José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko urriaren 20a
Urteko 29. Igandea (C)
EBANJELIOA
Jainkoak justizia egingo die gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere
aukeratuei.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 18,1-8
Etengabe egin
behar zutela otoitz eta ez zutela etsi behar adierazteko, parabola hau esan
zien Jesusek: «Bazen hiri batean epaile bat, ez Jainkoari beldurrik, ez
gizakiari begirunerik ez ziona. Bazen hiri berean emakume alargun bat ere. Hau
epaileagana joaten zen eskatzera: “Egidazu justizia etsaiarekiko auzian”.
Luzaroan epaileak ez zion jaramonik egin, baina azkenean bere baitan esan zuen:
“Ez diot Jainkoari beldurrik, ezta gizakiari ere begirunerik; baina, alargun
hau gogaikarri zaidanez, egiodan justizia, etengabeko buruhausterik eman ez
diezadan”».
Eta honela bukatu
zuen Jaunak: «Begira zer dioen epaile zuzengabeak. Eta Jainkoak ez ote die
justizia egingo gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei? Zain
edukiko ote ditu luzaroan?
Berehala egingo
diela justizia diotsuet. Baina Gizonaren Semea datorrenean, aurkituko ote du
horrelako sinesmenik munduan?»
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko urriaren 20a.
USTERIK BAI ORAINO ZUZENTASUNEAN?
Lukasek
parabola labur bat dakarkigu; diosku Jesusek kontatu zuela, ikasleei
adierazteko «beti egin behar zutela otoitz, gogogabetu gabe». Ebanjelariak oso
gustukoa du gai hau, eta batzuetan ideia bera errepikatzen du. Jakina denez,
gonbit bat bezala hartu izan da beti parabola hau, Jainkoari egiten diogun
otoitzari eten gabe eutsi behar diogula esateko.
Alabaina,
kontakizunaren edukiari eta Jesusek berak atera duen konklusioari erreparatzen
badiegu, garbi dakusagu zuzentasun-egarria dela parabolaren giltza. Lautaraino
errepikatzen da «zuzentasuna egin» esapidea. Otoitz-eredua baino gehiago, jende
makalenaz abusatzen duen gizarte usteldu batean, kontakizuneko alargunak egiten
duen borroka-eredua da, zuzentasunaren alde.
Parabola
honetako lehen pertsonaia, epaile bat da: «ez da ez Jainkoaren beldur, ez
gizon-emakumeen axola». Profetek behin eta berriz salatu izan duten
ustelkeriaren hezurmamitze bistakoa da: boteretsuak ez dira Jainkoaren
zuzentasunaren beldur eta ez dute errespetatzen pobreen duintasuna, ez
eskubideak. Ez dira kasu bakanak. Israelen bizi duten zuzenbide-sistemaren
ustelkeria salatzen dute profetek; baita patriarkatu-gizarte hartako egitura
matxista ere.
Bigarren
pertsonaia, babesik gabeko emakume alargun bat da, gizarte zuzengabe batean.
Alde batetik, bera baino boteretsuago den «arerio» baten zapalketa jasaten ari
da. Bestetik, bera eta bere sufrimena bost axola zaizkion epaile baten biktima
da. Horrela bizi da milioika emakume aldi guztietan herririk gehienetan.
Parabolaren
konklusioan, Jesus ez da mintzo otoitzaz. Beste ezer baino lehen, Jainkoaren
zuzentasunan konfiantza izateko eskatzen du: «Ez ote die Jainkoak zuzentasuna
egingo gau eta egun dei egiten dioten bere aukeratuei?» Aukeratu hauek ez dira
«Elizako kideak», baizik herri guztietako pobreak, zuzentasuna eskatuz oihu
egiten dutenak. Halakoena da Jainkoaren erreinua.
Ondoren,
galdera bat dagi Jesusek, ikasleentzat erronka handia: «Gizonaren Semea
etorriko denean, sinesmenik aurkitu ote du lurrean?» Ez du buruan Jesusek
doktrina bati atxikitzea den fedea, baizik eta bizitzako jarduera arnasten duen
fedea, haserre-eredua, aurre egite aktiboa eta adorea gizaki ustelei
zuzentasuna eskatzeko.
