José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko urtarrilaren 6a
Jaungoikoaren Epifania (C)
EBANJELIOA
Sortaldetik Erregeari gurtzera gatoz.
+
Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 2, 1-12
Jesus Judeako Belen herrian jaio zen, Herodes
erregearen garaian. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren
Jerusalemen, galdezka:
–Non da juduen errege jaioberria? Haren
izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz.
Berri honekin larritu egin zen Herodes
erregea, baita Jerusalem hiri osoa ere. Orduan, herriko apaizburu eta
lege-maisu guztiak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien.
Haiek erantzun zioten:
–Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen
profetak:
Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez,
Judako hirietan txikiena;
zuregandik aterako baita buruzagia,
Israel nire herria
gobernatuko dueña .
Judako hirietan txikiena;
zuregandik aterako baita buruzagia,
Israel nire herria
gobernatuko dueña .
Orduan, Herodesek, jakintsuak isilean
deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Gero, Belenera bidali
zituen, esanez: «Zoazte eta jakin xuxen haurraren berri eta, aurkitu ondoren,
adierazi niri, neu ere gurtzera joan nadin».
Erregearen hitz hauek entzunik, abiatu egin ziren. Bidean, sortaldean
ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan
zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.
Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria
bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz,
esku-erakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra .
Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra
ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko urtarrilaren 6a
KONTAKIZUN TXUNDIGARRIA
Jesusen aurrean jarrera oso
desberdinak har daitezke. Hiru lagun-taldek izan duten erreakzioaz mintzo zaigu
magoen kontakizuna. Batetik, pagano batzuk Jesusen bila dabiltza, izar baten
argi txiki batek gidaturik. Bestetik, Tenpluko erlijioaren ordezkariak ageri
dira, haurraren arazoa bost axola zaiela. Hirugarren, Herodes errege
boteretsua, soilik arriskua ikusten du Jesusengan.
Magoak ez dira Israel herri
aukeratuko kide. Ez dute ezagutzen Israelgo Jainko bizia. Ez dakigu ezer, ez
haien erlijioaz, ez haien jatorri-herriaz. Hau dakigu soilik: kosmosean den
misterioaz erne bizi direla. Egiaren bila dabil haien bihotza.
Halako batean, argi txiki bat
ikusi dutela uste dute, Salbatzaile bat iradokitzen duen argia. Zein den eta
non dagoen jakin-mina sentitu dute, eta, berehala, bideari ekin diote. Ez
dakite, juxtu, zein ibilbide egin behar duten, baina beren barnean sutan dute
esperantza, munduarentzat Argi bat aurkituko duten esperantza.
Haiek Jerusalem hiri santura
iritsi izanak izu-ikara eragin du hiri osoan. Herodesek deiturik, «hiriko apaiz
nagusien eta lege-maisuen» Kontseilua bildu da. Txundigarria da Kontseilukoen
jokabidea. Egiazko erlijioaren zaindari dira, baina ez dabiltza egiaren bila.
Tenpluko Jainkoa ordezten dute, baina sorgor bizi dira haren deiarekiko.
Itsu bihurtu ditu beren
segurtasun erlijiosoak. Badakite Mesias non den jaiotzekoa, baina haietako inor
ez da hurbilduko Betleemera. Jainkoari kultua eskaintzeari emanik bizi dira,
baina ez dute barruntatu Jainkoaren misterioa erlijio guztiak baino handiagoa
dela, eta bere bideak dituela bere seme-alaba guztiekin topo egiteko. Ez dute
Jesus sekula onartuko.
Herodes erregeak, boteretsu eta
astakirten hark, mehatxua bakarrik ikusten du Jesusengan, bere boterearen eta
ankerkeriaren kontra. Ahal duen guztia egingo du Jesus garbitzeko. Botere
zapaltzaileak «gurutziltzatu» bakarrik egin dezake askapena dakarren hura.
Bitartean, bila jarraitu dute
magoek. Ez dira belauniko jarri Herodesen aurrean: ez dute ikusi harengan bera
adoratua izateko arrazoi txikienik. Ez dira sartu Jerusalemeko Tenplu
handiosean: debekatua dute hara sartzea. Izarraren argi txikiak Betleemeko
herri koxkorrera erakarri ditu, botere-gune orotatik urrun.
Hara iristean, hau izan da ikusi
duten gauza guzti: «haurra Mariarekin, bere amarekin». Beste ezer ez. Haur bat,
distirarik gabe, botererik gabe. Bizitza hauskorra, ama baten arduraren premia
duena. Aski izan da hori magoei adoraziora eragiteko.
Txundigarria da kontakizuna.
Jainko hau, giza ahuldadean ezkutatua, ezin aurkitu dute boterean kokaturik edo
segurtasun erlijiosoan hesiturik bizi direnek. Beste hauei agertzen zaie: argi
txiki batzuek gidaturik, gizakiarentzat, bizitzako goxotasunean eta
pobretasunean, etengabe esperantza baten bila dabiltzanek.
José Antonio Pagola
Ikusi
ere :
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.