lunes, 6 de octubre de 2014

2014/10/12 - Urteko 28. Igandea (A)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Laster zuen eskura jarri ahal izatea espero dugu.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 28. Igandea (A)


EBANJELIOA

Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 1-14  

Jesus berriro parabola bidez hitz egiten hasi zitzaien: «Jainkoaren erregetzarekin, bere semearen ezteiak ospatzen zituen erregearekin bezala gertatzen da.
Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei egitera. Baina haiek ez zuten etorri nahi izan. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, dena dago prest. Zatozte ezteietara”. Baina gonbidatuek ez zuten jaramonik egin: bata bere sorora joan zen, bestea bere negozioetara, eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin zituzten. Sumindu egin zen erregea eta, soldaduak bidaliz, hil egin zituen giza hiltzaile haiek eta su eman herriari. Gero, bere morroiei esan zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai. Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”. Atera ziren morroiak bideetara eta aurkituriko guztiak bildu zituzten, on nahiz gaizto. Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen.
Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zenean, eztei-jantzirik gabe zegoen bat ikusi zuen, eta esan zion: “Adiskidea, nola sartu zara hemen eztei-jantzirik gabe?” Hark hitzik ez. Erregeak mahai-zerbitzariei esan zien, orduan: “Lot ezazue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango da han”.
Zeren gehiago baitira deituak aukeratuak baino».

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko urriaren 12a

GONBITA

Jesusek oso ondo zekien, Galileako landa-jendeak asko gozatzen zuela herrixketan ospatzen ziren ezteietan. Dudarik gabe, bera ere partaide izan zen haietako batean baino gehiagotan. Zer esperientzia hobeagorik jende harentzat ezteietara gonbidatua izatea baino?, eta auzokoekin mahai berean esertzea baino ezteietan elkarrekin parte hartzeko?
Txikitan bizi izandakoaren oroitzapen honek ondo asko lagundu zion kasuren batean, Jainkoarekin izandako bere esperientzia era berri eta harrigarri batean komunikatzeko. Jesusen arabera, Jainkoa azken otordu bat prestatzen ari da bere seme-alaba guztientzat; izan ere, guztiak ikusi nahi ditu mahai berean eserita beraren ondoan, betikotasun osoan guztiek bete-beteko bizi zoriontsuaz gozatzeko.
Esan genezake, bere bizitza osoa honela hartu zuela Jesusek: Jainkoaren izenean ospatutako azken jai hartarako gonbit handi bezala. Horregatik, Jesusek ez du ezer ezarri indarrez, ez du inor ere behartu. Jainkoaren Berri Ona hots egin du, Aitaganako konfiantza iratzarri edo esnatu du, esperantza eragin du guztien bihotzean. Guztiei helarazi behar zaie gonbita.
Baina zertan da Jainkoaren gonbit hau? Nork hots egiten du? Nork entzuten? Non eta noiz hitz egiten da, gure Elizan, azken jai honetaz? Geure ongizateaz aserik, momentu-momentuko probetxuko ez diren gauza guztiekiko sorgor, ematen du ez dugula jadanik Jainkoaren beharrik. Ez ote gara ohituko pixkana-pixkana, azken esperantza hori janaritu beharrik gabe bizitzen?
Gizon errealista zen Jesus. Bazekien, Jainkoaren gonbitari jendeak uko egin diezaiokeela. «Ezteietara gonbidatutakoen» parabolan, gonbidatuen erreakzio desberdinak aipatzen dira. Batzuek jakinaren gainean eta zorrotz egiten diote uko gonbitari: «ez zuten joan nahi izan». Beste batzuek guztiz axolagabe erantzun dute: «ez zioten kasurik egin». Ardura handiagoa dute beren lur eta negozioez.
Halere, parabolaren arabera, Jainkoak ez du etsi. Gauza guztien gainetik, ospatuko da azken jai bat. Jai-otorduaren jangela gonbidatuz betetzea da Jainkoaren gogoa. Horregatik, «bidegurutzeetara» joan behar da; haietan jende asko ibili ohi da erdi galdurik, esperantzarik gabe, etorkizun-zentzurik gabe. Elizak, fedez eta pozik jarraitu behar du Jainkoaren gonbita hots egiten, Jesusen Ebanjelioan aldarrikatua.
Frantzisko aita santua kezkaturik dabil prediku-mota honetaz: «errepikatzearen errepikatzeaz eta indarrez ezarri nahi den eta loturarik gabeko irakaspen-sail bat transmititu nahi duenaz ». Arriskurik handiena, Frantziskorentzat, honetan datza: «hots egiten dena ez dela izango Ebanjelioa bera, baizik irakaspen edo moral baten punta markatu batzuk, aukera ideologiko jakin batzuetatik hartuak. Horrela, mezuak bere freskotasuna galtzeko arriskua izango du eta Ebanjelio-usaina galduko».


