lunes, 26 de marzo de 2012

2012/04/01 - Erramu Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko apirilaren 1a

Erramu Igandea (B)



EBANJELIOA

Elkarrisketan irakurtzeko: + Jesus; K Kronista; I Ikasleak eta lagunak; J = Jendetza; P Beste personaiak.

Jaungoikoaren Pasioan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 14, 1-15, 47

Jesus bere gogoz heriotzara (14,1-42)

Jesus nola atxilotuko.

K. Handik bi egunera, Pazko-jaia eta Legamia gabeko Ogien Jaia ospatzen ziren. Apaizburu eta lege-maisuak Jesus maltzurkeriaz nola atxilotuko zebiltzan, hiltzeko. Baina hau zioten:
P. «Ez gero jaiegunean, herrian iskanbilarik sor ez dadin».

Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi.

K. Jesus Betanian zen, Simon legendunaren etxean. Mahaian zegoela, emakume bat etorri zen, hartzurizko ontzian nardozko ukendu garbi eta garestia zekarrela. Ontzia hautsi eta Jesusi burura isuri zion. Batzuek, haserre, honela ziotsoten elkarri:
P. –Zergatik horrela alferrik galdu ukendu hori? Hirurehun denarioz goitik sal zitekeen eta dirua behartsuei eman.
K. Eta marmarrean ari ziren emakumearen kontra. Baina Jesusek esan zien:
+. –Utzi bakean honi; zergatik gogaitarazten duzue? Egintza ona egin du nirekin. Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, eta nahi duzuenean egin diezaiekezue on. Baina ni ez nauzue betiko zuekin. Ahal zuena egin du: nire gorputza ukenduz igurtzi du aldez aurretik hilobirako . Benetan diotsuet: Mundu guztian barrena, berri ona hots egingo den edonon aipatuko dira emakume hau eta beronek egina.

Jesus Judasek saldua.

K. Judas Iskariote, Hamabietako bat, apaizburuengana joan zen, Jesus beraiei eskuetara emateko asmotan. Entzutean, poztu egin ziren haiek eta dirua agindu zioten. Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen Judas.

Azken afarirako prestaketak.

K. Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen eguna zen, Pazko-bildotsa hiltzen zeneko eguna. Ikasleek esan zioten Jesusi:
I. –Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?
K. Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
+. –Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari, eta sartuko den etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia». Berak gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar ditugunak.
K. Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.

Afarian: Judasen saldukeriaren iragarpena.

K. Ilunabarrean, joan zen Jesus Hamabiekin eta, mahaian afaltzen ari zirelarik, Jesusek esan zuen:
+. –Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, nirekin jaten ari den batek.
K. Haiek, goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion bata bestearen ondoren:
I. –Nik ote?
K. Jesusek erantzun:
+. –Hamabiotako batek, nirekin plater beretik jaten ari denak. Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz!

Azken afaria: hona nire gorputz-odolak.

K. Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta eman egin zien, esanez:
+. «Hartzazue, hau nire gorputza da».
K. Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien eta denek edan zuten. Eta esan zien:
+. «Hau nire odola da, Jainkoarekiko ituna berrituko duena , guztiengatik isuria. Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edan arte».

Afalondoan: Pedroren ukoen iragarpena.

K. Gorazarreak kantatu ondoren , Oliamendira abiatu ziren.
Jesusek esan zien:
+. «Zuen sinesmenak huts egingo du , honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira. Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».
K. Pedrok esan zion:
I. –Beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak ez.
K. Jesusek erantzun:
+. –Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu.
K. Baina Pedrok, gero eta areago:
I. –Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.
K. Eta beste hainbeste zioten denek.

Getsemaniko otoitz larria.

K. Getsemani izeneko landa batera iritsi ziren, eta Jesusek esan zien bere ikasleei: +. «Zaudete hemen, nik otoitz egin bitartean».
K. Pedro, Santiago eta Joan eraman zituen berekin. Ikara eta larria sentitzen hasi zen, eta esan zien:
+. «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne».
K. Eta aurreraxeago joanik, lurrean erori eta otoizka ari zitzaion Jainkoari, urrun ziezaiola ordu hura, ahal bazen. Honela zioen:
+. «Abba, Aita! Zure esku dago guztia; urrun ezazu niregandik edari samin hau! Baina egin bedi zure nahia, ez nirea».
K. Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion:
+. «Simon, lotan? Ordubete ere ezin izan zara erne egon? Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia ».
K. Berriro aldendu eta otoitz egin zuen, lehengo hitz berak esanez. Berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten; haiek ez zekiten zer esan.
Joan zitzaien hirugarren aldiz eta esan zien:
+. «Egin lo eta hartu atseden! Kito! Iritsi da ordua: hona Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»

Jesus giza eskuetan. Piztuera (14,43–16,8)

Jesus lotua daramate.

