lunes, 16 de junio de 2014

2014/06/22 - Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko ekainaren 22

Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (A)

Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (A)

EBANJELIOA

Nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6, 51-58

Egun haietan, Jesusek esan zien Judutarrei:
«Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».
Hitz hauek eztabaida gogorra sortu zuten entzuleen artean. Honela zioten:
–Nola eman diezaguke honek bere gorputza jaten?
Jesusek esan zien:
–Bene-benetan diotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta neuk piztuko dut azken egunean.
Zeren nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena nirekin bat eginda dago, eta ni berarekin.
Bizia duen Aitak bidali ninduen eta hari esker dut nik bizia; halaxe, ni jaten nauenak ere niri esker izango du bizia. Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du.

Jaunak esana

HOMILIA

2014ko ekainaren 22a

PLANTO EGINIK

Frantzisko aita santua errepikatu eta errepikatu ari da, beldurra, duda-muda, ausardia-falta… eragozpen gerta daitezkeela gaurko egungo Elizak beharrezkoa duen berrikuntza eragiteko. «Ebanjelioaren poza» delako bere Erreguan hau esatera iritsi da: beldurrak jota geratzen bagara, «Elizak agor eta antzu nola planto egiten duen begira» gelditzeko arriskua bizi dukegula.
Hitz horiek zer pentsa ematen dute. Zer hauteman dezakegu geure artean? Mugitzen al gara geure kristau-elkarteetan fedea biziberritu dadin ala Frantziskok aipatzen duen «agor eta antzu planto egite» horri begira gelditurik jarraitzen dugu? Non aurki genezake indarrik erreakzionatzeko?
Kontzilioaren ekarpen handietako bat izan zen mezaren inguruan aldaketa hau eragitea: «meza» agindu sakratu bat betetzeko agindu indibidualtzat hartzeari utzi, eta elkarte osoaren ospakizun pozgarri bezala bizitzearen «eukaristiatzat» hartzea, fedea elikatzeko, anai-arreba artekotasunean haziz joan eta Kristoganako esperantza biziberritzeko.
Dudarik gabe, azken urte hauetan, urrats oso garrantzizkoak egin ditugu. Oso urrun gelditu dira latinez ospatutako meza haiek, zeinetan apaizak «esan» egiten baitzuen meza eta kristau-herriak «entzun» egiten baitzuen meza edota «egon» egiten baitzen ospakizunean. Baina ez ote dugu jarraitzen geure eukaristia ohikeriaz eta era aspergarrian ospatzen?
Hor dago ukaezineko gertaera bat. Jendea urrunduz doa, modu geldiezinean, igandekoa bizitzetik; hain juxtu, gure ospakizunetan aurkitzen ez duelako ez girorik, ez hitz argirik, ez erritu adierazlerik, ez onarpen kitzikatzailerik, bere fede ahul eta duda-mudazkoa elikatzeko behar duena.
Inondik ere, guztiok, artzain eta fededun, behar dugu galdera egin: zer ari gara egiten, eukaristia izan dadin, Kontzilioak nahi duen bezala, «kristau-elkartearen bizitza osoaren erdigune eta gailur?» Alabaina, aski ote da parrokien borondate ona edota bakar batzuen sormen bakana, eraberritzeko beste irizpiderik gabe?
Jaunaren Afaria gauza inportantegia da, «galtzen» jarrai dezan uzteko, nolatan «agor eta antzu planto egiten duen» begira geldituz. Ez ote da eukaristia kristau-bizitzaren erdigunea? Nolatan gelditu da hierarkia hain isil, hain mugigaitz? Nolatan ez dugu agertzen fededunok geure kezka eta geure mina indar handiagoz?
Larria da arazoa. «Planto eginik» jarraitu behar ote dugu eukaristia modu honetan ospatuz, gaur egungo gizon-emakumeak hain eskas erakartzen dituen modu honetan? Mendez mende errepikatzen ari garen liturgia-modu hau ote da hobekien laguntzen ahal diguna, Jesusen afari gogoangarri hura eguneratzeko, zeinetan biltzen baita era miresgarrian gure fedearen muina?


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko ekainaren 26an

JESUSEN OROITZAPENA BIZIBERRITU

Mezaren krisia da, segur aski, gaur egungo kristautasunean bizitzen ari garen krisiaren ikurrik adierazgarriena. Gero eta begi-bistagokoa da: eukaristiaren errituala leial betetzea, mendetan barna eratua izan den bezala, ez da aski Kristorekiko bizi-harremana elikatzeko, gaur egungo Elizak behar duen moduan.
Hainbat kristauk igandeko meza alde batera uztea, gazteen absentzia orokortua, ospakizuna ulertzeko eta dastatzeko gai ez direlako, leialtasun eredugarriz mezara joaten jarraitzen dituztenen kexuak eta eskakizunak: hori guztia ari zaigu oihu egiten, esanez Elizak bere elkarteen erdian sakramentu-esperientzia biziagoa eta sentituagoa behar duela.
Halere, ematen du inor ez dela sentitzen gertatzen ari denaren erantzule. Inertziaren, koldarkeriaren edo alferkeriaren biktima gara. Halako batean, agian ez hain berandu, Eliza ahulago eta pobreago baina eraberritzeko gaiago izango den batek ekingo dio eukaristiaren errituala eraldatzeari, eta hierarkiak baitaratuko du bere apostolutar erantzukizuna erabakiak hartzeko, gaur egun planteatzera ere ausartzen ez garen erabakiak bestalde.
Bitartean ezin geldi gintezke besoak tolesturik. Egunen batean Jaunaren Afariaren berrikuntza liturgikoa gertatu bada, kristau-elkarteetan beste giro bat sortu beharrean gara. Askoz ere era biziagoan sentitu beharko genuke Jesusen oroitzapena egiteko premia; baita oroitzapen hori geure esperientzia erlijiosoa sakon eraldatzeko oinarri bihurtzea ere.
Azken Afaria Jesusen keinu pribilegiatua da. Hartan, heriotza hurbil sumaturik, bere bizitza osoa zer izan den eta gurutzean hiltzea zer izango den laburbildu nahi izan du. Afari hartan bildu eta jarri zuen agerian bere existentzia guztiaren eduki salbatzailea: Aitari dion maitasuna eta gizakiari dion errukia, azkeneraino eramana.
Horregatik da hain garrantzizkoa eukaristia bizi-bizi ospatzea. Hartan Jesus gure artean izatea gertaberritzen dugu. Jesusek, Aitaren egitasmoari bete-betean eta leialtasun biziz atxikirik, bere bizitzaren azkenean bizi izan zuena berregitea dugu esperientziarik pribilegiatuena; horren premia dugu Jesusi jarraitzea eta Erreinuari bideak irekitzeko gure lana elikatzeko.
Barruagotik hartu behar dugu Jesusen agindu hau: «Egizue hau nire oroigarri». Zailtasun, oztopo eta egoskortasunen artean, gogor jokatu beharra dugu ahaztearen aurka. Egiatasun eta zinezkotasun handiagoz egin behar dugu Jesusen oroitzapena. Eukaristia ospatzea biziberritu eta eraberritu beharra dugu.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.