Hau
ote da ongizatearen gizarteko kristau aseen fedea eta otoitza? Segur aski,
arrazoi du J.B. Metz-ek, hau salatzen duenean: kristau-espiritualitatean kanta
gehiegi kantatzen dela eta haserre-oihu gutxiegi oihu egiten, konforme egote
gehiegi eta gizatasun handiagoko mundu baten amets gutxiegi, kontsolamendu
gehiegi eta zuzentasun-gose gutxiegi.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko urriaren 17a
SUFRITZEN ARI DIRENEN DEIADARRA
Emakume
alargunaren eta eskrupulorik gabeko epailearen parabola hau, beste hainbat
bezala, kontakizun irekia da; oihartzun desberdinak eragin ditzake
entzuleengan. Lukasen arabera, etsi gabe otoitz egiteko deia da; aldi berean,
gonbita da gau eta egun dei egiten diotenei Jainkoak justizia egingo diela
konfiantza izatera. Zer oihartzun izan lezake gaur egun gu baitan kontakizun
dramatiko honek, beren zoriaren menpe zuzengabeki utziak ditugun hainbeste
biktima gogoratzen digularik?
Tradizio
biblikoan, bakarrik eta babesik gabe bizi den pertsonaren sinbolo gorena da
emakume alarguna. Parabolako emakume honek ez du defendituko duen senarrik, ez
seme-alabarik. Ez du sostengurik, ez gomendiorik. Soilik, beraz abusatzen duten
etsaiak ditu, eta erlijiorik eta kontzientziarik gabeko epaile bat, zeini bost
axola baitzaio inoren sufrimendua.
Emakumeak
eskatzen duena ez da nahikera bat. Zuzenbidea du eskatzen soilki. Hauxe da
epailearen aurrean behin eta berriz irmoki egiten duen protesta: «Egidazu
justizia». Zuzengabeki zapalduak diren guztien eskaria da. Jesusek bereei
esaten zienaren ildoko oihua da: «Bila ezazue Jainkoaren erreinua eta haren
zuzentasuna».
Egia
esan, Jainkoak du azken hitza eta egingo die justizia gau eta egun eskatzen
diotenei. Hori da Kristok, heriotza zuzengabetik Aitak piztu duen hark, gu
baitan esnatu duen esperantza. Baina, ordu hori iritsi bitartean, inork
entzuten ez diela, oihuka bizi direnen deiadarra etengabea da.
Gizarteko
gehiengo batentzat itxarote-gau amairik gabea da bizitza. Erlijioek salbamena
hots egiten dute. Jesus gurutziltzatuagan gizon egindako Jainkoaren
Maitasunaren garaipena aldarrikatzen du kristautasunak. Bitartean, milioika
gizakik beren haurrideen gogorkeria eta Jainkoaren isiltasuna esperimentatzen
du soilik. Eta, askotan, sinestedunak berak gara Aita den haren aurpegia, geure
geurekoikeria erlijiosoz estaltzen dugularik.
Nolatan
ez digu entzunarazten, noizbait ere, Jainkoarekiko geure komunikazioak
zuzengabeki sufritzen ari direnen deiadarra eta mila eratako haien oihu hau:
«Egiguzue justizia»? Otoitz egitean, Jainkoarekin benetan topo egiten badugu,
nolatan ez gara gai indartsuago entzuteko Aitaren bihotzera iristen diren
zuzentasun-eskariak?
Fededun
guztiak interpelatzen gaitu parabolak. Geure debozio partikularrak indartzen
jarraitu behar ote dugu, sufritzen ari direnez ahazturik? Jainkoari otoitz
egiten jarraitu behar ote dugu hura geure interesen zerbitzari egin nahiz,
munduan diren zuzengabekeriak bost axola zaizkigula? Baina otoitz egitea, hain
juxtu, geure buruaz ahaztea eta, Jainkoarekin bat, guztientzat mundua zuzenago
egiten saiatzea balitz?
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.