K. Jesus hizketan ari zela, han agertu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek bidalirik. Saltzaileak seinale hau jarria zien:
I. «Nik musu emango diodana, horixe da; atxilotu eta eraman arduraz».
K. Iritsi zeneko, Jesusengana hurbildu eta esan zion:
I. «Maisu!»
K. Eta musu eman zion.
Besteek heldu eta atxilotu egin zuten. Han zegoen batek ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta belarria moztu zion. Jesusek esan zien:
+. «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera! Egunero zuen artean nengoen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hala behar du, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».
K. Ikasleek Jesus utzi eta ihes egin zuten. Gazte bat ondoren zihoakion, soinean oihal bat besterik ez zuela. Heldu zioten, baina oihala utzi eta ihes egin zien biluzik.

Jesus judu-biltzarraren aurrean.

K. Apaiz nagusiaren etxera eraman zuten Jesus eta han bildu ziren apaizburu, zahar eta lege-maisu guztiak. Pedro Jesusen ondoren joana zen, urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekin batera eserita, sutondoan berotzen ari zen.
Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko, baina ezin zuten aurkitu; askok haren kontra gezurrezko testigantzak egiten bazituzten ere, haien lekukotasunak ez zetozen bat. Batzuek zutitu eta gezurrezko testigantza hau egin zuten Jesusen kontra:
P. «Geuk entzun diogu esaten: Nik, giza eskuz egindako santutegi hau desegingo dut eta hiru egunetan beste bat eraikiko, giza eskuz egin gabea».
K. Baina honetan ere ez zetozen bat beren esanetan.
Orduan, apaiz nagusiak, biltzarraren erdian zutik, galdetu zion Jesusi:
P. –Ez al diezu deus ere erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?
K. Baina Jesus isilik zegoen, eta ez zuen ezer erantzuten. Apaiz nagusiak berriro galdetu zion:
P. –Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?
K. Jesusek erantzun:
+. –Bai, neu naiz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue.
K. Apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan:
P. –Ba ote dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa . Zer deritzozue?
K. Heriotza merezi zuela erabaki zuten denek.
Batzuk listuka hasi zitzaizkion eta, aurpegia estalirik, ukabilkadak ematen zizkioten, esanez:
J. «Asma ezak, profeta!»
K. Guardiek ere masailekoka zerabilten.

Pedrok Jesus ukatu.

K. Pedro beheko patioan zegoela, apaiz nagusiaren neskame bat etorri zen. Pedro berotzen ikusirik, begira jarri eta esan zion:
I. –Hi ere Nazareteko Jesusekin bizi hintzen.
K- Baina hark ukatu, esanez:
I. –Ez zekinat zer dionan ere, ez dinat ulertzen.
K. Atarira irten zen, eta oilarrak jo zuen . Ikusi zuen neskameak eta han zeudenei ere honela hasi zitzaien:
P. –Hau ere haietakoa diagu.
K. Pedrok berriro ukatu zuen. Geroxeago, ingurukoek ere esan zioten:
P. –Bai, haietakoa haiz, noski, galilearra haiz eta.
K. Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen:
I. –Ez dut ezagutzen zuek diozuen hori.
K. Une hartan, bigarren aldiz jo zuen oilarrak. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu», eta negarrari eman zion.


Jesus Pilatoren aurrean.

K. Eguna argitu bezain laster, apaizburu, zahar eta lege-maisuak bildu ziren –Biltzar Nagusi osoa–, eta, erabakia hartu ondoren, Jesus lotuta eraman zuten eta Pilatoren eskuetara eman. Pilatok galdetu zion:
P. –Zu al zara juduen erregea?
K. Jesusek erantzun zion:
+. –Zeuk diozu.
K. Apaizburuek salaketa asko egiten zituzten haren kontra. Pilatok esan zion:
P. –Ez al duzu ezer erantzun behar? Begira zenbat gauzaz salatzen zaituzten.
K. Baina Jesusek ez baitzion gehiago erantzun, harriturik gelditu zen Pilato.

Jesus heriotzara kondenatua.

