konturatu da Jesus jende haren premiarik sakonenaz: «artzainik gabeko ardiak bezala dabiltza». Maisuek eta legelariek eskaintzen dieten irakaspenak ez die ematen behar duten janaririk. Beraiez inor arduratzen ez dela bizi dira. Ez dute ez gidatu, ez defenda ditzakeen artzainik.
Errukiak eraginda, «batere presarik gabe hasi zaie irakasten». Presarik gabe, Jainkoaren Berri Ona eta erreinuaz duen egitasmo gizatarra irakasteari emanik biziko da. Ez da ari derrigorrez. Ez da ari bere buruari begira. Jainkoaren Hitza eman nahi die, bizi duten artzain baten premiak hunkiturik.
Ezin gelditu gara axolagabe, geure kristau-elkarteetan, hartzen duena baino janari sendoago baten bila dabilen jendea ikusirik. Ezin eman dugu normaltzat Eliza baitan ageri den norabide erlijiosoaren falta. Buru argiz eta erantzukizunez erreakzionatu behar dugu. Ez dira gutxi janari hobe baten bila dabiltzan kristauak. Jesusen irakaspena agertuko dieten artzainak behar dituzte.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko uztailaren 19a

ARTZAINIK GABEKO ARDIAK BEZALA

Bere ebanjelioa hots egitera Jesusek bidali dituen ikasleak gogobero itzuli dira. Presa bizia izan dute egin eta irakatsi dutenaren berri beren Maisuari emateko. Ematen du, Jesusek patxadan entzun nahi diela, eta « leku baketsu batera joatera gonbidatu ditu berak bakarrik, apur bat atsedetera».
Jendeak, ordea, hankaz gora jarri ditu haien asmoak. Herrixka guztietatik jo du jendeak haien bila. Ezin dute egin bilera baketsu hura, Jesusek bere ikasle hurbilekoenekin egin nahi zuen hura. Izan ere, ikasleak iritsi baino lehen, jendetzak hartua du leku hura guztia. Zer egin du orduan Jesusek?
Xeheki deskribatu du ebanjelariak Jesusen jarrera. Jesusentzat jendea ez da sekula neke. Arretaz erreparatu dio jendetzari. Badaki, izan ere, Jesusek erreparatzen, ez soilik lagun jakin eta hurbilekoei, baita jendetzari ere, ahotsik, aurpegirik eta inportantzia berezirik ez duten gizon-emakumeek moldaturiko jendetzari ere. Bat-batean harrapatu du errukiak Jesusen bihotza. Ezin izan du saihestu. «Erruki izan zituen». Bihotz barnean ditu guztiak.
Ez ditu bazter utziko sekula. «Artzainik gabeko ardi bezala» ikusi ditu: bidean gidatuko dituen gidaririk gabeko jende bezala, Jainkoaren ahotsa entzutera emango dion profetarik gabeko bezala. Hargatik, «haiei patxadaz irakasteari ekin zion», bere denbora eta arreta eskainiz, bere Hitz sendatzailea janaritzat emateko.
Egunen batean aztertu beharra izango dugu Jesusen, geure Jaun bakar horren aurrean, nola ari garen erreparatzen jendetza horri, nolako trataera ematen diogun, Elizatik pixkana ihesi doakigun horri; hain zuzen eta agian, gure artean Jesusen Ebanjelio entzuteko aukerarik ez duelako, gure hitzaldiek, agiriek eta agerpenek ezer gutxi adierazten diotelako.
Jende xumea eta ona, gugan desilusioa baino aurkitu ez duena, gugan Jesusen errukirik sumatu ez duena. Jende fededuna: ez daki ez zeinengana jo, ez zein bide hartu, gugan sumatzen dutena baino Jainko gizatarrago batekin topo egin ahal izateko. Kristauak: isilik gelditu dira, ondo dakitelako beren hitza ez duela kontuan hartuko Elizan «norbait» den inork.
Egunen batean aldatuko da, ordea, Eliza honen aurpegiera. Ikasiko du erruki beroagoz jokatzen; alde batera utziko du bere hizketa eta emango dio jendearen sufrimena entzuteari. Bai, Jesusek ahalmena du gure bihotza eraldatzeko eta gure elkarteak eraberritzeko.

