lunes, 23 de julio de 2012

2012/07/29 - Urteko 17. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko uztailaren 29a

Urteko 17. Igandea (B)


EBANJELIOA

Banatu egin zituen eserita zeudenen artean nahi zuten guztia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik. 6, 1-15

Denbora haietan, Galilea edo Tiberiades aintziraz beste aldera joan zen Jesus. Eta jendetza handia zihoakion atzetik, gaixoak sendatuz egiten zituen mirarizko seinaleak ikusten baitzituzten. Jesus mendira igo eta han eseri zen bere ikasleekin. Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia. Jesusek, jende asko zetorkiola ikusirik, esan zion Feliperi:
– Non erosiko genuke ogia hauei jaten emateko?
Zirikatzeko esan zion hori, ongi baitzekien berak zer egin behar zuen.
Felipek erantzun zion:
– Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahikoa bakoitzak puska bat izateko.
Haren ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan zion:
– Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain txiki dituen mutiko bat; baina zer da hori honenbesterentzat?
Jesusek jendea eserarazteko agindu zien ikasleei. Belar asko zegoen leku hartan, eta eseri egin ziren denak. Bost milaren bat gizonezko ziren. Jesusek ogiak hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, banatu egin zituen eserita zeudenen artean; berdin arrainak ere, nahi adina. Eta ase zirenean, esan zien Jesusek ikasleei: «Bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin».
Bildu zituzten, bada, eta bost garagar-ogietatik jan zutenei gelditu zitzaizkien hondarrez hamabi saski bete zituzten. Jendeak, orduan, Jesusen mirarizko seinale hura ikusirik, honela zioen: «Hauxe da egiaz mundura etortzekoa zen profeta».
Jesusek, ordea, errege egiteko indarrez eraman nahi zutela ikusirik, mendira alde egin zuen berriro berak bakarrik.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko uztailaren 29a

GAZTE BATEN KEINUA

Jesusek bere jarduera profetikoan buruturiko seinale guztien artean, lehen kristau-elkarteek gehienik gogoratu ohi zutena, segur aski, hark landan, Galileako aintzira inguruan, antolatutako jendetza-otordu bat izan zen. Ebanjelio guztiek jaso duten pasadizo bakarra da.
Benetan aberatsa da kontakizunaren edukia. Bere ohiturari jarraiki, Joanen ebanjelioak ez dio deitzen «miraria», baizik «seinalea». Horrenbestez, kontatzen diren egintzekin ez gelditzeko esan nahi digu, baizik eta fedeaz esanahi sakon baten bila jarduteko.
Jesus dago pasadizoaren erdigunean. Inork ez dio eskatu ezer egiteko. Berak sumatu du jende hura goseak, eta jaten eman beharra planteatu du. Harrigarria da ikustea Jesus ez dela arduratzen jendeari Jainkoaren Berri Ona emateaz bakarrik, baizik eta bere seme-alaben goseak ere kezkarazten duela.
Nola elikatu, ordea, landa zabalean jendetza handi hura? Ikasleei ez zaie etorri inolako aterabiderik. Felipek dio ezin dela pentsatu ere egin guztientzat ogia erostea, ez baitute dirurik. Andresek uste du partekatu litekeela eskura dutena, baina mutiko batek bakarrik ekarri ditu bost ogi eta arrain-pare bat. Zer da hori hainbeste jenderentzat?
Jesusentzat, aski da. Gazte horrek, izenik eta aurpegirik gabe horrek, ahalbidetuko du ezina dirudiena. Eskura duena partekatzeko duen jarrera izan da jende hari guztiari jaten emateko bidea. Jesusek egingo du gainerako guztia. Gaztearen ogiak eskuetan hartu, Jainkoari eskerrak eman eta guztien artean «banatzen» hasi da.
Zoragarria da eszena. Egundoko jendetza, landako belar berdean eseria, doako otordua partekatzen, udaberriko egun batean. Ez da aberatsen jai-otordua. Ez da ardorik, ez haragirik. Aintzira inguruan bizi den jendearen janari xumea da: garagar-ogia eta arrain keztatua. Anai-arreba arteko otordua, Jesusek guztiei emana, gazte baten keinu eskuzabal bati esker.
Otordu partekatu hau sinbolo erakargarria izan zen lehen kristauentzat, gizadi berri eta anai-arreba arteko bat eraikitzeko Jesusengandik jaiotako elkartearen sinboloa. Aldi berean, Jaunaren egunean ospatu ohi zuten eukaristia iradokitzen zien, hau da, Jesusen, Jainkoagandik etorritako Ogi bizi haren, espirituaz eta indarraz elikatzeko ospatu ohi zuten eukaristia.
Baina ez ziren ahaztu sekula gazte haren keinuaz ere. Munduan gosea badago, ez da janaria eskas delako, baizik solidaritatea delako eskas. Bada guztientzako ogirik; partekatzeko eskuzabaltasuna da falta dena. Munduaren joan-etorria finantza-boterearen esku utzi dugu, beldurra ematen digu eskura duguna partekatzeak, eta jendea goseak hiltzen ari da gure egoismo irrazionala dela medio.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko uztailaren 26a