K. Pazko-jaiero preso bat askatu ohi zuen Pilatok, herriak eskatzen zuena. Bazen kartzelan Barrabas zeritzan bat, matxinadakoan giza hilketa bat egina, beste batzuekin batera. Igo zen jendea gobernariaren jauregira eta ohitura zuena emateko eskatu zioten. Pilatok erantzun zien:
P. –Nahi al duzue juduen erregea askatzea?
K. Ongi baitzekien apaizburuek bekaizkeriaz emana ziotela Jesus. Baina apaizburuek jendea berotu zuten, Barrabas libratzeko eska zezan.
Berriro mintzatu zitzaien Pilato:
P. –Eta zer egin behar dut juduen errege deitzen duzuen honekin?
K. Jendeak, orduan, oihu:
J. –Gurutzera hori!
K. Eta Pilatok:
P. –Zer oker egin du, bada?
K. Haiek, are eta oihu handiagoz:
J. –Gurutzera hori!
K. Orduan, Pilatok, jendeari poz emateagatik, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren , haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.

Soldaduen isekak.

K. Soldaduek gobernariaren jauregira sartu zuten Jesus, eta gudari-taldeko denak bildu zituzten. Purpurazko jantzia ipini zioten soinean eta arantzaz egindako koroa buruan.
Eta agurka hasi zitzaizkion:  
J. «Agur, juduen erregea!»
K. Kanabera batez jotzen zuten buruan, listua botatzen zioten eta, belaunikatuz, aurrean ahuspez jartzen zitzaizkion. Nahikoa iseka egin ondoren, purpurazko jantzia erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, atera eta gurutzean josteko eraman zuten.

Jesus gurutziltzatua.

K. Sorotik etxerakoan handik zihoan bat, Simon Zirenekoa (Alexandro eta Ruforen aita), Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.
Golgota izeneko tokira eraman zuten Jesus (Golgotak «Burezur» esan nahi du).
Mirraz nahasiriko ardoa eskaini zioten, baina ez zuen hartu. Josi zuten gurutzean, eta haren jantziak banatu egin zituzten, zer zeinentzat zotz eginez.
Bederatziak ziren gurutziltzatu zutenean. Eta honela zioen kondenaren arrazoia adierazten zuen idazkunak: «Juduen erregea». Jesusekin batera, bi lapur gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.

Jesus gurutzean iraindua.

K. Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin eta esanez:
J. «Hara, santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duena! Salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»
K. Era berean, apaizburu eta lege-maisuek ere irri egiten zioten, elkarri esanez:
P. «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin. Mesias omen duk hori, Israelgo erregea; jaits dadila orain gurutzetik, ikus eta sinets dezagun».
K. Berarekin gurutzean josiak zeudenek ere irain egiten zioten.

Jesusen heriotza.

K. Eguerdian, ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan zuen:
+. «Eloi, Eloi, lema sabaktani ?»
K. (Hau da:
+. «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).
K. Hau entzutean , bertan zeuden batzuek esan zuten:
J. «Eliasi deika ari duk».
K. Orduan, batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion, esanez:
P. «Egon, ea datorkion Elias gurutzetik eraistera».
K. Baina Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

Denak belaunikatzen dira eta eten bat egiten da.

K. Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik behera.
Aurrean zegoen erromatar ehuntariak, nola hil zen ikustean, esan zuen:
P. «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen».

K. Baziren han emakume batzuk ere, urrutitik begira; haien artean, Magdalako Maria, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome. Hauek Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziren, Galilean zegoela; bazeuden beste emakume asko ere, Jesusekin Jerusalemera igotakoak.

Jesus hilobian ezarria.

K. Ilunabarrean –larunbat-bezpera zen egun hura, festarako prestaketak egiteko eguna –, Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zen, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseiluko kide ospetsua zen, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen. Harritu zen Pilato ordurako hila izateaz, eta ehuntariari dei egin eta galdetu zion ea egia zen hilda zegoela. Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eramateko baimena eman zion Joseri. Honek izara bat erosi eta, Jesus gurutzetik eraitsirik, izaran bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi batean ezarri. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen. Magdalako Maria eta Maria, Joseren ama, non ezartzen zuten begira zeuden.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko apirilaren 1a

