José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko ekainaren 16a
Urteko 11. Igandea (C)
EBANJELIOA
Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu
dizkion seinalea da.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 7,36_8,3
Behin batean,
fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus
fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen.
Hartan, emakume
bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela
jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala.
Jesusen atzean
oinen ondoan jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion;
gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurzten zizkion.
Hau ikustean,
gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Benetan profeta balitz, jakingo
luke zer-nolakoa den ukitzen ari zaion emakumea, bekataria alegia».
Jesusek esan
zion:
– Simon, badut
zerbait zuri esateko.
Hark erantzun:
– Esadazu, Maisu.
– Diru-mailegari
batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak
berrogeita hamar. Zerez ordaindurik ez zutelarik, barkatu egin zien biei.
Bietako zeinek izango ote du maiteen?
Simonek erantzun
zion:
– Gehien barkatu
zionak, nik uste.
Jesusek esan
zion:
– Zuzen diozu.
Eta, emakumeagana
bihurturik, Simoni esan zion:
– Ikusten al duzu
emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik
eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu.
Zuk ez nauzu musu
emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk
ez didazu burua olioz igurtzi; honek, berriz, oinak ukenduz igurtzi dizkit.
Beraz, hau
diotsut: Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak
barkatu dizkion seinalea da; gutxi barkatzen zaionak maitasun gutxi agertzen
du.
Eta emakumeari
esan zion: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak».
Beste
bazkaltiarrak beren artean hasi ziren esaten: «Nor ote dugu bekatuak barkatu
ere egiten dituen hau?»
Baina Jesusek
esan zion emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu; zoaz bakean».
Honen ondoren,
herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren berri
ona hots eginez. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta
gaitzetatik sendatuak zituen zenbait emakume ere: Magdalako Maria –honengandik
zazpi deabru bota zituen–, Joana –Herodesen etxezain Kusaren emaztea–, Susana
eta beste asko. Guztiok beren ondasunez laguntzen zieten Jesusi eta honen
ikasleei.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko ekainaren 16a
PROSTITUITUEN BABESLEA
Simonen
etxean dago Jesus. Bazkaltzera gonbidatu duen fariseua da Simon. Ustekabean
emakume bat sartu da otordu-aretoan. Berehala ezagutu dute gonbidatuek.
Herrixkako prostituitu bat da. Atsekabez eta zer gertatuko zain jarri dira
mahaikideak. Nola erreakzionatuko du Jesusek? Kanporatu egingo ote du,
gonbidatuak kutsa ez ditzan?
Emakumeak
ez du hitzik egin. Mespretxuari jarria dago, batez ere fariseuen ingurunean.
Jesusengana doa zuzenean, haren oinetan belaunikatu eta negarrari eman dio. Ez
daki nola eskertu egin dion harrera: musuka ari zaio oinetan, berekin ekarri
duen lurringai usaintsuz igurtziz eta bere ile-adatsez lehortuz.
Fariseuaren
erreakzioa ez da luzatu. Ezin disimulatu du bere mespretxua: «Gizon hau [Jesus]
profeta balitz, jakingo luke zein eta zer den emakume hau: bekatari bat».
Fariseu hori ez da Jesus bezain xaloa. Oso ondo daki emakume hau prostituitu
bat dela, Jesus ukitzeko ez-duina. Apartatu egin beharko genuke.
Jesusek,
ordea, ez du kanporatu, ez dio ukorik egin. Aitzitik, errespetuz eta samur
onartu du. Emakumearen keinuetan maitasun garbia sumatu du eta esker oneko
fedea. Guztien aurrean, emakumeari mintzo zaio, haren duintasuna babesteko eta
Jainkoak nola maite duen agertzeko: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak». Ondoren,
gonbidatuak eskandalizatuz, bere fedean berretsi nahi du emakumea eta biziera
berri bat opa dio: «Zeure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean». Berekin izango du
Jainkoa beti.
Duela
hilabete batzuk, Topaketa Pastoral oso berezi batean parte hartzera deitu
ninduten. Bazen gure artean emakume prostituituen talde bat. Astiro hitz egin
ahal izan nuen haiekin. Ezin ahaztuko ditut sekula. Hiru egunetan entzun ahal
izan genien hitz egiten beren ezintasunaz, beren beldurraz, beren bakardadeaz…
Lehen aldiz ulertu nuen zergatik maite zituen Jesusek hartaraino. Ulertu
nituen, halaber, gidari erlijiosoei Jesusek zuzentzen zizkien hitz hauek:
«Jakizue zerga-biltzaileak eta prostituituak zuek baino lehen sartuko direla
zeruetako erreinuan».
