lunes, 26 de junio de 2017

2017-07-02 - Urteko 13. Igandea (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 13. Igandea (A)


EBANJELIOA

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 10, 37-42

«Aita nahiz ama ni baino maiteago duena ez da niretzat gai; semea nahiz alaba ni baino maiteago duena ez da niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian dabilenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du.
«Zuek onartzen zaituztenak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du. Profeta bat profeta delako onartzen duenak profetari zor zaion saria jasoko du; eta gizon zuzen bat zuzena delako onartzen duenak gizon zuzenari zor zaion saria jasoko du; eta txiki hauetako bati, nire ikasle delako, ontzixka bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, benetan diotsuet ez dela saririk gabe geldituko»..

Jaunak esana

HOMILIA

2017ko uztailaren 2a

FAMILIA EZ DA UKIEZINA

Sarritan, fededunek «familia» era abstraktuan harturik defenditu izan dugu; Ebanjelioaren arabera ulertu eta bizi izandako egitasmo familiar baten eduki zehatzaz gogoeta egitera gelditu gabe. Eta, halere, ez da aski familiaren balioa besterik gabe defenditzea; izan ere, familia era oso desberdinetan gauzatzen baita bizitza errealean.
Badira gizartearen zerbitzura irekiak diren familiak, eta badira beren probetxu propiora tolesturik bizi diren familiak. Badira egoismoan hezten dituzten familiak, eta solidaritatea irakasten duten familiak. Familia askatzaileak eta familia zapaltzaileak.
Jesusek fermuki defenditu ditu familia-erakundea eta ezkontzaren egonkortasuna. Eta zorrotz kritikatu ditu gurasoez axolatzen ez diren seme-alabak. Alabaina, familia ez da Jesusentzat gauza absolutu eta ukiezin bat. Ez da idolo bat. Bada familia baino goragoko eta lehenagoko den zerbait: Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna.
Funtsezko gauza ez da haragizko familia, baizik guztion artean eraiki beharreko familia handi hori, Jesusen lankide izanik Aitaren erregetzari bideak urratzeko. Horregatik, egitasmo honetan Jesusi jarraitzeko geure familia oztopo bihurtzen bazaigu, haustura eskatuko du Jesusek eta familia-harreman horiek bertan behera uzteko. «Bere aita edo ama ni baino gehiago maite duena ez da nire duin. Bere alaba edo semea ni baino gehiago maite duena ez da nire duin».
Familiak gainerakoekin solidario eta anai-arreba izatea eragozten badu, eta Jainkoak gizon-emakumeen artean nahi duen zuzentasunaren alde lan egiten uzten ez badu, askatasun kritiko bat bizitzea eskatzen du Jesusek, jarrera horrek familian gatazkak eta tirabirak eragingo baditu ere.
Eta galdera: gure etxeak balio ebanjelikoen eskola al dira; adibidez, anai-arreba artekotasuna, erantzukizunez gizarte zuzenago bat bilatzea, soiltasuna, zerbitzua, otoitza, barkazioa? Ala, aitzitik, «ebanjelizazioaren» kontrako gune ote dira, egoismoaren, zuzengabekeriaren, konbentzialismoen, alienazioaren eta gure gizartea azal huts bihurtzeko transmisio-uhal ote dira?
Zer esan familia honetaz: semea edo alaba klase-egoismora, biziera itsatsi eta segurura, etekin handienaren idealera, gainerako guztiaz ahaztera norabidetzen duenaz? Semea edo alaba hezten ari ote gara benetan, soilik lehiaketarako eta aurkaritzarako motibatzen dugunean, zerbitzurako eta solidaritaterako motibatu ordez?
Hau al da katolikoek defenditu behar dugun familia? Familia honetan entzuterik izango ote dute Ebanjelioa belaunaldi berriek? Familia-mota hau ez ote dugu «bertan behera utzi» beharrekoa?, hain juxtu, Jesusek nahi duen bizi-egitasmoari leial izateko?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


domingo, 25 de junio de 2017

2017-06-29 - San Pedro eta San Pablo, apostoluak (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

San Pedro eta San Pablo, apostoluak (A)


EBANJELIOA

Pedro zara zu, Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut.