José Antonio Pagola

lunes, 9 de julio de 2012

2012/07/15 - Urteko 15. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko uztailaren 15a

Urteko 15. Igandea (B)


EBANJELIOA

Binaka bidaltzen hasi zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 6,7-13

Denbora haietan, hamabiei dei egin eta binaka bidaltzen hasi zen, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena ematen ziela. Biderako deus ere ez hartzeko agindu zien, makila bat besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta gerrikoan dirurik ere; oinetan sandaliak eraman zitzatela, baina aldatzeko soinekorik ez. Gero, nola jokatu esan zien: «Etxe batean sartzen zaretenean, gelditu bertan herri hartatik atera arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituztete eta entzun nahi ez, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, beraien kontrako seinaletzat ».
Joan ziren, bada, haiek eta berri ona hots egin zuten bihozberri zitezen. Deabru asko botatzen zuten eta gaixo asko sendatzen, olioz igurtziz.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko uztailaren 15a

EBANJELIZAZIO BERRIA

Ebanjelizazio berri baten premia sentitzen dugu gaur egun Elizan. Zer izan daiteke, ordea? Zein izan daiteke berritasuna? Zer behar dugu aldatu? Zein izan zen egiaz Jesusen asmoa, ikasleak bere ebanjelio-eginkizuna luzatzera bidali zituenean?
Markosen kontakizunak argi uzten du Jesus bakarrik dela haren jarraitzaileen egintza ebanjelizatzailearen iturria, inspiratzailea eta eredua. Jesusen aginpidez jardungo dute jarraitzaileek. Ez dute ezer egingo beren izenean. Jesusen «bidaliak» dira. Ez dira izango beren buruaren predikari: Jesusen Ebanjelioa hots egingo dute, soilik. Ez dute izango beste interesik: soilik, Jainkoaren erreinuari bideak urratzeari emanak biziko dira.
«Ebanjelizazio berri» bat eragiteko era bakarra Jesusekiko lotura hau garbitu eta indartzea izango da. Ez da izango ebanjelizazio berririk, ez badago ebanjelizatzaile berririk, eta ez da izango ebanjelizatzaile berririk, ez badago Jesusekin harreman biziagorik, argiagorik eta suharragorik. Hura gabe, munduan haren Espiritua sartu ez beste edozer gauza egingo dugu.
Bidali dituenean, Jesusek ez ditu utzi ikasleak beren indarraren baitan. «Bere aginpidea» eman die; ez da, ordea, gainerakoak kontrolatzeko, gobernatzeko edo dominatzeko boterea, baizik «espiritu lohiak bota» ahal izateko bere indarra da, jendea askatzen duena pertsona eta gizartea esklabutzen, estutzen eta gizatasuna kentzen duen orotatik.
Ikasleek oso ondo dakite zer dien Jesusek gomendatu. Ez dute ikusi hura sekula inor mendean hartzen. Beti ezagutu dute zaurituak sendatzen, sufrimendua arintzen, bizitza eraberritzen, beldurretik liberatzen, Jainkoaganako konfiantza kutsatzen. «Sendatu» eta «liberatu» dira lehenengo egitekoak Jesusen jardueran. Horrek guztiak errotik aldatuko luke gure ebanjelizazioaren aurpegiera.
Premiazkoa berekin dutela bidali ditu ebanjelizatzera. Markosen arabera, «makila, sandaliak eta tunika bat» eramango dute soilik. Ez dute beste ezeren beharrik funtsezkoaren lekuko izateko. Aske eta loturarik gabe ikusi nahi ditu Jesusek; beti prest, ongizateari lotu gabe; Ebanjelioaren indarrean fidaturik.
Ebanjelio-jarrera hau berreskuratu ezean, ez da izango ebanjelizazio berririk. Garrantzizkoa ez da jarduera eta estrategia berriak abian jartzea, baizik eta alde batera uztea ohiturak, egiturak, mirabetzak, Ebanjelioaren funtsa egiaz eta xume kutsatzeko aske izatea eragozten diguten neurrian.
Elizak galdu egin du Jesusek iradokitzen duen bidari-estilo hau. Eta bidari nagi eta astun bihurtu da Eliza. Ez da gai gizadiari lagun egiteko. Ez dugu zalutasunik kultura batetik bestera igarotzeko. Izan dugun botereari eutsi nahi diogu. Jainkoaren erreinuarekin zerikusirik ez duten interesetan katramilatu gara. Bihotz-berritu beharra dugu.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko uztailaren 12a