GURE BEKATU NAGUSIA

Ogiak ugaltzearen pasadizoak oso harrera ona izan zuen Jesusen jarraitzaileen artean. Ebanjelari guztiek gogorarazi digute. Segur aski, biziki erasan zien Jainkoaren gizon hura jendetza handi hura, jatekorik gabe gelditu zen hura, elikatzeaz arduratu izanak.
Joanek dakarrenaren arabera, Jesus bera izan da berari entzutera etorri den jendetza haren goseaz konturatu dena. Jendea gose da; zerbait egin beharra du harentzat. Horrelakoa da Jesus. Gizakiaren oinarrizko premiak gogoan dituela bizi da.
Felipek ohartarazi dio ezen ez dutela dirurik. Ikasleen artean, pobreak dira guztiak: ezin dute erosi horrenbeste jenderentzat. Jesusek badaki hori. Dirudunek ez dute konponduko sekula munduan gosearen arazoa. Dirua baino zerbait gehiago behar da horretarako.
Bide desberdin bat begiz jotzen lagunduko die Jesusek. Beste ezer baino lehen, beharrezkoa da inork berea beretzat ez hartzea, baldin eta beste batzuk goseak badira. Jesusen ikasleek ikasi beharra dute eskura dutena gose direnen esku jartzen, «bost garagar-ogi eta arrain-pare bat» bakarrik bada ere.
Imajina genezakeen gauzarik lauena eta gizabidezkoena da Jesusen jarrera. Baina, zeinek sartuko digu kaskoan partekatu beharra, erosten baizik ez dakigunoi? Zeinek askatuko gaitu goseak hiltzen ari direnen aurrean bizi dugun axolagabekeriatik? Ba ote da gizabidezkoago egin gaitzakeen ezer? Ikusiko ote dugu inoiz guztien arteko egiazko solidaritate horren «miraria»?
Jesusek Jainkoa du begi aurrean. Ezinezkoa du hura guztien Aitatzat hartuz harengan sinestea, haren seme-alabak goseak hiltzen utziz. Horregatik, taldeak bildu dituzten jatekoak hartu eta «begiak zerurantz jaso ditu eta eskerrak eman». Lurra bera eta janari guztia Jainkoagandik hartua dugu. Aitaren erregalua da guztia, baina haren seme-alaba guztientzakoa. Bizitzeko behar dutenaz gainerakoak gabetuz bizi bagara, esandako horretaz ahaztu garelako da. Horixe da gure bekatu nagusia, behin ere aitortuko ez dugun arren.
Eukaristiaren ogia partekatzean, Kristo berpiztuak janaritzen zituela uste zuten lehen kristauek; aldi berean, ordea, Jesusen keinua gogoan izaten zuten eta premia handiena zutenekin partekatzen zituzten beren ondasunak. Batak bestea haurride ikusten zuten. Artean, ez zuten baztertua Jesusen Espiritua.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.