José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2012ko uztailaren 15a
Urteko 15. Igandea (B)
EBANJELIOA
Binaka bidaltzen hasi zen.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
6,7-13
Denbora haietan,
hamabiei dei egin eta binaka bidaltzen hasi zen, espiritu gaiztoak botatzeko
ahalmena ematen ziela. Biderako deus ere ez hartzeko agindu zien, makila bat
besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta gerrikoan dirurik ere; oinetan
sandaliak eraman zitzatela, baina aldatzeko soinekorik ez. Gero, nola jokatu
esan zien: «Etxe batean sartzen zaretenean, gelditu bertan herri hartatik atera
arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituztete eta entzun nahi ez, handik alde
egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, beraien kontrako seinaletzat ».
Joan ziren, bada,
haiek eta berri ona hots egin zuten bihozberri zitezen. Deabru asko botatzen
zuten eta gaixo asko sendatzen, olioz igurtziz.
Jaunak esana.
HOMILIA
2012ko uztailaren 15a
EBANJELIZAZIO BERRIA
Ebanjelizazio
berri baten premia sentitzen dugu gaur egun Elizan. Zer izan daiteke, ordea?
Zein izan daiteke berritasuna? Zer behar dugu aldatu? Zein izan zen egiaz
Jesusen asmoa, ikasleak bere ebanjelio-eginkizuna luzatzera bidali zituenean?
Markosen
kontakizunak argi uzten du Jesus bakarrik dela haren jarraitzaileen egintza
ebanjelizatzailearen iturria, inspiratzailea eta eredua. Jesusen aginpidez
jardungo dute jarraitzaileek. Ez dute ezer egingo beren izenean. Jesusen
«bidaliak» dira. Ez dira izango beren buruaren predikari: Jesusen Ebanjelioa
hots egingo dute, soilik. Ez dute izango beste interesik: soilik, Jainkoaren
erreinuari bideak urratzeari emanak biziko dira.
«Ebanjelizazio
berri» bat eragiteko era bakarra Jesusekiko lotura hau garbitu eta indartzea
izango da. Ez da izango ebanjelizazio berririk, ez badago ebanjelizatzaile
berririk, eta ez da izango ebanjelizatzaile berririk, ez badago Jesusekin
harreman biziagorik, argiagorik eta suharragorik. Hura gabe, munduan haren
Espiritua sartu ez beste edozer gauza egingo dugu.
Bidali
dituenean, Jesusek ez ditu utzi ikasleak beren indarraren baitan. «Bere
aginpidea» eman die; ez da, ordea, gainerakoak kontrolatzeko, gobernatzeko edo
dominatzeko boterea, baizik «espiritu lohiak bota» ahal izateko bere indarra
da, jendea askatzen duena pertsona eta gizartea esklabutzen, estutzen eta
gizatasuna kentzen duen orotatik.
Ikasleek
oso ondo dakite zer dien Jesusek gomendatu. Ez dute ikusi hura sekula inor
mendean hartzen. Beti ezagutu dute zaurituak sendatzen, sufrimendua arintzen,
bizitza eraberritzen, beldurretik liberatzen, Jainkoaganako konfiantza
kutsatzen. «Sendatu» eta «liberatu» dira lehenengo egitekoak Jesusen jardueran.
Horrek guztiak errotik aldatuko luke gure ebanjelizazioaren aurpegiera.
Premiazkoa
berekin dutela bidali ditu ebanjelizatzera. Markosen arabera, «makila,
sandaliak eta tunika bat» eramango dute soilik. Ez dute beste ezeren beharrik
funtsezkoaren lekuko izateko. Aske eta loturarik gabe ikusi nahi ditu Jesusek;
beti prest, ongizateari lotu gabe; Ebanjelioaren indarrean fidaturik.
Ebanjelio-jarrera
hau berreskuratu ezean, ez da izango ebanjelizazio berririk. Garrantzizkoa ez
da jarduera eta estrategia berriak abian jartzea, baizik eta alde batera uztea
ohiturak, egiturak, mirabetzak, Ebanjelioaren funtsa egiaz eta xume kutsatzeko
aske izatea eragozten diguten neurrian.