BIKTIMEKIN BAT

Ez Erromako botereak, ez Tenpluko agintariek jasan izan zuten Jesusek ekarritako berritasuna. Arriskutsua zen Jainkoa ulertzeko eta bizitzeko Jesusen era. Ez zuen defenditzen Tiberioren inperioa, guztiei egin zin dei Jainkoaren erreinua eta haren justizia bilatzera. Ez zion axola larunbataren legea eta tradizio erlijiosoak haustea; Galileako gaixo-jendearen eta jatekorik gabearen sufrimendua arintzea zuen kezka bakarra. Ez zioten barkatu hori. Sakonegi egin zuen bat inperioko biktima errugabeekin eta tenpluko erlijioak ahantziak zituenekin. Gurutzean errukirik gabe iltzatua den horrengan agertzen zaigu orain Jainkoa, historian izan diren biktima guztiekin bat egin duen horrengan. Horien guztien oihuarekin bat egiten du orain Jainkoaren beraren oinaze-oihuak. Gurutziltzatuaren aurpegi desitxuratuan harritzen gaituen Jainkoa agertzen zaigu, Jainkoaz ditugun irudi konbentzionalak hausten dituena: jenderik ahulena eta babesik gabeena gurutziltzatzen jarraitzen duen munduko drama ahaztuz, Jainkoari kultu eman nahi izatearen jarduera koloka jartzen duen Jainkoa da. Jainkoa biktimekin bat eginez hil bada, haren gurutziltzatzea erronka kezkagarria da Jesusen jarraitzaileentzat. Ezin bereizi dugu Jainkoa errugabeen sufrimendutik. Ezin adoratu dugu Gurutziltzatua eta bizkarra emanez bizi goseak, gerlak, miseriak joa den hainbat eta hainbat jenderen sufrimenduaren aurrean. Jainkoak guztiok interpelatuz jarraitzen du gure egunetako gurutziltzatuen larrutik. Ez dugu zilegi egundoko sufrimendu horren ikusle bezala bizitzen jarraitzea, geure inguruan errugabetasun-ilusio geldo bat elikatuz. Matxinatu egin behar dugu ahaztearen kultura horren aurka; gurutziltzatuengandik apartatzeko bidea ematen baitigu, munduan den sufrimendu zuzengabe hori «urrunera» bidaliz, han oihurik, lanturik, intziririk ateratzen ez duela. Ezin hesitu gara geure «ongizatearen gizartean», «gaizki izatearen beste gizarte» horretaz ahaztuz, zeinetan milioika gizaki jaiotzen baita, soilik heriotza izan den bizitzako urte gutxira erabat akabatzeko. Ez da gizatasunezkoa, ez kristaua, geure burua segurtasunean kokatzea, soilik bizitza segurtasunik gabe eta mehatxatua ezagutzen dutenez ahazturik. Kristauek, Gurutziltzatuari aurpegira begira jartzen garenean, Jainkoaren maitasun ezin atzemana kontenplatzen dugu, gure salbaziorako emana izan baita hura heriotzaraino. Patxadago begiratzen badiogu, aisa aurkituko dugu aurpegi horretan beste gurutziltzatu asko eta askoren aurpegia: gugandik hurbil edo urrunago, gure maitasun solidarioa eta errukibera eskatzen ari direnen aurpegia.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko apirilaren 5a

EZAUGARRI GORENA

Jesusek indarkeriazko azkena barruntatua zuen. Ez zen pertsona gexala. Bazekien zer zetorkiokeen Jainkoaren erreinuaren egitasmoari atxikirik jarraitzen bazuen. Ezinezkoa zen «pobreentzat» eta «bekatarientzat bizitza duin baten bila» hain errotik jo eta ez eragitea erreakziorik inolako aldaketarik komeni ez zitzaion jendeagan.
Jakina, Jesus ez da suizida. Ez dabil gurutzean josi dezaten bila. Ez zuen opa izan sekula sufrimendurik, ez beretzat, ez besteentzat. Horren aurka jardun zuen, hain juxtu, bizitza osoan, aurkitzen zuen guztietan: gaixotasunean, zuzengabekerian, bekatuan, etsipenean. Beraz, ez dabil orain heriotzaren bila, baina ez dago atzera egiteko ere.
Bekatariei eta zokoratuei harrera eginez jarraituko du, bere jarduerak tenpluan amorrua eragingo badu ere. Kondenatzen badute, delitugile eta zokoratu bezala hilko da bera ere, baina bere bizitza osoa baietsiko du bere heriotzaz: bere barkazioa inori ukatzen ez dion Jainkoaganako konfiantza osoa baietsiko du.
Azkenak direnei Jainkoak dien maitasuna hots egiten jarraituko du Jesusek, pobreenekin bat eginez eta inperioa gutxietsiz, erromatar gobernariaren inguruan pertsonarik gogaigarriena izango bada ere. Esklaboentzat izan ohi den gurutzean noizbait hiltzen badute, esklabo mespretxagarri bezala hilko da bera ere, baina bere heriotzaz biktimen defendatzaile den Jainkoarekiko fideltasuna zigilatuko du.
Jainkoarekiko maitasunaz beterik, «salbamena» eskaintzen jarraituko du gaitzak eta gaixotasunak jota direnei: «harrera» eskainiko die gizarteak eta erlijioak zokoratu dituztenei; Jainkoaren doako barkazioa erregalatuko die bekatariei eta jende galduari, haren adiskide izatera itzuli ezin direnei. Bere bizitza guztia arnastu duen jarrera salbatzaile hau izango du bere heriotzan ere.
Horregatik gertatzen zaigu gurutzea kristauoi hain erakargarri. Gurutziltzatuari musu ematen diogu, harengana jasotzen ditugu begiak, haren azken hitzak entzuten ditugu..., zeren Jesus gurutzean ikusirik, batetik, Aitaren egitasmoari hark eskaini dion azken zerbitzua baitugu ikusten eta, bestetik, bere Semea emanez, gizadi osoarekiko maitasunagatik, Aitak agertu digun ezaugarri gorena.
Bilaukeria da aste santua folklore nahiz turismorako apeu edo dei bihurtzea. Jesusen jarraitzaileentzat, Jaunaren nekaldia eta heriotza ospatzea emozioz beteriko esker ona da, Jainkoaren maitasun «ezin sinetsizkoa» pozik adoratzea, Jesus bezala bizitzeko deia gurutzeratuekin bat eginez.