Mateo 16,13-19

Garai hartan, Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:
–Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?
Haiek erantzun:
–Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
Jesusek galdetu zien:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Simon Pedrok erantzun:
–Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko.
Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko ekainaren 29a

JESUSEK BAKARRIK ERAIKITZEN DU ELIZA

Pasadizoa Filiporen Zesareako lurralde paganoan gertatu da. Jesusek jakin nahi du berari buruz jendeak zer esaten duen. Herrian diren iritzi desberdinen berri jakin ondoren, bere ikasleei galdetu die zuzenean: «Eta zuek, nor naizela diozue?»
Jesusek ez die galdetu zer iritzi duten mendiko hitzaldiaz edota Galileako herrietan ari duen jarduera sendatzaileaz. Jesusen ikasle izateko, Jesusi berari atxikitzea da gauza erabakitzailea. Horregatik, beragan zer atzeman edo ikusi duten jakin nahi du.
Simon Pedrok hartu du hitza eta guztien izenean erantzun dio, era solemnean: «Mesias zara zu, Jainko biziaren Semea». Jesus ez da profeten artean beste bat gehiago. Jainkoak bere herri hautatura igorri duen azken Bidalia da. Are gehiago, Jainko biziaren Semea. Orduan, Jesusek, Aitagandik bakarrik etor dakiokeen aitorpen hartaz zorionak eman ondoren, esaten dio: «Eta, orain, nik diotsut: Pedro zara zu eta harri honen gainean eraikiko dut neure Eliza».
Oso zehatzak dira hitzak. Eliza ez da Pedrorena, baizik Jesusena. Eliza eraiki, ez du Pedrok eraikitzen, baizik Jesusek. Pedro, soil-soilik, «harria» da, zeinen gainean kokatzen baita Jesus eraikitzen ari den «etxea». Irudiak hau iradokitzen du: Pedroren zeregina Elizari egonkortasuna eta sendotasuna ematea dela: arduratzea, alegia, Jesusi eraikitzeko aukera emateko, jarraitzaileek desbideratzerik edota murrizketarik ezar ez dezaten.
Frantzisko aita santuak ondo daki, bere egitekoa ez duela «Kristoren lekua hartzea», baizik arduratzea, gaur egungo kristauek Kristorekin topo egin dezaten. Horixe du bere kezka handia. Pedroren ondorengoaren zerbitzua hartzean berean esan zuen: «Elizak Jesusengana eraman behar du jendea. Jesus da Elizaren erdigunea. Noizbait gertatu balitz Elizak ez duela Jesusengana eramaten, Eliza hila izango litzateke».
Horregatik, etapa ebanjelizatzaile berri baten egitaraua publiko egitean, bi xede proposatu ditu. Lehenik eta behin, Jesusekin topo egitea; izan ere, hark eraberritu ditzake, bere berritasunarekin, gure bizitza eta gure elkarteak … Jesu Kristok eten ditzake, orobat, bera hesitzeko erabili nahi izango genituzkeen eskema aspergarriak».
Bigarren, erabakitzailetzat jotzen du Frantziskok «iturburura jo eta Ebanjelioaren jatorrizko freskotasuna berreskuratzea»; izan ere, saiatzen garen bakoitzean, bide berriak sortzen dira, metodo berriak, seinale esanguratsuagoak, esanahi berriz hornitutako hitzak, gaur egungo munduarentzat». Tamalgarria izango litzateke, Eliza eraberritzeko Aita Santuak egin digu gonbita gure kristau-elkarteetara ez iristea.

José Antonio Pagola

HOMILIA

PEDROREN ZERBITZUA

Jesus hizketan ari da ikasleekin Filipoko Zesarean, Jordan ibaiaren sorburutik hurbil. Pasadizo hau inportantea da Mateoren ebanjelioan. Segur aski, ikasleek bi gauza hauek nahas ez ditzaten nahi du: Jesusengandik jaiotzen ari diren «elizak» eta berari buruz iritzi-mota guztiak bizi dituzten judu-elkarteak nahas ez ditzaten.
Lehenik eta behin, Elizaren erdigunean zein dagoen argitu behar da. Zuzenean galdetu die Jesusen ikasleei: «Zuek, zein naizela diozue?» Pedrok erantzun dio guztien izenean: «Mesias zara zu, Jainko biziaren Semea». Sumatu du, alegia, Jesus ez dela itxaro duten Mesias bakarrik. «Jainko biziaren Semea» da. Bizia den Jainkoa da, bizi den ororen iturria eta jatorria. Jesusen misterioa atzeman du Pedrok haren hitz eta keinuetan, jendeari osasuna, barkazioa eta bizi berria ematen dioten haietan.
Zorionak eman dizkio Jesusek: «Zorionekoa zu… hori zeruko nire Aitak bakarrik azaldu ahal izan baitizu». Ez da Jesusenganako fede hori iratzar dezakeen «haragizko eta hezurrezko» gizakirik. Gauza horiek Aitak xumeei agertzen dizkie, eta ez jakintsuei eta adituei. Jesusen jarraitzaile xume horietakoa da Pedro, Aitarekiko bihotza irekirik bizi diren horietakoa. Hori da Pedroren handitasuna, baita benetako fededun ororena ere.
Ondoren, promes nabarmen hau egin du Jesusek: «Pedro zara zu eta harri honen gainean eraikiko dut nik neure Eliza». Eliza ez du eraiki edozein batek. Jesusen berak eraiki du. Jesusek berak dei egin die bere ikasleei, Jesusek berak bildu ditu bere inguruan. Berea du Jesusek Eliza. Harengandik jaio da.
Baina Jesus ez da zoroa, ez du eraiki hondar gainean. Pedro izango da Eliza honen «arroka». Ez, noski, Pedroren izaeraren sendotasuna eta irmotasuna direla medio, zeren, zintzoa eta grinatsua den arren, iraupenik gabea eta kontraesanekoa baita. Bere indarra Jesusenganako bere fede xumetik datorkio. Fededunen eredu da Pedro, eta Jesusekiko egiazko fedearen eragile da.
Hau da Pedrok eta haren ondokoek Jesusen Elizari egiten dioten zerbitzu handia. Pedro ez da «Jainko biziaren Semea», baizik «Jonasen semea». Eliza ez da Pedrorena, baizik Jesusena. Jesus dago erdigunean. Jesus bakarrik ari da Eliza eraikitzen bere Espirituaren bidez. Baina Pedro gonbit hau egiten ari zaigu: bizi gaitezela Aitaren errebelazioari irekirik, bizi gaitezela Jesus ahaztu gabe eta har dezagula haren Eliza zinezko fedez.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 19 de junio de 2017

