lunes, 24 de febrero de 2014

2014/03/02 - Urteko 8. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko martxoaren 2

Urteko 8. Igandea (A)


EBANJELIOA

Ez arduratu, biharko egunaz.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 6, 24-34

Egun haietan, Jesusek bere jarratzailei esan zien: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
«Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek? Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?
«Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, ez ote askoz gehiago zuek, sinesmen gutxikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zeruko zuen Aitak badaki horren guztiaren beharra duzuena. Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak. Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.

Jaunak esana

HOMILIA

2014ko martxoaren 2a

EZ DIRUAREN IDOLATRIARI

Dirua, erabateko idolo bihurtua den hori da Jesusentzat etsairik handiena, Jainkoak duinago, zuzenago eta solidarioago nahi duen mundu honentzat. Hogei mende dira jada, Galileako Profetak salatu zuela: Gizadiak Diruari eskainitako kultua izango duela beti oztoporik handiena, elkar bizitza gizakoiago baterantz jo ahal izateko.
Guztizkoa da Jesusen logika: «Ezin izan zarete Jainkoaren eta Diruaren zerbitzari». Jainkoa ezin izan da errege munduan, ezin izan da guztien Aita, baldin eta zuzentasuna exijitzen ez bada bizitza duin batetik baztertuak direnentzat. Horregatik, Jainkoak nahi duen mundu gizakoiago horrentzat ezin lan egin dute, aberastasunak metatzeko irrikak harturik, jenderik ahulena baztertu eta goseari eta miseriari emanik uzten duen ekonomia bat sustatzen dutenak.
Txundigarria da Frantzisko aita santuarekin gertatzen ari dena. Komunikabideek eta interneten zirkulatzen duten sare sozialek Frantziskoren keinurik txikienen berri xehetasun-mota oroz ematen digute; baina ezkutatu egiten dute, era lotsagarrian, Gizadi osoari egiten dion deiadarrik premiazkoen hau: «Ez borobil bat ekonomia baztertzaile eta zital bati. Hiltzailea da ekonomia hori».
Alabaina, Frantziskok ez du argudiatze luzeen beharrik, ezta analisi sakonen beharrik ere, bere pentsaera adierazteko. Gai da bere haserrea hitz argi eta adierazkorrez laburtzeko; edozein teleberriren albistegiren lerroburu edota edozein lurraldetako prentsaren titulu nagusi izan litezkeen hitzez, alegia. Adibide batzuk, soilik.
«Ezin onar liteke albiste ez izatea adineko pertsona bat hotzak hiltzea kale gorrian eta, aldiz, albiste izatea burtsak bi puntuz behera egin izana. Bazterketa da hori. Ezin onar liteke janaria botatzea, goseak dagoen jenderik baden bitartean. Zitalkeria da hori».
«Aurpegirik gabeko eta zinezko helburu gizatarrik gabeko ekonomia baten diktadurapean» bizi gara. Ondorioz, «gutxi batzuen irabaziak esponentzialki hazten diren bitartean, gehiengoen irabaziak gero eta beherago doaz gutxiengo zoriontsu horren ongizatearen aldean».
«Ongizatearen kulturak anestesiatu, sorgortu egiten gaitu, eta ez gara lasai gelditzen, baldin eta merkatuak artean erosi ez dugun zerbait eskaintzen badigu; eta, ahalbide faltaz hegoak ebakirik gelditu diren beste bizitza horiek ezertan erasaten ez diguten ikuskari huts gertatzen zaizkigu».
Frantziskok berak esana duenez, «mezu hau ez da marxismoa, baizik Ebanjelio hutsa». Gure kristau-elkarteetan etengabeko oihartzuna izan beharko lukeen mezu bat da. Horren kontrakoa, Frantziskok esaten digun beste honen seinale izan liteke: «Besteen garrasiez errukitzeko ezgai bihurtzen ari gara, ez dugu jada negarrik egiten gainerakoen dramaren aurrean».


