lunes, 28 de octubre de 2013

2013/11/03 - Urteko 31. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko azaroaren 3a

Urteko 31. Igandea (C)


EBANJELIOA

Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 19,1-10

Egun haietan, Jesus Jerikon sartu eta herrian barrena zihoan. Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-burua, oso aberatsa. Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen, baina ezin zuen jendearengatik, txikia baitzen. Lasterka aurrerago joan eta pikondo batera igo zen, Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen. Jesusek, hara iristean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta». Jaitsi zen, bada, berehala eta pozik hartu zuen etxean.
Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz».
Zakeok, berriz, zutiturik, Jaunari esan zion:
–Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei ematen dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot.
Jesusek esan zion:
–Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, gizon hau ere Abrahamen ondorengoa baita. Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko azaroaren 3a

JESUSENTZAT ITXAROPENIK GABEKO KASURIK EZ

Jesusek sarritan jartzen gaitu erne arrisku honetaz: diruaren saihets ezineko lilurak harrapaturik gelditzeko arriskuaz, alegia. Pertsona baten bizitza hondatzeraino irits daiteke ongizate materiala ase ezineko moduan opa izateak. Ez da beharrezkoa oso aberats izatea. Jesusen arabera, «zure altxorra non, zure bihotza han».
Gizatasuna hondatzeko diruak duen arriskuaren ikuspegi hau ez da Galileako Profeta haserretuaren baliabide bat. Askotariko azterketek miatu dute diruaren botere galgarri hori, buru-babeserako pultsio edo bulkada sakonen indarrari lotua den aldetik, segurtasunaren bilatzea eta gure bizitzaren hondatzea den aldetik.
Halaz guztiz, Jesusentzat, diruak sortzen duen lilura hori ez da sendaezineko gaixotasun bat. Daitekeena da haren esklabotzatik askatu eta biziera sanoago bat hastea. Aberatsa ez da «esperantzarik gabeko kasu bat». Oso argitzailea da Lukasen kontakizuna, Jesusek Jerikoko gizon aberats batekin egindako topo egiteaz eman diguna.
Hiria zeharkatzean, eszena bitxi baten aurrean gertatu da Jesus. Altuera txikiko gizon bat pikondo batera igo da, Jesus igarotzean hurbiletik ikusteko. Ezezaguna dugu gizona. Aberats bat da, «zerga-biltzaileen buruzagi» boteretsu bat. Jerikoko jendearentzat, pertsona mespretxagarria, zerga-biltzaile ustela eta eskrupulurik gabea, kasik guztiak bezala. Talde erlijiosoentzat, berriz, «bekatari bat» da, ezin konbertitu bat, salbazio orotatik baztertua.
Alabaina, Jesusek proposamen harrigarria egin dio: «Zakeo, jaitsi berehala, zure etxean hartu behar dut ostatu eta». Bekatari batek bere etxean onar dezan nahi du Jesusek, guztiek mespretxatzen duten gizon honek bizi duen diru- eta botere-munduan onar dezan. Berehala jaitsi da Zakeo eta poz-pozik onartu du Jesus. Ez du beldurrik pobreen Defendatzaileari bere bizitzan sartzen uzteko.
Lukasek ez du azaltzen zer gertatu zen etxe hartan. Hau diosku soilik: Jesusekin izandako harremanak errotik aldarazi duela Zakeo aberatsa. Erabaki sendoa hartu du. Aurrerantzean gogoan izango ditu pobreak: haiekin partekatuko ditu bere ondasunak. Gogoan izango ditu abusatuz biktima egin dituenak ere: gainezka itzuliko die ostu diena. Haren bizitzan, zuzentasuna eta maitasun solidarioa ezarri ditu Jesusek.
Jesusen hitz miresgarri hauekin bukatu du Lukasek kontakizuna: «Salbazioa sartu da gaur etxe honetan. Abrahamen semea da hau ere. Galdurik zenaren bila eta halakoa salbatzea etorri baita Gizonaren Semea». Aberatsak ere konberti daitezke. Dena da posible Jesusekin. Ez dezagula ahaztu hori sekula. Bila etorri da Jesus eta salbatzera guk agian galbidean jartzen dugun hura. Jesusentzat ez da esperantzarik gabeko kasurik.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko urriaren 31

ALDA OTE NAITEKE JADA?