2017-06-25 - Urteko 12. Igandea (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 12. Igandea (A)


EBANJELIOA

Ez izan beldurrik gorputza hil bai.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 10, 26-33

«Ez izan jendearen beldur! Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ere ezer ezkutuan jakingo ez denik. Gau-ilunez esaten dizuedana, esan zuek egun-argiz; eta belarrira entzuten duzuena, hots egin etxe-gainetatik. Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina bizia hondatu ezin dutenei; izan beldur, gorputza ez ezik, pertsona osoa infernuan honda dezakeenari.
«Ez ote dira bi txori sos batean saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera erortzen zuen Aitaren baimenik gabe. Zuen buruko ileak ere denak zenbatuak dauzka Jainkoak. Ez izan, bada, beldur: zuek txori guztiek baino gehiago balio duzue.
«Jendearen aurrean aitortzen nauena aitortuko dut nik ere Aita zerukoaren aurrean; baina jendearen aurrean ukatzen nauena ukatu egingo dut nik ere zeruko Aitaren aurrean.

Jaunak esana

HOMILIA

2017ko ekainaren 25a

GURE BELDURRAK

Gure bihotza maitasun sendo batek edo fede irmo batek hartua ez denean, erraz gelditzen da gure bizitza geure beldurren mende. Batzuetan, izena, segurtasuna, erosotasuna edo ongizatea galtzeko beldurrak kentzen digu erabakiak hartzeko adorea. Ez gara ausartzen arriskatzera geure gizarte-egoera, geure dirua edo geure zoriontasun-apurra.
Beste batzuetan, onartuko ez ote gaituzten beldurrak zurruntzen gaitu. Bakarrik, jendearen adiskidetasunik gabe edo maitasunik gabe geldituko garen ahalbideak eragiten digu beldurra. Eguneroko bizitzari aurre eginbeharrak inoren hurbileko laguntzarik gabe.
Sarritan, geure kezka guztia jendearen aurrean ondo gelditzea izaten da. Barregarri geldituko ote garen, geure egiazko konbentzimenduak esan beharrean gertatu ote garen, geure fedearen testigantza egitea ere beldurgarri izaten dugu. Beldurra izan ohi diegu gainerakoen kritikei, esamesei eta ukoei. Ez dugu nahi izaten inork sailka gaitzan. Beste batzuetan etorkizunaren beldurra izaten da. Ez dugu argi ikusten geure geroa. Ez dugu segurtasunik ezertaz. Agian ez gara inortaz fidatzen. Beldurra ematen digu biharrari aurre egin behar izateak.
Beti izan da tentagarria fededunentzat erlijioan babesa bilatzea, geure beldurretik, ziurtasun-ezetik eta beldurretik liberatuko gaituen aterpe izango litzatekeelakoan. Alabaina, oker handia izango litzateke fedea helduleku erosotzat hartzea: adoregabeentzat, koldarrentzat eta izutientzat.
Jainkoagan jarritako konfiantzazko fedeak, zuzen ulertua denean, ez du eramaten fededuna problemen aurrean bere erantzukizunari ihes egitera. Ez dio eragiten gatazketatik ihes egitera, guztiz eroso bere bakardadean babesteko. Aitzitik, Jainkoaganako fedeak betetzen du bihotza indarrez eskuzabalago eta era arriskutsuagoan bizi ahal izateko. Aitagan ezarritako konfiantza biziak laguntzen dio edozeini koldarkeria eta beldurra gainditzen, Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna ausartago eta askeago defenditzeko.
Fedeak ez du eragiten pertsona koldarrik; aitzitik, pertsona bipil eta ausartak sortzen ditu. Ez ditu hesitzen fededunak nor bere baitan, baizik eta eguneroko bizitza problematiko eta gatazkakora eragiten die. Ez die eragiten trikuarena egitera, alferkeriara eta erosotasunera joz, baizik eta konpromisora kilimatzen ditu.
Fededun batek Jesusen «Ez beldur izan» hitzak bihotzean benetan entzuten dituenean, ez du sentitzen konpromisoari iskin egiteko deirik; aitzitik, halakoei Jainkoaren indarrez aurre egiteko kilima sentitzen du.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko ----aren --a

