lunes, 30 de mayo de 2011

2011/06/05 - Jaungoikoaren Igokundea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko ekainaren 5a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Jaungoikoaren Igokundea (A)

EBANJELIOA

Ahalmen osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan.

Mateo 28, 16-20

Egun haietan, hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek esandako mendira.
Ikusi zutenean, gurtu egin zuten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden.
Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien:
«Ahalmen osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan. Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz. Eta ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte».

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko ekainaren 5a

JESUSEN ESKOLA

Gure kristau-elkarteetan gaur egun bizi den egoera ez da batere erosoa. Jesusen ikasleen bihotzean hainbat galdera sortzen da: non indarberritu geure fedea krisialdi erlijioso honetan? zer da garrantzizkoa momentu honetan? zer egin beharko genuke Jesusen elkartean? norantz bideratu beharko genituzke geure ahaleginak?
Aparteko inportantzia duen pasadizo batekin bukatu du Mateok bere ebanjelioa. Jesusek azkenekoz elkartu ditu ikasleak bere misioa gomendatzeko. Jesusengandik entzungo dituzten azken hitzak dira: ikasleen egitekoa norabidetu eta mendetan barna haien fedea sostengatu behar dituztenak.
Emakumeen adierazpenei jarraituz, ikasleak Galilean elkartu dira. Han hasi zuten Jesusekiko beren adiskidetasuna. Han hartu zuten konpromisoa hari jarraitzeko, Jainkoaren erreinuaren Jesusen egitasmoan parte hartuz. Zer aurkituko duten ez dakitela etorri dira orain. Jesus ikusiko ote dute, hura hila izan ondoren?
Berpiztuarekin topo egitea ez da gauza erraza. Datorrela ikustean, ikasleak «ahuspeztu» egin dira haren aurrean; zerbait berria nabari diote Jesusi; sinetsi nahi dute, baina «batzuk dudatan dira». Konfiantzaren eta tristuraren artean kulunkatzen dira ikasleak. Gurtzen dute, baina ez dira dudatik eta segurtasun ezetik libre. Gaurko kristauek ondo ulertzen diegu. Gauza bera gertatzen zaigu guri ere.
Jesusek ezer ez aurpegiratzea da harrigarriena. Berari jarraitzeko esan zienetik ezagutzen ditu. Haien fedea txikia da artean; halere, haien dudak, zalantzak eta guzti, konfiantza du Jesusek haiengan. Fede txiki eta hauskor horrekin hots egingo dute Jesusen mezua mundu osoan. Horrela jakingo dute onartzen eta ulertzen, mendeetan barna duda-mudazko fedea biziko duen jendea. Jesus izango da guztien sostengu.
Argi dago gomendatu dien oinarrizko eginkizun hau: «egin ikasleak» herri guztietan. Ez ditu bidaltzen, propioki, irakaspen bat ematera, baizik saiatzera munduan izan dadin Jesusen ikasle bezala biziko den gizon-emakumerik. Jesus bezala bizitzen ikasiko duen jarraitzailerik. Izango denik Jesus maisutzat hartuko duenik, eta libre, zintzo, solidario izaten eta mundua gizatarrago egiten ikasteari sekula utziko ez dionik.
«Jesusen eskolatzat» du Mateok kristau-elkartea. Gutxiago edo gehiago izango gara. Gure artean sinestedun konbentzitu eta sinestedun zalantzakor izango da. Gero eta zailago izango da guztiari kasu egitea, nahi genukeen bezala. Hau izango da garrantzizkoa: izan dadila gure artean Jesusen moldera bizi ahal izateko modurik. Hura da gure Maisu bakarra. Gainerakoak anai-arreba gara guztiok, haren ikasle izaten elkarri laguntzen eta eragiten diotenak.

José Antonio Pagola

lunes, 23 de mayo de 2011

2011/05/29 - 6. Pazko Igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko maiatxaren 29a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

6. Pazko Igandea (A)

EBANJELIOA

Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue.

