José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko urriaren 13a
Urteko 28. Igandea (C)
EBANJELIOA
Jesusen oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 17,11-19
Jerusalemera
bidean, Samarian eta Galilean barrena zihoan Jesus.
Herri batean
sartzerakoan, hamar legendun atera zitzaizkion bidera. Urruti gelditurik,
deiadarka esan zioten:
–Jesus, Maisu,
erruki zakizkigu!
Jesusek,
ikustean, esan zien:
–Joan eta azaldu
apaizengana.
Bidean zihoazela,
garbi gelditu ziren.
Haietako bat,
sendatua zegoela oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz itzuli eta Jesusen
oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez; samariarra zen bera.
Jesusek esan
zuen:
«Ez ote dira
hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar
hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?»
Gero, esan zion:
«Jaiki eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko urriaren 13a
SINETSI ESKER ONIK GABE
Samaria
inguruan hamar lepradunen talde bat sendatu izana kontatuz hasten da gaurko
kontakizuna. Baina, oraingo honetan, Lukas ez da luzatu sendatzearen
xehetasunak deskribatzen, baizik eta lepradunetako batek, sendaturik
sentitzean, zein erreakzio izan duen agertu du. Arduratsu deskribatu ditu haren
urrats guztiak; kristau ez gutxiren ohikeriazko fedeari astindu bat eman nahi
dio horrela.
Jesusek
eskatu die lepradunei apaizengana joateko, gizartean integratzeko baimena
emango dien agiria lortzeko. Alabaina, haietako bat, sendatua sentitzean,
apaizengana joan ordez, Jesusen bila itzuli da. Sentitu du bizitza berri bat
hasi dela berarentzat. Aurrerantzean, desberdina izango da dena: era duinean
eta zorionekoan bizi ahal izango da. Badaki zeini zor dion hori. Jesusekin topo
egin beharra sentitzen du.
«Oihuka
Jainkoa goratuz» itzuli da. Badaki, Jesusen indar salbatzaileak Jainkoagan
bakarrik izan dezakeela bere jatorria. Orain gauza berri bat sentitzen du
Jesusek hots egiten duen Aita On horretaz. Ez du hori sekula ahaztuko.
Aurrerantzean Jainkoari eskerrak emanez biziko da. Bere indar guztiez goratuko
du. Guztiek jakin behar dute Jainkoaren maitasuna sentitzen duela berak.
Jesusekin
topo egitean, «haren aurrean belaunikatu da, eskerrak emanez». Lagunek beren
bidean jarraitu dute apaizengana joateko; berak, ordea, badaki Jesus dela
Salbatzaile bakarra. Horregatik dago hemen, Jesusen ondoan, eskerrak emanez.
Jainkoaren erregalurik hobena aurkitu du Jesusengan.
Kontakizunaren
bukaeran, Jesus mintzatu da eta hiru galdera egin ditu, gertatuaren aurrean
bere harridura eta tristura agertuz. Ez doazkio bere oinetan duen samariarri.
Lukasek, kristau-elkarteek entzutea nahi duen mezua biltzen dute.
«Ez
al dira hamarrak garbi gelditu?» Ez al dira hamarrak sendatu? Zergatik ez dute
aitortu Jesusengandik hartu dutena? «Beste bederatziak, non dira?» Zergatik ez
daude hemen? Zergatik bizi da hainbeste kristau Jainkoari ia inoiz eskerrik
eman gabe? Nolatan ez dute sentitzen esker on berezirik Jesusekiko? Ez ote dute
ezagutzen? Ez al die ezer esaten?