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko otsailaren 27a

LEHENENGO GAUZA

«Gauza guztien gainetik, bila ezazue Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna; gainerakoa gehigarri emango dizue Jainkoak». Ezin argiago dira Jesusen hitz hauek. «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna» da haren jarraitzaileek lehenengo bilatu behar duguna; ondoren dator gainerakoa. Gaur egungo kristauak mundua, Jainkoak nahi bezala, gizatarrago egitera emanik bizi al gara ala gure energia bigarren mailako eta badaezpadako gauzatan gastatzen?
Ez da nola-halako galdera. Izan ere, funtsezkoa da jakitea Jesusek markaturiko lehen xedeari emanik bizi garen ala hark bihotzean zeraman grinatik apartatzen gaituen erlijiotasuna garatzen ari garen. Ez ote gara geure norabidea zuzendu beharrean eta geure kristautasunaren ardatz bezala Jainkoaren erreinuaren proiektua leialago hartu beharrean?
Argi-argia da Jesusen jarrera. Aski da ebanjelioak irakurtzea. Galilea sanoago, zuzenago eta haurridetsuago izan dadin jende artean bizi delarik, beti ere azkenak direnentzat erneago eta baztertuentzat abegikorrago, ez du dudarik Jesusek erlijio hau salatzeko: larunbata bete bai eta kultua zaindu bai, baina Jainkoak opariak baino gehiago errukia duela atsegin ahazten duena.
Kristautasuna ez da nolanahiko erlijio bat: zerbitzuak eskaintzen dituena, gizakiak duen Jainkoaren premiari erantzuteko. Erlijio profetikoa da, Jesusengandik datorrena, bizitza gizatartzeko Jainkoaren egitasmoaren arabera. «Funtziona» genezake, bai, kultuaren inguruan bildutako elkarte bezala; baina errukia kutsatzen ez badugu eta zuzentasuna eskatzen ez, ahaztuak defenditzen ez baditugu eta azkenak direnei kasu egiten ez, zer izango da Jesusen bizitza osoa arnastu zuen egitasmoaz?
Agian, gure elkarteak Jainkoaren erreinurantz eta haren zuzentasunerantz bihurtzeko erarik praktikoena honako hau izango da: harrera ona gehiago zaintzen hastea. Ez da esan nahi kultuaren ospakizuna alde batera utzi behar denik; hau da arazoa: harrera ona, jendeari entzutea eta lagun egitea arduratsuago zaintzea, bizi dituen atsekabe, lan eta esperantzan. Jendearekin sufrimena partekatzeak asko lagundu diezaguke gure xedea hobeto ulertzen, hau da, Ebanjelioa biziz mundua gizatarrago egiten.
Bere lehen entziklikan, Joan Paulo II.ak, Vatikano II.a kontzilioaren ideia inportante bat bere eginez, Eliza nola ulertu gogorarazi zigun kristauei. Argi eta garbi azaldu zuen. «Elizak ez du helburu bere burua, zeren Jainkoaren erreinurantz baita norabidetua, erreinu horren ernamuin, seinale eta tresna delarik». Lehenengo gauza ez da Eliza bera, baizik Jainkoaren erreinua. Eliza ebanjelikoagoa nahi badugu, haren baitatik mundu gizatarragoa egiten parte hartu nahi dugulako da.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 17 de febrero de 2014

2014/02/23 - Urteko 7. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko otsailaren 23

Urteko 7. Igandea (A)


EBANJELIOA

Maitatu etsaiak

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 38-48

Egun hauetan, Jesusek esan zieten bere irakasleei: «Badakizue legean agindua: Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain. Nik, berriz, hau diotsuet: Gaizkileari ez gaizki erantzun; bestela baizik, eskuineko masailean jotzen zaituenari eskaini beste masaila ere; soinekoa kentzeko auzitara eraman nahi zaituenari eman soingainekoa ere; norbaitek kilometro bat egitera behartzen bazaitu egin bi berarekin. Eskatzen dizunari eman, eta dirua uzteko eskatzen dizunari ez ukatu.
«Badakizue legean agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia. Nik, berriz, hau diotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde; horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete, hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria. Izan ere, maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, bada, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko otsailaren 23a