+ Juan 14, 15-21

Denbora haietan, Jesusek bere ikslei esan zioten. «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena, egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dute hartu, ez baitute ikusten, ez ezagutzen; baina zuek ezagutzen duzue, zuengan bizi baita eta zuekin egongo betiko.
«Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana. Laster munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, ordea, ikusiko nauzue, nik bizia baitut eta zuek ere biziko baitzarete. Egun hartan ulertuko duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela, zuek nirekin eta ni zuekin. Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak, horrexek nau maite. Ni maite nauena, berriz, nire Aitak maite izango du, eta nik ere maite izango dut eta agertuko natzaio berari».

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko maiatzaren 29a

EZ GARA UMEZURTZ GELDITU

Elizak, osatzen duten kristauek Jesus oker ezagutzen badute, gutxi maite eta ohikeriaz doi-doi oroitzen badute, arriskua du pixkana itzaltzen joateko. Kristau-elkartea, itzalia den Jesus baten inguruan bildua, ez erakartzen eta ez bihotza ukitzen duena, etorkizunik gabeko elkartea da.
Jesusen Elizan premia handiko beharra dugu harekiko harremanetan beste kalitate bat izatea. Jesusen esperientzia biziak markatuak diren kristau-elkarteen beharra dugu. Denok egin dezakegu zerbait, Elizan Jesus beste era batean sentitu eta bizi ahal izateko. Eliza Jesusi lotuagoa izatea eta hari atxikiago bizi ahal izate geure esku dugu. Nola?
Jesusen Azken Afariko agurra berregin du Joanek bere ebanjelioan. Ikasleek susmoa izan dute, Jesus kendu egingo dietela laster. Zer izango da orduan haietaz, Jesus gabe? Nori jarraituko diote? Non elikatuko dute beren esperantza? Samurtasun bereziaz mintzo zaie Jesus. Haien artetik joan aurretik, berarekin nola bizi ahal izango diren ikusarazi nahi die, hil ondoren ere.
Beste ezer baino lehen, bihotzean ezarria izan behar dute hau, inoiz ere ahaztu behar ez dute hau: «Ez zaituztet umezurtz utziko. Itzuliko naiz». Ez dute pentsatu behar sekula bakarrik direnik. Esperientzia berri batez mintzo zaie Jesus, inguratuko eta biziaraziko dituen esperientziaz, zeren beren izatearen hondoenean harrapatuko baititu. Ez ditu ahaztuko. Etorriko da eta haiekin izango.
Jesus, jada, ezin ikusi izango da mundu honetako argiaz, baina jarraitzaileek atzeman ahal izango dute fedearen begiez. Ez ote genuke arduratu behar, askoz ere gehiago, Jesus berpiztuak gure artean duen presentziaz? E ote genuke biziberritu behar haren presentziaren ustea? Nolatan lan egin dezakegu mundu gizatarrago baten eta ebanjelioaren tankeragoko Eliza baten alde, Jesus geure aldamenean sentitzen ez badugu?
Esperientzia berri batez mintzo zaie Jesus, ikasleek orain arte, Galileako bideetan zebiltzala, ezagutu ez dutenaz: «Jakingo duzue ezen neure Aitarekin nagoela ni eta zuek nirekin». Hauxe da gure fedea sostengatzen duen oinarriko esperientzia. Geure kristau-bihotzaren hondoan badakigu Jesus Aitarekin dagoela eta gu Jesusekin gaudela. Dena aldarazten du honek.
Esperientzia hau maitasunak elikatzen du: «Maite nauena... neuk ere maite izango dut eta agertuko natzaio». Daitekeena ote da Jesusi jarraitzea egunean eguneko gurutzea hartuz, hura maite izan gabe eta hark bihotzez maite gaituela sentitu gabe? Daitekeena ote da kristautasunaren gainbehera saihestea, maitasun hau biziberritu gabe? Zer indarrek mugitu ahal izango du Eliza, maitasuna itzaltzen uzten badugu? Nork bete ahal izango du Jesusek utzitako hutsunea? Nork ordeztu ahal izango du gure artean Jesusen presentzia bizia?

José Antonio Pagola

lunes, 16 de mayo de 2011

2011/05/22 - 5. Pazko Igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko maiatxaren 22a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

5. Pazko Igandea (A)

EBANJELIOA

Neu naiz bidea, egia eta bizia.