«Ez
al da itzuli atzerritar hau beste inor Jainkoari eskerrak emateko?» Nolatan
gertatzen da, erlijioa betetzen ez duen hainbeste pertsonak Jesusen aurrean
miresmena eta esker ona agertzea, eta kristau batzuek ezer berezirik ez
sentitzea haren aurrean? Benedikto XVI.ak adierazi zuen duela urte batzuk: bila
dabilen agnostiko bat hurbilago egon daitekeela Jainkoagandik, tradizioz eta
ondarez den ohikeriazko kristau bat baino. Fededunengan poza eta esker ona
eragiten ez dituen sinesmena fede gaixotia da.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko urriaren 10a
SENDATZEA
Ezaguna
da pasadizoa. Jesusek hamar lepradun sendatu ditu eta apaizengana bidali, beren
familiara itzultzeko baimena eman diezaieten. Horretan amaitzen ahal zen
kontakizuna. Baina, ez; haietako bakoitzaren erreakzioa nabarmendu nahi izan du
ebanjelariak.
Behin
sendatuz gero, lepradunak ezkutatu egin dira eszenatik. Ez dakigu ezer haietaz.
Ematen du ez dela ezer gertatu haien bizitzan. Halaz guztiz, haietako batek
«sendatua ikusi du bere burua» eta konturatu da ezen erregalu handi bat egin
diotela. Eta Jainkoa sumatu du sendatze haren jatorrian. Bihotz-handi, itzuli
egin da «Jainkoa oihuka goratuz» eta «Jesusi eskerrak emanez».
Eskuarki,
komentariogileek esker emate bezala interpretatu izan dute haren erreakzioa:
beste bederatziak esker txarreko dira; itzuli dena bakarrik da esker oneko.
Egia esan, badirudi horixe iradokitzen duela kontakizunak. Halaz guztiz, Jesus
ez da mintzo esker onaz. Dio ezen samariarra «Jainkoa aintzatzera» itzuli dela.
Eta Jainkoa aintzatzea eskerrak ematea baino zerbait gehiago da.
Pertsona
bakoitzaren historia txikian, gaixotasunaren, oinazearen eta atsekabearen proba
bizi izan duenaren historian, esperientzia pribilegiatua da sendatu izana,
Jainkoa aintzatzeko gure izatearen Salbatzaile den aldetik. Hau dio Lyongo
Ireneo santuaren esapide sonatu batek: «Hona zerk duen aintzatzen Jainkoa:
bizia bete-betean duen gizakia». Sendatua izan den lepradunaren gorputz hori
Jainkoaren aintza abesten duen gorputza da.
Dena
dakigula uste izaten dugu geure organismoaren funtzionamenduaz; halere,
gaixotasun larri batetik norbait sendaturik ikusteak harrigarri izaten
jarraitzen du. Beti da «misterio» esperimentatzea nola oneratzen den gure
bizitza, nola indarberritzen garen, nola handitzen diren gure konfiantza eta
gure askatasuna.
Sendatzea
bezain errotiko eta oinarrizko esperientzia gutxi bizi izango ditugu, gaitzaren
gaineko eta herio-mehatxuaren gaineko biziaren garaipena esperimentatu ahal
izateko. Horregatik, Jainkoari, gure izatearen oinarri bezala eta bizi
berriaren jatorri bezala datorkigun Jainkoari modu berrian ongi etorri egiteko
ahalbidea eskaintzen zaigu sendatuak garela sumatzean.
Medikuntza
modernoak jende askori ahalbidetzen dio gaur egun sendatze-prozesua bizi ahal
izateko zoria, iraganean baino sarriago. Esker oneko izan behar genuke
sendagile horiekiko, baina sendatu zarela sumatzea, aldi berean, Jainkoarekin
harreman berriak izateko aukera eta estimulu ere izan daiteke. Ez-axolarik
federa igaro gintezke, ukatzetik ongi etorri egitera, zalantzatik konfiantzara,
ikaratik maitasunera.
Jainkoari
eginiko ongi etorri honek senda gaitzake kalte egiten diguten ikaratik,
hutsunetik, zaurietatik. Errotzen ahal gaitu bizitzan era osasungarriagoan eta
askeagoan. Sendatzen ahal gaitu oso-osorik.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.