Emakume
engainatu eta esklabo egindako hauek, abusu-mota guztien mende bizi diren
hauek, bakarturik edukitzeko izua hezurretaraino sartu dieten hauek, hauetako
asko inolako babesik eta segurtasunik ez duten hauek: mundu krudel eta
gizatasunik gabeko baten biktima ikusezin dira, hein handi batean gizarteak
isilpean jarria eta Elizak praktikan ahaztua duen mundu baten biktima.
Jesusen
jarraitzaileok ezin egin diogu ezikusiarena emakume hauen sufrimenduari. Gure
Elizbarrutiek ezin utzi ditu beren zori tristean abandonaturik. Ozenki hitz
egin behar dugu gizartearen kontzientzia esnatzeko. Askoz ere sostengu
handiagoa eskaini behar diegu emakume hauen eskubide eta duintasunaren alde
borrokan ari direnei. Hartaraino maite zituen Jesus hura, lehena izango
litzateke gaur ere defentsa horretan.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko ekainaren 13a
INOR EZ APARTATU JESUSENGANDIK
Lukasen
kontakizunaren arabera, Simon izeneko fariseu batek gogo handia du Jesus bere
etxera gonbidatzeko. Segur aski, otorduaz baliatu nahi da jendearen artean izen
handia hartzen ari den galilear harekin zenbait arazoz mintzatzeko.Jesusek
onartu du gonbita: guztiengana helarazi nahi du Jainkoaren Berri Ona.
Otordukoan,
Simonek aurreikusi ez duen zerbait gertatu da. Herriko emakume prostituitu
batek eten du bazkalondoa: Jesusen aurrean belauniko jarri eta negarrari eman
dio. Ez daki nola eskertu bera bezala guztien mespretxuak markatua duen
jendearentzat Jesus agertzen ari den maitasuna. Eta guztiak zur eta lur direla,
Jesusen oinei musu eta musu ari da, urrin bikainez igurzten.
Bere
onetik atera da Simon ikusia ikustean. Emakume bekatari bat Jesus ukitzen bere
etxean! Ezin jasana: gizon hori oharkabea da, eta ez Jainkoaren profeta.
Emakume lohi hori Jesusengandik apartatu beharra da bat-batean.
Jesusek,
haatik, uki dezan uzten dio emakumeari eta maita dezan. Inork baino behar
handiagoa du emakume horrek. Eta Jesusek, aparteko txeraz, Jainkoaren barkazioa
eskaini dio; ondoren, emakumeak bere barruan duen eta salbatzaile duen bere
fede apala aurkitzen lagundu dio. Bakean bizi dadin soilik opa dio Jesusek:
«Barkatuak dituzu zeure bekatuak... Zeure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
Ebanjelio
guztiek azpimarratu dute gizarte-sail guztiek Jainkoaren bedeinkaziotik
apartatu nahi izan dituzten guztiei −prostituitu, zerga-biltzaile, lepradun...−
Jesusek agertu dien harrera eta ulermena. Eskandalagarria da Jesusen mezua:
jende erlijiosok mespretxatu dituenek leku berezia dute Jainkoaren bihotzean.
Bakarra da horren arrazoia: halakoak dira harrerarik, duintasunik eta
maitasunik handiena behar dutenak.
Egunen
batean berraztertu beharra izanen dugu, Jesusen portaera honen argian, zein den
gure jarrera kristau-elkarteetan gizarte-sail batzuekiko: prostituzioan bizi
diren emakumeekiko, homosexualekiko, lesbianekiko; izan ere, nahiago izaten
dugu Elizaren baitan halakoen arazoei, sufrimenei eta borrokei ezikusiarena
egin, guretzat ez bailiran.
Ez
dira gutxi egin genitzakeen galderak: non aurki lezakete gure artean
Jesusenaren antzeko harrerarik? Nori entzun liezaiokete Jainkoaz mintzo zaien
hitz bat, Jesusek egiten zuen bezala? Zer laguntza aurki lezakete gure artean
beren sexu-izaera bizitzeko jarrera erantzukizunezkotik eta fedezkotik?
Zeinekin parteka dezakete Jesusekiko beren fedea bakez eta duintasunez? Zein da
gai intuitzeko erlijio guztiek bazter utziak dituztenekiko Jainkoak duen
maitasun hondogabea?
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.