DEI ESKANDALAGARRI BAT

Maitasunerako deia liluragarria izan ohi da beti. Segur aski, jende askok onartu zuen Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeko Jesusek egindako deia. Legearen sintesirik hobena zen dei hura. Baina imajina ez zutena izan zen, behin batean arerio edo etsaiak maitatzeko eskatuko ziela.
Alabaina, horixe eskatu zien Jesusek. Bibliako tradizioaren inolako sostengurik gabe, bere herriaren otoitza elikatzen zuten mendekuzko salmoetatik urrunduz, bere ingurunean arnasten zen gorrotozko giro orokorrari aurre egunez, ezin argiago hots egin zuen Jesusek dei hau: «Nik, ordea, hau diotsuet: Maitatu zeuen etsaiak, egin on gaitzesten zaituztenei eta otoitz egin izen txarra jartzen dizuetenei».
Eskandalagarria da Jesusen hizkuntza, eta harrigarria; baina bat dator Jainkoaz berak duen esperientziarekin. Aita ez da gogorra: maite ditu bere etsaiak berak ere, ez dabil inor nola galduko. Bere handitasun ez du jartzen mendekuan, baizik guztiak baldintzarik gabe maitatzean. Jainko horren seme edo alaba dela uste duenak, ez du munduan gorrotorik ereingo, ezta ere inor suntsituko.
Etsaia maitatzea ez da Jesusentzat bigarren mailako bat, ez da zuzentasun heroiko batera deituak liratekeen pertsonentzat. Dei horrekin, etsaiarekiko beste jarrera bat txertatu nahi du historian: errotik atera nahi du mundutik gorrotoa eta indarkeria suntsitzailea. Jainkoaren antzeko izan nahi duen batek ez du elikatuko inoren aurkako gorrotorik, baizik eta gizon-emakume guztien ona bilatuko du, etsaiena barne.
Etsaiarekiko maitasunaz mintzo denean, Jesus ez da ari, gaitza egiten digunarentzat gugan txera-, sinpatia- edo maitasun-sentimendua elikatzeko eskatzen. Etsaiak kalte egiten ahal digun etsai izaten jarraituko du, eta nekez aldatuko dira gure bihotzeko sentimenduak.
Etsaia maitatzeak hau esan nahi du lehenik eta behin: halakoari kalterik ez egitea, ez ibiltzea nola kalte egingo, ez desiratzea kalterik. Ez dugu harritu behar halakoarentzat maitasunik sentitzen ez badugu. Berezkoa du batek zauritua edo umiliatua sentitzea. Hau da kezkatzekoa: gorrotoa eta mendeku-egarria elikatzen jarraitzea.
Baina, jakina, kontua ez da gaitzik ez egitea bakarrik. Urrats batzuk aurrera egin genitzake, premian ikusten badugu on egiteko prest egoteraino. Ez dezagun ahaztu, gizakoiago garela barkatzen dugunean, ez eta mendekatzen garenean halakoaren zoritxarraz poztuz.
Ez da gauza erraza etsaiari zinez barkatzea. Zenbait inguruabarretan, gerta dakioke jende bati, izatez, ezinezko gauza izatea bere bihotza ukapenetik, gorrototik edo mendeku-egarritik liberatzea. Ez genuke juzgatu behar inor ere kanpotik. Jainkoak bakarrik ulertzen gaitu, hark bakarrik barkatzen digu baldintzarik gabe, baita barkatzeko gai ez garenean ere.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko otsailaren 20a