ELKARTEKO AZTERKETA

Jesusek ez ditu bidali ikasleak nolanahi. Jainkoaren erreinuaz Jesusek duen egitasmoan parte hartu eta haren misioa jarraitu nahi bada, ezinbestekoa da biziera berezi bat. Horrela izan ezean, mila gauza egin ahal izango dugu, baina Jesusen espiritu munduan txertatu ez. Jesusen gomendio batzuk gogorarazi dizkigu Markosek. Azpimarra ditzagun banaka batzuk.
Lehenik eta behin, nor dira haiek Jesusen izenean hitz egiteko? Zein aginpide dute horretarako? Markosen arabera, Jesusek, bidali dituenean, «aginpidea eman die espiritu kutsatuen gain». Ez die eman botererik bidean aurkituko duten jendearen gain. Jesus bera ere ez da baliatu bere botereaz jendea gobernatzeko, sendatzeko baizik.
Beti bezala, mundu osasuntsuagoa du Jesusek bere gogoan, gizakia esklabo eta desgizaki bihurtzen duten indar gaiztoetatik librea den mundua. Ikasleek ere haren indar sendatzailea txertatu behar dute jendearen artean. Jesusen ikasleak gizartean ikasle-bidea egin nahi badu, jendearen gain boterea erabiliz ez, baizik bizitza gizatar bihurtuz burutuko du, jendearen sufrimena arinduz, askatasuna eta haurridetasuna handiaraziz.
Soilik, «makila» eta «oinetakoak» eramango dituzte. Bidaiari ikusi nahi ditu Jesusek ikasleak. Inoiz ez egonari loturik. Beti bidaiari. Ezeri eta inori atxiki gabe. Berekin behar-beharrezkoa bakarrik dutela. Jesusek berak zuen zalutasunez horniturik, beharrean den nornahirengana iristeko prest. Jesusen makila ez da agintzeko, baizik bidean lagun izateko.
Ez dute eramango «ogirik, ez bizkar-zorrorik, ez dirurik». Ez dute bizi behar beren segurtasuna burutik kendu ezinik. Gauza inportanteagoa dute berekin: Jesusen Espiritua, haren Hitza, haren Agintea jendearen bizitza gizatartatzeko. Kuriosa da, baina Jesusek ez du gogoan eraginkorrago izateko ikasleek berekin eraman behar duten ezer; soilik zer ez duten eraman behar aipatu du. Hain zuzen, egunen batean pobreez ahaztu eta beren ongizatean hesiturik gera ez daitezen.
Ez dute eraman behar «ordezko jantzirik» ere. Xume-xume jantziko dira, pobreak bezala. Ez dute eramango Tenpluko apaizek bezalako jantzi sakraturik. Ez dira jantziko basamortuko bakardadean Bataiatzailea jantzi ohi zen bezala ere. Jendearen artean izango dira profeta. Ikasleen bizitza seinale izan behar du Jainkoa guztiekiko hurbil dela, batez ere premiarik handiena dutenekiko.
Ausartuko ote gara egunen batean Elizaren baitan elkarteko azterketa egitera, Jesusek argitu gaitzan eta, kasik konturatu gabe, haren espiritutik nola joan garen urruntzen ikustera irits gaitezen?

José Antonio Pagola

lunes, 2 de julio de 2012

2012/07/08 - Urteko 14. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko uztailaren 8a

Urteko 14. Igandea (B)


EBANJELIOA

Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herri, senitarte eta etxean izan ezik.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 6, 1-6

Aldi haietan, bere herrira joan zen Jesus, bere ikasleak ondoren zituela. Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok honela zioen harriturik: «Nondik honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? Ez al da, bada, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez ote dira hemen gure artean bizi?»
Eta honengatik, ezin zuten sinetsi harengan.
Jesusek esan zien: «Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herri, senitarte eta etxean izan ezik».
Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen eskuak ezarriz. Eta harriturik zegoen haien sinesmenik ezaz eta Jesus inguruko auzoetan barrena ibili zen irakasten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko uztailaren 8a