Irakurleek Jesusengandik zer espero dezaketen hobeto aurkitu ahal izateko dakar Lukasek Zakeoren pasadizo hau. Kristau-elkarteetan jarraitzen dutenek, alegia, dei egiten dioten Jaunagandik zer espero dezaketen: «galdua zenaren bila etorri da eta hura salbatzera». Kristauak ez luke hori ahaztu behar.
Aldi berean, Zakeoren jardueraz mintzo den kontakizun horrek gizakiak barnean duen galdera honi erantzuten laguntzen du: Oraino ere alda ote naiteke? Ez ote da jada beranduegi bizitzari bira emateko, hein batean galdua dudan horri? Zein urrats egin nezake?
Bi ezaugarri ematen ditu Zakeoz, haren bizitza zehatz definituz. «Zerga-biltzaileen buru» da eta «aberatsa». Jerikon denek dakite bekatari dela. Jainkoarena ez, baizik diruaren zerbitzari. Haren biziera, beste hainbatena bezala, gizatasun txikikoa da.
Halaz guztiz, «Jesus nola ikusiko dabil» Zakeo. Eta ez ikusmin hutsez. Nor den jakin nahi du, zer duen bere baitan jendeari halako tira egiten dion profeta horrek. Ez da hori egiteko erraza bere munduan errotua den gizon batentzat. Baina Jesusekiko desio horrexek aldaraziko du Zakeo bizieraz.
Hainbat oztopo gainditu beharko du gure gizonak. «Altuera txikia» du, batez ere haren bizitzan indar txikia dutelako ideal handiek. Jendea du beste oztopoa: aurreiritzi sozialak gainditu beharko ditu, Jesusekin era pertsonalean eta erantzukizunez topo egitea galarazten  baitiote.
Baina Zakeok aurrera egin du bere bilaketan, xumeki eta egiaz. Korrika doa jendetzari aurrea hartzeko, eta arbola baten gainera igo da haurra bailitzan. Ez da pentsatzen gelditu bere duintasunean, gizon inportante bezala. Soilik, une eta leku egokiak gura ditu, Jesusekin harremanetan hasteko. Ikusi egin nahi du.
Orduantxe jabetu da ezen Jesus ere bere bila dabilela, zeren leku hartara iritsi, non den begiratu eta hau esaten baitio: «Gaur berean egon nahi dut bekatari zaren horren etxea». Arbolatik jaitsi eta ongi etorri egin dio Zakeok poz-pozik. Badira une apartak, zeinetan gure bizitzan agertzen baita Jesus, guk galtzeko zorian jartzen dugun hura salbatu nahi duelako. Ez genioke utzi behar alde egiten.
Lukasek ez du deskribatu nola izan zen topo egite hura. Zakeo aldatu izanaz bakarrik mintzo da. Bizitza ikusteko moldea aldatu du: jadanik ez du buruan dirua soilik, baizik gainerakoen sufrimendua du gogoan. Bizieraz aldatu da: justizia egingo die ustiatu edo esplotatu izan dituenei eta behartsuekin partekatuko ditu ondasunak.
Goizago edo beranduago, guztiek izaten dugu bizitzan «finkatzeko» arriskua, gizatasun gizakoiagoz bizitzeko edozein ametsi uko eginez. Fededunek jakin beharko genuke ezen Jesusekin era egiazkoan topo egiteak gure biziera gizakoiago bihur dezakeela eta, batik bat, solidarioago.

José Antonio Pagola


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.