Maitatu kalte dagiguna

Maitasunerako deia erakarlea da. Segur asko, jende askok entzun ohi zuen atseginez Jesusen gonbita, gizon-emakume guztien aurrean jarrera ireki, adiskidetsu eta bihotz handikoa izatera dei egiten zienean. Gutxiena espero zutena zen etsaiak ere maitatu behar zirela entzun beharra.
Zoro batek bakarrik esaten ahal zuen, halako konbentzimenduaz, hain gauza zentzu gabea eta pentsaezina: «Maitatu zeuen etsaiak, otoitz egin pertsegitzen zaituztenentzat, barkatu hirurogeita hamar aldiz zazpitan…». Ba ote daki Jesusek zer esaten ari den? Hori ote da Jainkoak nahi duena?
Eskandalizaturik entzun zioten entzuleek. Ahaztua ote du Jesusek Erromaren mende dela bere herria? Ahaztuak ote ditu haren legioek egin dituzten triskantzak? Ez ote du ezagutzen Galileako laborariek jasan zuten ustiaketa, lurjabe boteretsuen abusuen aurrean babesgabe? Nolaz hitz egin dezake etsaiei barkatzeaz, den oro gorrotorako eta mendekurako delarik?
Alabaina, Jesus ez da mintzo apetaz. Jainkoaz duen esperientziatik atera zaio gonbita. Guztien Aita hori ez da indarkeriazale, baizik errukitsu. Ez dabil nola mendekatuko, ez daki zer den gorrotoa. Maitasun baldintzarik gabea du guztiekiko: «Gizaki on eta gaiztoentzat aterarazten du eguzkia, zuzen eta zuzengabeentzat bidaltzen euria». Ez du inor bereizten. Ez ditu maite leial zaizkionak soilik. Guztientzat du irekia bere maitasuna.
Bere maitasunetik inor baztertu ez duen Jainko honek bera bezala bizitzera eraman behar gaitu. Hauxe da, laburturik, Jesusen deia. «Izan Jainkoaren antzeko. Ez izan inoren etsai, ezta zuen etsai direnena ere.  Maita itzazue, zeruko zuen Aitaren dinako izan zaitezten».
Jesusek ez digu eskatzen etsaiak ma Ken gorrotoa eta areriotasuna. Bidali hau iteenak ditugun pertsonentzat dugun afektuz eta txeraz maitatzeko. Etsaia maitatzea hauxe da soilki: ez mendekatzea, ez kalterik egitea, ez gaitzik desiratzea halakoari. Aitzitik, harentzat zer den on pentsatzea. Gu geu hartuak izatea nahi genukeen bezala, guk haiek hartzea.
Daitekeena ote etsaia maitatzea? Jesus ez da ari lege orokor bat ezartzen. Bere jarraitzaileei egin die gonbita Jainkoaren antzeko izatera, bere seme-alaben artean gorrotoa eta areriotasuna galduz joan daitezen. Jesusen antzeko izaten ahalegintzen dena bakarrik irits daiteke gaitza opa diotenak maitatzera.
Hark erakarririk ikasiko dugu inor ez gorrotatzen, erresumina gainditzen, guztiei on egiten. Jesusen gonbita da «pertsegitzen gaituztenentzat guk otoitz egitea»; segur aski, geure bihotza apurka eraldatuz joan gaitezen. Kalte dagiguna maitatzea ez da gauza erraza; baina horixe da gurutzera eraman zutenen alde otoitz eginez hil zen haren antzekoago egiten gaituena: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren».

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 10 de febrero de 2014

2014/02/16 - Urteko 6. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko otsailaren 16

Urteko 6. Igandea (A)


EBANJELIOA

Aurrekoei agindu zitzaien Nik, berriz, hau diotsuet.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 17-37

Egun haietan, «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak huts bihurtzera etorria naizenik; ez naiz huts bihurtzera etorri, beren betera eramatera baizik.
Zeren eta benetan diotsuet: Zeru-lurrek dirauten bitartean legearen hitz batek edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte.
Beraz, agindurik txikienetako bat hausten edota hausten irakasten duena, txikien bezala hartuko du Jainkoak bere erreinuan; betetzen edota betetzen irakasten duena, ordea, handitzat hartuko du Jainkoak bere erreinuan.
Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.
«Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu, utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera.
«Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.
Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.
«Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.
Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.
«Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.
«Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak –legearen contra elkartuak ez badira behintzat – adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.
Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita; ez lurrarengatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria baita. Ez egin zinik zeure buruarengatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihur. Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko otsailaren 16a