Izenburua

---

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2008ko ekainaren 22a

BELDURRIK GABE

Oso berria zen artean Jesus hil zutenaren oroitzapena. Kristau-elkarteetan bertsio desberdinak zebiltzan Jesusen Pasioaz. Guztiek zekiten gauza arriskutsua zela gaizki bukatu zuen lagun baten izenean agertzea. Gogoan gorde zuten Jesusen esaldi hau: «Ikaslea ez da bere maisua baino gehiago». Maisuari Beeltzebul esan badiote, zer ez ote dute esango haren ikasleez?
Jesusek ez zuen nahi ikasleek ilusio faltsurik egin zezaten. Inori ezin pasa dakioke burutik haren benetako jarraitzaile izatea, haren zorian hein batean parte izan gabe. Noiz edo noiz, norbaitek uko egingo dio, tratu txarra emango, irainduko, gaitzetsiko. Zer egin?
Barru-barrutik datorkio erantzuna Jesusi: «Ez izan haien beldur». Beldurra ez da parte onekoa. Ikasleak ez dio utzi behar zurrundu dezan. Ez du isilarazi behar. Ez dio utzi behar, ezergatik ere, Jesusen mezua hots egiteari.
Erasoaldian zein jarrera izan argitu nahi dien Jesusek. Hasia da jadanik, Jesusekin, Jainkoaren Berri Onaren errebelazioa. Konfiantza izan behar dute. Askorentzat oraindik «estalia» eta «ezkutua» dena agerian geldituko da egun batean: ezagutuko da Jainkoaren Misterioa, Jainkoak gizakiari dion maitasuna, guztiek bizi zoriontsuagoa izateko hark duen egitasmoa.
Jesusen ikasleak deituak daude errebelazio-prozesu horretan oraintxetik parte aktiboa hartzera: «Nik gauez esana, esan zuek egun argitan». Ilunabarrean, atsedetera joan aurretik, argitzen diena, beldurrik gabe jakinarazi behar dute «egun argitan». «Nik belarrira esana, aldarrikatu zuek teilatu gainetik». Bihotzean sakon sar dakien belarrira xuxurlatzen diela, plazaratu egin behar dute.
Beldurrik izan ez dezaten azpimarratu die Jesusek. «Nire alde denak» ez du zertan beldur izan. Azken auzia ezusteko pozgarri izango du halakoak. «Zeruko nire Aita» izango du epaile, mugarik gabe maite duen Aita. Ni neu izango nau defendatzaile, «haren alde aterako naizen hau». Nork eman diezaguke esperantza handiagorik probaldian?
Jesusek bere ikasleak fededunen talde bezala irudikatzen zituen, beldurrik gabe «bere alde ateratzen» dakien talde bezala. Zergatik ez ote gara gu pertsona libreago Jesusen aldeko bide berriak urratzeko? Zergatik ez ote gara ausartzen era xume, argi eta zehatzean ebanjelioaren muina aurkezten?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 12 de junio de 2017

2017-06-18 - Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (A)


EBANJELIOA

Nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6, 51-58

Egun haietan, Jesusek esan zien Judutarrei:
«Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».
Hitz hauek eztabaida gogorra sortu zuten entzuleen artean. Honela zioten:
–Nola eman diezaguke honek bere gorputza jaten?
Jesusek esan zien:
–Bene-benetan diotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta neuk piztuko dut azken egunean.
Zeren nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena nirekin bat eginda dago, eta ni berarekin.
Bizia duen Aitak bidali ninduen eta hari esker dut nik bizia; halaxe, ni jaten nauenak ere niri esker izango du bizia. Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du.