José Antonio Pagola

lunes, 19 de marzo de 2012

2012/03/25 - Garizumako 5. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.




2012ko martxoaren 25a

Garizumako 5. Igandea (B)



EBANJELIOA

Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen bada, fruitu asko ematen du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 12,20-33

Egun haietan, jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk . Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».
Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten. Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua. Bene-benetan diotsuet: Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena Aitak ohoratu egingo du.
«Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz! Aita, azaldu zeure aintza!»
Ahots bat entzun zen orduan zerutik: «Azaldu dut, eta berriro ere azalduko dut».
Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioten; beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.
Jesusek adierazi zuen: «Ahots horrek ez du niretzat hitz egin, zuentzat baizik. Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko du bere boterea mundu honetako buruzagiak. Eta nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak».
Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen adierazi zuen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko maetxoaren 25a

JESUS ERAKARGARRI

Juduen Pazkoa ospatzera etorriak diren erromes greziar batzuk Feliperi hurbildu zaizkio, eskean: «Jesus ikusi nahi genuke». Ez da ikusmina. Jainkoaren gizon horregan nabari duten misterioa sakon ezagutu nahia da. Berei ere on egin diezaieke. Kezkaturik ageri da Jesus. Egun batzuk barru gurutzean josiko dute. Erromes greziarren gogoa jakitera eman diotenean, hitz nahasgarriak jaulki ditu: «Iristear da Gizonaren Semea aintzatua izango den ordua». Gurutzean josiko dutenean, guztiek ikusi ahal izango dute zertan den haren egiazko handitasuna eta aintza. Segur aski, inork ez dio ezer ulertu. Baina Jesusek, izango duen hiltzeko era gogoan duela, gehiago dio: «Lurretik gora jasoa izango naizenean, guztiak neuganantz erakarriko ditut». Zer du gurutziltzatu horrek, ezkutuan, jendea erakartzeko ahalmen hori izateko? Gauza bat soilik: guztientzat duen maitasun sinetsezina. Ikusezina da maitasuna. Soilik, maite gaituen keinuetan, seinaleetan, buru-eskaintzan suma dezakegu. Horregatik, Jainkoaren maitasun atzemanezina suma dezakegu Jesus gurutziltzatuagan, egin duen buru-eskaintzan. Egia esan, Jesusek erakartzen gaituela sentitzen dugunean bakarrik hasiko gara kristau izaten. Soilik, Jainkoak maite gaituena sentitzen dugunean bakarrik hasiko gara fedeaz zer edo zer ulertzen. Jesusek, gurutzeko heriotzan ezkutuan den indarra argitzeko, guztiek ulertu ahal dugun irudi xume hau darabil: «Gari-alea lurrera erori eta hiltzen ez bada, agor geldituko da; baina, hiltzen bada, fruitu asko emango du». Hiltzen bada, erne eta bizia sorrarazten du aleak; baina, bere azalean bildurik, bere bizi-indarra beretzat gordetzen badu, agor geldituko da. Bizitza osoa misterioski biltzen duen legea agertzen digu irudi eder horrek. Ez da arau morala. Ez da erlijioak ezarritako legea. Maitasunak eraginda sufritzen ari denaren bizitza emankor bihurtzen duen dinamika da. Jesusek behin eta berriz errepikatu izan duen ideia da. Bere bizitzari era egoistan atxikitzen zaionak galbidean jartzen du; eskuzabal ematen dakienak bizi gehiago sorrarazten du. Ez da zaila hori egiaztatzea. Buruan bere ongizatea, bere dirua, bere arrakasta, bere segurtasuna bakarrik duen pertsonak bizitza erdipurdikoa eta agorra eginez bukatzen du: halakoak, mundu honetan biziz, ez dio gehitzen bizitzari gizatasun-apur bat ere. Alderantziz, jarrera irekiz eta bihotz zabalez bizitzera arriskatzen denak, bizia zabaltzen du, poza distiratzen, bizitzen laguntzen. Ez da bizitzeko modu kilikagarriagorik, gainerakoen bizitza gizatasun handiagoko eta eroangarriago egitea baino. Nolatan Jesusi jarraitu, haren bizi-estiloa erakargarri sentitzen ez badugu?