+ Joan 14, 1-12

Egun hartan, Jesusek bere ikaslei esan zien:
«Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere. Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten. Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
Tomasek esan zion:
–Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
Jesusek erantzun:
–Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik. Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue.
Orduan, Felipek esan zion:
–Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta aski dugu.
Jesusek erantzun:
–Honenbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nauzu ezagutzen? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: «Erakuts iezaguzu Aita?» Ez al duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin? Nik irakatsi dizuedana ez dizuet neure kabuz irakatsi. Niregan bizi den Aita da bere salbamen-egintza burutzen ari dena. Sinets iezadazue: ni Aitarekin bat eginda nago eta Aita nirekin. Besterik ez bada, sinetsi egiten ditudan egintzengatik. Bene-benetan diotsuet: Niregan sinesten duenak nik egiten ditudan egintzak eginen ditu berak ere, eta are handiagoak, ni Aitarengana bainoa.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko maiatzaren 22a

EZ ZAITEZTE GELDITU JESUS GABE

Azken Afaria bukatzean, bereei agur esaten hasi da Jesus: jada ez da izango luzaro haiekin. Ikasleak nahasirik, zur eta lur gelditu dira. Argiro hitz egin ez dien arren, guztiek izan dute susmoa herioak laster eramango duela beren artetik. Eta, hura gabe, zer egin behar dute?
Lur jota ikusi ditu Jesusek. Haiek fedean indartzeko garaia da, Jainkoagan beste era batean sinesten erakutsiz: «Ez dadila koloka jarri zuen bihotza. Sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere». Jainkoagan konfiantza izaten jarraitu behar dute, baina aurrerantzean Jesusengan ere sinetsi behar dute, hura baita biderik hobena Jainkoagan sinesteko.
Jesusek, gero, beste horizonte bat agertu die. Haren heriotzak ez du hondoratu behar fedea. Izatez, berak Aitaren misteriorako bidea hartzeko utziko ditu. Baina ez da ahaztuko haietaz. Gogoan izango ditu. Tokia prestatuko die Aitaren etxean eta egun batean itzuliko da haiek berekin eramateko. Azkenean berriro elkarrekin egongo dira betiko!
Ikasleei oso zail gertatu zaie halako gauza handios batean sinestea. Beren bihotzean era guztietako duda-mudak eta galderak sortu zaizkie. Antzeko zerbait gertatzen zaigu guri ere: Ez ote da hau guztia amets eder bat? Ez ote da ilusio engainagarri bat? Nork garantiza diezaguke halako zoria? Tomasek, betiko bere zentzu errealistaz, galdera bat egin dio: Nolatan jakin dezakegu Jainkoaren misteriorako bide hori?
Ustekabeko erronka da Jesusen erantzun hau: «Neu naiz bidea, egia eta bizia». Erlijioen historian ez da ageri honelako baieztapen ausarditsurik. Bere burua eskaini digu Jesusek, Jainko Aitaren misteriorantz egin behar dugun bidetzat. Jesusek agertzen ahal digu bizitzaren azken sekretua. Jesusek komunikatzen ahal digu giza bihotzak antsiatzen duen bizi betea.
Asko dira gaur egun, Jainkoagana jotzeko, biderik gabe gelditu diren gizon-emakumeak. Ez dira ateo. Inoiz ez dute ukatu Jainkoa beren bizitzan era kontzientean. Berek ere ez dakite sinesten duten ala ez. Soilki, Eliza alde batera utzi badute, hartan bide erakargarririk aurkitu ez dutelako izan da; alegia, fededunek «Jainkoa» deitzen dugun bizitzaren azken misterio hori gustura bilatzeko, Elizan bide erakargarririk aurkitu ez dutelako.
Eliza uztean, batzuek aldi berean Jesus ere utzi dute. Lerro apal hauen bidez, jada aski jendek susmatzen duen zerbait esan nahi dizuet. Eliza baino handiagoa da Jesus, askoz gehiago. Ez ezazue nahasi Kristo kristauekin. Ez ezazue nahasi Jesusen ebanjelioa gure hitzaldiekin. Dena uzten baduzue ere, ez zaitezte gelditu Jesus gabe. Harengan aurkituko duzue bidea, egia eta bizia, guk zuei agertzen jakin ez duguna. Harritzeko modukoa gerta dakizueke Jesus.