Jaunak esana

HOMILIA

2017ko ekainaren 18a

PLANTO EGINIK

Frantzisko aita santua errepikatu eta errepikatu ari da, beldurra, duda-muda, ausardia-falta… eragozpen gerta daitezkeela gaurko egungo Elizak beharrezkoa duen berrikuntza eragiteko. «Ebanjelioaren poza» delako bere Erreguan hau esatera iritsi da: beldurrak jota geratzen bagara, «Elizak agor eta antzu nola planto egiten duen begira» gelditzeko arriskua bizi dukegula.
Hitz horiek zer pentsa ematen dute. Zer hauteman dezakegu geure artean? Mugitzen al gara geure kristau-elkarteetan fedea biziberritu dadin ala Frantziskok aipatzen duen «agor eta antzu planto egite» horri begira gelditurik jarraitzen dugu? Non aurki genezake indarrik erreakzionatzeko?
Kontzilioaren ekarpen handietako bat izan zen mezaren inguruan aldaketa hau eragitea: «meza» agindu sakratu bat betetzeko agindu indibidualtzat hartzeari utzi, eta elkarte osoaren ospakizun pozgarri bezala bizitzearen «eukaristiatzat» hartzea, fedea elikatzeko, anai-arreba artekotasunean haziz joan eta Kristoganako esperantza biziberritzeko.
Dudarik gabe, azken urte hauetan, urrats oso garrantzizkoak egin ditugu. Oso urrun gelditu dira latinez ospatutako meza haiek, zeinetan apaizak «esan» egiten baitzuen meza eta kristau-herriak «entzun» egiten baitzuen meza edota «egon» egiten baitzen ospakizunean. Baina ez ote dugu jarraitzen geure eukaristia ohikeriaz eta era aspergarrian ospatzen?
Hor dago ukaezineko gertaera bat. Jendea urrunduz doa, modu geldiezinean, igandekoa bizitzetik; hain juxtu, gure ospakizunetan aurkitzen ez duelako ez girorik, ez hitz argirik, ez erritu adierazlerik, ez onarpen kitzikatzailerik, bere fede ahul eta duda-mudazkoa elikatzeko behar duena.
Inondik ere, guztiok, artzain eta fededun, behar dugu galdera egin: zer ari gara egiten, eukaristia izan dadin, Kontzilioak nahi duen bezala, «kristau-elkartearen bizitza osoaren erdigune eta gailur?» Nolatan gelditu da hierarkia hain isil, hain mugigaitz? Nolatan ez dugu agertzen fededunok geure kezka eta geure mina indar handiagoz?
Larria da arazoa. «Planto eginik» jarraitu behar ote dugu eukaristia modu honetan ospatuz, gaur egungo gizon-emakumeak hain eskas erakartzen dituen modu honetan? Mendez mende errepikatzen ari garen liturgia-modu hau ote da hobekien laguntzen ahal diguna, Jesusen afari gogoangarri hura eguneratzeko, zeinetan biltzen baita era miresgarrian gure fedearen muina?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko ekainaren 22a

PLANTO EGINIK

Frantzisko aita santua errepikatu eta errepikatu ari da, beldurra, duda-muda, ausardia-falta… eragozpen gerta daitezkeela gaurko egungo Elizak beharrezkoa duen berrikuntza eragiteko. «Ebanjelioaren poza» delako bere Erreguan hau esatera iritsi da: beldurrak jota geratzen bagara, «Elizak agor eta antzu nola planto egiten duen begira» gelditzeko arriskua bizi dukegula.
Hitz horiek zer pentsa ematen dute. Zer hauteman dezakegu geure artean? Mugitzen al gara geure kristau-elkarteetan fedea biziberritu dadin ala Frantziskok aipatzen duen «agor eta antzu planto egite» horri begira gelditurik jarraitzen dugu? Non aurki genezake indarrik erreakzionatzeko?
Kontzilioaren ekarpen handietako bat izan zen mezaren inguruan aldaketa hau eragitea: «meza» agindu sakratu bat betetzeko agindu indibidualtzat hartzeari utzi, eta elkarte osoaren ospakizun pozgarri bezala bizitzearen «eukaristiatzat» hartzea, fedea elikatzeko, anai-arreba artekotasunean haziz joan eta Kristoganako esperantza biziberritzeko.
Dudarik gabe, azken urte hauetan, urrats oso garrantzizkoak egin ditugu. Oso urrun gelditu dira latinez ospatutako meza haiek, zeinetan apaizak «esan» egiten baitzuen meza eta kristau-herriak «entzun» egiten baitzuen meza edota «egon» egiten baitzen ospakizunean. Baina ez ote dugu jarraitzen geure eukaristia ohikeriaz eta era aspergarrian ospatzen?
Hor dago ukaezineko gertaera bat. Jendea urrunduz doa, modu geldiezinean, igandekoa bizitzetik; hain juxtu, gure ospakizunetan aurkitzen ez duelako ez girorik, ez hitz argirik, ez erritu adierazlerik, ez onarpen kitzikatzailerik, bere fede ahul eta duda-mudazkoa elikatzeko behar duena.
Inondik ere, guztiok, artzain eta fededun, behar dugu galdera egin: zer ari gara egiten, eukaristia izan dadin, Kontzilioak nahi duen bezala, «kristau-elkartearen bizitza osoaren erdigune eta gailur?» Alabaina, aski ote da parrokien borondate ona edota bakar batzuen sormen bakana, eraberritzeko beste irizpiderik gabe?
Jaunaren Afaria gauza inportantegia da, «galtzen» jarrai dezan uzteko, nolatan «agor eta antzu planto egiten duen» begira geldituz. Ez ote da eukaristia kristau-bizitzaren erdigunea? Nolatan gelditu da hierarkia hain isil, hain mugigaitz? Nolatan ez dugu agertzen fededunok geure kezka eta geure mina indar handiagoz?
Larria da arazoa. «Planto eginik» jarraitu behar ote dugu eukaristia modu honetan ospatuz, gaur egungo gizon-emakumeak hain eskas erakartzen dituen modu honetan? Mendez mende errepikatzen ari garen liturgia-modu hau ote da hobekien laguntzen ahal diguna, Jesusen afari gogoangarri hura eguneratzeko, zeinetan biltzen baita era miresgarrian gure fedearen muina?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko ekainaren 26an