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko martxoaren 29a

GURUTZILTZATUAK ERAKARRI

«Greko»-talde bat, paganoak seguruenik, Jesusengana hurbildu dira, eskari miresgarria eginez: «Jesus ikusi nahi genuke». Berri eman diotenean, Jesusek solasaldi biziaz erantzun die, bere bizitzaren zentzu sakona laburtuz. Iritsia da ordua. Guztiek, judu eta greko, sumatu ahal izango dute laster haren bizitzak eta haren heriotzak biltzen duten misterioa: «Ni lurretik jasoko nautenean, guztiak erakarriko ditut neugana».
Jesus gurutzean jaso eta Golgotan gurutzean agertuko denean, guztiek ezagutu ahal izango dute Jainkoaren ezin ulertuzko maitasuna, konturako dira ezen maitasuna dela Jainkoa eta maitasuna soilik gizaki ororentzat. Gurutziltzatuak erakarririk sentituko dira. Harengan Jainkoaren Misterioa erarik gorenean agerturik ikusiko dute.
Hartarako, jakina, erospenaren doktrinaz hitz egiten entzun izana baino zerbait gehiago beharko da. Aste santuko elizkizun erlijioso batera joan izana baino zerbait gehiago. Geure barne-begiak Jesusengan behar ditugu jarri eta hunki gaitzan utzi, sumatzen dugularik gurutze hori egunez egun egindako bizitzaren azken keinua dela guztientzat mundu gizatarragoa egiteko. Bere salbazioa Jainkoagan aurkituko duen mundu gizatarragoa.
Baina, seguruenik, orduan hasiko gara Jesus zinez ezagutzen: Aitari egin dion erabateko buru-eskaintzak eta haren seme-alabentzat bizitza zoriontsuagoa eskuratzeko jasan duen nekaldiak erakarririk, Jesusen beraren deia, era ahulean bada ere, entzunen dugunean:«Nire zerbitzari izan nahi duena betor nire ondoren, eta ni nagokeen lekuan, han egonen da nire zerbitzaria ere».
Jesusen «zerbitzari izatean» du guztiak bere jatorria, haren eginkizunean lankide izatean, soilik haren egitasmorako bizi nahi izatean, haren urratsei jarraitzean, agertzeko, modu askotan eta keinu ia beti pobrez, nola maite gaituen Jainkoak guztiok. Orduan hasiko gara haren jarraitzaile bilakatzen.
Hona zer esan nahi duen haren bizitzan eta haren zorian bat egiteak: «ni nagokeen lekuan, han egonen da nire zerbitzaria ere». Hori da kristau izatea: Jesus zegoen lekuan egotea, hark egiten zuenaz arduratzea, hark zuen helmuga bera ukaitea, hura egon zen bezala gurutzean egotea. hura dagoen bezala egun batean Aitaren eskuinean egotea.
Zer-nolakoa izango ote litzateke Gurutziltzatuak «erakarritako» Eliza, soilik haren «zerbitzari» izateko gogoak eragina balitz, hark esku artean zituen gauzez arduratuko balitz? Zer-nolakoa izango ote litzateke Eliza, jendea Jesusengana erakarriko lukeena izango balitz?

José Antonio Pagola

lunes, 12 de marzo de 2012

2012/03/18 - Garizumako 4. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.