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko urriaren 9a

GONBITA

Bere parabolak direla medio, Jesus agertuz doa bere ikasleei nola esperimentatzen duen Jainkoa, nola interpretatzen duen bizitza beronen sustrairik sakonenetatik eta nola erantzuten dien gizakiaren enigmarik ezkutuenei.
Haren parabolekin harreman biziak izaten haste dena aldatzen hasten da. Zerbait «gertatzen da» gu baitan. Jainkoa ez da guk imajinatzen dugun bezalakoa. Eguneroko bizitza ohikoa baino handiago eta misteriotsuagoa da. Daitekeena da bizitzeko beste horizonte bat ukaitea. Entzun dezagun «Jaiotordurako Gonbita» izeneko parabolaren abiapuntua.
Testuaren arabera, seme-alaba guztientzat azkenerako jai bat prestatzen ari da Jainkoa, zeren guztiak nahi baititu ikusi bere ondoan eseririk, mahai baten inguruan, bizi beteaz betiko gozatzen. Jesusek gehienik maite dituenetakoa da irudi hau giza historiaren azkena iradokitzeko.
Jenderi askori fedeaz aho gozatzea eta  bizitzaz gozatzea eragozten dioten Jainko kontrolatzaile eta zorrotzaren hainbat eta hainbat irudi zekenen kontra, Jainkoaren beste esperientzia bat agertu du Jesusek munduan: berarekin anai-arreba arteko jaia partekatzera gonbidatzen gaituen esperientzia, zeinetan joko baitu gailurra gure ahaleginen, antsien eta ametsen punturik onenak.
Jainkoaren gonbit handi hau zabaltzen eman du Jesusek bere bizitza osoa: «Jaiotordua prest dago. Zatozte». Mezu honek borobiltzen du Jainkoa hots egiteko Jesusek bizi izan duen biziera. Jesusek ez du predikatzen dotrina bat, Jainkoaren desira esnatzen du. Ez du inor ezertara behartzen, ez hertsatzen. Gonbidatu eta deitu: horra haren jokabidea. Beldurra kendu eta Jainkoaganako konfiantza piztu. Jainkoaren izenean, bekatariak eta jende mespretxatua onartzen ditu mahaian. Guztiengana iritsi behar du haren gonbit honek.
Jainkoaren Misterioa Berri On dela aurkitu beharra dute gaur egungo gizon-emakumeek. Kristauek ikasi beharra dugu Jainkoaren Misterioaz Jesusengan arnastuagoa den hizkeraz hitz egiten; hain zuzen, oker-ulertzeak desegiteko, aurreiritziak argitzeko eta beldurra ezabatzeko; hain juxtu, horrelako asko sartu izan baitu gure artean hizkera erlijioso tamalgarri batek, azken jairako dena prestaturik zain dugun Jainko horrengandik jende askori urruntzera eraginez.
Aldi honetan, erlijioaren izen txarra jende askori Jainkoaren gonbita entzutea galarazten ari den honetan,  haren Maitasunaren Misterioaz apaltasunez eta jende guztia errespetatuz hitz egin behar dugu, inor behartu gabe, bizitza ito gabe, gizakiaren bihotzean bizirik jarraitzen duen egiaren eta argiaren desira esnaraziz.
Egia da dei erlijiosoari uko egiten diola gaur egun jende askok; alabaina, Jainkoaren gonbita ez da itzali. Bere bihotz barnean ongiaren, maitasunaren eta zuzentasunaren deia entzuten duten guztiek entzun dezakete hura.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko urriaren 12a

BIDEGURUTZEETAN

Jesusek oso ondo ezagutzen zuen bere garaiko laborarien bizitza gogor eta aspergarria. Bazekien nola egon ohi ziren larunbata iritsi zain, lanetik «libre» izateko. Jaietan eta ezteietan nola gozatzen zuten ikusten zuen. Zer esperientzia gozoagorik jende harentzat jai-otordu batera gonbidatua izatea baino? Edo, jai egiteko, auzokoekin mahai inguruan eseri ahal izatea baino?
Jainkoarekiko bere esperientziak eraginda, modu harrigarrian hasi zitzaien Jesus hitz egiten. Bizitza ez datza soilik lan eta ardura hauek bizitzean, neke eta atsekabe hauek bizitzean. Jainkoa azken jai bat prestatzen ari da bere seme-alaba guztientzat. Guztiak ikusi nahi ditu bere inguruan eseririk, mahai baten inguruan, bizitza guztiz zorionekoaz betiko gozatuz.
Jesusek, ordea, ez zuen aski Jainkoaz horrela hitz egitearekin. Berak nahi zituen gonbidatu guztiak bere mahaira; are gehiago, bekatariekin eta zokoratuekin ere eseri ohi zen otordurako. Berak nahi zuen izan guztientzat azken jai hartarako Jainkoaren gonbit handi. Gonbita pozik hartzen ikusi nahi zituen eta guztien artean giro adiskidetsuagoa eta ahaidezkoagoa sortzen, azken jai hartarako egoki presta zitezen.
Zertan da, ordea, gonbit hori? Nork hots egiten du? Nork entzuten? Non entzun daiteke jai horren berri? Geure ongizatearekin konforme, berehalako gure onura ez den guztiari belarriak itxirik, ez dugu nabari Jainkoaren inolako beharrik. Ez ote gara ohitzen ari azken esperantza baten premiarik gabe bizitzen?
Mateoren parabolan, lur-jabeek eta merkatariek gonbitari uko egin diotenean, erregeak diotse morroiei: «Zoazte bidegurutzeetara, eta gonbidatu ezteietara aurkituko dituzuen guztiak». Inoiz entzun ez den bezalakoa da agindu hori, baina Jesusen sentiera iradokitzen du. Hainbat ukapen, gutxiespen eta guzti, ospatuko da jaia. Jainkoa ez da aldatu. Gonbidatzen jarraitu behar da.
Baina orain gauzarik hoberena «bidegurutzeetara joatea» da, haietan ibiliko baita hainbat eta hainbat jende bide-galdu, lurrik eta negoziorik gabea, inoiz inork ezertara gonbidatu ez duena. Beste inork baino hobeto uler dezakete haiek gonbita. Haiek gogoraraz diezagukete Jainkoaz dugun azken premia. Haiek ager diezagukete esperantza.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.