JESUSEN OROITZAPENA BIZIBERRITU

Mezaren krisia da, segur aski, gaur egungo kristautasunean bizitzen ari garen krisiaren ikurrik adierazgarriena. Gero eta begi-bistagokoa da: eukaristiaren errituala leial betetzea, mendetan barna eratua izan den bezala, ez da aski Kristorekiko bizi-harremana elikatzeko, gaur egungo Elizak behar duen moduan.
Hainbat kristauk igandeko meza alde batera uztea, gazteen absentzia orokortua, ospakizuna ulertzeko eta dastatzeko gai ez direlako, leialtasun eredugarriz mezara joaten jarraitzen dituztenen kexuak eta eskakizunak: hori guztia ari zaigu oihu egiten, esanez Elizak bere elkarteen erdian sakramentu-esperientzia biziagoa eta sentituagoa behar duela.
Halere, ematen du inor ez dela sentitzen gertatzen ari denaren erantzule. Inertziaren, koldarkeriaren edo alferkeriaren biktima gara. Halako batean, agian ez hain berandu, Eliza ahulago eta pobreago baina eraberritzeko gaiago izango den batek ekingo dio eukaristiaren errituala eraldatzeari, eta hierarkiak baitaratuko du bere apostolutar erantzukizuna erabakiak hartzeko, gaur egun planteatzera ere ausartzen ez garen erabakiak bestalde.
Bitartean ezin geldi gintezke besoak tolesturik. Egunen batean Jaunaren Afariaren berrikuntza liturgikoa gertatu bada, kristau-elkarteetan beste giro bat sortu beharrean gara. Askoz ere era biziagoan sentitu beharko genuke Jesusen oroitzapena egiteko premia; baita oroitzapen hori geure esperientzia erlijiosoa sakon eraldatzeko oinarri bihurtzea ere.
Azken Afaria Jesusen keinu pribilegiatua da. Hartan, heriotza hurbil sumaturik, bere bizitza osoa zer izan den eta gurutzean hiltzea zer izango den laburbildu nahi izan du. Afari hartan bildu eta jarri zuen agerian bere existentzia guztiaren eduki salbatzailea: Aitari dion maitasuna eta gizakiari dion errukia, azkeneraino eramana.
Horregatik da hain garrantzizkoa eukaristia bizi-bizi ospatzea. Hartan Jesus gure artean izatea gertaberritzen dugu. Jesusek, Aitaren egitasmoari bete-betean eta leialtasun biziz atxikirik, bere bizitzaren azkenean bizi izan zuena berregitea dugu esperientziarik pribilegiatuena; horren premia dugu Jesusi jarraitzea eta Erreinuari bideak irekitzeko gure lana elikatzeko.
Barruagotik hartu behar dugu Jesusen agindu hau: «Egizue hau nire oroigarri». Zailtasun, oztopo eta egoskortasunen artean, gogor jokatu beharra dugu ahaztearen aurka. Egiatasun eta zinezkotasun handiagoz egin behar dugu Jesusen oroitzapena. Eukaristia ospatzea biziberritu eta eraberritu beharra dugu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 5 de junio de 2017

2017-06-11 - Hirutasun Santua (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Hirutasun Santua (A)


EBANJELIOA

Jainkoak bere Semea mundura bidali zuen, haren bitartez salbatzeko.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 16-18

Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.
Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.
Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan.