José Antonio Pagola

lunes, 9 de mayo de 2011

2011/05/15 - 4. Pazko Igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko maiatxaren 15a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

4. Pazko Igandea (A)

EBANJELIOA

Neu naiz ardientzako atea.

+ Joan 10, 1-10

Egun hartan, Jesusek esan zien: «Bene-benetan diotsuet: Artegian atetik barik, beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta harraparia. Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. Hari irekitzen dio atezainak, eta haren ahotsa entzuten dute ardiek; ardi bakoitzari bere izenez deitu eta artegitik ateratzen ditu. Bere ardi guztiak atera dituenean, aurretik joaten zaie, eta ardiek atzetik jarraitzen diote, ezaguna baitute haren ahotsa.
Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dutelako».
Adibide hau eman zien Jesusek, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zien.
Orduan, honela azaldu zien Jesusek: «Bene-benetan diotsuet: Neu naiz ardientzako atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta harrapariak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin.
Neu naiz atea; ate honetan zehar sartzen dena, onik izango da, eta ez du inolako eragozpenik izango larreak aurkitzeko.
Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baizik. Ni, berriz, bizia –eta bizia ugari gainera– izan dezaten etorri naiz.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko maiatzaren 15a

ATEA

Jesusek kontakizun metaforiko bat proposatu dio fariseu-talde bati. Gogor kritikatzen ditu Israelgo buruzagi erlijiosoak.
Artzaintzatik hartua da pasadizoa. Artaldea artegian bildua dago, hesi edo pareta txiki batez inguratua, artzaina atean
zaindari dela. Jesusek, hain juxtu, ardietara iristeko den «ate» horretan du bere arreta.
Artegira sartzeko bi era dira. Artaldearekin zer egin nahi den da kontua. Norbait artegira hurbildu eta «atetik sartzen ez
bada», baizik «beste alde batetik» salto egiten badu, bistan da halako hori ez dela artzaina. Ez doa bere artaldea zaintzera.
«Arrotza» da; ostera, «akabatzera eta kalte egitera» doa.
Benetako artzainak guztiz desberdin jokatzen du. Artegira hurbiltzean, «atetik sartzen da», ardiei beren izenaz dei egiten
die eta haiek kasu egiten diote. Kanpora atera eta denak bildu dituenean, aurrean jarri eta gidari doa non jana izango duten
belardira. Ardiek jarraitu egiten diote, ezaguna baitute haren ahotsa.
Zer sekretu du, ordea, «ate» horrek, bertatik igarotzen diren egiazko artzainak legezkotzat emateko? Aldiz, «beste
nonbaitetik» sartzen diren arrotzak, ez artaldea zaintzeko, baizik kalte egiteko, salatzeko? Fariseuek ez dute ulertu zer ari
zaien Maisu hura.
Horregatik, kontakizunaren giltza eman die Jesusek: «Benetan diotsuet: neu naiz ardien atea». Jesusek ireki duen bidea
hartu eta haren ebanjelioa biziz jarraitzen diotenak: haiek dira egiazko artzainak: jakingo dute nola janaritu kristau-elkartea.
Artegian sartu, Jesus alde batera utzi eta haren gauzei ezjakinarena eginez sartzen direnak: haiek dira artzain arrotzak: kalte
egingo diote kristau-herriari.
Hainbat Elizatan denok ari gara sufritzen, asko: bai artzainak, bai Jainkoaren herria. Hierarkiaren eta kristau-herriaren
arteko harremanak sarritan bizi ohi dira errezeloz, hika-mika eta era tirabiratsuan: badira ukatuak sentitzen diren gotzainak;
badira marjinatuak sentitzen diren kristau-sektoreak.
Errazegia izango litzateke guztia Hierarkiaren abusuzko agintekeriari leporatzea edo fededunen menderakaiztasun heldu
gabeari. Sakonagoa da erroa eta konplexuaoa. Oso egoera zaila sortu dugu: bakea galdu. Hargatik, gero eta gehiago izango
dugu Jesusen beharra.
Geure baitan hazarazi beharra dugu elkarrekiko errespetua eta elkartasuna, elkarrizketa eta egia ebanjelikoaren bila egiaz
ibiltzea. Ahalik lasterren behar dugu arnastu Elizan maitasun-giro handiagoa. Ezin irtengo gara krisialdi honetatik, guztiok
Jesusen espirituaren bila jotzen ez badugu. Hura da «Atea».