EZ GEURE ARTEKO GERLARI

Juduak harro mintzo ohi ziren Moisesen Legeaz. Tradizioaren arabera, Jainkoak berak eman zion Lege hori bere herriari. Harengandik hartu zuten gauzarik onena zen. Lege horretan dator egiazko Jainko bakarraren gogoa. Hor aurkitzen ahal dute behar duten guztia, Jainkoari leial izateko.
Jesusentzat ere garrantzizkoa da Legea, baina ez da jada erdigune. Beste esperientzia bat bizi eta komunikatu du Jesusek: gainean da Jainkoaren erreinua; gure artean bidea nola urratuko dabil Aita, mundua  gizakoiago bihurtzeko. Ez dugu aski Moisesen Legea betetzea. Aitari geure barrua ireki beharra dugu eta harekin lan egin beharra, bizitza zuzenago eta anai-arreba artekoago egiten.
Horregatik, Jesusen arabera, ez da aski «Ez hil» dioen legea betetzea. Beharrezkoa da, gainera, geure bizitzatik erauztea oldarkortasuna edo agresibitatea, gainerakoek gutxiestea, irainak edo mendekua. Inork hil ez duen hark, bete du legea, bai; baina bere burua indarkeriatik liberatzen ez badu, ez du artean Jainkoa errege bere bihotzean, alegia gurekin batean bizitza gizakoiago bat eraiki nahi duen Jainkoa.
Behatzaile batzuen arabera, zabalduz doa hizkuntza bat, gaur egungo gizartean oldarkortasuna handitzen doala islatzen duen bat. Gero eta sarriago dira irainak, umilarazteko, gutxiesteko, zauritzeko. Ukapenak, erresuminak, gorrotoak edo mendekuak eragindako hitzak.
Bestalde, solasaldiak sarritan bihurtzen dira hitz zuzengaberen sare, han eta hemen gaitzespena eta errezeloa ereinez. Maitasunik eta errespeturik gabe esandako hitzak dira, elkar bizitza pozoitzen eta kalte egiten dutenak. Kasik beti haserreak, kaxkarkeriak edo zitalkeriak eraginda.
Ez da gertatzen hau guztia gizarteko bizikidetzan bakarrik. Arazo larria da gaur egungo Elizan ere. Frantzisko aita santua sufritzen ari da «kristau batzuk beste kristau batzuen kontra gerlan» ikustean: zatiketa, gatazka eta aurkaritza biziz. Ebanjelioaren hain kontrakoa da egoera hori, non premiazko dei hau egin beharra sentitu baitu: «Ez geure arteko gerlari».
Hona nola mintzo den Aita Santua: «Min dut egiaztatzean kristau-elkarte batzuetan, baita pertsona sagaratuen artean ere, baimentzen ditugula askotariko eratan gorrotoa, kalumnia, izena belztea, mendekua, zeloa, norberaren ideiak ezarri nahia edozein gauzaren truke, eta, are gehiago, pertsekuzioa bera, sorgin-ehiza ankerra dirudiena. Nor ebanjeliza genezake portaera horrekin?» Honelako Eliza baten alde lan egin nahi du: «guztiak harriarazten dituena, elkar nola zaintzen duzuen, elkarri nola hats ematen diozuen, elkarrentzat nolako bidelagun zareten ikustean».


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko otsailaren 13a

LEGEAK JESUSEK BEZALA HARTU

Juduak harro mintzo ohi ziren Moisesen Legeaz. Jainkoagandik hartu zuten erregalurik bikainena zen. Sinagoga guztietan toki berezian ezarritako kutxan gorde ohi zuten. Lege horretan aurkitu ahal zuten Jainkoari leial izateko behar zen guztia.
Jesus, ordea, ez da bizi Legeari loturik. Ez da saiatu ez hura aztertzen, ez ikasleei hartaz argibideak ematen. Behin ere ez da ageri hura modu zorrotzean nola beteko kezkaturik. Egia esan, ez du kanpainarik egin Legearen kontra; halere, ez du Lege hori bere bihotzaren bihotz.
Beste esperientzia batetik ibiliko da Jesus Jainkoaren nahiaren bila. Gizon-emakumeen artean murgilduz sentitzen du Jainkoa, haiekin batean mundua zuzenago eta haurridetsuago egiteko. Dena kanbiatzen du horrek. Legea ez da jada ezer erabakitzaile, Jainkoak gugandik zer espero duen jakiteko. «Jainkoaren erregetzaren eta haren zuzentasunaren bila» ibiltzea da lehenengo gauza.
Fariseuak eta lege-maisuak legea zehazki nola beteko arduratzen dira, baina ez zaie axola maitasuna eta zuzentasuna. Jesusek honetan egin du bere ahalegina: bere ikasleengan beste jarrera bat eta beste espiritu bat sartzen: «zuen zuzentasuna lege-maisuena eta fariseuena baino hobea ez bada, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan». Gainditu beharra da legeak eta arauak hitzez hitz betetzea beste ardurarik ez duen legalismoa.
Aitaren nahia Jesusek hura bilatu duen grinaz bilatzen denean, legeek diotena baino harago jo ohi da. Gizon-emakume guztientzat Jainkoak gura duen mundu gizatarrago horretarantz jo ahal izateko, garrantzizkoa ez da legeak betetzen dituzten pertsonak bilatzea, baizik Jesusen antzeko direnak.
Inor hiltzen ez duenak legea betetzen du, baina haurridearentzat duen amorrua bihotzetik ateratzen ez badu, ez da Jainkoaren antzeko. Adulteriorik egiten ez duenak betetzen du legea, baina modu egoistan bere haurridearen emaztea desiratzen badu, ez da Jainkoaren antzeko. Pertsona hauengan Legeak indarra du, baina Jainkoak ez; betetzaileak dira, baina ez dakite zer den maitasuna; zuzen bizi dira, baina ez dute mundua gizatarrago egingo.
Ondo entzun behar dira Jesusen hitzak: «Ez naiz etorri legea eta profetak desegitera; baizik beren betera eramatera». Ez da etorri Itun Zaharreko lege- eta erlijio-ondarea pikutara botatzera. Giza jokabidea «bere betera» eramatera etorri da, haren ikuspegia zabaltzera, bizitza legalismoaren arriskutik libratzera.
Legeak, arauak, aginduak eta tradizioak Jesusek bizi zituen bezala bizitzen baditugu, gure kristautasuna gizatarragoa eta ebanjelikoagoa izango da: Aitak gura duen mundu zuzenago eta haurrideago horren bila jokatzen badugu, alegia.