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko ekainaren 11a

JAINKOAREN BARNETASUNA

Ezinezko batez, egunen batean, Elizak Jainkoa ez dela Hirutasun esango balu, aldatuko al litzateke zerbaitetan fededun askoren bizitza? Segur aski, ez. Horregatik, txunditurik gelditzen da bat P. Varillon-en aitorpen honekin: «Uste dut, Jainkoa Hirutasun ez balitz, ni segur aski ateo izango nintzatekeela […] Nolanahi den, Jainkoa Hirutasun ez bada, nik ez dut jada ezer ulertzen».
Kristaurik gehienek ez dakite ezen Jainkoa Hirutasun bezala adoratzen dugunean, Jainkoa, bere barnetasun sakonenean, maitasun dela, harrera eta samurtasun dela. Hau da, agian, kristaurik gehienek behar duten konbertsioa: Jainkoa Botere bezala hartzetik Jainkoa Maitasun bezala adoratzera igarotzea, poz-pozik eta pixkana-pixkana.
Jainkoa ez da izate «ahalguztidun eta betiereko» edozein bat. Izate boteretsu bat despota izan daiteke, tirano txikitzaile, diktadore arbitrario izan daiteke: mehatxu bat, alegia, gure askatasun koxkor eta ahularentzat. Izan ahal genezake konfiantzarik ahalguztiduna bakarrik dela ezagut genezakeen Jainko batengan? Oso zaila da mugagabeki ahalguztiduna den norbaitengan konfiantza ipintzea. Ematen du, errazagoa dela fidakaitz izatea, zuhur izatea eta geure independentzia segurtatzen saiatzea.
Alabaina, Jainkoa Hirutasun da, Maitasun-misterio da. Eta haren guztiahaltasuna soil-soilik maitasun-guztiahaltasuna da, atzeman ezineko samurtasun mugagabe den guztiahaltasuna da. Ahalguztiduna, Jainkoaren maitasuna bakarrik da. Jainkoak ezin du egin den-dena. Jainkoak ezin du maitasun mugagabeak egin dezakeena baizik. Eta hori ahaztu eta maitasunaren ildotik irteten garen bakoitzean, sasi-jainko bat eraikitzen dugu, existitzen ez den idolo arraro baten antzeko bat.
Jainkoa soilik Maitasun dela aurkitzen ez dugun bitartean, erraz jo genezake harekiko harremanak norberaren probetxuaren edo beldurraren arabera gauzatzera. Probetxua, Jainkoaren guztiahaltasunaz geure onerako baliatzera eragiten diguna. Edota beldurra, baliabide-mota guztien bila jartzen gaituena Jainkoaren botere mehatxagarriari ihes egiteko. Baina probetxuaz eta beldurraz ehotako erlijio hau hurbilago legoke magiatik egiazko kristau-fedetik baino.
Fedetik Jainkoa soilik Maitasun dela sumatzen eta geure bizitzaren hondoenean presente eta pil-pil dagoen Maitasun baizik ezin izan dela aurkitzen dugunean, orduan hasten da hazten, guztiz aske, gure bihotzean Jainko Hirutasunaganako konfiantza; horretaz badakigu, Jesusen bidez, gu maitatu besterik ezin duela egin.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko ekainaren 15a

JAINKOAGAN KONFIANTZA

Hirutasunaren misterioa giza kontzeptuz adierazteko, mendez mende teologoek egin duten ahaleginak apenas die laguntzen gaur egun kristauei, dela Jainko Aitagan beren konfiantza biziberritzeko, dela Jesusekiko, gizon egindako Jainkoaren Semearekiko atxikimendua birsendotzeko, dela fede biziz onartzeko Jainkoaren Espirituaren presentzia gugan.
Horregatik, gauza ona izan daiteke ahalegintxo bat egitea, Jainkoaren misteriora hurbiltzeko, hitz xumez eta bihotz apalez, hurbiletik begiratuz Jesusen mezuari, keinuei eta bizitza osoari: gizon egin den Jainkoaren Semearen misterioari, alegia.
Aitaren misterioa maitasun da, bihotz-bihotzetiko maitasun eta etenik gabeko barkazio. Inor ez du baztertzen maitasun horrek, inori ukatzen ez barkazioa. Aitak maite gaitu eta bere seme-alaba guztion bila dabil, berak bakarrik dakizkien bideetan barna. Txera mugagabez eta erruki sakonez begiratzen dio gizaki orori. Horregatik, hitz batez dei egiten dio Jesusek beti: «Aita».
Geure lehen jarrera, Aita horren aurrean, konfiantza izan behar dugu. Errealitatearen azken misterioak, fededunok «Jainkoa» deitzen dugun horrek alegia, ez liguke eragin behar sekula ez beldurrik, ez larritasunik: Jainkoak ezin du egin maitatu besterik. Ondotxo daki hark gure fedea txikia dela eta dudakorra. Ez dugu zertan triste bizi, geure bizitzagatik, ia beti eskasa; ezta zertan adorea galdu ere, konturatu garelarik, urtetan bizi izan garela Aita horrengandik urrun. Utz dezagun geure burua haren eskuetan, xume-xume. Aski du hark gure fede txiki hori.
Jesusek berak ere konfiantza izatera gonbidatzen gaitu. Hona zein hitzez: «Ez zaitezte bizi bihotza larri. Sinetsi Jainkoagan. Sinetsi nigan ere». Aitaren argazki bizia da Jesus. Aitak dioskuna ari gara entzuten Jesusen hitzetan. Bere keinuez eta bere jardueraz, dena emana bizitza gizakoiago egitera, Jainkoak nola maite gaituen agertzen digu.
Horregatik, Jainko jakin, adiskide eta hurbileko batekin egin genezake topo Jesusengan edozein gorabeheratan. Gure bizitzan bakea ezartzen du Jesusek. Beldurretik konfiantzara pasarazten gaitu, errezelotik fede xumera maitasun huts den bizitzako azken misterioarekiko.
Aita eta haren Semea arnasten dituen Espiritua onartzea, ikusezina eta isila baina erreala den Jainkoaren misterioaren presentzia gure baitan onartzea da. Etengabeko presentzia honen ohartun bihurtzen garenean, Jainkoaganako beste konfiantza bat hasten da ernetzen gure baitan.
Gure bizitza hauskorra da, kontraesanez eta ziurgabetasunez betea: fededun eta fedegabe, guztiok bizi gara misterioak inguraturik. Alabaina, Espirituak gu baitan duen presentzia, misteriotsua bera ere, ahula izan arren, aski da Maitasun huts den bizitzako azken Misterioan dugun gure konfiantza sostengatzeko.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko ekainaren 19a

