José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko urtarrilaren 13a
Jaunaren Bataioa (C)
EBANJELIOA
Jesus bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua zabaldu zitzaion.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukas liburutik 3,15-16. 21-22
Denbora haietan,
herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen Joan ez ote zen Mesias
izango. Joanek, ordea, denen aurrean esan zuen: «Nik urez bataiatzen zaituztet,
baina badator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor haren oinetakoen
lokarriak askatzeko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.
Herri guztia
bataiatzen ari zela , Jesus ere bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua
zabaldu eta Espiritu Santua jaitsi zitzaion gainera, uso-tankeran agertuz. Eta
mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut
atsegin ».
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko urtarrilaren 13a
HASI ERREAKZIONATZEN
Joan
Bataiatzaileak ez dio jendeari biderik eman bera Mesiasekin nahastu dezan.
Badaki zein diren bere mugak eta onartu ditu. Bada bera baino indartsuago eta
funtsezkoago bat. Hari bakarrik egin behar dio herriak ongietorria. Bistakoa da
arrazoia. Bataiatzaileak ur-bataioa eskaintzen du. Jesusek, Mesiasek, bakarrik
«baiatuko du Espiritu Santuaz eta suaz».
Behatzaile
ez gutxiren ustez, Elizaren arazorik handiena gaur egun «eskastasun
espirituala» da. Elizak ez du adore espiritualik gaur egungo kinkari aurre
egiteko. Gero eta argiago da hori. Jesusek bere suaz eta Espirituaz bataia
gaitzan behar dugu.
Azken
urte hauetan haziz joan da Espirituaren indarrarekiko konfiantza-falta, eta
berritzera eraman gaitzakeen ororekiko beldurra. Asko azpimarratzen da
jarraikitasuna iragana gorde ahal izateko, baina ez gara arduratzen
Espirituaren deia entzuteaz geroa prestatzeko. Pixkana itsu ari gara bihurtzen
«aldien seinaleak» irakurtzeari dagokionez.
Lehentasuna
ematen zaie ziurtasunei eta sineskizunei fedea indartzeko eta gizarte
modernoaren aurrean eliz kohesio handiagoa lortzeko; baina, sarritan, ez da
lantzen Jesusekiko atxikimendu bizia. Ez ote dugu ahazten ezen Jesus gu guztiok
baino ahaltsuagoa dela? Erlijio-doktrinak, beti kategoria aurre-modernoetan
adierazia den hark, ez ditu ukitzen bihotzak, ezta bihotz-berritzen ere gure
bizitza.
Kontzilioaren
arnasa berritzailea alde batera utzirik, itzaliz joan da poza kristau-herriaren
garrantzizko sektoretan, etsipenari tokia uzteko. Era isil baina usaingarrian,
haziz doa eliz erakundearen eta kristau ez gutxiren artean atxikimendurik eza
eta bereizketa.
Premia
gorrikoa da giro maitagarriago eta bihozkoiago bat sortzea. Edozeinek ezin
esnatu izango du herri xumeagan galdutako ilusioa. Geure fedearen sustraira
itzuli beharra dugu. Ebanjelioarekin harremanetan jarri beharra. «Espiritua eta
bizia» diren Jesusen hitzez elikatu beharra.
Urte
batzuen buruan, gure kristau-elkarteak oso txikiak izango dira. Parrokia
askotan ez da jada apaizik izango, era iraunkorrean. Zein garrantzizkoa den
Ebanjelioaren inguruan fededun-nukleo bat oraintxetik zaintzea. Horiek eutsiko
diote bizirik gure artean Jesusen Espirituari. Apalagoa izango da guztia, baina
ebanjelikoagoa ere bai.
Jadanik
erreakzionatzen hastea tokatzen zaigu. Geroko belaunaldiei uzten ahal diegun
ondarerik hobena Jesusekiko beste maitasun bat da, erdigunetzat Jesus bera eta
haren egitasmoa duen fede bat. Gainerako guztia bigarren mailakoa da. Jesusen
Espirituaz bizi badira, aurkituko dituzte bide berriak.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko urtarrilaren 10a
ESPIRITUALITATE BERRIA
«Espiritualitatea» ez da hitz jatorra. Batzuei baliorik ez duen zerbait
iradokitzen die, bizitza errealetik at dagoen zerbait. Zertarako dateke on?
Axola duena gauza zehatza da, gauza praktikoa, materiala, eta ez espiritualik
ezer.
Halaz
guztiz, pertsonaren «espiritua» baliozkotzat emana da egungo gizartean, zeren
haren bizitzako gauzarik sakonena eta erabakitzaileena adierazten baitu: hura
animatzen duen sua, haren inspirazio sakonena, gainerakoei kutsatzen diena,
pertsona hori munduan ezartzen ari dena.
Espirituak
arnasten ditu gure egitasmoak eta konpromisoak, eratzen ditu balioez gure
horizontea eta gure esperantza. Nolakoa gure espiritua, halakoa gure
espiritualitatea. Eta halakoak izanen dira gure erlijioa eta gure bizitza osoa
ere.
Lehen
kristauek guri eskualdatu testuek agertzen digute ezen «mugimendu espiritual»
indartsu bezala bizi zutela Jesu Kristorekiko fedea. Jesusen Espirituaren
bizilekutzat zuten bere burua. Espiritu horrengan bataiatua izan dena bakarrik
da kristau. «Kristoren Espiritua ez duena
ez da haren ikasle». Espiritu horrek arnasturik, beste era batean bizi
zuten guztia.
Haien
baitan lehenik aldatzen den gauza Jainkoarekiko esperientzia da. Ez dira bizi
jada «esklaboen espirituaz»,
Jainkoarekiko beldurraz estu, baizik «seme-alaben
espirituaz», Aitak baldintzarik gabe eta mugarik gabe maite dituela
sentituz. Jesusen Espirituak bihotz barnetik eginarazten die oihu hau: Abba,
Aita! Esperientzia hau da Jesusen elkarteetan kide guztiek lortu beharko
luketen lehenengo gauza.
Erlijioa
bizitzeko era ere aldatu egin da haiengan. Beren burua ez dute sentitzen
jadanik «legearen gatibu», arauen eta
aginduen mendeko, baizik maitasunak askaturiko. Ezagutu zuten zer den «espiritu berriaz» bizitzea,
maitasunaren deia entzunez, eta ez «letra
zaharraren arabera», betebehar erlijiosoak betetzeari emanik. Horra guztion
artean kristau-elkarteetan zaindu eta sustatu beharko genukeen bizigiroa,
baldin eta Jesus bezala bizi nahi badugu.
Orobat
aurkitu zuten Jainkoarekiko kultuaren benetako edukia. Aitari atsegin zaiona,
ez dira maitasunik gabeko errituak, baizik «espirituaren
eta egiaren arabera» bizi gaitezen. Jesusen espirituaren eta haren
ebanjelioaren egiaren arabera bizitako bizia da kristauentzat beren benetako «kultu espirituala».
Ez
genuke ahaztu behar Tartsoko Paulok bere elkarteei esaten zien hau: «Ez itzali zeuen baitan Espiritua».
Itzalia den elizak, Kristoren espiriturik gabe denak, ezin bizi du, ez
komunikatu, haren egiazko Berritasuna. Ezin dastatu du, ez kutsatu, haren Berri
Ona. Kristau-espiritualitatea zaintzea gure erlijioa biziberritzea da.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.