José Antonio Pagola

lunes, 2 de mayo de 2011

2011/05/08 - 3. Pazko Igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko maiatxaren 8a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

3. Pazko Igandea (A)

EBANJELIOA

Ogia zatitzean begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten

+ Lukas 24, 13-35

Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu.
Jesusek esan zien:
–Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?
Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:
–Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!
–Zer gertatu da, bada? –esan zien hark.
Haiek erantzun zioten:
–Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.
Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.
Orduan, Jesusek esan zien:
–Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko!
Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?
Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien.
Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.
Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien.
Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.
Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»
Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, honela ziotela: «Egia da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».
Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko maiatzaren 8a

HARTU GOGOAN JESUS

Emausko ikasleen pasadizo honek Jesusen bi ikaslek bizi izandako esperientzia kontatzen digu; Jerusalemdik Emaus herrixkara doazela gertatu da; hiriburutik Emausera 8 km dira. Halako maisutasunez kontatzen du kontalariak guztia, non Kristo piztuarekiko geure fedea gaur berean ere biziberritzera eragiten baitigu.
Jesusen bi ikasle horiek Jerusalemdik kanpora doaz, haren inguruan bilduz joan den taldea utziz. Jesus hila delarik, taldea desegiten hasi da. Hura gabe, zertan jarraitu taldean bildurik? Ametsa desegin da. Jesus hiltzean, ikasleen bihotzean esnatua zen esperantza ere hil egin da. Ez ote ari horrelako zerbait gertatzen gure elkarteetan? Ez ote gara ari Jesusekiko fedea hiltzen uzten?
Halaz guztiz, Jesusez hitz egiten jarraitzen dute aipatu bi ikasleek. Ezin ahaztu dute Jesus. Gertatuaz mintzo dira. Haren ondoan bizi izan dutenak esanahiren bat baduela uste du. «Hizketan doazela, Jesus hurbildu zaie eta haiekin batera doa». Berpiztuaren lehenengo keinua da hori. Ikasleak ez dira gai nor den antzemateko, baina Jesus presente dute beren ondoan. Ez ote dabil Jesus gaur ere, Eliza utzi duten baina Jesus gogoan darabilten hainbat eta hainbat fededunen ondoan, era ezkutuan?
Kontatzailearen asmoa argi dago: ikasleek bera gogoan darabiltenean eta beraz mintzo direnean hurbiltzen zaie Jesus. Haren ebanjelioa komentatzen den puntuan egiten da presente Jesus, haren bizieraz eta haren egitasmoaz hitz egiten den puntuan. Ez ote dago Jesus gugandik hain absente, hain zuzen hartaz gutxi hitz egiten dugulako?
Burruntzalia sartzeko gogoa du Jesusek, haiekin hitz egiteko gogoa: «Zertaz mintzo zarete bidean?» Ez die ezer derrigorrez ezarri nahi, nor den esanez. Beren esperientzia kontatzen jarraitzeko eskatu die soilik. Jesusekin hitz egiten jarraituz, beren itsutasunaz konturatuko dira. Begiak irekiko zaizkie, Jesusen hitzak gidatuko ditu, barne ibilaldi bat egingo dutenean. Halaxe da. Elizan Jesusez gehiago hitz egingo bagenu eta harekin solas gehiago, gure fedea biziberrituko litzateke.
Izan duten uste handiaz eta jasan duten porrotaz mintzo zaizkio ikasleak. Jesusek, berriz, gurutzean josi duten Mesias hori nor den sakontzen lagundu die. Sutan jartzen hasi zaie ikasleei bihotza; «ezezagun» hura berekin geldi dadin nahi dute. Eukaristi afaria ospatzean, begiak ireki zaizkie eta antzemango diote: Jesus, berekin dute Jesus!
Kristauok gehiago izan beharko Jesus gogoan: haren hitzak aipatu, haren biziera komentatu, haren egitasmoan sakondu. Geure fedearen begiak gehiago ireki beharra dugu eta geure Eukaristian Jesus bizi-bizi sumatu beharra. Beste inor ez, hura baino presenteago. Bidelagun dugu Jesus.

José Antonio Pagola