2012ko martxoaren 18a

Garizumako 4. Igandea (B)



EBANJELIOA

Jainkoak bere Seme bakarra emon deutso munduari, haren bitartez bizia izan dagian.
Dios mandó su Hijo al mundo para que el mundo se salve por él.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 14-21

Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, 15 harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
16 «Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. 17 Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik. 18 Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan. 19 Hauxe da kondenaren arrazoia: argia mundura etorria dela eta gizakiak ilunpea maiteago izan duela argia baino, beraren jokabidea gaiztoa delako. 20 Izan ere, gaizki jokatzen duenak gorroto dio argiari, eta ez da hurbiltzen argitara, beraren jokabidea agerian geldi ez dadin. 21 Egiaren arabera ari dena, ordea, argitara hurbiltzen da, beraren egintzak Jainkoaren borondatearen arabera eginak direla ager dadin».

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko martxoaren 18a

GURUTZILTZATUARI BEGIRA

Jesusek Nikodemo izeneko fariseu sonatu batekin izan duen topo egite berezia kontatu digu Joan ebanjelariak. Kontakizunaren arabera, Nikodemorena izan da ekimena: «gauez» Jesusengana joan da. Sumatu du «Jainkoagandik etorritako gizona» dela Jesus; baina ilunpean dabil. Argira bideratuko du Jesusek. Jesus benetan aurkitu duen oro ordezkatzen du Nikodemok kontakizun honetan. Horregatik, halako batean, Nikodemo ezkutatu egin da pasadizotik eta bere hitzaldia jarraitu du Jesusek, mundu guztia gonbidatuz, ilunpean bizi ez dadin, baizik eta argi bila ibil dadin. Jesusen arabera, gauza guztiak argitu ditzakeen argia Gurutziltzatuagan dago. Ausarta da baieztapena: «Hartaraino maite du Jainkoak mundua, non bere Semea eman baitu, harengan sinesten duen inor gal ez dadin, baizik eta betiko bizia izan dezan». Sumatzen eta sentitzen ahal dugu Jainkoaren maitasuna gurutzean torturatu duten gizon horrengan? Haurtzarotik gurutzea nonahi ikusten ohiturik, ez dugu ikasi Gurutziltzatuaren aurpegiari fedez eta maitasunez begiratzen. Gure begiratu zabarra ez da gai aurpegi horretan argia ikusteko: momenturik latzenetan eta zailenetan gure bizitza argitzen ahal lukeen argia ikusteko. Alabaina, bizi- eta maitasun-seinaleak bidaltzen ari zaigu Jesus gurutzetik. Jada haurrak ezin besarkatu dituzten beso luzatu horietan, eta lepradunak ezin ferekatu, gaixoak ezin bedeinkatu dituzten esku iltzatu horietan, Jainkoa dago, besoak zabalik, gure bizitza pobre hau, hainbat sufrimenduk hautsia den hau, onartzeko, besarkatzeko eta sostengatzeko prest. Heriotzak itzali duen aurpegi horretatik, bekatariei eta prostitutei jada txeraz ezin begiratu dien begi horietatik, hainbat abusu eta injustiziaren biktima direnei bere haserrea jada ezin agertu dien aho horretatik, gizadiari dion bere «maitasun zoroa» agertzen ari zaigu Jainkoa. «Jainkoak ez du bidali mundura bere Semea mundua juzgatzeko, baizik Semearen bidez mundua salba dadin». Jainko hori onar dezakegu nahiz zapuztu. Ez gaitu inork behartzen. Geurea dugu erabakia. Baina «Argia etorria da jada mundura». Zergatik zapuzten dugu hainbatetan Gurutziltzatuagandik datorkigun argia? Hark jar lezake argia bizitzarik zoritxarrenekoan edo porrotik handienekoan; baina «okerra dagiena… ez da hurbiltzen argira, bere egintzek akusa ez dezaten». Duintasun eskasez bizi garenean, argiari ihes egiten diogu, Jainkoaren aurrean gaizki sentitzen garelako. Ez dugu jarraitu nahi izaten Gurutziltzatuari begira. Alderantziz, «egia egiten duena, argira hurbiltzen da». Ez du ilunera ihes egiten. Ez du ezer ezkutatzekorik. Gurutziltzatuari begira nola egongo dabil. Eta argian bizi ahal izatea ematen dio hark.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko martxoaren 22a

