José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko ekainaren 9a
Urteko 10. Igandea (C)
EBANJELIOA
Gazte, zuri diotsut: Jaiki!
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 7,11-17
Ondoren, Nain
izeneko herri batera joan zen Jesus, bere ikasleak eta jende asko lagun
zituela. Herriko sarrerara hurbildu zenean, hildako bat, ama alargun baten seme
bakarra, zeramaten lur ematera. Herriko jende asko zihoan amarekin. Hau
ikustean, errukitu egin zitzaion Jauna eta esan zion: «Ez egin negarrik».
Aurreraturik,
hilkutxa ukitu zuen, eta zeramatenak gelditu egin ziren. Orduan, esan zuen:
«Gazte, zuri diotsut: Jaiki!»
Jaiki zen
hildakoa eta hizketan hasi, eta Jesusek amari bihurtu zion. Denak beldurrak
hartu zituen, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Profeta handi bat sortu da
gure artean». Baita ere: «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da ».
Judea eta
inguruko lurralde guztian zabaldu zen gertaera honen berri.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko ekainaren 9a
SUFRIMENDUA AINTZAT HARTU BEHARRA
Jesus
Nainera iritsi da, herrixka horretan gertaera triste bat bizi dute. Hontan,
Jesus bidez dator, ikasleak eta jendetza handi bat bidelagun dituela.
Hileta-segizioa irten da herrixkatik hilerrirantz. Ama alargun bat, auzokoak
lagun, bere seme bakarrari lur ematera doa.
Hitz
gutxitan, emakume horren egoera tragikoa deskribatuko digu Lukasek. Alarguna
da, ez du gizonezkoek kontrolatzen duten gizarte hartan zainduko eta babestuko
lukeen senarrik. Seme bakarra zuen, baina hau ere hil zaio. Emakumeak ez du
ezer esaten. Soilik, negar egiten du. Zer izango da hartaz?
Ustekabekoa
izan da topo egitea. Nainen ere Jainkoaren Berri Ona hots egitera zetorren
Jesus. Nola erreakzionatuko du orain? Kontakizunaren arabera, «Jaunak begiratu
zion,hunkitu zen eta esan zion: Ez dezazula negarrik egin». Nekez deskriba
daiteke hobeto Jainkoaren errukiaren Profeta.
Emakumea
ez du ezaguna, baina astiro jarri zaio begira. Jabetu da haren minaz eta
bakardadeaz, eta hezurretaraino hunkitu da. Emakume hura lur joa ikustea
bihotzeraino iritsi zaio. Bat-batekoa izan da Jesusen erreakzioa: «Ez dezazula
negarrik egin». Jesusek ezin ikusi du inor ere negarrez. Esku hartu beharra du.
Ez da
hasi buruari jiraka. Hilkutxara hurbildu, segizioa geldiarazi eta hildakoari
diotso: «Mutikoa, hiri ari natzaik, jaiki hadi». Gaztea zutitu eta hitz egiten
hasi denean, Jesusek «amari eman dio», negar egiteari utz diezaion. Elkarrekin
dira berriro ama-semeak. Ama ez da jada bakarrik egongo.
Gauza
xume dirudi honek guztiak. Kontakizunak ez du azpimarratu Jesusek egin berria
duenaren mirarizko alderdia. Soilik, hartan Jainkoaren errebelazioa ikustera
gonbidatzen ditu irakurleak, errukiaren Misterio eta biziaren Indar den
aldetik, herioaren beraren eskuetatik libratzeko gai den aldetik. Jainkoaren
errukiak du bihurtzen Jesus hain sentibera jendearen sufrimenduaren aurrean.
Ahalik
eta lasterren berreskuratu beharra dugu Elizan errukia, Jesusen jarraitzaileen
biziera berezi bezala. Izen ona galarazi dion sentimendu- eta moraltasun-gexala
darion ikusmoldetik liberatu beharra dugu errukia. Zuzentasuna berekin duen
errukia da Jesusen agindu handia: «Izan errukitsu zuen Aitak duen errukiaz».
Inoiz
baino beharrezkoagoa dugu gaur egun erruki hau. Botere-mailatik, beste edozein
gauza hartzen da kontuan biktimen sufrimendua baino lehen. Mindunik eta
galtzailerik ez balego bezala jokatu ohi da. Jesusen elkarteetatik haserre
handi baten garrasiak atera behar du: errugabeen sufrimendua aintzat hartu
behar da; ezin onartu da gizartean gauza normala bailitzan, zeren onartezina
baitu Jainkoak. Hark ez du ikusi nahi inor ere negarrez.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.