Elizak
galdu egin du Jesusek iradokitzen duen bidari-estilo hau. Eta bidari nagi eta
astun bihurtu da Eliza. Ez da gai gizadiari lagun egiteko. Ez dugu zalutasunik
kultura batetik bestera igarotzeko. Izan dugun botereari eutsi nahi diogu.
Jainkoaren erreinuarekin zerikusirik ez duten interesetan katramilatu gara.
Bihotz-berritu beharra dugu.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2009ko uztailaren 12a
ELKARTEKO AZTERKETA
Jesusek
ez ditu bidali ikasleak nolanahi. Jainkoaren erreinuaz Jesusek duen egitasmoan
parte hartu eta haren misioa jarraitu nahi bada, ezinbestekoa da biziera berezi
bat. Horrela izan ezean, mila gauza egin ahal izango dugu, baina Jesusen
espiritu munduan txertatu ez. Jesusen gomendio batzuk gogorarazi dizkigu
Markosek. Azpimarra ditzagun banaka batzuk.
Lehenik
eta behin, nor dira haiek Jesusen izenean hitz egiteko? Zein aginpide dute
horretarako? Markosen arabera, Jesusek, bidali dituenean, «aginpidea eman die espiritu kutsatuen gain». Ez die eman botererik
bidean aurkituko duten jendearen gain. Jesus bera ere ez da baliatu bere
botereaz jendea gobernatzeko, sendatzeko baizik.
Beti
bezala, mundu osasuntsuagoa du Jesusek bere gogoan, gizakia esklabo eta
desgizaki bihurtzen duten indar gaiztoetatik librea den mundua. Ikasleek ere
haren indar sendatzailea txertatu behar dute jendearen artean. Jesusen ikasleak
gizartean ikasle-bidea egin nahi badu, jendearen gain boterea erabiliz ez,
baizik bizitza gizatar bihurtuz burutuko du, jendearen sufrimena arinduz,
askatasuna eta haurridetasuna handiaraziz.
Soilik,
«makila» eta «oinetakoak» eramango dituzte. Bidaiari ikusi nahi ditu Jesusek
ikasleak. Inoiz ez egonari loturik. Beti bidaiari. Ezeri eta inori atxiki gabe.
Berekin behar-beharrezkoa bakarrik dutela. Jesusek berak zuen zalutasunez
horniturik, beharrean den nornahirengana iristeko prest. Jesusen makila ez da
agintzeko, baizik bidean lagun izateko.
Ez
dute eramango «ogirik, ez
bizkar-zorrorik, ez dirurik». Ez dute bizi behar beren segurtasuna burutik
kendu ezinik. Gauza inportanteagoa dute berekin: Jesusen Espiritua, haren
Hitza, haren Agintea jendearen bizitza gizatartatzeko. Kuriosa da, baina
Jesusek ez du gogoan eraginkorrago izateko ikasleek berekin eraman behar duten
ezer; soilik zer ez duten eraman behar aipatu du. Hain zuzen, egunen batean
pobreez ahaztu eta beren ongizatean hesiturik gera ez daitezen.
Ez
dute eraman behar «ordezko jantzirik»
ere. Xume-xume jantziko dira, pobreak bezala. Ez dute eramango Tenpluko apaizek
bezalako jantzi sakraturik. Ez dira jantziko basamortuko bakardadean
Bataiatzailea jantzi ohi zen bezala ere. Jendearen artean izango dira profeta.
Ikasleen bizitza seinale izan behar du Jainkoa guztiekiko hurbil dela, batez
ere premiarik handiena dutenekiko.
Ausartuko
ote gara egunen batean Elizaren baitan elkarteko azterketa egitera, Jesusek
argitu gaitzan eta, kasik konturatu gabe, haren espiritutik nola joan garen
urruntzen ikustera irits gaitezen?
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.