JAINKOAK MUNDUA MAITE DU

Ez da edozein esaldi. Ez dira Ebanjeliotik ezaba daitezkeen hitzak, garrantzizko zerbait aldatu gabe. Kristau-fedearen funtsezko muina biltzen duen baieztapena da. «Hartaraino maite izan zuen Jainkoak mundua, non bere Seme bakarra eman baitzuen». Jainkoaren maitasun horixe da gure esperantzaren jatorria eta oinarria.
«Jainkoak mundua maite du». Den bezalakoa maite du. Bukatu gabea eta ziurtasunik gabea. Gatazkaz eta kontraesanez betea. Hoberenerako eta okerrenerako gai dena. Mundu hau ez doa bakarrik bere bidean, ez dabil galdurik eta babesik gabe. Jainkoak bere maitasunaz inguratua du, lau aldeetarik. Inportantzia handiko ondorioak ditu horrek.
Lehenik eta behin, Jesus, beste ezer baino lehen, Jainkoak munduari, eta ez kristauei bakarrik, egin dion «erregalua» da. Ikertzaileak hor jardun daitezke ezbaian, munduaren azkeneraino, Jesusen irudi historikoaren mila alderdiren inguruan. Teologoek hor jarrai dezakete teoriarik zorrotzenak bilbatzen. Jainkoaren erregalu handitzat hartuz, Jesukristori hurbiltzen zaionak bakarrik aurkitu ahal izango du haren keinu guztietan, zirraraz eta pozik, Jainkoak gizakiarekiko bizi duen hurbiltasuna.
Bigarren. Hau da Elizaren izateko arrazoi bakarra, hura munduan izatea zuritzen duen arrazoi bakarra: Jainkoaren maitasuna gogoraraztea. Behin eta berriz errepikatu du hori Vatikano II.a kontzilioak «gizon-emakume guztiei Jainkoaren maitasuna agertzera eta komunikatzera bidali du Kristok» Eliza. Ez da joan-etorri handiagoko gauzarik. Jainkoaren maitasun hori gizakiei adieraztea da lehenengo egitekoa.
Hirugarren. Ebanjelariaren arabera, Jesus emanik Jainkoak munduari egin dion erregalu handi hori, «ez da mundua juzgatzeko, baizik haren bidez mundua salba dadin». Oso arriskutsua da mundu modernoaren salaketa eta gaitzespena egitarau pastoral bihurtzea. Guztiekiko maitasunez bihotza beterik bakarrik gonbida dezakegu elkar bihotz-berritzera. Jendeari ikusarazi nahi badiogu Jainkoak gaitzetsia dela, ez gara ari Jesusen mezua eskualdatzen, beste zerbait baizik; agian, geure erresumina eta amorrua.
Laugarren. Dena nahasia, ziurtasunik gabea eta gogo-galtzailea dela eman duen honetan, ezerk ez digu eragozten munduan maitasun-apur bat ereitea. Horixe egin zuen Jesusek berak. Ez da zertan egon ezeren zain. Zergatik ez dute izan behar gaur egun gizon eta emakume onak, gure artean sufritzen ari direnekiko maitasuna, adiskidetasuna, errukia, zuzentasuna, sentiberatasuna, laguntasuna... ereingo dutenak? Horiek dira ari eraikitzen Jesusen Eliza, maitasunaren Eliza.

José Antonio Pagola

lunes, 5 de marzo de 2012

2012/03/11 - Garizumako 3. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.




2012ko martxoaren 11a

Garizumako 3. Igandea (B)



EBANJELIOA

Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 2, 13-25

Hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus. Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukatzaileak ere bai, han eserita. Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak, baita ardiak eta idiak ere; eta trukatzaileen diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen. Uso-saltzaileei esan zien: «Kendu hemendik hau dena. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe».
Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.
Orduan, galdetu zioten judu-agintariek:
–Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?
Jesusek erantzun zien:
–Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.
Juduek ihardetsi zioten:
–Berrogeita sei urte behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunetan berreraikiko duzula?
Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. Horregatik, hildakoen artetik piztu zenean, esandako hori gogoratu zitzaien haren ikasleei, eta sinetsi egin zuten Liburu Santuko eta Jesusek esandako hitza.
Pazko-jaian Jesus Jerusalemen zegoela, askok sinetsi zuten harengan, egiten zituen mirarizko seinaleak ikusirik. Baina, Jesus bera ez zen fidatzen haietaz, guztiak ezagutzen baitzituen, eta ez zuen inoren aitorpen-beharrik, ongi ezagutzen baitzuen berak gizakiaren baitan dagoena.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko martxoaren 11a

Izenburua

---

José Antonio Pagola