KRISTAUA JAINKOAREN AURREAN

Kristauei ez zaie beti gauza erraza gertatzen Hirutasun bezala aitortutako Jainkoaren misterioarekin harreman konkretuak eta biziak izatea. Halere, krisi erlijiosoa gonbidatzen ari zaigu harekiko harreman pertsonal, sano eta pozgarria inoiz baino gehiago zaintzera. Jesus, hots, Galileako Profetagan gizon egin den Jainkoaren Misterioa da abiapunturik hobena fede xume bat biziberritzeko.
Nola bizi Aitaren aurrean? Jesusek oinarrizko bi jarrera agertu dizkigu. Lehenik eta behin, konfiantza osoa. On-ona da Aita. Azkenik gabe maite gaitu. Ez dio ezer inporta gure ona baino gehiago. Harengan konfiantza izan dezakegu, beldurrik gabe, errezelorik, kalkulurik, estrategiarik gabe. Bizitzea Maitasunean konfiantza izatea da, ororen azken misteriotzat hartuz.
Bigarren, baldintzarik gabe esaneko izatea. Gauza ona da Aita horren borondateari adi-adi bizitzea, zeren guztiok bizi duinagoa izan dezagun nahi baitu. Ez da bizitzeko era sanoagorik eta egokiagorik. Hain zuzen, horixe du bere ezkutuko motibazioa errealitatearen misterioa Jainko Aitaganako fedez bizi duenak ere.
Zer da Jainkoaren Seme gizon eginarekin bizitzea? Lehenik eta behin, Jesusi jarraitzea: hura ezagutzea, hari sinestea, harekin bat etortzea, haren urratsei jarraituz bizitzen ikastea. Bizitzari hark begiratzen zion bezala begiratzea; jendeari hark ematen zion tratua ematea; onberatasunaren eta askatasun askatzailearen seinaleak ereitea, Jesusek egiten zuen bezala. Bizitza gizatarragoa eginez bizitzea. Horrela bizi da Jainkoa bera gizon egin denean. Kristau batentzat ez da bizitzeko era biziagorik.
Bigarren, Aitaren nahiari jarraituz, Jesusek abian jarri duen Jainkoaren Egitasmoan lankide izatea. Ez gintezke gelditu alfer. Negar dagitenak barrez ikusi nahi ditu Jainkoak, gose direnak jaten ikusi nahi ditu. Gauzak aldatu beharra dugu, bizitza guztientzat bizitzago izan dadin. Jesusek «Jainkoaren erreinu» deitzen duen Egitasmoa hau dugu markoa, norabidea eta horizontea: bizitza gizatarrago egiteko, Jainkoaren azken misteriotik planteatzen zaiguna.
Zer da Espiritu Santuak arnasturik bizitzea? Lehenengo, maitasunak arnasturik bizitzea. Hori atera daiteke Jesusen ibilbide osotik. Funtsezko gauza, dena maitasunez eta maitasunetik bizitzea da. Ez da gauza inportanteagorik. Maitasuna da gure existentziari zentzua, egia eta esperantza ezartzen dion indarra. Maitasuna da hainbat trakeskeria, errore eta miseriatatik salbatzen gaituena.
Azkenik, «Jainkoaren Espirituak gantzuturik» bizi denak bereziki sentitzen du deia pobreei Berri Ona hots egiteko. Halakoaren bizitzak indar askatzailea du gatibuentzat; argia itsu bizi direnentzat; erregalu da zoritxarreko sentitzen direnentzat.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com