BEREEN ARTEAN UKATUA

Jesus ez da Tenpluko apaiz bat, erlijioa zaintzera eta sustatzera emana. Ez du hartzen inork Lege-maisutzat ere, Moisesen Tora defenditzera emana. Galileako landa-jendeak, haren keinu sendatzaileetan eta haren suzko hitzetan, Jainkoaren Espirituak eragina den profeta baten jarduera ikusten du.
Jesusek badaki bizitza zaila eta gatazkatsua izango duela. Erlijio-buruzagiek aurre egin diote. Profeta ororen zoria da. Ez du barruntatzen artean, hain xuxen bereek egingo diotela uko, haurtzarotik hobekien ezagutzen dutenek.
Nazareteko herrian Jesusi egin zioten ukoa oso komentatua izan zen lehen kristauen artean. Hiru ebanjelarik xeheki jaso dute pasadizoa. Markosen arabera, ikasle-talde bat lagun duela iritsi da Jesus Nazaretera, eta profeta sendatzaile baten fama duela. Jesusen auzotarrek ez dakite zer pentsa.
Larunbata iristean, herriko sinagoga txikira doa Jesus. Eta «irakasten hasi da». Auzokoek eta familiartekoek doi-doi entzuten diote. Galdera-mota asko sortu zaizkie. Haurtzarotik dute ezaguna Jesus: auzotar bat gehiago da. Non ikasi du mezu harrigarri hori Jainkoaren erreinuaz? Nondik datorkio sendatzeko ahalmen hori? Markosek dio ezen dena «eskandalagarri gertatzen zitzaiela». Zergatik?
Landa-jende hark uste du dena dakiela Jesusez. Haurtzarotik moldatu dute hartaz beren ideia. Beren aurrean agertu zaien bezala onartu ordez, hartaz duten irudiak blokeatu egin ditu. Irudi horrek eragotzi egin die Jesusen baitan den misterioari bihotza irekitzea. Gogor egin diote harengan Jainkoaren hurbiltasun salbatzailea aurkitzeari.
Bada besterik ere. Profetatzat onartzeak Jainkoaren izenean agertu dien mezua entzuteko prest egotea eskatuko lieke. Eta horrek arazoak ekartzen ahal lizkieke. Beren sinagoga dute, beren liburu sakratuak eta beren tradizioak. Bakean bizi dute beren erlijioa. Jesusen presentzia profetikoak herrixkako bakea hausten ahal du.
Kristauek irudi aski desberdinak ditugu Jesusez. Denak ez datoz bat hurbiletik ezagutu eta jarraitu ziotenen irudiarekin. Nork bere irudia dugu Jesusez. Irudi honek baldintzatzen du fedea bizitzeko era. Jesusez dugun irudia pobrea, erdizkakoa edo desitxuratua bada, pobrea, erdizkakoa edo desitxuratua izango da gure fedea.
Zergatik saiatzen gara hain gutxi Jesus ezagutzen? Zergatik eskandalizatzen gaitu haren giza ezaugarriak gogoratzeak? Zergatik egiten diogu gogor Jainkoa Profeta batengan haragitu dela aitortzeari? Haren bizitza profetikoak haren Eliza sakon eraldatzera behartuko gintuzkeela barruntatzen dugulako ote?

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko uztailaren 5a

EZ GUTXIETSI PROFETA

Kontakizun honek ez du harritzeko indar-faltarik. Jesus preseski bere herrian gutxietsi zuten, beste inork ez bezala ezagutzen zutela uste zutenen artean.
Nazaretera iritsi da Jesus, ikasleak lagun dituela, eta inor ez zaio bidera atera; beste toki batzuetan gertatzen den ez bezala da han. Herriko gaixorik ere ez diote aurkeztu senda ditzan.
Hara joan denean, harridura baizik ez du sortu. Ez dakite norengandik duen hain jakintsuki agertzen ari den mezu hura. Ez diote antzeman nondik duen bere eskuak duten sendatzeko indar hura ere. Dakiten gauza bakarra, Jesus herriko familia baten jaioa den langile bat dela. Gainerako guztia «eskandalagarri gertatu zaie».
«Gutxietsia» ikusi du Jesusek bere burua: bereek ez dute aitortu Jainkoaren mezuaren eta salbazioaren emailetzat. Beren ideia egina dute bere auzoko Jesusez eta gogor egin diote Jesusek bere baitan duen misterioari irekitzeari. Hargatik, segur aski guztiek ezagutzen duten esaera hau gogorarazi die Jesusek: «Profeta bat ez dute gutxiesten bere herrian baizik, bere ahaideen eta bere etxean baizik».
Aldi berean, Jesus «harritu egin da haien fede-faltaz». Lehenengo aldiz bizi izan du talde oso baten ukoa, ez buruzagi erlijiosoena, baizik bere jaioterri osoarena. Ez zuen espero horrelakorik bereengandik. Gainera, haien sinesgabetasunak blokeatu egin du Jesusek duen sendatzeko ahalbidea bera ere: «ezin egin ahal izan zuen han miraririk, gaixo bakan batzuk bakarrik sendatu zituen».
Markosek ez dakar pasadizo hau bere irakurleen jakin-mina asetzeko. Aitzitik, honetaz jarri nahi izan ditu kristau-elkarteak jakinaren gainean: Jesusi uko egin, hobekien ezagutzen dutela uste dutenek egin diezaioketela uko: aldez aurretiko beren ideietan itxituratzen direnek, Jesusen mezuaren berritasunari eta Jesus beraren misterioari irekitzeko gai ez direlarik.
Nolako harrera ari gara egiten Jesusi «harenak» garela uste dugunok? Adindun egina den mundu honetan, ez ote da gure fedea haur-mailan gelditu, ez ote da axalekoa? Ez ote gara bizi axolagabeegi Jesusen mezuaren berritasun iraultzailearen aurrean?
Ez ote da arraroa haren indar eraldatzaileaz dugun fede-falta? Ez ote gara bizi haren Espiritu itzaltzeko eta haren Profezia gutxiesteko arriskuan?
Horixe da Tartsoko Pauloren kezka: «Ez ezazue itzali Espiritua, ez gutxietsi Profezi dohaina. Aztertu guztia eta gorde on dena bakarrik» (1 Tesalonikarrei 5,19-21). Ez ote dugu horrelako zerbaiten beharra geure egunotako kristauok?

José Antonio Pagola