José Antonio Pagola



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 3 de febrero de 2014

2014/02/09 - Urteko 5. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko otsailaren 9a

Urteko 5. Igandea (A)


EBANJELIOA

Zuek zarete munduarentzat argia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 13-16

Orduan, Jesusek esan zioten bere ikasleei:
«Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko.
«Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria. Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko otsailaren 9a

IRTEN PERIFERIARA

Bi irudi ausart eta harrigarriz eman du aditzera Jesusek zer iritzi duen bere jarraitzaileez eta zer espero duen haiengandik. Ez dute bizi behar, kaskoan beti beren onura, beren fama edo beren boterea dutela. Nahiz eta talde koxkor bat diren Erromaren Inperio tzarraren erdian, lurrak beharrezko duen «gatz» izan behar dute eta munduari falta zaion «argi».
«Lurraren gatz zarete zuek». Galileako jende xumeak berez atzeman du Jesusen hizkuntza. Mundu guztiak daki gatza, batez ere, janari gustua emateko dela eta janaria usteltzetik gordetzeko. Modu berean, Jesusen ikasleek jendeari bizitza ahogozatzera eragin behar diote, usteltzen utzi gabe.
«Munduaren argi zarete zuek». Eguzkiaren argirik gabe, mundua ilunpean gelditzen da, eta ezin izaten dugu norabidetu eta bizitzaz gozatu, ilunpean. Alabaina, Jesusen ikasleek eskain dezakete behar dugun argia, norabidetzeko, bizitzaren azken zentzuan sakontzeko eta esperantzaz bide egiteko.
Bi metafora horiek bat datoz garrantzizko puntu batean. Gatza, ontzi batean aparte baldin badago, ez da ezertarako on. Elikagaien artean jarri eta janariarekin nahasten denean bakarrik ematen ahal dio gustua jaten dugunari. Gauza bera gertatzen da argiarekin ere. Itxian eta ezkutuan badago, ezin argitzen ahal du inor. Ilunpean direnekin dagoenean bakarrik argitzen eta norabidetzen ahal du. Mundutik aparte legokeen Eliza bat ezin izaten ahal litzateke, ez gatz, ez argi.
Frantzisko aita santuak ikusten du gaur egungo Eliza bere baitan itxirik dagoela, beldurrak sorgorturik, eta urrunegi arazo eta sufrimenduetatik, bizitza modernoari gustua eman ahal izateko eta Ebanjelioaren zinezko argia eskaini ahal izateko. Bat-batekoa izan du bere erreakzioa Aita Santuak: «Periferiara irten beharrean gara».
Behin eta berriz dio: «Nahiago dut kalera irteteagatik elbarria, zauritua eta zikindua den Eliza bat, itxia eta bere segurtasunari atxikitzearen aitzakiaz eta eroso bizi nahi izateagatik gaixo den Eliza bat baino. Ez dut gogoko erdigune izateaz arduratzen den eta, ondorioz, obsesio- eta prozedura-sare batean harrapatua gertatzen den Eliza bat».
Kristau guztiei doakie Frantziskoren deia. «Ezin geldi gintezke lasai geure elizen barnean, itxarote zurrunean». «Bestearen aurpegiarekin topo egitearen arriskua bizitzera gonbidatzen gaitu Ebanjelioak beti». Berak «topo egitearen kultura» deitzen duen hori sarrarazi nahi du Elizan Aita Santuak. Konbentziturik dago «Elizak gaur egun gaitasun hau behar duela: zauriak sendatzeko eta bihotzei berotasuna emateko gaitasuna».


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko otsailaren 6a

GATZA ETA ARGIA

Ikasleek zoriontasunak bizi badituzte, eragina izango du gizartean haien bizierak. Jesusek berak esan die hori, ezin ahantzizko bi metafora z baliatuz. Erromak kontrolatzen duen inperio boteretsu hartan talde ezdeusa ematen duten arren, «gatz izango dira lurrean» eta «argi munduan».
Ez ote da hori uste barregarria? Baina Jesusek berak argitu die nola gerta daitekeen. Gatzak ez du ematen gauza handia denik; baina bere ondorioak izaten hasten da, hain juxtu, janariarekin nahastu eta ezkutatu egiten dela ematen duenean. Gauza bera gertatzen da argi bat pizten denean: soilik, ilunpean jartzean egiten ahal du argi.
Jesusek ez du buruan mundutik aparte bizi den Eliza bat, bere erritu eta irakaspenetan ezkutatua, bere zilborrari eta arazoei begira bizi dena. Jesusek jarraitzaile-talde bat tartekatu nahi izan du giza historian, zoriontasunak biziz bizitza eraldatzeko gai den talde bat.
Guztiek dakigu zertarako izan ohi den gatza. Alde batetik, janariei ez die uzten galtzen. Bestetik, gustua ematen die eta guk hobeto dastatu ahal izatea egiten du. Jatekoak onak dira, baina galdu daitezke; badute gustua, zaporea, baina graziarik gabeko gertatzen ahal zaizkigu. Gatza behar izaten dute.
Mundua ez da gaiztoa, baina galbidean jar dezakegu. Bizitzak badu bere gustua, baina graziarik gabeko gerta dakiguke eta gozorik gabeko. Zoriontasunak bizi dituen Elizak gizartea galdu ez dadin parte hartzen du, gehiago gizagabetu ez dadin.  Haren ebanjelioa bizi duten Jesusen ikasleek biziaren benetako esanahia aurkitzen laguntzen dute.
Bada, alegia, arazo bat eta jakinaren gainean jarri ditu Jesusek bere ikasleak. Gatza gezatzen bada, ez da ezertarako on. Ikasleek beren ebanjelio-nortasuna galtzen badute, ezin emango dute Jesusek nahi lukeen fruiturik. Kristautasuna galtzen uzten da. Eliza desegina gertatzen da. Kristauak alferrik daudeke gizartean.
Gauza bera argiarekin. Guztiok dakigu argitasuna sortzeko dela. Kristauek biziak duen esanahirik hondokoena argitzen dute, baldin eta jendeak haiengan zoriontasunen «egintzak» ikus baditzake. Hargatik, ezin bizi daitezke ezkutuan.  Halere, ez dute jardun behar jendeak ikus ditzan. Beren bizieraz argitasuna azaleratu behar dute gizartean, zeruko Aitaren benetako aurpegia ikusi ahal dadin.
Ez da zilegi Elizaz baliatzea geure gustuak eta lehentasunak asetzeko. Jesusek Eliza gatz eta argi izan dadin nahi izan du. Ebanjelizatzea ez datza gaur egungo sekulartasunari mundutar estrategiez aurre egitean. Are gutxiago Eliza «kontra-gizarte» bihurtzean. Soilik, ebanjelioa bizi duen Elizak erantzun diezaioke Jesusen jatorrizko desirari.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com